Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
3356

120/2002 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, "GI-2134 eta GI-4632 errepideak Oiartzunen lotzeko proiektua (4-I-21/2001)" proiektuaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adierazten duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garraio eta Errepide Departamentuko diputatuaren 2001eko azaroaren 13ko Foru Agindu bidez, "GI-2134 eta GI-4632 errepideak Oiartzunen lotzeko proiektua (4-I-21/2001)" proiektuaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak jendaurrean jarri ziren, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Ondoren, 2002ko apirilaren 9ko Diputatuen Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekotzat adieraz ditzan eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasun eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan. Zerrenda horretan ondasun eta eskubideak zein diren jakiteko behar besteko datu biltzen dira. Zerrenda jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki batzuk aurkeztu zitzaizkion, eta administrazio-txostenean zehazten denaren arabera erantzun ziren.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Teknikoek proposatutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden hirigintza-arloko legeak bat datozela egiaztatu dute eta aldeko iritzia eman dute.

Okupazioa ondoko arrazoiengatik atzeraezintzat jotzen da:

Proiektuak GI-4632 eta GI-2134 errepideen artean 114 metroko bide-lotura eraikitzea aurreikusten du. Obra hau burutzearekin gaur egun Oiartzungo hirigunean zehar bideratzen den ibilgailuen joan-etorri ugariak saihestu nahi dira. Izan ere, ingurune honetan trafikoa izugarri ari da gehitzen eta, horrenbestez, behar-beharrezkoa da obra honi lehenbailehen ekitea

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla adieraztea, betiere desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko maiatzaren 28an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituta, "GI-2134 eta GI-4632 errepideak Oiartzunen lotzeko proiektua (4-I-21/2001)" burutzeko, beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banan-banan agertzen diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak, desjabetzearen ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adieraztea.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu 					eta Ingurumen Sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala