Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
3339

121/2002 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, batetik, Burdinbidearen Euskal Museoa sortu eta arautzeko Dekretua aldatzen duena, eta, bestetik, "Eusko Trenbideak/ Ferrocarriles Vascos, S.A." sozietate publikoa sortu eta bere estatutuak onesteko Dekretua aldatzen duena.

Maiatzaren 24ko 105/1982 Dekretuaren bitartez, "Eusko Trenbideak/ Ferrocarriles Vascos S.A." sozietate publikoa sortu eta bere estatutuak onartu ziren. Eta sozietate horren helburua hauxe zen: Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako lineetan, pertsonak eta merkantziak errepidez eta trenbidez garraiatzeko zerbitzu publikoa ustiatzea. Abuztuaren 25eko 2488/1978 Dekretuaren bitartez eta abenduaren 18ko 3/19978 Dekretuaren bitartez eskualdatutako lineak dira EAErenak —gerora eskuratuko direnak ere aipatu multzoan sartuko dira.

Abenduaren 17ko 700/1991 Dekretuaren bitartez, Burdinbidearen Euskal Museoa sortu eta arautu zen. Dekretu horren bitartez, bestalde, museo hori, ondoren zehaztutako ezaugarriak dituen erakunde iraunkor gisa eratu zen: gizarte garatzea eta gizartearentzako zerbitzua egitea; Euskal Autonomia Erkidegoko Burdinbidearen Ondare Historikoa ikertzea; eta azterlan, hezkuntza eta aisialdiaren arloko xedeei dagokienez, eskurapenak, kontserbazioa, zabalkundea eta erakusketak egitea (betiere herritarrentzako irekia dagoela).

"Eusko Trenbideak/ Ferrocarriles Vascos, S.A." sozietate publikoa sortu eta bere estatutuak onartzeko Dekretua, eta Burdinbidearen Euskal Museoa sortu eta bere araubidea onartzeko Dekretua, urtarrilaren 25eko 56/1994 Dekretuaz aldatu ziren. Eta azken dekretu honen bidez, bestalde, aipatu sozietateari esleitu zitzaion Burdinbidearen Euskal Museoaren kudeaketa, kontuan izanik eze, burdinbideen inguruko jarduerek eta delako museoaren funtzioek badutela zerikusirik elkarren artean.

Museoa kudeatu, zuzendu, mantendu, kontserbatu eta sustatzeko, Burdinbidearen Euskal Museoa nortasun juridikoaz hornitzea komenigarritzat jotzen denez gero, beharrezko ikusten da fundazioa bat eratzea, zeinaren eginkizuna hauxe bailitzateke: Eusko Trenbideak sozietate publikoak egindako lana gizarteko beste eragile batzuen laguntzarekin osotzea, betiere, burdinbidearen arloko kultur ondarea berreskuratu eta kontserbatzearren. Eta guzti hori gauzatzeko, beharrezkoa da lehendiko araudia egokitzea.

Eta esandakoaren ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Garraio eta Herrilan sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2002ko maiatzaren 28an egindako bilkuran, eztabaidatu eta onartu ostean, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Ekainaren 25eko 56/1994 Dekretuaren bitartez aldatutako maiatzaren 24ko 105/1982 Dekretuaren 3. artikuluko c) letraren edukiari idazketa berria ematen zaio,

"1. "Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, S.A. sozietatearen helburua hauxe da:

c) Garraioarekin zerikusia duten titularitate publikoko museoak, zehazki, dekretuz edo beste pertsona juridiko batzuk eratuaz edo pertsona batzuk parte hartuaz esleitzen zaizkionak kudeatzea.”

Bigarren artikulua.– Abenduaren 17ko 700/1991 Dekretuko 6., 7., 8. eta 9. artikuluak eta 1. artikuluko 2. paragrafoa kendu egiten dira.

Hirugarren artikulua.– Urtarrilaren 25eko 56/1994 Dekretuko 4., 5. eta 6. artikuluak kentzen dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu honen kontrako xedapenak indargabetu egiten dira.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 28a.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Garraio eta Herrilan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala