|
Eusko Jaurlaritza zenbait lege Aldatzeko Lege Aurreproiektu bat tramitatzen ari da, barne merkatuko zerbitzuei buruzko Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren Abenduaren 12ko 2006/123/CE zuzentaraura egokitzeko; horren helburua da zenbait Lege egokitzea barne merkatuko zerbitzuei buruzko europar Zuzentaraura.
Zuzentarau honen helburua da zerbitzuen merkatu bakarra benetan lortzea Europar Batasunaren alorrean; horrek esan nahi du EBko kide den edozein Estaturen pertsona fisiko eta juridikoak EBko beste Estatu baten lurraldean finkatu ahal direla, eta, halaber, badutela askatasuna zerbitzuak emateko zerbitzu horiek ematen diren EBko Estatuan finkatu behar izan gabe.
Alde horretatik, honako hauek beraren aplikazioaren ondorio logikoak dira:
a)Justifikaziorik gabeko edo neurrigabeko trabak ezabatzea, EBko Estatuetan finkatzeko eta zerbitzuak emateko askatasuna oztopatu edo mugatzen duten eta proportzionaltasunari eta izaera ez-diskriminatzaileari dagozkion betekizunak betetzen ez dituzten muga legal eta administratiboak ezabatzearen bitartez.
b)Prozedurak sinplifikatzea, egin beharreko tramiteak bide elektronikotik egitera behartuz eta “leihatila bakarrak” sortuz tramite horiek gauzatzeko; horrek kooperazio administratibo eraginkorra eskatzen du EBko Estatuen artean, bai nazio mailan eta bai erregio eta toki mailan.
c)EBko Estatuen arteko elkarrenganako konfiantza sustatzea, eta baita zerbitzuak barne merkatuan eskaini eta kontsumitzen dituztenen konfiantza ere; alde horretatik, kontsumitzaileen eskubideak indartu behar dira, zerbitzuen erabiltzaileak diren aldetik, zerbitzuen kalitatea bermatzeaz batera.
Zuzentaraua espainiar ordenamendu juridikora pasatzeko prozesuaren eragilea den aldetik, Estatuak oinarrizko izaera duen lege bat eman du, hots, azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzkoa; bertan, Zerbitzuen Zuzentarauaren printzipio nagusiak biltzen dira, eta, horrez gain, irizpide komunak ezartzen dira araudia Autonomia Erkidegoetan egokitzeko prozesua gauzatzeko.
Estatuaren Administraziok bere transposizio-prozesua bukatu du abenduaren 22ko 25/2009 Legearekin; beraren bitartez, zenbait lege aldatu dira zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzko Legera egokitzeko; lege horren bidez, Zerbitzuen Zuzentarauaren xedapenek ukitu dituzten lege estatal batzuk aldatu dira.
Eusko Jaurlaritza tramitatzen ari den Lege Aurreproiektua eragin duen arrazoia da Euskal Autonomia Erkidegoak beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituela bere legezko arauak egokitzeko 2006/123/CE Zuzentaraura eta beraren transposiziorako Estatuak ematen duen oinarrizko legedira; legedi hori kontuan hartu beharko da Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibotik kanpoko jarduera-eremuak ukitzen dituenean. Alde horretatik, ondoren aipatutako Legeak aldatzeko proposamen bat du:
4/1991 Legea, ekainaren 18koa, Euskal Herriko Jokoarena. 7/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Museoei buruzkoa. 8/2004 Legea, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa. 6/1994, martxoaren 16koa, turismoa antolatzen duena. 5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa. 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena. 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa. 12/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa. 11/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzkoa. 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. 1/2008 Legea, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzakoa. 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa.
|