Gilen (Wilhelm) Tell

Suitzaren burujabetasunari buruzko elezaharreko heroia (XIII. mende bukaera). Elezaharrak dioenez, Uri, Schwyz eta Unterwald haranetako biztanleek arriskuan ikusi zituzten beren buruak Austriako dukeen aurrean, eta matxinatu egin ziren. Arnold Melchtalgoari ezarri zitzaion petxa izan zen matxinadaren arrazoia. Unterwald-eko Arnold Melchtal, Uriko Walter Fürst eta Schwyz-eko Werner Stauffacher elkartu eta bakoitzak hamar gizon hartu zituen (haien artean Gilen Tell) eta mandatariak botako zituztela hitz eman zuten. Baina Gessler-ek, Uriko mandatariak, herriaren leialtasuna neurtu nahi izan zuen, eta Habsburgoko etxeko ezaugarria jarri zuen Altdorf-eko plazako ezkiaren azpian, herritarrei men egin ziezaioten aginduz. Gilen Tellek ezezkoa eman zion, eta orduan Gessler-ek behartu omen zuen semearen buruaren gainean jarritako sagar bati gezia botatzera. Gilen Tellek sagarra jo zuen, baina une berean aitortu zuen bigarren gezi bat bazuela prest, lehenak huts eginez gero, Gessler-en kontra botatzeko. Preso hartu eta Gessler hil eta ihes egin omen zuen. v XIX. mendeaz geroztik, elezahar horrek Eskandinavia aldeko jatorria duela uste da. Nolanahi ere 1291n Helveziako Konfederazioari sorrera eman zion hitzarmena gogoratzen du. Schiller-ek (1804) antzerki bat egin zuen eta Rossinik (1829) opera bat, Gilen Tell gaitzat hartuta.