Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2001eko abenduaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7141

342/2001 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskaritzaren antolaketa arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomi Estatutuak 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidego honek eskuduntzak ditu irakaskuntza osoan, maila, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berau garatzen duten lege organikoen, Konstituzioaren 149. artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenen eta behar bezala betetzeko Goreneko Ikuskaritzak dioenaren kalterik gabe.

Ekainaren 28ko 173/1998 Dekretuak zehaztu zuen Erkidego honetako Hezkuntza Ikuskaritzaren antolamendua, ondorengo Legeen arabera: 8/1985 Lege Organikoa, hezkuntzarako eskubidea arautzen duena, 30/1984 Legea, Funtzio Publikoa erreformatzeko neurriei buruzkoa, Hezkuntzaren eta Hezkuntza-Erreforma finantzatzeko 14/1970 Lege Orokorrak 142. artikuluan duen oinarrizko arautzetik abiatuta. Geroago, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoak, otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, eta azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak, ikastetxeetako parte-hartzeari, ebaluazioari eta gobernuari buruzkoak, zehazten dute Hezkuntza Ikuskaritzaren arau esparru berria.

Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketari dagokionez, lehen aipatutako ekainaren 28ko 173/1988 Dekretuak Hezkuntza Ikuskaritzarako lurralde mailako unitate bana zehazten zuen Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzetan, eta eskola-bilguneko unitateen bidez garatuko zituzten haren funtzioak lurralde mailako unitate horiek.Gauzak horrela, 464/1994 Dekretuak, eskola-bilgune bakoitzaren egoitzako herria lantokitzat hartzen zuenak, onartzen zituen Ikuskarien Kidegoko lanpostu-zerrendak. Geroago, uztailaren 27ko 301/1999 Dekretuak (1999ko abuztuaren 13ko EHAA) aldatu zituen Hezkuntza Ikuskaritzako lurralde-mugapeen egoitzen kokapena eta lanpostu-zerrendan Ikuskaritza horretako kideei ematen zitzaien destinoa.

301/1999 Dekretua aplikatzearen ondorioz, Lurraldeetako hiriburuetan zentralizatu da Ikuskaritza osoa, Eibarko barrutia izan ezik, bere egoitza herri horretan izaten jarraitzen du eta (Lehen Xedapen Iragankorra). Hala ere, zentralizazio horrek zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko, beste antolamolde batekin osatu behar da, jarraian adierazten den bezala gauzatuko dena: talde kopurua murriztuko da, beraietan gaur egun barruti-unitateetan dauden baino ikuskari gehiago sartuz, eta horrek lurralde-unitatea Ikuskaritza-zonalde zabalagoetan banatzea eskatuko du. Banaketa berri honen ondorioz, eta ezaugarri geografikoei, kulturalei eta eskola-bilguneetako ikastetxeen ezaugarriei erantzuna emanez, hobetu ahal izango da Hezkuntza Ikuskaritzari agindutako lanaren kalitatea.

Hori guztia dela eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, eta Gobernu Kontseiluak 2001eko abenduaren 11ko bileran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Antolaketa-printzipioak.

1.– Ondorengo antolaketa-printzipioek osatuko dute Hezkuntza Ikuskaritza: hierarkiak, parte-hartzeak, plangintzak, espezializazioak, profesionaltasunak, elkarlanak eta emaitzen ebaluazioak.

2.– Hezkuntzako Ikuskariek guztiek egin beharreko jarduera orokorrak eta berezituak, beren espezialitateen araberakoak, eramango dituzte aurrera, beren funtzioak betetzeko.

2. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– Hezkuntza Sailburuordetzarekin menpekotasun organikoa duelarik, Hezkuntza Ikuskaritza Ikuskaritza Nagusiaren eta Hezkuntza Ikuskaritzako lurralde-unitateen bidez egituratuko da.

2.– Ikuskaritza Nagusiak plangintza orokorra, prestakuntza eta Ikuskaritzaren kontrola ditu helburu nagusiak, eta Ikuskari guztien partaidetza bultzatuko du puntu horiek garatzeko. Ikuskari Nagusiak, Hezkuntza Sailburuordetzako taldean dagoenak, eta hiru Ikuskari Orokorrek osatuko dute.

3.– Hezkuntza Ikuskaritzako lurralde-unitate bana izango da Lurralde Historiko guztietan, eta Ikuskaritzako Lurraldeburua, funtzionalki Lurralde Ordezkariaren eta organikoki Ikuskari Nagusiaren menpe dagoena, izango da unitate horretako burua. Ikuskaritzako lurralde-unitate horiek EAEko lurraldeetako hiriburuetan izango dute egoitza, Gipuzkoakoak izan ezik, azken honek bi egoitza izango baititu: Donostia eta Eibar.

3. artikulua.– Ikuskaritza-Zonaldeak.

1.– Ikuskaritzako Lurralde-Unitateak Ikuskaritza-Zonalde batean edo gehiagotan egituratuko dira, eta eskola-bilgune oso batzuk hartuko dituzte.

2.– Lurralde bakoitzeko Ikuskaritza-Zonaldeek behar den ahalmena izango dute Hezkuntza Ikuskaritzari dagozkion funtzio desberdinak oro har tratatzeko, eta behar adina Hezkuntzako Ikuskari izango dute jarduera berezitua aurrera eraman ahal izateko, ikastetxeen ezaugarri geografikoen, hizkuntzazkoen eta beren tamaina eta tipologiaren arabera. Zonaldeko Ikuskari Buru batek zuzenduko ditu, Zonalde bakar bat hartzen duten lurralde-unitateak izan ezik, kasu honetan Lurraldeburuak hartuko baitu bere gain funtzio hori.

3.– Ikuskaritza-Zonalde bakoitzeko taldeak Ikuskari Nagusiak ikasturte bakoitzerako zehaztutako jarduera-planaren arabera eta Ikuskaritzako Lurraldeburuaren argibideei jarraituz egin eta aplikatuko du jarduera-plana.

4.– Zonalde bakoitzean egin behar den elkarlanaren kalterik gabe, Hezkuntzako Ikuskari bakoitzak ikastetxe kopuru zehatz bat izango du bere gain, eta zuzenean arduratuko da haien ikuskatzeaz, baita haren parte-hartzetik etor daitezkeen administrazio-jarduerez ere.

4. artikulua.– Parte-hartzea.

Hezkuntzako Ikuskaritzaren antolaketa eta funtzionamenduak Ikuskarien parte-hartzea lagunduko du. Izan ere, Zonaldeko taldeetan, Lurraldeburuek eta Zonaldeburuek osatutako Lurralde-Batzordeetan eta Ikuskaritza Nagusiak eta Lurraldeburutzek osatutako lurraldeen arteko Batzorde Koordinatzailean —honetan Zonaldeburuek ere aldizka hartuko dute parte—, egituratuko dira Ikuskariak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honen bidez baliogabetzen dira Dekretu honek xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Ahalmena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari behar adina xedapen emateko, Dekretu hau aplikatu, garatu eta interpretatu ahal izateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

M.ª ANGELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala