Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
3346

AGINDUA, 2002ko martxoaren 26koa, Osasun sailburuarena, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Ikerketa Unitateen jarduera laguntzetarako deia egiten duena.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 32. artikuluan ezartzen denez, "Euskadiko sistema sanitarioak osasunari buruzko ikerkuntza-jardueren alde egin beharko du, progresatzeko funtsezko elementua da-eta". Osasun Sailak gauzatu beharko dituen eginkizunen artean, osasun zientzietako ikerketa- eta azterlan-programak sustatzea edo koordinatzea aurreikusiz.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 6ko 268/2001 Dekretuan esaten da, bestalde, ikerketa sanitarioaren plangintza eta sustapena sail horri dagokiola.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Ikerketa Unitateek ikerketaren kudeaketa-lan nabarmena egiten dute EAEko sistema sanitarioan. Osasun Sailak, beraz, ikerketa egitasmoetarako laguntzak konbokatuz, ikerketa sanitarioa sustatzeaz gain, beren-beregi bultzatzen ditu Ikerketa Unitate horiek, hain zuzen ere abian dauden hainbat ikerketa programa garatu ahal izateko.

Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legeak xedatutakoaren ildotik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta helburua.

1.– 2002. urteko laguntzetarako deia egiten da. Ikerketa Sanitarioko Fondoak aitorturik dituen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Ikerketa Unitateentzat dira laguntzok. Laguntzon helburuak:

a) Unitateei estatistika alorrean aholkularitza eskaintzeko planetarako laguntzak.

b) Ikertzaileen trebakuntza jardueretarako laguntzak.

c) Unitate horiek ekipatzeko laguntzak.

2.– Laguntza programaren helburuak: laguntza zientifikoa eskaintzea, ikertzaileak trebatzeko jarduerak diruz laguntzea eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Ikerketa Unitateen azpiegiturak hobetzea (lokalak, ekipamendua, euskarri informatikoak,...).

3.– Deialdi hau lehiaketaz ebatziko da, eta 1.1 artikuluan aipatutako Ikerketa Unitateek parte hartu ahal izango dute. Horretarako aurkeztutako eskabideak aurkatu egingo dira. Horrek, 5. artikuluan xedatutako esleipen-irizpideen ildotik, aukeratutakoen hurrenkera egitea du helburu, den diru-laguntza bukatu arte baloratuenak izan diren eskabideei laguntzeko.

2. artikulua.– Laguntzak.

92.500,00 eurokoa (laurogeita hamabi eta bostehun euro) da laguntza programaren guztizko zenbatekoa.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Berrogeita bost egun naturalekoa da eskabideak aurkezteko epea, Agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzez baliatzeko eskabideak Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari bidaliko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Eskabideak, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legez aldatua) 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan aurkez daitezke.

4. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– I. eranskinean azaltzen den ereduaren arabera aurkeztu beharko dira eskabideak. Unitateko arduradunaren izenpea edukiko du eta ospitaleko zuzendari kudeatzailearen edo, horren ezean, Unitateko legezko arduradunaren on iritzia.

2.– Honako hauek erantsiko zaizkio eskabideari: aholkularitzako beharrizanen plana; 2002. urtean burutu beharreko trebakuntza jarduerak; antzeman diren hutsuneetan oinarritutako azpiegitura-gabezien zerrenda bat; eta horiekin batera, estimatutako aurrekontua.

3.– Osasun Sailak, bidezkoa deritzonean, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak aurkezteko eska dezake.

5. artikulua.– Esleipenerako irizpideak.

1.– Ebaluazio Batzordeak kuantifikatu eta lehentasuna emango die hiru modalitateetara aurkeztutako eskabideei, honako irizpide hauek aintzat hartuz:

Aholkularitzako, trebakuntzako edo azpiegituretako beharrizanak	%50

Aurkeztutako jarduera planaren kalitatea	%30

Unitateak koordinaturiko proiektu eta ikerketa lerroen kopurua	%20

6. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdia, Osasun sailburuak izendatutako Balorazio Batzordearen proposamena jaso eta gero, Osasun sailburuordeak ebatziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen bidez.

Balorazio Batzordeko buru Osasun sailburuordea izango da. Batzordekideak, berriz, ondokoak: Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria; Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko ordezkari bat; eta Osasun Antolamenduko Zuzendaritzako teknikari bi. Horietako batek idazkari lanetan jardungo du. Batzorde honetako kideen izenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

2.– Interesatuek, deialdia ebatziko duen Osasun sailburuordearen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Osasun sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera hilabeteko epean.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta lau hilabete igaro ondoren ez bazaio jakinarazi ebazpen hori Osasun-Plangintza eta Antolamenduko sailburuordeari, ebatzi ez diren eskabideak ezetsitzat jo daitezke, hain zuzen ere lehen aipatu dugun 30/1992 Legeko 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako; aintzat hartuko da, bestalde, berariaz ebazteko Lege horrek Administrazioari ezartzen dion obligazioa.

7. artikulua.– Onuradunaren obligazioak.

Agindu honetan arautu diren dirulaguntzak eskura ditzatenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

a) Emandako dirulaguntza onartu. Esleipen ebazpena EHAAn argitaratzen denetik aurrera 15 egun naturaleko epean entitate onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela joko da.

b) Zein helburutarako eman den, bada, horrexetarako erabiltzea dirulaguntza.

c) Laguntza esleitzeko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik balego, horien berri Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari idatziz ematea; jakinaraztea, halaber, diruz lagundutako jardueretarako bestelako finantza-bideren bat lortu bada.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren esku uztea deialdi honen kargutan jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa.

8. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek eta beste era bateko laguntzak bateragarriak dira, baldin eta bateratze horrek gainfinantzaketarik ez badakar berekin. Horrelakorik gertatuko balitz, diru-laguntza murriztu egingo litzateke gehiegiz emandako horretan.

9. artikulua.– Ordaintzeko era.

Esleitutako laguntzak honako modu hauetan eskualdatuko zaizkie onuradun entitateei: %80, 7.a) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren, onuradunak ez badio berariazko ezezkorik eman; gainerako %20a, jardueren memoria frogagiria entregatuz gero sailak onartu eta hurrengo artikuluan ezartzen den eran gastuak justifikatu ostean.

10. artikulua.– Laguntzen helburua justifikatzea.

Onuradunak, 2003ko martxoaren 31 baino lehen, egindako gastua frogatzen duten fakturen kopia konpultsatua bidaliko dio Osasun Sailari; kopia horri, burututako jarduerei eta eskuratutako laguntzaren helburuari buruzko memoria erantsiko dio. II. eranskinean eredu legetxe datorren eskemaren arabera gauzatuko dira izapide horiek; Unitateko arduradunak izenpetuko du eta Ospitaleko zuzendari kudeatzailearen edo, horren ezean, Unitateko legezko ordezkariaren on iritzia ere jaso beharko ditu.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu egin daiteke, baldin eta: helburua bete dela jo eta dirulaguntza hori esleitzeko kontuan hartu beharreko baldintzak aldatu badira, eta beste entitate publiko zein pribatuk esleitutako dirulaguntzak aldi berean eskuratu badira. Horri dagokionez, esleitutako zenbatekoa urritzen duen Ebazpena emango du Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariak. Guzti horrek emandako diru-laguntza egokitzea du helburu.

12. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeak eta horiek itzultzea arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, onuradun entitateak ez baditu betetzen Agindu honetan aurreikusitako baldintzak eta helburuak, prozedurazko izapideak bideratu ondoren, laguntza eskuratzeko eskubidea galdutzat joko da. Eskuratuta dituen zenbatekoak ere, gehi horien legezko interesak, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, kontuan izanik bidezkotzat jotzen diren gainerako egintzak ere burutu daitezkeela. Zenbatekook diru sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetze kasuetan Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariak ireki eta ebatziko du espedientea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan xedatutako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da. Horretarako kontuan hartuko dira egindako eskabideek zer egiten duten eta deialdiaren ebazpena eman aurretik Osasun Saileko beste laguntza programa batzuk amaitu eta dirurik gelditu den. Horrelakorik gertatuz gero, Osasun sailburuordearen ebazpen batez jakinaraziko da.

AZKEN XEDAPENA

1.– Agindu honetan arautu gabeko alorretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legez aldatua) ezarritakoa izango da aplikagarria.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 26a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLAN IRIBAR.

I. ERANSKINA

IKERKETA UNITATEEN JARDUERARAKO
LAGUNTZA
ESKABIDEA. ......... URTEA

Ikerketa Unitatea:

Eskatutako zenbatekoa, guztira: 	euro.

Eskabide xehatua

– Aholkularitza Estatistikorako Plana

Eskatutako zenbatekoa: 	euro.

– Trebakuntza Plana

Eskatutako zenbatekoa: 	euro.

– Ekipamendu Plana

Eskatutako zenbatekoa: 	euro.

Erantsi beharreko agiriak:

– Aholkularitza Plana.

– Trebakuntza jardueren plana eta xehatutako aurrekontua.

– Ekipamenduko beharrizanen zerrenda eta aurrekontu xehatua.

.................., ....-(e)ko ...........-ren
Iz.: eta On Iritzia:
zuzendari kudeatzailea Unitateko arduraduna.

OSASUN PLANGINTZA ETA ANTOLAMENDUKO ZUZENDARIA

II. ERANSKINA
IKERKETA UNITATEEN JARDUERARAKO
LAGUNTZAREN
JUSTIFIKAGARIA. URTEA: ...............

Ikerketa Unitatea:

Unitatearen jarduerarako laguntza:

Gastu arruntetarako Laguntzaren zenbatekoa: 	 euro.

Inbertsioetarako Laguntzaren zenbatekoa:	.euro.

Urtean burututako ekintzak

– Deialdi publikoetara aurkeztutako proiektu kopurua:

ISF:

Saila:.............

– Unitateak koordinatutako ikerketa lerrorik behinenak

Beste batzuk (zehaztu):

Eskuratutako laguntzaren xedea

(Burututako jardueren memoria eta burututako gastuen justifikazioa, fakturen kopia erantsiz).

Gastuak guztira: 	 euro.

................., ....-(e)ko ...........-ren
On Iritzia: Zuzendari kudeatzailea
Iz.: Unitateko arduraduna

OSASUN PLANGINTZA ETA ANTOLAMENDUKO ZUZENDARIA


Azterketa dokumentala