Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 1996ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura
3168

156/1996 DEKRETUA, ekainaren 18koa, Euskararen Aholku Batzordea eraldatzeko.

<FONT SIZE=2><P>Euskararen Aholku Batzordeak "Euskararen Politikarako Oinarrizko Irizpideak" izeneko agirian, 1993ko ekainaren 4an Batzorde Osoak onartutakoan hain zuzen, azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak ezarritako markoan oinarrituriko normalkuntza-prozesua eta lege hori garatzeko arauak aztertu eta landu zituen.

Agiri horretan jasotako gomendioen arabera, eta euskararen gizarte-erabilerak aurrera egin dezan, komenigarritzat jotzen da euskara biziberritzeko plan nagusia egitea, datozen urteotan norabide beretik eraman ahal izan daitezen hizkuntza normalizatzeko arlokako ekintzak.

Maiatzaren 30eko 281/1995 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren esku uzten du plan nagusia egitea eta Autonomi Elkarte osorako ekintza-planak aurkeztea, Jaurlaritzak onar ditzan.

Ildo horretatik, interesgarria da Hizkuntza Politikarako Sailordetzak egin beharreko planaren zirriborroa hizkuntza-normalkuntzarekin zerikusirik duten zenbait organismori, erakunderi eta laguni aurkeztea, beren iritzia eman dezaten. Ontzat emandako ekarpenak, hala iritziz gero, agirian txertatuko lirateke.

Euskararen Aholku Batzordea gune aproposa da hori dena gauzatzeko, baina orain arte zituen osakera eta egitekoak moldatu eta egokitu egin behar dira.

Euskararen Aholku Batzordeak, beraz, bi egiteko nagusi izango ditu: batetik, hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde eta organismoetako ordezkarien harreman-organoa izango da; eta, bestetik, gizartearen arlo desberdinetan euskararen erabilera normalizatzen ari diren erakunde pribatuek eta adituek parte hartzeko gune. Horrela, bermatu egingo da hizkuntza-normalkuntzaren inguruan gerta daitekeen ikuspegi aniztasuna ordezkatuta egotea.

Gainera, Aholku Batzorde honen barruan, Toponimiako Batzorde-atala sortuko da. Euskal Autonomi Elkarteko toponimoak finkatu, aldatu eta berreskuratzeko aholkuak ematea eta proposamenak aurkeztea izango dira batzorde-atal honen egitekoak.

Batzorde-atal hori Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10.1 atalean ezarritakoa betetzeari begira eratuko da. Izan ere, Euskal Autonomi Elkarteko toponimia berreskuratu, finkatu eta gordetzeko lana egin beharra baitago.

Toponimiaren normalkuntzak dituen berezitasunak direla eta, Toponimiako Batzorde-atalak erregimen berezia izatea komeni da, eta eskumenik izatea kasuan kasuko herri-administrazio eskumendunei aholkuak emateko eta proposamenak egiteko.

Aipatu diren berezitasun horietan oinarrituta, halaber, Toponimiako Batzorde-atalean gai horrekin zerikusirik duten hainbat jakintza-gaitako, arlotako eta erakundetako ordezkariak izatea komeni da.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko ekainaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.- Euskararen Aholku Batzordea azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 29. atalean aurrikusitako harreman-organoa izango da, hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko.

Euskararen Aholku Batzordea Kultura Sailari atxikia egongo da, Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren bitartez.

- Batzorde Osoa

- Batzorde-atal Iraunkorra

- Batzorde-atal bereziak

3. atala.- 1.- Hona Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren osakera:

1.a.- Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

2.a.- Kultura sailburua.

3.a.- Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

4.a.- HABEko zuzendari nagusia.

5.a.- Euskal Irrati Telebista erakundeko zuzendari nagusia.

6.a.- Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak izendatutako ordezkaria, gutxienez zuzendari mailakoa.

7.a.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak izendatutako ordezkaria, gutxienez zuzendari mailakoa.

8.a.- Ondorengo erakundeek eta organismoek proposatuta izendatuko diren bokalak:

a) hiru foru aldundietako ordezkari bana, gutxienez zuzendari mailakoak;

b) Euskal Udalen Elkarteko (EUDEL) ordezkaria;

c) Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkaria;

d) Euskaltzaindiko ordezkaria.

9.a.- Gehienez ere beste hogei bokal. Hizkuntza-normalkuntzaren prozesuan eraginik duten arloetako pertsona ezagunen artean aukeratuko dira bokal horiek. Kultura sailburuak proposatuko ditu bokalen kopurua eta zerrenda, eta Euskal Herrietako ordezkariak izateari begiratuko zaio.

2.- Batzorde Osoaren bileretara, eztabaidatzekoak diren gaietako adituak eraman ahal izango dira. Aditu horiek hitza izango dute baina ez botorik.

4. atala.- 1.- 3.1 ataleko 6, 7, 8 eta 9. idazatietan aipatutako bokalak Dekretu bidez izendatuko dira, Kultura sailburuaren proposamenez.

2.- Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko bokalen kargualdia bi urtekoa izango da, eta kargualdi hori berriztatzerik izango da.

3.- 3.1 ataleko 6, 7 eta 8. idazatietan adierazitako Aholku Batzordearen Batzorde Osoko bokalen artean hutsik izanez gero, horren berri emango zaio proposamena edo aukera egin duen erakunde edo organoari, geratzen den kargualdirako beste bokal bat proposatu edo aukera dezan hilabeteko epean.

5. atala.- 1.- Aholku Batzordearen Batzorde Osoko lehendakariari dagokio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.1 atalean kide anitzeko organoetako lehendakariei aitortutako egitekoak betetzea. Erabakiak hartzerakoan berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren botoak ebazte-indarra izango du.

2.- Aholku Batzordearen Batzorde Osoko lehendakari kargua hutsik egonez gero, edo bera kanpoan nahiz gaixorik izanez gero, edo bestelako legezko arrazoirik gertatzen bada, Kultura sailburuak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak ordezkatuko dute, hurrenkera horretan hain zuzen.

6. atala.- 1.- Aholku Batzordearen Batzorde Osoko idazkariak hitza eta botoa izango ditu Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren bileretan, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 25.3 atalean kide anitzeko organoetako idazkariei aitortutako egitekoak izango ditu.

2.- Aholku Batzordearen Batzorde Osoko idazkariak, halaber, Euskararen Aholku Batzordeko batzorde-atal berezien koordinazio-lanak egingo ditu.

7. atala.- Hona Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren egitekoak:

a) Jaurlaritzak eskatuta, Euskal Autonomi Elkarteko hizkuntza normalkuntzari buruzko gaiak aztertzea eta ikertzea.

b) Euskararen erabilerari buruzko xedapenak ondo ezartzeko behar diren neurriak proposatzea Jaurlaritzari eta dagokien erakundeei.

c) Hizkuntzari loturiko gaietan eskumenik duten aginte publikoen jarduera koordinatua bermatzeko neurriak proposatzea.

d) Hizkuntza Politikarako Sailordetzak egingo duen Euskara biziberritzeko Plan Nagusiaren zirriborroari buruzko txostena egitea, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu baino lehen.

e) Batzorde-atal Iraunkorrak egingo duen ekintzen urteko oroitza onartzea.

f) Euskara biziberritzeko Plan Nagusia onartu ondoren, Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak ekintzen urteko oroitzan txertatuko du plan horren garapenaren ebaluazioa.

g) Legeek edo erregelamenduek aitortutako beste edozein egiteko.

8. atala.- Batzorde-atal Iraunkorreko kide izango dira:

a) Lehendakaria

b) Kultura sailburua

c) Hizkuntza Politikarako sailburuordea

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estrategia eta Plangintza sailburuordea.

e) Idazkaria

f) Lau bokal, Batzorde Osoak bere kideen artean hautaturikoak

9. atala.- Hona Batzorde-atal Iraunkorraren egitekoak:

a) Euskararen Aholku Batzordearen gaien ohiko tramitazioa, Batzorde Osoaren bilerarik ez denean.

b) Aholku Batzordearen ekintzen urteko oroitza egitea, Batzorde Osoak onar dezan.

10. atala.- 1.- Aholku Batzordearen Batzorde Osoak gutxienez urtean behin egingo du ohiko bilera. Bilduko da, halaber, lehendakariak dei egindakoan.

2.- Batzorde-atal Iraunkorra hiru hilabetez behin bilduko da gutxienez.

11. atala.- 1.- Gai zehatzei buruzko lanak eta txostenak egiteko, batzorde-atal bereziak eratu ahal izango dira, Aholku Batzordearen Batzorde Osoak erabakiz gero.

Batzorde-atal bereziak iraunkorrak izan daitezke, eta eratzeko erabakian jasotakoarekin bat etorriz jardungo dute.

2.- Batzorde-atal berezi horien egitekoak izango dira: Batzorde Osoari eta Batzorde-atal Iraunkorrari beren egitekoak betetzen laguntzea eta Euskararen Aholku Batzordeak eska ditzan oinarrizko azterketak egitea.

3.- Batzorde-atal berezien jarduketa Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren orientazio eta jarraibideei lotuko zaie, eta jarduketa horri buruz eska diezazkien argibide guztiak emango dizkiote Batzorde Osoari.

4.- Batzorde-atal berezien osakera bakoitzaren eratze-erabakiaren araberakoa izango da. Kideak, bestalde, Aholku Batzordeari aitorturiko egitekoekin zerikusirik duten lagunak izango dira, harreman-organo horretako kideak izan edo ez.

12. atala.- Euskararen Aholku Batzordearen batzorde-atal bereziek Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aukeratutako Hizkuntza Politikarako Sailordetzako funtzionario baten edo gehiagoren laguntza izango dute.

13. atala.- Euskararen Aholku Batzordearen barruan Toponimiako Batzorde-atala eratuko da, kontuan hartzekoa baita, batetik, toponimia normalizatzeko lanen izaera eta berezitasuna eta, bestetik, toponimoak ofizial egiteko administrazio askok parte hartzen dutela. Batzorde-atal hori iraunkorra izango da eta Euskal Autonomi Elkarteko toponimoak finkatu, aldatu eta berreskuratzeko aholkuak eta proposamenak egingo ditu. Bestalde, hurrengo ataletan ezarritako araubide berezia izango du.

a) Lehendakaria: Hizkuntza Politikarako sailburuordea

b) Idazkaria: Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko idazkaria

c) Bokalak:

- Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko ordezkaria, kartografia arloan eskumena duen antolaketa atalekoa hain zuzen.

- Ogasun eta Herri Administrazio Saileko ordezkaria, toki araubidearen arloan eskumena duen antolaketa atalekoa.

- Euskal Autonomi Elkarteko lurralde historikoetako foru aldundietako ordezkari bana.

- Euskal Udalen Elkarteko ordezkaria, elkarte horrek izendatua.

- Institutu Geografiko Nazionaleko ordezkaria.

- Euskaltzaindiko kidea, erakunde horrek izendatua.

- Gehienez ere beste lau bokal. Bokal horiek Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatuko ditu toponimiako eta euskarako aditu ezagunen artean.

2.- Toponimiako Batzorde-ataleko bokalak Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Erabaki baten bidez izendatuko dira eta Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko bokalekin batera utziko dute kargua azken hauen kargualdia bukatzean.

Toponimiako Batzorde-ataleko bokalek kargualdi bat baino gehiago izan dezakete.

15 atala.- Toponimiako Batzorde-ataleko bokalen artean, beste erakunde edo organo batek proposatutako edo aukeratutakoen artean hain zuzen, hutsik gertatuz gero, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak horren berri emango dio bokala proposatu edo aukeratu zuen erakundeari edo organoari. Erakunde edo organo horrek hilabete izango du geratzen den kargualdirako beste bokal bat proposatzeko edo aukeratzeko.

a) Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioari aholkuak ematea Euskal Autonomi Elkarteko toponimoak bildu, berreskuratu, zerrendatu eta gordetzeko beharrei eta lehentasunei buruz.

b) Kasu bakoitzean eskumena duen administrazioak eskatzen duen guztietan, izen ofizialen normalizazioari buruzko aholkuak ematea.

c) Mapetan, liburuetan, errotuloetan eta komunikabideetan, orokorrean, toponimoak erabiltzeko eta idazteko irizpideak eta arauak proposatzea.

d) Toponimia arautzeko Eusko Jaurlaritzak egin ditzan xedapen orokorrei buruzko txostena egitea, eta Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, toponimoen izen ofizialak aldatzeko edo egokitzeko eska ditzaten irizpenak ematea.

e) Batzorde-atalaren ekintzen urteko oroitza egitea eta Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde-atal Iraunkorrari aurkeztea Euskararen Aholku Batzordearen urteko oroitzan sartzeko.

f) Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak toponimiaren arloan eska diezazkion oinarrizko azterketak egitea.

17. atala.- Euskararen Aholku Batzordeko eta bere batzorde-atal berezietako kideek jardunagatik izandako gastuen ondoriozko kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango dute, eta horretarako otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta bestelako xedapen osagarri eta garapenezkoetan finkatutako kopuruak ezarriko dira.

GEHIGARRIZKO XEDAPENAK

Lehena.- Euskararen Aholku Batzordeak kontuan izan beharko ditu bere egitekoak gauzatzerakoan, antzeko organismoen, eta, bereziki, euskararen lurraldeetako organismoen, jarduketak. Aholku Batzordeak organismo horiekiko harremanak eta lankidetza sustatuko ditu, Euskal Herriaren batasun soziolinguistikoari eusteko eta bizitasun etnolinguistikoa bultzatzeko.

INDARGABETZE XEDAPENA

Indarrik gabe geratzen dira maila bereko edo txikiagoko xedapenak eta, bereziki, abenduaren 15eko 370/1987 Dekretua, eta maiatzaren 30eko 281/1995 Dekretuaren 6.3 atala, dekretu honetan ezarritakoaren aurkakorik diotenetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.- Dekretu honetan ezarri ez direnetan eta Euskararen Aholku Batzordeak onar ditzan jarduera-arauetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz zehaztutakoa izango da ezargarri.

Bigarrena.- Kultura sailburuari eskumena ematen zaio dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Hirugarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Kultura sailburua

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala