Hitzaurrera


hurrengoa >



Atsegin handia da niretzat esku artean duzuen Eusko Jaurlaritzaren 2003-2005eko Informatika eta Telekomunikazio Plana aurkeztea. Plan hau egin diren ahalegin handien gauzatzea da, Euskadiri abangoardia teknologikoaren lehen lerroan egoteko aukera emango dioten helburu estrategikoak eta jarduketa-ildoak zehazteko egin den ahalegin biziaren zehaztapena.

Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde egin duen apustuan, tresna horiek ardatz garrantzitsuak dira Euskadiren oraingo eta etorkizuneko garapenerako, Euskadi Informazioaren Gizartean Planean jasota dagoen bezala. Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du teknologia berriak eta informazioko sistemak sustatzeko ildoan, ildo hori oinarrizkoa baita etortzeko dauden erronkei aurrea hartzeko eta erronka horiei aurre egiteko gertu egoteko. Hala, bada, Plan honek jarraipena ematen dio 2000-2003ko Informatika eta Telekomunikazio Planari, hasita dauden ekintzak finkatzeko bermea da, eta, gainera, beste ekintza batzuei ekiten die, abiada bizian aldatuz eta eraldatuz doan sektore honetan etengabe sortzen diren hobetzeko aukerak baliatze aldera.

Proiektu hau aurrera begira dago eta aurrea hartzen die gure gizartean dauden premiei. Proiektuak barne hartzen ditu hainbat arlotan garatuko diren ekintzak, ekintza horiek aukera emango baitigute inguruan dugun iraultza teknologikoari modurik eraginkorrenean ekiteko eta, orobat, eskaintzen dugun zerbitzua hobetuko duten baliabide berriak baliatzeko. Era horretan, gure instituzioek herritarrekin eta, halaber, enpresekin eta beste euskal erakunde batzuekin dituzten harremanak hobetu ahal izango ditugu.

Eusko Jaurlaritzan egunez egun aritzen gara lanean, Administraziotik gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua gaurkotzeko. Eta, helburu hori lortzeko, gure instituzioen eraginkortasuna eta jarduketa bera hobetu beharra dago, e-administrazioaren arloan dugun proposamena sendotuz. Ildo horretan, bilakaera teknologikoak aukera berriak ematen dizkigu garapenerako, eta, beraz, herritar guztiei zerbitzu egokia egingo badiegu –horixe baita gure nahia, bai eta gure betebeharra ere– eta, halaber, Ezagutzaren Gizartea eratuko badugu, aukera horien berri jakin behar dugu ezinbestez.

Plan honek definitzen dituen ildo estrategikoen barruan ekintzak eginez, aurre egingo diogu erronkari: Administrazioa ahal den guztia hobetzeko erabiliko dugu teknologia. Horretarako, prozesuak informatizatzearen alde egingo dugu, barruko kostuak gutxituko ditugu, komunikaziorako kanalen arteko interakzioa sustatuko dugu, eta gure instituzioen eta gizartearen arteko harremana zuzenagoa eta eraginkorragoa izatea bultzatuko dugu. Gainera, gure azpiegitura teknologikoak hobetzeko inbertsioetan egindako ahalegina ingurune guztiaren onerako izango da, eta aukera emango digu ditugun baliabideak errentagarriago bihurtzeko eta eskalako ekonomia garrantzitsuen onura jasotzeko.

Era horretan, erantzuna eman nahi diegu herritarren itxaropenei, eta ahaleginak bildu nahi ditugu helburutzat ditugun hobekuntzak gauzatzeko aukera emango diguten ekintzak finkatzeko. Hala, denon artean, gizarte hobea eraiki ahal izango dugu: berrikuntza eta baliabide berriak erabiliz, egunero zehazten dugun etorkizunerantz doan gizartea. Eta, etorkizunerantz joateko, teknologia-arloko aurrerapenak gure eguneroko zereginetan sartu behar ditugu. Horrela, etorkizun hobea eraikiko dugu. Guztiontzat hobea izango den geroa. Instituzioentzat, enpresentzat eta pertsonentzat hobea izango den geroa.

Idoia Zenarrutzabeitia, Vicelehendakari

Idoia Zenarrutzabeitia Beldarrain
Jaurlaritzaren lehendakariordea eta Ogasun eta
Herri Administrazio sailburua

 



^
Azken eguneratzea: 2004/12/02