Sarrera


< aurrekoa hurrengoa>



Herritarrei egiten zaien zerbitzuaren kalitatea eta Administrazioaren eraginkortasuna hobetzea dira Eusko Jaurlaritzak dituen lan-ildorik garrantzitsuenak. Teknologia eta informazio-sistema berriak funtsezko tresnak dira instituzioen eta gizartearen (herritarren eta enpresen) arteko harremanak errazago egiteko eta harreman horiek ahalik eta hobeak izatea lortzeko. Berrikuntza teknologikoa Administrazioaren kudeaketan integratzeko nahiaren ondorioz, 2003–2005eko Informatika eta Telekomunikazio Plana sortu da. Plan horrek jarraipena ematen die lehenagotik helburu horrekin hasita zeuden ekintzei, eta Eusko Jaurlaritzak etorkizunean informatikaren eta telekomunikazioen arloan izango dituen ildo estrategikoak finkatzea du xede.

Planaren aurrekariek emandako bultzada jasoz eta berrituz, eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko herritarrei eta enpresei egiten dien zerbitzua hobetzeko asmo garbiarekin, plan honek Administrazioa gaurkotu nahi du. Horretarako, abian dauden ekintzekin aurrera jarraituko du eta, halaber, ekimen eta proiektu berriak finkatuko ditu, horien bidez, ildo estrategikoak gauzatu ahal izateko eta gure gizarteak dituen erronkei ekin ahal izateko.

Administrazio Publikoa Arrazionalizatzeko eta Hobetzeko Batzordeak (CORAMEk) 1994an egin zuen txostenean hainbat neurri proposatu zituen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren antolakuntzaren egitura berritzeko. Neurri horien artean, honako hauek zeuden, besteak beste: informazio-sistemen planifikazioa eta erregulazio estrategikoa bultzatzea, herritarrek laguntza bila jotzeko modukoak diren eta administrazioko izapideak batera kudeatzeaz arduratuko diren organoak ezartzea, eta herritarrak Administrazioko organoetara iristeko bidea erraztea eta samurtzea.

Ildo horretan, bide luzea egin da. Izan ere, Informazio Sistemen Batzorde Teknikoak “Informazio Sistemen eta Telekomunikazioen Plan Zuzentzailearen Aurreproiektua” egin zuen 1996an. Gero, 1996-1999ko Informazio Sistemen eta Telekomunikazioen Plan Zuzentzailea eta indarrean dagoen 2000–2003ko Informatika eta Telekomunikazio Plana (ITP) onetsi ziren. Horrez gain, honako hauek bultzatu dira eremu horrexetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra Gaurkotzeko Plana (1999–2000), Euskadi 2000Hiru Ekimena eta Euskadi Informazioaren Gizartean Plana (EIEGP).

Indarrean dagoen 2000–2003ko Informatika eta Telekomunikazio Planaren (ITPren) ildo estrategikoen arabera, teknologia berriek funtsezko tresna izan behar dute Administrazioarekin harremanak izateko garaian, eta barruko kudeaketa hobetzeak, azpiegitura teknologikoek, administrazio elektronikoak eta antolakuntzak izan behar dute plan horren ardatza.

Ildo horretan ezarri beharreko ekintzen barruan, 2000-2003ko Informatika eta Telekomunikazio Plana (ITP) urteko programetan antolatu da. Programa horiek ondorio horretarako sortu diren organo eskudunek egin dituzte: Administrazioa Eraberritzeko Bulegoak (AEB), Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak (ITZ) eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE).



Aurrekariak eta Helburuak


Aurrekariak eta Helburuak





2003-2005eko Informatika eta Telekomunikazio Plana egitean, Eusko Jaurlaritzako sailen eta erakunde autonomoen eskakizunak eta premiak hartu dira aintzat; hona hemen sailak:


 Lehendakaritza
 Lehendakariordetza
 Ogasun eta Herri Administrazio Saila
 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
 Herrizaingo Saila (Ertzaintza barne hartuta)
 Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
 Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
 Justizia, Lana eta Gizarte Segurantza Saila (Justizia Sarea barne hartuta)
 Osasun Saila
 Kultura Saila
 Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
 Garraio eta Herri Lan Saila
 Nekazaritza eta Arrantza Saila
 Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea (SHEE)
 Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE)
 Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE)
 Euskal Estatistika Erakundea (EUSTAT)
 Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde)
 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (OSALAN)

Eusko Jaurlaritzaren sailak eta erakunde autonomoak



Hala, bada, 2003–2005eko Informatika eta Telekomunikazio Plana egin aurretik, aurreko (2000–2003ko) ITPren egoera berrikusi eta aztertu da, eta, orobat, sailen eta erakunde autonomoen oraingo egoera eta sail edo erakunde horiek Euskal Administrazio osoarekin dituzten harremanak aztertu dira. Horrez gain, Planaren helburuak betetzeko egokiena den informazioaren teknologien estrategia ikertu eta hautatu da, eta plana gauzatzeko egin beharreko ekintzak definitu eta zehaztu dira. Horretarako, ezarri beharreko proiektuak identifikatu dira, proiektuei ekiteko beharrezkoak diren baliabideak prestatu eta zenbatu dira, eta behar den denbora planifikatu da.

Izan ere, herritarren eskariei erantzun, eta etorkizunerantz urrats sendoak eginez doan gizartea eraiki nahi badugu, berrikuntzak egin beharko ditugu etengabe eta ekin beharko diegu erronka teknologiko berriei.



^
Azken eguneratzea: 2004/12/02