Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
3357

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 20koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, "Bilbao-Donostia trenbidea Durangon lurperatzeko trazadura proiektua" jendaurrera ateratzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Antolamenduko Arloko Planak, 41/2001 Dekretuak behin-betiko onetsi zuenak, EuskoTrenen trenbideetan aurreikusten dituen egitekoen artean Bilbao-Donostia trenbideko Durangoko zatia lurperatzekoa dugu.

Jarduketa hori gauzatzeko "Bilbao-Donostia trenbidea Durangon lurperatzeko trazadura proiektua" erredaktatu dugu. Proiektuak jasotzen duen aukeraren alde erabaki arte, beste aukera batzuk aztertu eta alde batera utzi ditugu, hainbat arrazoirengatik, besteak beste honako hauengatik: lanek hiri ingurunean gehiegizko eragozpenak (hiriko bizitzari eta merkataritzari eragiten dizkietenak, eta kaleak ixtea); lurperatzeko lanek dirauten bitartean ez zegoelako trenbide zerbitzua mantentzerik; eta azkenik, planta eta alzadoko geometria egokia galarazten zutelako.

Beste irtenbideek ez bezala, aukeratutakoan trazadurik gehiena hondeatzeko tunelean eraikiko da, eta horrela hirigunearen gaineko eragina ahalik eta txikiena izango da. Gainera, aukeratutako irtenbidean ibilbidearen zati bat oraingo trenbidetik aldentzen da, eta horri esker, ez dugu trenbide zerbitzua eten beharko.

Trenbide berria bikoitza izango da, eta trazadurari dagokionez, bi zati bereizten dira: bata, mendebaldetik hasita, Iurretako Santa Apolonia izeneko pasonibelatik Ezkurdi enparantzaraino; eta bestea, Ezkurdi enparantzatik Abadiñoko Matiena geralekuraino. Lehenengoan trenbide berria oraingoaren leku berean eraikiko da, eta apurka-apurka jaitsiz doa; lurpekoa tunel faltsuaren teknikaz eraikiko da, hau da, harresien arteko trintxeran eraiki eta gero estaliko da; zati horren amaieran, Ezkurdi enparantzan Durangoko geltoki bakarra, udalerriko biak ordezkatuko dituena, eraikiko da. Bigarren zatian trenbide berria oraingotik aldentzen da 900 bat metroko hondeatzeko tunelaren bidez, gero azalera ateratzen da, Elorrio ibaia zubi berri batez zeharkatuko du, eta azkenengo tartean oraingo bidearekin elkartzen da Matiena geralekura heldu baino lehen.

Halaber, ukitutakoei egindako aurreko kontsultetan aurkeztu diren oharrak eta Ingurumen Sailburuordetzak emandako aholkuak kontuan izanik, ingurumenaren gaineko azterlana idatzi dugu.

Proiektuak diseinu geometrikoari buruzko irizpide teknikoak betetzen ditu. Garraio Azpiegitura Zuzendaritzako teknikoek ikustatu, zuzena dela egiaztatu, eta haren aldeko txostena eman dute, eta nik gaurko ebazpen baten bidez onespen tekniko eta behin-behingoa eman diot.

Garraio Azpiegituraren zuzendariak aginpidea du trenbideko garraioaren azpiegitu-rako proiektuak onartzeko, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta eginkizunak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 7.g eta 10.1.e artikuluek eta uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 15.1.b artikuluak ezartzen dutenaren arabera.

Bestalde, Lurreko Garraioak Antolatzeko Legearen Araudiaren 228.2 artikuluak ezartzen du, proiektua, behin betiko onartu baino lehen, hogeita hamar eguneko epean jendaurrean izan beharko dela, jarduketa horren interes orokor, trazadura oro har, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruz alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen.

Eta azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 47. artikuluan, I. Eranskineko B.1.2 idatz-zatiari dagokionean xedatzen duenez, trenbideak eraikitzeko proiektuak egingo badira, horiek egiteko ebazpena edo baimena eman baino lehen, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko banakako ebaluazioaren prozedura bete beharko da eta bukatzeko eraginaren gaineko aitorpen loteslea eman. Banakako ebaluazioaren prozedura ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioaren ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzeko araudian dago jasota. Horretarako, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 15. artikuluak berariaz xedatzen du ingurumenaren gaineko azterlana proiektua egiteko edo baimena emateko prozeduraren barruan jendaurrera atera beharko dela, proiektuarekin batera, eta prozeduran ezartzen diren bestelako txostenak ere eskatu beharko direla.

Horrenbestez, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik,

EBATZI DUT:

"Bilbao-Donostia trenbidea Durangon lurperatzeko trazadura proiektua", eta horrek izango duen ingurumenaren gaineko azterlana jendaurrera ateratzea, Ebazpena azken argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasi eta hogeita hamar egun balioduneko epean udal, elkarte eta partikularrek jarduketa horren interes orokor, trazadura oro har, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruz alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

Epe horrek dirauen artean proiektua eta beren ingurumenaren gaineko azterlana ikusgai izango dira honako leku hauetan: Garraio eta Herri Lan Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1ean, EuskoTrenen bulegoetan, Bilboko Atxuri kaleko 6an, eta Iurretako, Durangoko eta Abadiñoko udaletxeetan.

Hori guztia orok jakin dezan ematen da argitara.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko maiatzaren 20a.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

JOSE MARIA OLAZAGIRRE ARA.


Azterketa dokumentala