Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
3358

AGINDUA, 2002ko maiatzaren 17koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako erretiro aurreratua hartzeko laguntzen araubideko zenbatekoak berrikusten dituena 2002. urterako.

Kontseiluaren 1992ko ekainaren 30eko 2079/92 (EEE) Arautegiaren bitartez, nekazaritzako erretiro aurreratua hartzeko laguntzen araubide komunitarioa ezarri zen. Arautegi hori, gerora, Euskal Autonomia Erkidegora aldatu, eta garatu egin zen, bai martxoaren 30eko 82/1993 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza lehenago lagatzeko laguntzetarako araubidea finkatu zuen), bai Foru Aldundiek dekretu hori garatzeko eman dituzten arauen bidez.

Aipaturiko 82/1993 Dekretu hori hainbatetan aldatu da, eta, kasu guztietan, ezarrita zeuden zenbatekoak berrikusi egin dira. Azken aldaketa irailaren 10eko 219/1996 Dekretuz egin zen, zeinak xedatu baitzuen 82/1993 Dekretuaren 10 eta 14. artikuluetan finkatutako laguntzen zenbatekoak urtean-urtean berrikusi behar zirela, Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak emandako agindu baten bitartez berrikusi ere; eta horretarako, Gizarte Segurantzaren sisteman erretiroko gutxieneko pentsio indibidualetarako ezartzen den egunerapena hartuko dela kontuan.

Nekazaritza lehenago lagatzeko laguntzen araubidea oinarritu duten Europako arauak, baina, zeharo aldatu dira, Kontseiluaren 1257/1999/EE Arautegiaren bitartez —Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsaren (NBBEF) kontura landa-garapenari ematen zaizkion laguntzei buruzkoa da—, eta Batzordearen 1750/1999/EE Arautegiaren bitartez —aurreko araua aplikatzeko xedapenak finkatu baititu—. Arautegiok, hain zuzen ere, aurreko arau gehienak derogatu, eta gaiari buruzko araubide berria ezarri dute.

Uztailaren 28ko 166/2000 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ustiategietarako, landa-eremuen garapen eta egokitzapenerako, eta basogintzarako laguntzak arautu ditu (154 zk.ko EHAA, 2000ko abuztuaren 11koa), eta Europako arau berri horiek guztiak bildu, aplikatu eta garatu, nekazaritza garaiz aurretik uzteko laguntzen araubide berria barne dela. Azken Dekretu horren 24. 4 artikuluak, halaber, honako hau aurreikusi du: Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, urtero, agindu bidez, eguneratu egingo ditu artikulu horretan aurreikusitako laguntzen zenbatekoak, eta horretarako, kontuan hartuko du zein eguneratze ezarri zaien Gizarte Segurantzaren sistemak erretiroa dela-eta finkatzen dituen banakako gutxieneko pentsioei.

166/2000 Dekretuak, bere bigarren xedapen indargabetzailean, beren beregi derogatu du 82/1993 Dekretua. Dena den, dekretu beraren laugarren xedapen iragankorraren arabera, 82/1993 Dekretuak ezarritako laguntza-sistemako onuradunek dekretu hori izango dute betetzeko, laguntza horiek agortu bitartean. Ondorioz, beraz, bi laguntza-sistema daude indarrean nekazaritza garaiz aurretik uzteari dagokionez: 82/1993 Dekretutik datorrena, hartara bildu zirenentzako, laguntza horiek agortu arte; eta 166/2000 Dekretutik datorrena. Araubide bietan berrikusi edo eguneratu behar dira laguntzen zenbatekoak.

Dekretu biek ezarri dute berrikuspena egiteko kontuan hartuko dela zein eguneratze ezarri zaien Gizarte Segurantzaren sistemak erretiroa dela-eta finkatzen dituen banakako gutxieneko pentsioei. Esandakoak gogoan izanik, laguntzen zenbatekoak eguneratu egin dira, eta laguntza horien balioari %2,7ko handiagotzea ezarri zaie, berori baita 2001ean erretiroko gutxieneko pentsio indibidualetarako ezarri den behin betiko gehikuntza.

Xedapen honek agindu hori bete, eta, ondorioz, bai 82/1993 Dekretuko laguntzen zenbatekoak, bai 166/2000 Dekretuak ezarritakoenak ere eguneratu ditu 2002. urterako. 2001. urtean, dirulaguntza horien zenbatekoak 2001eko maiatzaren 18ko agindu bidez eguneratu ziren.

Horiek horrela, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Martxoaren 30eko 82/1993 Dekretuaren bidez finkatutako laguntzen zenbatekoak berrikustea (dekretu horren bidez finkatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako erretiro aurreratua hartzeko laguntzen araubidea). Zenbateko horiek honela utzi dira:

10.– 1.– artikulua: azken berrikuspenaren ondorioz "758.248 PTA / 4.557,16 euro" zioen lekuan "4.680,2 euro" esan behar du.

14.– 1.– artikulua: azken berrikuspenaren ondorioz "571.499 PTA / 3.434,78 euro" zioen lekuan "3.527,52 euro "esan behar du.

Bigarren artikulua.– Uztailaren 28ko 166/2000 Dekretuaren bidez finkatutako laguntzen zenbatekoak eguneratzea (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ustiategietarako, landa-eremuen garapen eta egokitzapenerako, eta basogintzarako laguntzak arautu dira). Zenbateko horiek honela utzi dira:

24.– 1.– a) artikulua, honako hau zioen lekuan: "758.251 PTA (4.557,18 euro ../.. gehienez ere, 2.495.790 PTA/urteko (15.000 euro/urteko) eman ahal izango dira ustiategi bakoitzeko" honako hau esan behar du: "4.680,22 euro ../.. gehienez ere, 2.495.790 PTA/urteko (15.000 euro/urteko) eman ahal izango dira ustiategi bakoitzeko"

24.– 1.– b) artikulua, honako hau zioen lekuan: " … 520.500 PTA (3.128,27 euro) marjina gordin osorako, 2.602.5000 PTA (15.641,34 euro)" honako hau esan behar du: " … 3.212,76 euro marjina gordin osorako, 16.063,66 euro".

24.– 1.– c) artikulua, honako hau zioen lekuan: "571.499 PTA (3.434,78 euro)" honako hau esan behar du "3.527,52 euro".

XEDAPEN IRAGANKORRA

2002ko urtarrilaren 1az geroztik sortutako egoera juridikoei aplikatuko zaie agindu honetan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko maiatzaren 17a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala