Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3353

118/2002 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, Donejakue Bidea Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondasun gisa sailkatzen duen 14/2000 Dekretua aldatzeko dena. Aldaketa bere B Eranskina kentzea da eta hor jasotako ondasunari (Alegria-Dulantziko hirigune historikoaren Mugak eta Babes Araudia) bere espediente propioa egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bidez (otsailaren 11ko 29.zk. a duen EHAA) Donejakue Bidea Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatu zen. Bide horrek bere baitan Arabako Alegria-Dulantziko hirigune historikoa du, une hartan 7/1990 legeak eskatzen zituen baldintzak betetzen ez zituena. Horregatik 14/2000 Dekretuaren B Eranskinaren barne, hirigune historiko horren mugaketa eta babes araubidea ezartzea erabaki zen.

2002ko urtarrilean Alegria-Dulantziko Udalak babes araudiari buruzko hainbat galdera egin zituen.

Galdera horien ildotik 2002ko urtarrilaren 30ean, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek txostena egin, eta hasiera batean Alegria-Dulantziko hirigune historikorako ezarri zen babes araudia aldatzeko beharra adierazi zuten.

Zuzenago irizten zaio aldaketerako espediente berezia sortzeari, Arabako Alegria-Dulantziko hirigune historikoa Sailkatutako Ondasun Kultural gisa Monumentu Multzo izendatzeko. Honek ez du esan nahi Donejakue Bidetik kanpo geratzen denik, bidera atxikita baita.

Hau dela eta, 14/2000 Dekretuan honako hauek kenduko dira: 25. artikularen bigarren paragrafoan Alegria-Dulantziri egin zaion aipamena eta B Eranskina.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2002ko martxoaren 1eko Ebazpenaren bidez (martxoaren 27ko EHAA, 60 zk.), espedienteari hasiera ematea eta jendaurreko informazioaldia eta interesdunen entzunaldia zabaltzea erabaki zen.

Jendaurreko informazioaldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2002ko maiatzaren 28ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Donejakue Bidea Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondasun gisa sailkatzen duen 14/2000 Dekretua aldatzea, 25. artikularen bigarren paragrafoan Alegria-Dulantziri egin zaion aipamena eta B Eranskina kentzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak 14/2000 Dekretuaren aldaketa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak interesdunei, Alegria-Dulantziko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraziko die.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari, bi hilabeteko epean, Dekretu hau azken aldiz argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala