Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3852

AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Gizarte Ekonomiako Prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena.

Prestakuntza funtsezko tresna da zernahi enpresa motarentzat, giza baliabideen trebakuntzak izan behar baitu konkurrentzia-abantaila nagusia.

Kooperatiba mugimenduak aspaldiko konpromisoa du hezkuntzarekiko, honako printzipio honetan oinarritua: kooperatibek erantzukizuna dute bai bere bazkideei, ordezkari hautatuei, zuzendaritzako kideei eta enplegatuei hezkuntza eta informazioa emateko –hala, guztiek ekarpen eraginkorragoak egin ahal izango dizkiote kooperatiben garapenari–, bai kooperazioaren izaera eta onurei buruzko argibide eta zabalpena.

Hala ere, garrantzi handikoa da trebetasun horiek bereganatzeak –eta horien gabeziak– mota honetako sozietateak egoki kudeatzean izan dezaketen eragina; kontuan hartu behar baita Gizarte Ekonomiako entitateetan, edozein langilek behar dituen kualifikazio teknikoa eta profesionalaz gain, beharrezkoa dela prestakuntza osagarri bat, enpresa mota honetako ezaugarri bereziak direla-eta, hau da: bazkideek, enpresari diren aldetik, era guztietako erabakiak hartzeko ardura dute.

Azken ekitaldietan metatutako esperientziaren ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, aitzindari sozietate-prestakuntza hau sustatzen, beharrezkotzat jotzen du hartan sakontzen jarraitzea, Eusko Legebiltzarrak, 1999ko urriaren 28ko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren ildotik, zeinean Gizarte Ekonomiako unibertsitate-prestakuntzaz gain, lan-bazkideak halakotzat prestatzeko bulkada eman nahi den.

Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez, eta EAEko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak azaldutakoa entzunda, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen diren eta bereziki Gizarte Ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza eta zabalkunde-jarduerak egiteko, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 2002ko ekitaldian eman ditzakeen laguntzak arautzea da Agindu honen helburua.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

Honako entitate hauek jaso ditzakete agindu honetan ezarritako laguntzak:

a) Antolaketa eta giza baliabideen arloko prestakuntza eta/edo aholkularitza eskaintzea xede sozialtzat duten kooperatibek eta lan-sozietateek, baldin prestakuntza jarduerak sozietatetik bertatik kanpora hedatzen badira.

b) Xede soziala edozein dela ere, gutxienez kooperatibismoaren metodologia didaktikoari edo kooperatibari nahiz lan-sozietate anonimoari buruz aditua den lagun bat duten entitateek, baldin prestakuntza jarduera kooperatibako nahiz lan-sozietateko bertako bazkideentzat, bazkide izan nahi dutenentzat edo langileentzat antolatzen bada.

c) Kooperatiben batasunek, federazioek eta konfederazioek, lan-sozietateen elkarteek eta Gizarte Ekonomiako bazkidetze-mailako entitateek, legez eraturik eta erregistraturik badaude behintzat. Lehentasuna izango dute EAEren eremuko entitateek.

d) Unibertsitate mailako fakultateak, eskolak eta institutuak, baita ikastetxeak eta unibertsitate aurretikoak ere, hala balegokio.

e) Gizarte Ekonomiaren arloan ikerkuntza edo prestakuntza esperientzia duten erakunde publikoak edo pribatuak, ikastaro espezializatuak antolatzeko edo Gizarte Ekonomian ikertzeko gaitasuna ematen dien egitura materialaz eta irakaskuntzarako ahalmen propioaz hornituak.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Honako lehentasun-hurrenkeraren arabera emango dira prestakuntza-jardueretarako laguntzak:

a) Enpresa-eremuko sozietate-prestakuntzarako ekintzak, batez ere enpresaren egiturako maila oinarrizkoei, ertainei eta zuzendariei zuzenduak.

b) Unibertsitate eta unibertsitate aurretiko eremuko prestakuntza-ekintzak, batez ere horien baitan dauden Gizarte Ekonomiako adituen arteko ikerlan eta lankidetzarentzat.

c) Bazkideen eta langileen prestakuntzarako, eta Bigarren Mailako Lanbide Heziketako ikasleen prestakuntzarako langai didaktikoak prestatzea. Langai horiek, eduki berezikoak izan behar dutenez, enpresa bateko garaian garaiko proiektuetarako ez ezik, interes orokorrekoak izanik, geroko proiektuetarako ere baliagarriak izan behar dute.

d) Sindikatuetako kideentzat Gizarte Ekonomiari buruzko prestakuntza-ekintzak antolatzea.

e) Artikulu honetako c) idatz-zatian aipatzen diren langai didaktikoen edizioa.

f) Gizarte Ekonomia arloko ikerkuntza-jarduerak, baldin eta euskal Gizarte Ekonomia garatzeko erabilgarritzat jotzen badira.

g) Argitalpenak zeinahi euskarri eta formatutan argitara ematea, eta datu-baseak eta liburutegiak sortzea. Kontsulta-eskuliburuak badira, informatika-euskarria izan beharko dute salaren web orrian sartzeko eta erabilera publikorako.

h) Biltzarrak, topaketak eta jardunaldiak antolatzea, batez ere erakunde antolatzailearen berezko jardueraren esparrua gainditzen badute.

4. artikulua.– Jardueren hasiera eta amaiera.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza eta zabalkunde-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2003ko irailaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.

5. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak osorik nahiz zati batean finantza dezake, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren bidez, onar daitezen egitasmoen kostu garbia, baina inola ere ezingo da entitate eskatzaile bakoitzeko ehun eta laurogei mila hirurehun eta hiru euro (180.303) baino gehiago eman. Zenbateko hori honela banatuko da:

a) Agindu honetako 3. artikuluko a), b), d), f), g) eta h) idatz-zatietan aurreikusitako jarduerengatik ezingo da, guztira, hirurogei mila eta ehun eta bat euro (60.101) baino gehiago kobratu.

b) Agindu honetako 3. artikuluko c) eta e) idatz-zatietan aurreikusitako jarduerengatik ezingo da, guztira, ehun eta hogei mila berrehun eta bi euro (120.202) baino gehiago kobratu.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa erabakitzeko irizpideak honako hauek dira:

a) Baliabide ekonomikoen premia objektiboa; horretarako, ebaluaketa egin ahal izateko behar adina agiri aurkeztu beharko ditu entitate eskatzaileak, finantzazio-iturriak berariaz adieraziko dituela.

b) Hala balegokio, Kooperatiba Heziketa eta Sustapenerako Fondoa aplikatzea.

c) Prestakuntza eta/edo zabalkunde-proiektuaren ezaugarri berritzaileak.

d) Entitatearen, erakundearen edo, hala behar izanez gero, irakasleen kualifikazio eta ospe profesionala.

e) Gauzatutako prestakuntza-jardueren hartzaile kopurua.

f) Argitalpen eta material didaktikoei dagozkienez, zehaztasuna, sakontasuna eta gehiengoarentzako baliagarritasuna, beren euskarria edozein dela ere.

g) Diru-laguntza jaso duten egitasmoak bete direla egiaztatzeko orduan izandako azkartasuna.

3.– Emandako diru-laguntza ez da, inola ere, erakundeak bere gain hartutako kostuaren ehuneko 85 baino handiagoa izango (bestelako laguntza publikoak aparte utzirik).

4.– Agindu honetako 3. artikuluko a) eta d) idatz-zatietan aurreikusitako ekintzetarako laguntza publikoa kalkulatze aldera, ez dira kontuan hartuko ikasleen barruko kostuak.

6. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzako obligazioak eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileek, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak xedatutakoa betez, beren zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzakoak beteta dauzkatela egiaztatu beharko dute.

2.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor prozedura oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

7. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko arazoaren 11ko 1/1977 Legegintza Dekretuko 50.2. artikuluan ezarritako betekizunetan aplikagarri gertatzen direnak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako langai didaktikoen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.

b) Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa betez, agindu honetako 3 e) artikuluan aipatzen diren langai didaktikoen argitalpena banatzeko eskubidea eman behar dute, hiru urtetarako.

c) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren laguntza jaso dutela espresuki erasota utzi beharko da, baldin eta laguntzaren gai izan diren jarduerak zabaldu, hedatu edo argitaratu behar badira.

d) Diru-laguntzaren zertarakoa eta nola erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez; dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

8. artikulua.– Laguntza hauen eta beste batzuen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok emandakoekin. Edonola ere, diru-laguntzen zenbateko osoa ezin izango da laguntzaren gai den jardueraren kostu osoa baino handiagoa, ezta Agindu honetako 5.1. artikuluan aurreikusitako gehienezko kopurua baino handiagoa ere.

2.– Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta laguntza horiek guztiak batuta laguntzaren gai den jardueraren kostu osoa gainditzen bada, agindu honetako 5.1 artikuluan ezarritako gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gutxitu egingo du eman beharreko laguntza.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak eredu normalizatuan aurkeztu behar dira (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan jaso daiteke) Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat erabiliz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean bukatuko da.

3.– Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betekizun guztiak betetzen dituztela.

10. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideekin honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Entitate edo erakunde eskatzailea ezagutarazteko agiriak.

b) Aurreikusitako jarduerak burutzeko arrazoi eta helburuei buruzko azalpen zehatza.

c) Giza baliabideak eta baliabide materialak. Irakasleak eta prestakuntza egitarauak zein diren adierazi behar da.

d) Egitarauko entitate laguntzaileen zerrenda, halakorik balego.

e) Prestakuntza-proiektuaren diru-atalen gutxi gora-beherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

f) Proiektuak finantzatzeko plana. Kooperatibako fondoak erabiliz gero, fondo horien erabilera berariaz aipatu behar da.

g) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia bat.

h) Interesatutako Hirugarrenaren Datuen Alta-fitxa, entitate eskatzaileak eta egoki den banketxeak sinatu eta zigilatua.

i) Zerga-obligazioak beteta daudela erakusteko, Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.

Zor bat atzeratzea lortzen duen entitateak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

j) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da, aurreko idatz-zatian azaldutakoaren ildotik.

k) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei edo erakunde publikoei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.

l) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz zigor prozedurei buruz, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat

m) Entitate eskatzailea kooperatiba-elkartea, lan-elkartea edo lan-elkarteko talde bat bada, Lan Segurtasuneko eta Osasuneko arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatu beharko du agiri bidez, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartu zuen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

n) Interesgarritzat jotako beste edozein agiri ere aurkeztu egin beharko da.

11. artikulua.– Akatsak konpontzea eta espedientea artxibatzea.

Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, bai eta jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1. eta 42.1. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.

1.– Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan araututako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea dago, hilabeteko epean jakinarazpen egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean hasten denetik berariazko ebazpena eta jakinarazpena emateko gehienezko epea sei hilabetekoa da. Epe hori igarota, berariaz ebatzi eta jakinarazi ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari berariaz erabakitzeko obligazioa ezartzen dion.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, modu honetan:

a) Lehendabiziko zatia, diru-laguntzaren %50, diru-laguntza onartutakoan.

b) Bigarren zatia, diru-laguntzaren %50, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitzen direnean ordainduko da.

2.– Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaindu baino lehen, onuradunak honako agiriak aurkeztu behar ditu:

a) Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

b) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren egiaztagiriak, bigarren zatia ordaintzeko eskatzen denean erakunde horiekin dituzten obligazioak beteta dauzkatela erakusteko.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako agiriak aurkezteko epea diruz lagundutako jarduerak amaitu eta 3 hilabetekoa izango da gehienez.

14. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, seiehun eta bat mila eta hamabi euro (601.012) ezarriko dira, 2002ko ekitalditik, eta seiehun eta bat eta hamabi euro (601.102) agindutako kreditu batean, 2003ko ekitaldikoak. Kopuru horiek gaurkotzeko aukera izango da, baldin eta indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, egoera hori argitara emango litzateke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetako 5. artikuluan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako diru baliabideen gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jota, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz honek zein beste edozein administrazio publiko edo erakunde publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

16. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Entitate onuraduna Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1. artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: entitate onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, honako hau izango da laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Dira itzultzeko prozedura erabakitzeko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpen horren bidez arau aplikagarriak ez direla bete joz gero, entitate onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean ordura arte jasotako kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin diezaion.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1. b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala