Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2000ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2497

AGINDUA, 2000ko ekainaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, dirulaguntzetarako deia egiten duena unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxeek prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak egin ditzaten 2000-2001 ikasturtean.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, hasieratik bertatik, hainbat deialdi egin du, EAEko ikastetxeak prestakuntzari eta berriztapenari buruz egiten ari diren jarduerak aintzakotzat hartzeko eta sustatzeko asmoz. Deialdi horiek eragin dute hezkuntza-sistema egunean jartzeko eta gizartearen beharretara egokitzeko une bakoitzean eraginkortzat jo diren alderdietan. Hala, bada, honelakoak egin dira: ikastaroen deialdiak, prestakuntza-proiektuak, hezkuntza-esperientziak, lan-mintegiak, ikasketa-planak berriztatzeko proiektuak, material curricularra egiteko mintegiak…

Ikastetxeetan hezkuntzaren prestakuntzak eta berriztapenak laneko testuinguruarekin zerikusia izaten du, eta testuinguru egoki batetik, hain zuzen, euren jarduerak hausnartzen, kritikatzen eta ikertzen dituzten langileak sortu ohi dira. Horretaz oharturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatu nahi ditu ikastetxeetan irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko, ikasgelako jarduerei eta koordinazio pedagogikoari dagokienez.

Bestalde, EAEko Administrazioaren ardurapeko ikastetxe publikoek ezin dute dirulaguntzen araubidean partea eduki, ezta araubide horretako arauen pean jarri ere, zeren eta gutxi gora beherako autonomia izan arren, ez baitute nortasun juridikorik eta Administrazioaren baitan txertatuta baitaude. Hori dela-eta, beharrezkoa da aurrekontuaren partidak bereiztea dirulaguntzak jaso ahal izateko. Izan ere, ikastetxe publikoek diru-kopuru osagarriak jaso ahal izango dituzte hezkuntza-proiektua garatzeko eta ikastetxearen urteko plangintza egiteko, 1/1993 Legearen 57 eta 54.2 artikuluek ezarritakoaren arabera (otsailaren 19ko legea, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa). Diru-kopuru horiek EAEko Aurrekontu Orokorren kargurakoak izango dira. Baina, dirulaguntza ere bada, EAEko Administrazio Orokorrak fondo publikoak dohainik ematea, bere Aurrekontu Orokorren kargura, eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Administraziokoak ez diren pertsona zein erakunde publiko nahiz pribatuen alde; hala baitio 1/1997 Lege Dekretuaren 48.2 artikuluak (azaroaren 11ko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauen Legearen testu bateratua onartzen duena).

Ondorioz, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamenez, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. artikulua.– 1.– Unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-motako zein -mailako ikastetxeei dei egiten zaie prestakuntza-proiektuak edo/eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak egin ditzaten. Horretarako, Agindu honetan zehazten diren xedea, ezaugarriak eta baldintzak bete beharko dituzte, eta 281.250.000 PTA (1.690.346,54 Euro) jasoko dituzte.

2.– Ikastetxe bakoitzeko prestakuntza-proiektu bakarra eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektu bat edo gehiago aurkeztu ahal izango da.

3.– Agindu honetan ezarritako prozedura sei hilekoa izango da gehienez ere.

2. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoei dirulaguntzak emango zaizkie 2000-2001 ikasturtean prestakuntza-proiektuak eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektuak egin ditzaten; ikastetxe horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ardurapean egon behar dute, eta unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila eta -motatakoak izan daitezke.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak emango zaizkie 2000-2001 ikasturtean prestakuntza-proiektuak eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektuak egin ditzaten; ikastetxe horiek unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila zein -motatakoak izan daitezke.

3. artikulua.– 1.– Parte hartu ahal izango dute EAEko ikastetxe publikoek, itunduek eta/edo baimenduek; orobat, ikastetxeok unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-mota zein -mailakoak izan ahal dira. Alabaina, ezin izango dira aurkeztu xede bereko beste deialdietan parte hartzen dutenak, ezta prestakuntza-proiektuaren eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektuaren (edo proiektuen) jarduera osoa edo zati bat finantzatzen dituzten deialdietan aurkezten direnak ere.

2.– Halaber, parte hartu ahal izango dute, eta, beraz, proiektu bat eta/edo prestakuntza-ekitaldi bateratuak aurkeztu ahal izango dituzte ondorengo baldintzetako bat betetzen duten ikastetxeek:

– Ikasleen ikasketa-ibilbideari dagokionez, elkarren arteko harremanik duten ikastetxeak izan (adibidez, Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta ikastetxe horretako ikasleak joango diren DBHko ikastetxeak; DBHko ikastetxeak eta horiei dagozkien DBHOko ikastetxeak...)

– Txikiak izateagatik (alegia, bost irakasle baino gutxiagokoak) eta/edo aurkezten duten proiektuaren ezaugarriengatik, hala behar duten ikastetxeak izan.

– Alderdi bereko ikastetxeak izan, edo lanbide-arlo bereko heziketa-zikloak dituzten ikastetxeak izan.

4. artikulua.– 1.– Deialdi honen xede diren prestakuntza-proiektuak irakasleek dituzten interes eta beharren ondorio izango dira, hala irakasle guztiek dituztenak, nola ikastetxe bateko irakasle-talde batek lana garatzeko eta irakasgaitasuna hobetzeko dituenak. Proiektuak irakasleek berek zehaztuko dituzte eta euren ikastetxeko organoek onartuko dituzte.

2.– Hezkuntza berriztatzeko proiektuek lan-proposamenak egingo dituzte irakaskuntzan jarduteko eta, era horretan, ikasgelako hezkuntza-praktikan eta ikastetxearen antolaketan aldaketak edo ekarpenak lortzeko.

5. artikulua.– Proiektuak 2000-2001 ikasturterako onartuko dira eta, onartu ostean, Ikastetxearen Urteko Plangintzan (2000-2001ekoan) sartu beharko dira.

6. artikulua.– 1.– Prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak zuzendaritza-taldeak egin behar ditu. Proiektu horien oinarrian dauden datuak inplikatuta dauden irakasleenak, edo irakasleek eskuordeturiko batzordearenak, eta/edo zuzendaritza-taldeak bere kabuz emandakoak izango dira.

2.– Proiektu horiek egitean kontuan izango da eskatzen diren dirulaguntzak eta zuzkidura ekonomikoak honako hauek ordaintzeko izan beharko direla: aholkularitzak kontratatu, prestakuntza edota hezkuntza berriztatzeko proiektuetarako materialak erosi, langileen joan-etorriak eta beste batzuk (matrikulak, aholkularien egonaldiak...).

7. artikulua.– Prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak egiterakoan, ondokoa hartu beharko da aintzat:

1.– Prestakuntza-proiektuak

a) Irakasle-taldeak prestatzeko jarduerak, ikastetxean bertan egitekoak direnak, prestakuntzari eskainitako arratsaldean egingo dira. Horien emaitzak idatziz jasoko dira dagokion bileraren aktan.

b) Prestakuntza-proiektuko jardueraren batean irakasleek huts egingo balute, astebetez edo denbora luzeagoz, ikastetxe publikoek ordezkapenak eskatu ahal izango dituzte, huts egin duten edo desplazatuak dauden pertsonen ordezkoak egoteko.

2.– Hezkuntza berriztatzeko proiektuak

a) Lege- eta arau-esparruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum-proposamenetan hezkuntza-maila bakoitzerako aurreikusten den preskripzio- eta malgutasun-mailari lotuko zaizkie.

b) Ikastetxe publikoetan, onartutako proiektuak egiten jardungo duten irakasleek ez dute ordu-murrizketarik izango. Alabaina, murrizketa lortuko dute, baldin eta 16. 2. artikuluan azaltzen den moduan eta aipatutako proiektuak arautzen dituen legeriaren arabera kalifikatzen eta baimentzen badira.

8. artikulua.– 1.– Ikasketa Burutzari dagokio proiektuak (prestakuntza-proiektua eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektua) abian jartzea eta euretan dauden jarduerak koordinatzea. Lan horiek Burutzak berak egingo ditu edo, bestela, berak eskuordetzen duen irakasleak, Prestakuntza koordinatzailea eta/edo Hezkuntza Berriztatzeko koordinatzailea izango dena. Koordinatzaile horrek, aldiro, proiektuen eta euren jardueren garapenari buruzko informazioa emango dio Ikasketa Burutzari; orobat, Zuzendaritza Taldearen bileretara joan ahal izango da, proiektuekin zerikusia duten gaiak aztertzen direnean.

2.– Ikastetxeak, antolatzeko duen autonomiaren arabera, koordinatzaileen irakastorduak egokitu ahal izango ditu, proiektuan duten zereginarekin bateragarriak izan daitezen. Egokitzapena irakastorduen kopuruan eta banaketan egingo da. Horretarako, aintzat hartuko dira ikasturte hasierako zirkularretan azaldutako arauak, dagozkien irakaskuntzetakoak, eta ikastetxearen ordutegi-aukera.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA AURKEZTEKO EPEA

9. artikulua.– Ikastetxe publikoei dagokienez, zuzendariak izango du espedientea hasteko ardura; eta ikastetxe pribatuei dagokienez, legezko ordezkariak. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari zuzendutako eskabidea, ikastetxeko zuzendariak edo legezko ordezkariak izenpetuta eta zigilatuta (I. Eranskina).

– 2000-2001 ikasturtean egingo den prestakuntza-proiektuaren eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektuaren (edo proiektuen) deskribapena; oinarrizko argibideak jarriko dira bakarrik, jarraibideetan azalduta dagoen moduan (II. Eranskina).

– Prestakuntza-proiektuaren edo hezkuntza berriztatzeko proiektuaren (edo proiektuen) laburpen-fitxa(k) (III. Eranskinak).

– Klaustroaren akta; idatziz jasoko da prestakuntza-proiektua eta bere jarduerak eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektua (edo proiektuak) ezagutzen dituela, eta, halaber, proiektu horiek ikastetxearen barne-antolakuntzan izan dezaketen ondorioaren erantzukizuna bere gain hartzen duela (IV. Eranskina).

– Ordezkaritza Organo Gorenaren akta; idatziz jasoko da eskabidearekin bat datorrela, aurkeztutako proiektuak ezagutzen eta onartzen dituela, eta, orobat, hitz ematen duela proiektua egiteko behar diren neurriak hartuko dituela eta Ikastetxearen Urteko Plangintzan sartuko duela, onartzen badute (V. Eranskina).

– Ikastetxeko zuzendariaren edo legezko ordezkariaren zinpeko aitorpena, xede bereko beste deialdietan izena emango ez duela hitz emateko (VI. Eranskina).

– Itunpeko ikastetxeek zerga-betebeharrak betetzearen ziurtagiria aurkeztuko dute, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1997ko martxoaren 21eko Aginduan ezarrita dagoen legez (apirilaren 21eko EHAA). Titularra pertsona juridikoa bada, eskatzaileak dirulaguntza hau eskatzeko ahalorde nahikoa duela egiaztatu beharko du.

10. artikulua.– 1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik.

2.– Agiri originalak eta kopia bi, edo originalak eta datu horiexek Sailak emandako informatika-aplikazioan aurkeztu beharko dira Hezkuntza Saileko ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako bulegoetan.

III. KAPITULUA
HAUTAKETA ETA EBAZTEKO PROZEDURA

11. artikulua.– Prestakuntza-proiektuak eta euren prestakuntza-jarduerak eta, orobat, hezkuntza berriztatzeko proiektuak hautatu aurretik, begiratuko da ea deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten. Baina, aldez aurretik, balioetsi egingo dira baldintzak Sailaren lehentasunezko programen arabera (12. artikuluan azalduta daudenak), eta balioeste teknikorako baremoaren arabera (VII Eranskinean azalduta dagoena).

12. artikulua.– Deialdi honetako prestakuntza-proiektuei eta hezkuntza berriztatzeko proiektuei dagokienez, Sailaren lehentasunezko programak ondokoak izango dira:

– Hizkuntza-prozesuak

– Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (TIC)

– Aniztasunarekiko arreta eta Elkarbizitzarako hezkuntza.

– Kalitate-prozesuak eta etengabeko hobekuntza-prozesuak.

13. artikulua.– 11. artikuluan aipatutako hautaketa xede horretarako sortutako Ebaluazio-Batzordeak egingo du. Batzorde horretan ondoko kideok egongo dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena; burua izango dena.

– Pedagogia Berriztapeneko lurralde-buruak, edo eurek eskuordetzen dituztenak.

– Pedagogia Berriztapeneko eta Irakaslegoen Hobekuntzako zerbitzu-buruak.

– Ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatutakoa.

– Pedagogia Aholkutegiko (PAT) zuzendari bat, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutakoa.

– Lanbide Heziketako Zuzendaritzako ordezkari bat.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bi; bietako batek idazkari-lanean jardungo du.

14. artikulua.– 1.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Pedagogia Berriztapeneko Burutzak, Ikuskaritzako Lurralde-Burutzarekin batera, aurkeztutako proiektuak eta proiektu horietan azaltzen diren jarduerak egiteko dauden aukeren berri emango du. Horretarako aintzat hartuko dira PATetako zuzendariek eta barrutiko ikuskapen-koordinatzaileek egindako txostenak eta puntuaketak. Txosten horiek Ebaluazio Batzordeari aurkeztuko zaizkio, ondoko alderdiak zehaztuta:

– Prestakuntza-proiektuen eta hezkuntza berriztatzeko proiektuen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera paratuta.

– Proiektuak onartzeko sartu beharreko aldakuntzak.

2.– Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren ardurapeko funtzionarioek (proiektuari dagokion espezialitatearekin zerikusia izango dutenek) txostenak egingo dituzte, hala proiektuarenak edo/eta prestakuntza-zikloei dagozkien jarduerenak, nola bere irakasleei dagozkien jarduerenak. Txosten horretan kontuan hartuko da lehentasuna daukatela heziketa-zikloak finkatzeko beharrezko den prestakuntza ematen duten prestakuntza jarduerek.

15. artikulua.– Ebaluazio Batzordeak (Agindu honetako 13. artikuluan aurreikusita dagoena) onartuko diren proiektuak eta bakoitzari emango zaion dirulaguntza orokorra hautatuko du. Xede horretarako, Pedagogia Berriztapeneko Lurralde Burutzek egindako txostenetan oinarrituko da.

16. artikulua.– 1.– Deialdiaren proposamenaren ebazpena Hezkuntza sailburuari aurkeztu aurretik, Ebaluazio Batzordeak aurkeztutako proiektuetan beharrezko jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu.

Kasu horretan, batzordeak proposatutako aldaketen berri emango dio ikastetxe eskatzaileari, jakinarazpena jasotzen duten biharamunetik aurrera, hamabost eguneko epearen barruan ados dauden adierazi dezaten. Epe hori igarotzen bada ikastetxe eskatzaileak berariazko onespena agertu gabe, onartu ez direla joko da eta, ondorioz, ez dira onetsiko aurkeztutako proiektuak.

2.– Halaber, aipatutako batzordeak aurkeztu diren hezkuntza berriztatzeko proiektuen artetik aukeratu ahal izango du, eremua, arloa zein egitura kontuan harturik, ikertze- eta saiatze-proiektu gisa, edota berrikuntza bereziko ikerketa gisa sailkatu eta baimendu behar diren proiektuak. Horrelakoetan, dagokien legeria aplikatuko zaie (abenduaren 13ko 467/1994 Dekretua – 1995eko urtarrilaren 11ko EHAA–, eta hortik eratorritako aginduak).

17. artikulua.– 1.– Agindu honetan arautzen den deialdia Hezkuntza sailburuordeak ebatziko du, Ebaluazio Batzordeak proposatuta. Hartutako ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz, agindu honen 1.3 artikuluan prozedurarako gehienez ere jasotako epearen barruan.

2.– Administrazio bidea agortzen ez duen ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, berau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Esanbidezko ebazpena ematen ez bada xede horretarako ezarritako epean, eskabidea ezetsi dela jo ahal izango da.

3.– Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako epea igarota, ez bada argitaratzen deialdi honen ebazpena, interesatuek bere eskaria ezetsi dela jo ahal izango dute, gerora urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan jasotako ondorioetarako.

IV. KAPITULUA
DIRULAGUNTZA EMATEA
ETA HAUTATUEN
BETEBEHARRAK

18. artikulua.– 1.– Dirulaguntza ezberdina izango da proiektu bakoitzean proiektuen balorazioaren arabera; aurkeztutako aurrekontuaren defizitaren %100erainokoa izan ahalko da eta 1.000.000 PTAkoa (6.010,12 Euro) gehienez ere, beti ere aurrekontuak ematen dituen aukerak kontuan izanik.

2.– 16.2 artikuluan adierazitako irizpideen arabera hautatu diren Hezkuntza berriztatzeko proiektuen kasuan, dirulaguntza 1.500.000 PTAkoa (9.015,18 Euro) izan ahalko da gehienez ere hezkuntza berriztatzeko proiektu berezietarako eta 2.500.000 PTAkoa (15.025,30 Euro) ikerketa eta esperimentazio proiektuetarako.

19. artikulua.– Emandako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango xede bereko beste deialdietan lortutako dirulaguntzekin.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa epe bitan egingo da; lehenengoa, jaso beharreko diru guztiaren %80 izango dena, 25 a) artikuluan aipatutako epea igarotakoan egingo da uko egin ez bazaio; eta geratzen den zenbatekoaren bigarren ordainketa memoria aurkeztu eta ebaluatu ostean egingo da, agindu honen 22. artikuluan ezarritako epean eta baldintzapean.

21. artikulua.– Dirulaguntza eman zaiela jakinaraziko zaie dagokien ikastetxeei, eta horiek Pedagogia Berriztapeneko Lurralde Burutzari igorri beharko diote prestakuntza-jarduera bakoitzean edo/eta hezkuntza berriztatzeko proiektu bakoitzean parte hartzeko aurreikusi dituzten irakasleen zerrenda.

22. artikulua.– 1.– Dirulaguntza jaso duten ikastetxeek onartu zaien proiektu bakoitzeko memoria bat aurkeztu beharko dute, ale bitan. Dagokien Pedagogia Berriztapeneko Lurralde Burutzan aurkeztuko dute, 2001eko ekainaren 15a baino lehen, VIII Eranskineko eskemari jarraituz.

2.– Egindako gastuen agiri zurigarri guztiak (jatorrizko erreziboak, fakturak...) memorian sartu beharko dira, legez onartu badira, eta emandako dirulaguntzari badagozkio. Diru-kopuru horien onuradunak ikastetxe publikoak badira, eskatutako agirien ordez, Ordezkaritza Organo Gorenaren ziurtagiria aurkeztu ahal izango da, hain zuzen, jasotako diru-kopuruarekin egindakoaren ziurtagiria. Esan bezala, ziurtagiri horiek frogagiri originalak ordezkatuko ditu. Frogagiriak ikastetxeetan geratuko dira, administrazio eskudunaren kontrol ekonomikoaren organoen eskura.

23. artikulua.– 1.– Itunpeko ikastetxeei dagokienez, ondoko hauetako baldintzaren bat gertatzen bada, itzuli beharko dituzte dirulaguntza eta aplikatu ostean sortutako legezko interesak:

a) Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak (V. kapituluan aipatuko denak) adieraztea proiektuek ez dituztela betetzen proposatutako helburuak. Adierazpen hori 25 eta 26 artikuluek aipatzen dituzten agirietan egingo du.

b) Agindu honetan xedatutakoa nola edo hala ez betetzea.

c) EAEko aurrekontuen kargurakoak diren dirulaguntzen onuradunek dituzten betebeharrak ez betetzea.

2.– Itzultzeko prozedura 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan (1992ko otsailaren 17ko EHAA), araututakoa izango da.

24. artikulua.– Ikastetxe publikoei dagokienez, gorabehera hauetakoren bat agertzen bada, jasotako diru-kopurua Lurralde Ordezkaritzari itzuli beharko diote; hain zuzen, eurei emango dizkieten aurrerakinetatik kenduko da. Hona hemen gorabeherak:

a) Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak (V kapituluan aipatuko denak) adieraztea proiektuek ez dituztela betetzen proposatutako helburuak. Adierazpen hori 25 eta 26 artikuluek aipatzen dituzten agirietan egingo du.

b) Agindu honetan xedatutakoa nola edo hala ez betetzea.

25. artikulua.– Itunpeko ikastetxeak Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak badira, ondoko betebeharrak edukiko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek ez badiote esanbidezko ukapena egiten eta idatziz horren berri ematen ez badute, onartzen dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman duten xede zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta EAEko Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jakinaraztea eskatzen dioten informazioa, deialdi honen kargurako jasotako dirulaguntzei buruzkoa.

V. KAPITULUA
JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA ZIURTAGIRIAK

26. artikulua.– Dirulaguntza jaso duten ikastetxeek euren proiektuak (prestakuntza-proiektuak zein hezkuntza berriztatzeko proiektuak) onartutako baldintzak betez gauzatuko dituztela bermatzeko, Jarraipen eta Ebaluazio Batzorde bat eratuko da alderdi bakoitzean. Batzorde horretan ondokoak egongo dira:

– PATeko zuzendaria, batzorde-burua izango dena.

– Barrutiko ikuskatzaile bat, barrutiko koordinatzaileak proposaturik.

– PATeko teknikari bi; bietako batek idazkari lanean jardungo du.

27. artikulua.– Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak PATeko langileek eta Hezkuntzako Ikuskaritzak emandako datuak aztertuko ditu, eta ikasturte horretan txosten bakarra egingo du. Txosten horretan aztertuko dira dirulaguntza jaso duten alderdiko ikastetxeen proiektuen (prestakuntza-proiektuen zein hezkuntza berriztatzeko proiektuen) emaitza partzialak eta garapena. Txosten horiek Pedagogia Berriztapeneko Lurralde Burutzara igorriko dira, eta dagokien ikastetxeak eskuragarri izango ditu bertan.

28. artikulua.– Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek bidalitako memorian oinarrituta edo beharrezkoa den beste edozein datu zein txostenetan oinarrituta, Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak ondoko agiriak igorri beharko dizkio dagokion Pedagogia Berriztapeneko Lurralde Burutzari, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izapidetzeko:

– Ikastetxeen zerrenda; zerrenda horretan onartutako proiektuetan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren zehaztuko da, eta gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espreski.

– Prestakuntza-jardueretan edo/eta hezkuntza berriztatzeko proiektuan (edo proiektuetan) parte hartu dutenen zerrenda; bakoitzak sartutako ordu-kopuruak eta partehartze-orduen ehunekoa zehaztuko dira (IX. Eranskina); halaber proiektu horiek (prestakuntza-proiektua eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektua edo proiektuak) nork koordinatu dituen aipatuko da.

29. artikulua.– Ikasturtean, prestakuntza-proiektua eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektua garatzean, gorabeherarik egongo balitz dirulaguntza jaso duten ikastetxeetan, Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak egokitzat jotzen duen txostena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari (dagokion Lurralde Burutzaren bitartez). Eta, horrenbestez, Zuzendaritza horrek hartu behar diren neurriak hartuko ditu Agindu hau behar bezala bete dadin.

30. artikulua.– Irakasleek, Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak aldez aurretik emandako aldeko txostenaz, prestakuntza-jardueretan eta/edo hezkuntza berriztatzeko proiektuan parte hartzen badute, ziurtagiria emango zaie ofizioz, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ondorio horretarako egingo duen Zirkularraren arabera; beti ere 28. artikuluan aipatutako partehartzaile-zerrendan oinarrituta.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, 30/1992 Legea hartuko da aintzat (azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua zati batean).

Bigarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egin ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, hilabete biko epean. Epe biok Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Hirugarrena.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak arauak emateko eskumena izango du Agindu honek ezarritakoa behar bezala bete dadin.

Laugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko ekainaren 8a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

I. ERANSKINA (Aurrealdea)

PRESTAKUNTZA PROIEKTUAK ETA HEZKUNTZA BERRIZTATZEKO PROIEKTUAK

(Ikus .PDF)

I. ERANSKINA (atzealdea)

IKASTETXEEN ARTEKO PRESTAKUNTZA PROIEKTUAK

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA (Aurrealdea)

LABURPEN FITXA (Datu orokorrak)

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA (Atzealdea)

LABURPEN FITXA (Datu zehatzak)

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

KLAUSTROAREN AKTA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

ORDEZKARITZA ORGANO GORENAREN AKTA

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA

ZINPEKO AITORPENA

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA

PRESTAKUNTZA PROIEKTUEN ETA HEZKUNTZA BERRIZTATZEKO PROIEKTUEN BALIOESTE TEKNIKOA EGITEKO BAREMOA

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA

MEMORIA EGITEKO GIDOIA

(Ikus .PDF)

IX. ERANSKINA

JARDUERA/PROIEKTUAREN IZENA:

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala