Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
7440

AGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Herrizaingo sailburuarena, ekintza terroristetan kalte pertsonalak jasan dituzten biktimei arreta eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakundeentzako laguntzak arautzen dituena.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretuari esker aurrerapauso nabarmena eman da Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan ekintza terroristen biktima diren pertsona fisiko eta juridikoen beharrizanen estalduran eta baita pertsona horiek jasaten dituzten kalte pertsonalak eta materialak arintzeko ematen diren laguntzetan ere.

Egun indarrean dagoen Programa agertu aurretik ezarri ziren arauetan aurreikusitako neurri multzoa aplikatzeak nabarmen hobetu du terrorismoak jotakoen beharrizan materialen estaldura. Alabaina, terrorismoak jotakoak, edo behintzat kalte pertsonalak jaso dituzten biktimak eta beraien senitartekoak, inguruabar psikofisiko eta sozial berezietan bizi dira eta ondorioz arlo horretako laguntza behar dute, gizarteratu eta indarberritu daitezen lortzeko.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programaren III. tituluaren arabera, Herrizaingo Sailak programaren aplikazio eremuarekin erlazionatutako erakunde publiko eta/edo pribatuen proiektu eta jarduerak sustatuko ditu. Hori dela eta, arlo honetan ari diren erakundeek euren helburua betetzeko behar dituzten diru kopuruen berri jakinik, eta Eusko Legebiltzarraren agindua betetzeko, Herrizaingo Sailak aurkeztutako Agindu honen bidez ekintza terroristetan kalte pertsonalak jasan dituzten biktimei giza laguntza eta babesa eta arreta psikosoziala emateko jarduerak burutzea sustatzen duten laguntzak arautzen dira.

Agindu honek aipatu jarduera eta proiektuak sustatzeko orain urte batzuk hasi zen bidea baino ez du jarraitzen, baina, aurreko aginduek ez bezala, agindu hau Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programaren araudian, irailaren 24ko 214/2002 Dekretuan eta hau aldarazten duen abenduaren 30eko /2002 Dekretuan izandako aldaketek baldintzatzen dute. Azken xedapenean egindako aldaketa horren ondorioz, biktimei ematen zaien arreta psikologiko profesionalizatua zuzenean eskaintzeko estaldura zehatza ere jasaileei ematen zaizkien zuzeneko laguntzen xede izatera pasa da. Honek zehazten du araudi honen xede diren erakundeen irizpideak eta programa eta jardueren lehentasunak aldatu izana, aurreko aginduek barneratzen dituztenekin alderatuz.

Hori dela bide, ondokoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea Eusko Jaurlaritzak Herrizaingo Sailaren bidez ekintza terroristetan kalte pertsonalak jasan dituzten biktimei eta haien senideei arreta, giza babesa, orientazioa edo laguntza psikosoziala ematea helburu duten proiektu eta jardueretarako ematen dituen laguntzak arautzea da (biktimek Euskadiko Autonomia Erkidegoan eduki behar dute ohiko egoitza).

2. Agindu honek arautzen dituen laguntzak jarraian aipatzen diren jardueraren bat burutu eta sustatzeko erabili beharko dituzte laugarren idatz-zatian zerrendatzen diren erakundeek:

a) Sozio-asistentziazko jarduerak sustatzea. Toki administrazioen zeregina osatzera zuzentzen da nagusiki, ez bakarrik eremu material eta sozialean, baizik eta baita arautegi arruntean ezartzen diren laguntzekin betetzen ez diren egoera pertsonalizatuetan ere, baldin eta elkarteek egoera hauetan laguntzak behar direla ziurtatzen badute.

b) Elkarteen mugimenduari babesa eskaintzea, honela biktimen edo hauen senitartekoei laguntzeko jardueren funtzionamendu eta kudeaketa gastu orokorrak (alokairuak, argia, telefonoa eta administrazio langileak) finantzatzen laguntzeko.

c) Informatu, sentikortasun publikoa bultzatu eta biktimak gizartean onartzeko programak sustatzea.

3.– Agindu honen xede diren proiektuak eta jarduerak 2003. urtean burutu behar dira.

2. artikulua– Deialdiak

Herrizaingo sailburuaren urteko Aginduaren bidez, Agindu honek arautzen dituen laguntzen deialdia egingo da. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta laguntza horietara urtero emango diren baliabide ekonomikoak zehaztuko ditu.

3. artikulua.– Diru kopurua. Betekizunak.

1.– Proiektu bakoitzari gehienez eman ahal izango zaion kopurua hogeita hamar mila eta berrogeita hamar (30.050) euro izango da.

2.– Programa honen diru kopurua eskatzaileen artean banatuko da, agindu honetako 7. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aintzat hartuz. Laguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira; horrela, agindu honetako 7. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraiki, zerrenda egingo da eta agindu honetako lehen artikuluan helburu horretarako kontsignatutako aurrekontu kreditua agortu bitartean balorazio irizpide altuena jaso duten eskaerei baino ez zaie lagunduko.

3.– Ematen den diru-laguntzaren zenbatekotik gehienez %8 erabil daiteke administrazio eta jardun gastuetarako; horretatik salbu daude soldatak eta alokairuak, proiektuaren garapenerako ezinbestekoak direnak eta azalpen-memorian hala ageri direnak izan ezik.

4.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, bera bakarrik zein beste administrazio edo erakunde pribatu zein publiko batzuek emandakoekin bat eginik, ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

5.– Dieta eta bidaia gastuak laguntzaren xede izan daitezke, baldin eta ez badute guztira programari emandako laguntza osoaren %2a gainditzen.

4. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetako laguntzak jaso ditzakete legez eratuta egonik eta egoitza Euskadiko Autonomia Erkidegoan dutela agindu honetako 1. artikuluan azaldutako helburuak (estatutuetan ezarrita) dituzten irabazteko asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek.

5. artikulua.– Nola aurkeztu eta formalizatu eskaerak.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona juridikoek aurkezten dituzten eskaerak agindu honen II. eranskinean ageri den eredu normalizatuaren arabera egin behar dira, eta aurkeztu ere Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan aurkeztu behar dituzte, bertara joanez edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako batez baliatuz.

2.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

6. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskariarekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Eskaera sinatzen duen pertsonaren NAN/IFZren fotokopia.

b) Eratze-aktaren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopiak.

c) Erakundearen izenean legezko betebeharrak bereganatzeko gaitasuna duen organoaren ziurtagiria, hain zuzen ere gaitasun hori frogatzen duena, edo erakundearen ordezkaritzaren ziurtagiria, organoak erakundearen ordezkari badihardu.

d) Proiektuaren memoria; ondokoak azaldu behar dira:

– xedea,

– metodologia,

– hartzaileak,

– biktimei laguntza emango zaien lekua,

e) Proiektua garatzeaz arduratuko den taldea osatzen duen Erakundeko langileen zerrenda.

f) Proiektua burutzeko kostuaren aurrekontu xehekatua; hura finantzatzeko beste baliabiderik egonez gero, beraien berri emango da.

g) Erakundea bere zerga-betebeharretan egunean dagoela frogatzen duen ziurtagiria, behar den administrazioak emana.

h) Xede bererako eskatutako laguntza guztien zerrenda; zerrendan laguntza zein erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion adierazi behar da, bai eta eskaera zertan den ere (ukatu, ebatzi gabe, onartuta). Xede bererako beste laguntzarik eskatu ez bada, hori frogatzen duen agiria aurkeztu behar da.

i) Identifikazio fiskaleko kodearen fotokopia; lehen ere Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren diru-laguntza edo kalte-ordainen bat jaso dutenek ez dute aurkeztu behar.

j) Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren "Gainontzeko interesatuaren alta-datuak" agiriaren eredu normalizatuaren jatorrizko alea; eredu hori Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan jaso daiteke eta eskatzaileak eta beraren banku erakundeak zigilatu eta sinatu behar dute. Lehen ere Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren diru-laguntza edo kalte-ordainen bat jaso dutenek ez dute aurkeztu behar.

k) Eskatzaileak 7. artikuluan ezarritako baremaziorako beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak.

2.– Erakunde batek beste deialdiren batean artikulu honetako a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako agirietako bat aurkeztu badu, ez du berriro aurkeztu beharko, edukia aldatu ez bada.

7. artikulua.– Nola zuzendu eskaeraren akatsak.

1.– Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza ohartzen bada eskatzaile bati agiriren bat falta zaiola edo agiri batean daturen bat falta dela, 10 eguneko epea emango dio agiria aurkezteko edo datua adierazteko (epea eskatzailearen jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik zenbatuko da).

2.– Epealdi horretan eskatzaileak eskatutako agiriak aurkezten ez baditu, eskaeran atzera utzitzat joko da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera emango den ebazpenaren bidez.

8. artikulua.– Eskaeren aukeraketa.

1.– Laguntza emateko proposamena Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programaren Ebaluazioko Batzorde Teknikoaren erabakiaren bidez egingo da (organo hori irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren 37. artikuluan ezarri zen).

2.– Diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Esperientzia terrorismoaren biktima diren pertsona edota taldeentzako antzeko proiektuetan (gehienez 10 puntu)

b) Aurkeztutako proposamenak laguntza modalitate bakoitzerako ezarritako xedeei zenbateraino egokitzen zaizkien (gehienez 10 puntu).

c) Proiektuko laguntza jasoko duten pertsonen kopurua eta lurralde eremua (gehienez 20 puntu)

d) Proiektuaren orijinaltasuna, egonkortasuna eta aurrera jarraitzeko aukerak eta beste jarduera batzuek betetzen ez dituzten eremuetan eragiteko ahalmena (gehienez 20 puntu)

e) Proiektua burutzeko erabiliko diren baliabideak eta hartan arituko diren pertsonak (gehienez 20 puntu)

f) Erakunde eskatzailearen jarraitasuna, egonkortasuna eta trebezia jarduera edo proiektuaren eremuan (gehienez 20 puntu).

9 artikulua.– Ebazpena.

1.– Aurkezten diren eskaerak Herrizaingo sailburuak ebatziko ditu 3.3 artikuluari eta 8. artikuluan zehaztutako irizpideei jarraiki, eta horretarako gehienez ere hiru hilabete izango ditu, agindu honetako 7.2. artikuluan ezarritako epea amaitzen denetik. Deialdi hau ebazten duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da epealdi horretan.

2.– Agindu hori aipatutako epean argitaratu ezean, eskatzaileek eskaerei gaitziritzi zaiela ulertu beharko dute.

3.– Eskatzaile bati diru-alguntza emateko eta, behar denean, ordaintzeko, aurretik burutu egin beharko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren edo beraren erakunde autonomiadunen laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta artean tramitatzen ari diren itzulketa edo zehapen prozesu guztiak.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek diru-laguntza onartzeak berekin ekarriko du agindu honetako arau guztiak onartu beharra, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritako berme erlazionalak eta itzulketen eta zehapenen araubidea ere.

2.– Hain zuzen ere, hauexek dira erakunde onuradunaren betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den jarduera egitea.

b) Programaren edo jardueraren memoria xehekatua egitea, eta egindako gastuen frogagiriak, jatorrizkoak edo erkatuak, ekartzea jarduerak amaitu eta hilabete igaro baino lehen.

c) Herrizaingo Sailaren eta Kontrol Ekonomikoaren Bulegoaren egiaztapen-jarduketak onartzea Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak emandako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez; gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ere bere arauen araberakoak egin ahal izango ditu.

d) Xede bererako beste diru-laguntza edo laguntzarik lortuz gero zeinahi administrazio zein erakunde pribatu edo publikok emanik, Herrizaingo Sailari jakinarazi beharko dio.

d) Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabarren batean aldaketa objektibo zein subjektiboren bat gertatuz gero, Herrizaingo Sailari jakinarazi beharko dio.

e) Agindu honen xede diren programen onura jasotzen dutenei Herrizaingo Sailak Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programaren bidez lagundu duela jakinarazi beharko die.

3.– Baldin eta diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik zenbatu beharreko 15 eguneko epean erakunde onuradunak berariaz egiten ez badio uko idazki bidez, onartu egin duela ulertuko da.

11. artikulua.– Ordainera, eta diru-laguntzaren erabilera frogatzeko modua eta epea.

Diru-laguntza bi epetan ordainduko da. Lehenengo zatia, zenbatekoaren %75, 9.3. artikuluan adierazitako epea igaro eta berehala, interesatuak uko egin ezean, eta gainerako %25 jardueren memoria eta diru-laguntzaren kargura egindako gastuen frogagiriak aurkeztutakoan.

Frogagiriak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzara bidali behar dira 2004ko otsailaren 28a baino lehen.

12. artikulua.– Betekizunak ez betetzea.

1.– Euskal Herriko Ogasun Orokorra antolatu duten Abiaburuei buruzko indarreko lege xedapenen testu bateratua onesten duen 1/1998 Legegintzako Dekretuan xedatzen direnaz gain, ondokoetako zerbait gertatuz gero eskatzaileak betekizunen bat ez duela bete ulertuko da:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo haren zati bat onetsi den xederako ez beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Hautatutako proiektuan zerbait aldatzea, funtsezkoak izan ez eta Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak baimena eman ezean.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenean baimendutako partidak ez frogatzea.

d) Eskaeran edo agirietan datu faltsuak agertzea.

2.– Diru-laguntza emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez duen onuradunak hura jasotzeko eskubidea galduko du eta Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako kopurua eta haren legezko korrituak; gainera zehapena ezarriko zaio, Euskal Herriko Ogasun Orokorra antolatu duten Abiaburuei buruzko Legearen Testu Bateratua onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.

13. artikulua.– Kudeaketako organoa.

Agindu honen babesean argitaratzen den laguntza deialdia kudeatzeko zereginak burutzea Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari dagokio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio bidea agortzen duen Agindu honen aurka, entitate interesatuek aukerazko berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Herrizaingo Sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edota, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Epaitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua aipatu Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteize, 2002ko abenduaren 30a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

II. ERANSKINA
1. DEIALDIAREN DATUAK

Deialdia egin duen saila: Herrizaingo Saila

Deialdiaren izena

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. Zenbakia: Eguna:

2. ESKATZAILEAREN IDENTIFIKAZIO-DATUAK:

Izena: I.F.K.:

Egoitza: Telefonoa:

Herria: . Probintzia:

Bankua

Sukurtsala: Kontu zk.:

Legezko ordezkaria (izena eta kargua)

Egoitza: N.A.N.:

Herria:

3. ESKATUTAKO DIRU-LAGUNTZA, GUZTIRA: __________ EURO.

4. Eskatzaileak deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen ditu.

5. Deialdiko arauak onartzen ditut eta eskatzen zaizkidan informazio eta agiri guztiak emango ditut.

6. Honekin batera deialdian eskatutako agiriak aurkeztu ditut.

(e)ko aren (e)(a)n


Azterketa dokumentala