Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3855

AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Gizarte Ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak arautzen dituena.

Gizarte Ekonomiako Entitateek, hots, kooperatibek eta lan-sozietateek, kudeaketaren malgutasunaren, premia berrietara irekita dituzten egituren eta lana antolatzeko modu ezberdinen bitartez langabeziaren aurka borrokatzeko erakutsi duten gaitasunak, entitate horiek enplegu berrien, jarduera berrien eta, kasurik gehienetan, enplegu egonkorragoen iturri bihurtu ditu.

Eusko Legebiltzarraren 1999ko urriaren 28ko Osoko Bilkuraren 23 zk. Erabakiak, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguari buruzko jakinarazpenari loturik, Eusko Jaurlaritzari Gizarte Ekonomiara bideratutako enpresa-gogoa bultzatzen jarrai dezala eskatzen dio.

Aurrekoaren ildo berean, eta iazko esperientziaren argitan, komenigarria dirudi langabetuak gizarte ekonomiako enpresetan bazkide langile nahiz lan-bazkide legez sartzeko bidea bultzatu eta errazten duen programari eustea, baina zuzenketa-faktore jakin batzuk aldatuz edo gaineratuz, adibidez langabezian igaro den denbora eskatzaileen diru baliabiderik ezaren alderdirik esanguratsuentzat hartuz; eta horrela, langabezian denbora gehien daramaten pertsonak sartzea bultzatzen da, eta era berean pertsona horien lan-munduratzea eragotz dezaketen gertakariei arreta berezia eskaintzen zaie.

Era berean, aurreko Dekretuaren estaldura-eremua hedatuari jarraituz, nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-ustiategien eta ustiategi mistoen titularrak izanik, haien ustiapenerako beharrezkoak diren jarduerak ohizko eta funtsezko bizimodu legez burutzen dituzten banakako enpresariak, ustiategi horietan lanaldi partzialean dihardutenak barne, nekazaritza-kooperatibetan sar daitezen lagundu eta bultzatu egiten da. Neurri horren helburua landa-enplegua sendotzea eta, ondorioz, landako biztanleriari eustea da, eta horretarako kooperatiba-enpresak sendotuko dira, dimentsio berria emango zaie eta, enpresa kolektiboa sendotzen den neurrian, nekazari bazkideak landa-eremuan duen posizioa eta, azken finean, bere enplegua eta lana indartuko dira.

Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta interesaturik dauden gainontzeko organo aholku-emaileek azaldutakoa entzunda,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 2002ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da Agindu honen helburua, eta laguntzak bi eratakoak izango dira:

a) Enplegu-Zerbitzu Publiko batean izena emanda duten pertsona langabetuak kooperatibaren nahiz lan-sozietatearen izaera juridikoa duten enpresetan langile bazkide nahiz lan-bazkide legez sartzeko, Agindu honetako 4.2. artikuluak aipatzen dituen pertsonen kalterik gabe.

b) Nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-ustiategien eta ustiategi mistoen titularrak nekazaritza-kooperatibetan bazkide legez sartzeko.

1. ATALA.– LANGABETUAK SARTZEKO
LAGUNTZAK

2. artikulua.– Onuradunak.

Bazkide langile legez lan-sozietateren batean nahiz lan elkartuko sozietatean, edo lan-bazkide legez beste era bateko kooperatibetan sartzen diren langabetuek jaso ahal izango dituzte atal honetan arautzen diren laguntzak. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean sartu beharko dute langabetu horiek.

3. artikulua.– Betebeharrak.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, pertsona onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Bazkide langile nahiz lan-bazkide legez kooperatiba nahiz lan-sozietate batean sartu aurretik Enplegu-Zerbitzu Publiko batean langabetu gisa izena emanda egotea. Baldintza hori bete behar izanez gero, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean araututa dagoen probaldia hasi baino lehen bete beharko da.

Urritasun fisiko, psikiko edota sentsorialak izanik minusbaliatu legezko izaera duten pertsonei ez zaie betebehar hori eskatuko.

b) Eskubide osoarekin bazkide langile nahiz, hala balegokio, lan-bazkide moduan 2001eko abuztuaren 1a eta 2002ko irailaren 30a bitartean sartzea, bi egun horiek ere barne direla.

c) Bazkide izaera lortzen denetik hasita gutxienez 3 urtez bazkide izatea, kooperatiba edo lan-sozietate izaera hori iraungi, desegin edo galtzeagatik ekarpen hori gutxienez diruz lagundutako zenbatekoan galtzea dakarten kasuetan salbu.

4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori ebazteko irizpideak.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak pertsona onuradunak langabetu legez izena emanda egon diren denboraren arabera emango ditu diru-laguntzak, honako baremo honi jarraiki:

a) Egun bat eta hiru hilabete bitartean: mila berrehun eta bi euro arte (1.202 euro).

b) Hiru hilabete eta egun bat eta hamabi hilabete bitartean: mila bostehun eta bi euro arte (1.502 euro)

c) Bazkide legez sartzen diren egunetik atzerantz zenbatzen hasi eta etenik gabe 12 hilabetetik gorako antzinatasuna duten pertsonen kasuan: mila zortziehun eta hiru euro arte (1.803 euro).

2.– Ezintasun fisikoak, psikikoak edota sentsorialak izanik, legez ezinduak diren eta dagokion zerbitzu publikoan langabetu gisa inskribaturik ez dauden pertsonei aurreko zenbakiko a) idatz-zatian jasotzen den irizpidea aplikatuko zaie diru-laguntzaren oinarrizko zenbatekoa kalkulatzeko.

3.– Lan-giroan moldatzeko gorabeherak kontuan izanik, aurreko 4.1 paragrafoaren arabera lortutako oinarrizko kopurua seiehun eta bat euro (601 euro) handituko da ondorengo a) eta c) idatz-zatietan adierazitako kontzeptuetako bakoitzeko, eta hirurehun euro (300 euro) gainontzeko kontzeptuetako bakoitzeko, eta horiek metatzeko aukera egon badago, artikulu honetako 4. paragrafoan aurreikusten den gehienezko mugaraino:

a) 45 urtetik gora izatea.

b) Emakumea izatea.

c) Emakumea izatea eta kooperatiba edo lan-sozietateetan sartzen direneko kategoria profesionaletan lanpostuen %50 baino gutxiago emakumeek beteta egotea.

d) Ezindu izaera edukitzea, halakotzat ulertuz urritasun fisiko, psikiko edota sentsorialen bat duen eta gutxienez %45eko minusbaliotasuna egiaztaturik duen pertsona.

e) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, kooperatiba edo lan-sozietateren batean bazkide langile nahiz lan-bazkide legez sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

f) Etorkina izatea.

4.– Diru-laguntza ezin daiteke inola ere pertsona onuradunak kooperatiba nahiz lan-sozietate batean bazkide langile nahiz lan-bazkide legez sartzerakoan harpidetutako kapitala baino handiagoa izan, ez eta Agindu honen Hirugarren Xedapen Gehigarriak adierazten dituen ekarpenei dagozkien zenbatekoak baino handiagoa ere.

Baldin eta kooperatiba-elkarte edo lan-elkarte berriak eratzen badira, derrigor egin beharreko ekarpenak diruz lagundu ahalko dira, betiere elkartearen eraketa eta ekarpenak 2001eko urriaren 1etik eta 2002ko irailaren 30a bitartean egin badira, biak barne.

Nolanahi ere, kapital-harpidetzak eskatzailearen diru-ordainketa efektiboa ekarri behar du, lagapenez, dohaintzaz edo beste edozein doako formularen bidez lortutako ekarpena edo haren zati bat egitea onartzen ez delarik.

5. artikulua.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza edo laguntzekin.

1.– Deialdi honetan erregulatzen diren diru-laguntzak, Administrazio honek edo beste edozein administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berberarekin eman ditzakeen gainontzekoekin bateragarriak dira. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du Agindu honen 4. artikuluko 1 eta 4 puntuetan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditu.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak onuradunak Administrazio honetatik edo beste edozein administrazio edo erakunde publikotik xede eta helburu berberarekin jasotzen duen beste edozein laguntzarekin batera ematen badira, eta metatutako zenbatekoak Agindu honetako 4. artikuluko 1 eta 4 idatz-zatietan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen baldin badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo da.

3.– Agindu honek emandako diru-laguntzak ordainera bakarreko langabeziarako diru-laguntzekin (langabeziaren kapitalizazioa) batera ematen badira, eta horiek pilatutako zenbatekoak aurreko artikuluko 1 eta 4 paragrafoek ezarritako mugak gainditzen baldin baditu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo delarik.

4.– Langabeziaren kapitalizazioagatik edo Administrazio honetatik edo beste edozein administrazio edo erakunde publikotik xede eta helburu berberarekin jasotako beste edozein laguntzagatik lortutako kopuruak sarrera-kuotaren ordainketari egozten bazaizkio, hasierako ekarpenari aplikatutako soberakina Agindu honetan ezarritako laguntzarekin batera emango da, aurreko paragrafoan adierazten den modu berean.

2. ATALA.– NEKAZARITZA KOOPERATIBETAN SARTZEKO LAGUNTZAK

6. artikulua.– Onuradunak.

1.– Atal honetan erregulatzen diren laguntzen onuradun izan daitezke, nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-ustiategien eta ustiategi mistoen titularrak izanik, haien ustiapenerako beharrezkoak diren jarduerak ohizko eta funtsezko bizimodu legez pertsonalki eta zuzenean burutuz, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-kooperatibetan bazkide gisa sartzen diren pertsonak.

2.– Era berean onuradun izan daitezke, ustiategi horien titular izanik nekazaritza-jarduera lanaldi partzialean garatzen dutenak.

7. artikulua.– Betebeharrak.

Eskabideak egiteko ondoko baldintzak bete beharko dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan nekazaritza ustiategi baten titular legez izena emanda egotea.

2.– Nekazaritza Kooperatiba batean eskubide osoarekin bazkide moduan 2001eko urriaren 1a eta 2002ko irailaren 30a bitartean sartzea, bi egun horiek ere barne direla.

3.– Bazkide izaera lortzen denetik hasita gutxienez 3 urtez bazkide izatea, kooperatiba edo lan-sozietate izaera hori iraungi, desegin edo galtzeagatik ekarpen hori gutxienez diruz lagundutako zenbatekoan galtzea dakarten kasuetan salbu.

8. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak mila eta bostehun eta bi euroraino (1.502 euro) diru-laguntza eman ahal izango du.

2.– Lan-giroan moldatzeko gorabeherak kontuan izanik, aurreko kopurua 601 euro handituko da ondorengo a) eta b) idatz-zatietan adierazitako kontzeptuetako bakoitzagatik, eta 300 euro, gainontzeko kontzeptuetako bakoitzarengatik, eta horiek metatzeko aukera egon badago, artikulu honetako 3. paragrafoan aurreikusten den gehienezko mugaraino:

a) 45 urte baino gutxiago izatea.

b) Emakumea izatea.

c) Ezindu izaera edukitzea, halakotzat ulertuz urritasun fisiko, psikiko edota sentsorialen bat duen eta gutxienez %45eko minusbaliotasuna egiaztaturik duen pertsona.

d) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, nekazaritza-kooperatiba batean bazkide legez sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

3.– Emandako diru-laguntzak ezin izango du, inola ere, onuradunak dagokion nekazaritza-kooperatiban bazkide legez sartzeko unean harpidetutako kapitalaren %50 gainditu.

4.– Lanaldi partzialeko dedikazioaren kasuan, ezin izango da artikulu honetako aurreko idatz-zatietan aurreikusitako irizpideen eta mugen arabera kalkulatutako diru-laguntzaren %50 baino gehiago eman.

9. artikulua.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza edo laguntzekin.

1.– Deialdi honetan erregulatzen diren diru-laguntzak, Administrazio honek edo beste edozein administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berberarekin eman ditzakeen gainontzekoekin bateragarriak dira. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezingo ditu Agindu honen 8. artikuluko 1, 3 eta 4 paragrafoetan aurreikusitako gehienezko zenbatekoak gainditu.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak onuradunak Administrazio honetatik edo beste edozein administrazio edo erakunde publikotik xede eta helburu berberarekin jasotzen duen beste edozein laguntzarekin batera ematen badira, eta horiek pilatutako zenbatekoak Agindu honetako 8. artikuluko 1, 3 eta 4 paragrafoetan aurreikusitako gehienezko zenbatekoak gainditzen baldin baditu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo delarik.

3. ATALA.– XEDAPEN ERKIDEAK

10. artikulua.– Diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– 1 b) artikuluak aipatzen dituen Agindu honetako 2. Atalean erregulatutako laguntzei dagokienez, horiek eman eta ordaintzeko ezinbesteko baldintza izango da eskatzaileek zergei eta Gizarte Segurantzari loturiko obligazioak bete dituztela egiaztatzea, Ogasun eta Herri-Administrazio Sailak xedatzen duenari jarraiki.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

11. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazten diren eta kasu bakoitzean aplikagarriak diren betebeharren kaltetan izan gabe, laguntzen onuradunek ondokoa bete beharko dute:

a) Diru-laguntzaren onuradunak bazkide legez sartu zen enpresan segitzen duela egiaztatu beharko du bazkide izaeraz jabetu zenetik hasi eta hiru urteren buruan. Horretarako, izaera hori lortu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

b) Aldi berean, onuradunak hasiera batean egindako ekarriari eusten diola egiaztatu beharko du, eta aurreko idatz-zatian ezarrita dagoen epearen barruan hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du. Egin beharreko ekarriaren zenbatekoa onuradunak berak nahita gutxituz gero, diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena aldatu egingo da.

c) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta ordainketen erregimen orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen betebeharrak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa betez.

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Pertsona onuraduna bazkide legez sartzen den sozietatearen egoitza edo lantokia dagoen lurralde historikoan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak duen ordezkaritzan aurkeztu behar dira eskabideak, nahiz zuzenean nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz, eta lurraldeko ordezkaritzan hartuko den eskabide-orri normalizatuaren bidez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean bukatuko da.

3.– Pertsona onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela, Agindu honen Lehen Xedapen Gehigarrian aurreikusitakoaren kaltetan izan gabe.

13. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren lurralde ordezkaritzetan eskura daitezke, eta eskabide-orri normalizatuan egin behar dira. Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hirugarren-interesdun Datuen Altari buruzko fitxa, eskatzaileak eta dagokion banketxeak sinatuta eta zigilatuta.

b) NANen 2 kopia.

c) Bazkide izaera egiaztatu behar da, Bazkideen Errolda-Liburuko egiaztagiriaren bidez, behin-betiko bazkidea den edo behin-behineko sartu den zehaztuz.

d) Sozietatean bazkide legez sartzerakoan eskatzaileak harpidetutako kapitalaren egiaztagiri sinesgarria, sozietateak berak emana. Egiaztagiri horrek, hala dagokionean, sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari dagozkion kopuruak xehekatu beharko ditu.

e) Dagokion Enplegu-Zerbitzu Publikoak luzatutako egiaztagiria, lanean hasitako pertsonak langabezian zenbat denbora daraman egiaztatzen duena.

f) Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean egindako alta-agiriaren kopia, bertan daraman denbora egiaztatuz.

g) Ordainera bakarreko langabeziarako diru-laguntzatzat aitortutako zenbatekoa egiaztatzen duen INEMen egiaztagiria, hala balegokio.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-Ustiategien Erregistroaren ziurtagiria, dagokion Foru Aldundiak emango duena, ustiategiaren titulartasuna adieraziz.

i) Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, hala dagokionean, dagokion Foru Aldundiak emango duena, minusbaliotasun-maila adieraziz.

j) Hala dagokionean, presondegi-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren Autoa / Espetxeak emandako Ziurtagiria.

k) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gazte langabetuentzat antolatutako enpresa-jardueretako enplegu eta prestakuntza programetan izandako partaidetzari buruzko egiaztagiria, dagokion erakundeak egina.

l) Lan- eta egoitza-baimena, hala dagokionean.

m) Eskatzailearen zinpeko aitorpena, nekazaritza-ustiapenean dedikazio partzialeko edo erabateko dedikazioko erregimena adieraziz, hala dagokionean.

n) Hala dagokionean, eskatzaileak zerga obligazioak beteta dauzkala erakusteko, dagokion Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.

o) Hala dagokionean, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da, erakunde horiekiko obligazioak beteta daudela erakusteko.

p) Eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du, administrazio honi nahiz beste administrazio edo erakunde publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.

q) Eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek emandako eta izaera bereko diren laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapidealdian badaude, behintzat.

14. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo eskatzen diren agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman eta jakinarazi beharko du.

15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira diru-laguntzak.

Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen aurrean.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, xedapen honen babesean diru-laguntza zein pertsonak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein pertsonari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

16. artikulua.– Ordainketa.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak zati bakarrean ordainduko dira, diru-laguntza onartzen den unean.

17. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, milioi bat berrehun eta berrogeita bat mila hirurehun eta berrogeita sei euro (1.241.346 euro) destinatuko da 2002ko ekitaldirako, eta zenbateko hori eguneratzeko aukera izango da, indarreko legeriaren arabera aurrekontuen aldaketaren bat onartzen baldin bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan adierazitako irizpideen arabera kalkulatutako diru-laguntzen batura xede horrekin baimendutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa baino handiagoa bada, dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kalkulatutako diru-laguntzei hainbanaketa bakarra aplikatuz.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua lortutzat jo delarik eta onuradun izateko ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzat eta, hala dagokionean, Administrazio honek edo beste edozein erakunde publikok emandako diru-laguntzak edo laguntzak lortutzat jo direlarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

19. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Pertsona onuraduna Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo Agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez

gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

20. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpen baten bidez amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Dira itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpen horren bidez arau aplikagarriak ez direla bete joz gero, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean ordura arte jasotako kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin diezaion.

GEHIGARRIZKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean erregulatzen den proba-aldi baten ondoren eskubide osoko bazkide legez laneratzen diren pertsonak Agindu honetako diru-laguntzez baliatu ahal izango dira, proba-aldi hori hasterakoan Agindu honetako 3.a) artikuluan adierazitako betekizunak betez gero.

Aipatutako kasuan, proba-aldia gainditu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

Bigarrena.– Bazkide langile nahiz lan-bazkide legez sartu eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gazte langabetuentzat antolatutako enpresa-jardueretako enplegu eta prestakuntza programaren batean parte hartu duten pertsonak, Agindu honen 1. atalean aurreikusitako laguntzez balia daitezke, baldin eta programa horietan hasterakoan Agindu honetako 3. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen bazituzten.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gazte langabetuentzat antolatutako enpresa-jardueretako enplegu eta prestakuntza programa batean parte hartuta bazkide langile moduan laneratzen diren pertsonei ez zaizkie arau honetako 5. artikuluan aipatzen diren bateraezintasunak aplikatuko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala