VII. mailan hasten da gizonaren presentzia haitzuloan. Behe Madalen aldiari dagokio. Mailako datazioak duela 16.500 – 15.500 urteen artean daude (BP). Gizakien okupazioa atondoan kokatu zen eta lau bizitegi eman zuen, horien ondoan aurkitu direlarik garai horretako haitzuloko biztanleen lanabes eta elikadurazko hezur hondakin gehienak. Harrizkoak eta hezurrezkoak dira tresnak. Hirurehun pieza baino gehiago eman zituzten, bai eta horiexek lantzeak utziriko hondarrak ere. Industriaren izaera espezializatua da, hala hezurrezkoa nola harrizkoa, eta ehiztari talde baten tresneriari dagokio, denbora luzez bizitoki gisa eta funtzio mota guztietan erabiliriko “etxeko” tresneriari baino areago. Ungulatuen hezur hondakinek aditzera ematen dutenez, orein emeak eta orein kume sortu berriak zituzten elikagai nagusi. 6 – 10 hilabetetan orein kumerik ez denez, neguan gizona ez zela haitzuloan bizi ondorioztatzen da.