|
| Lehendakaria Pierre Louis Lions agurtzen. J.B. |
Jakintzaren alorrean Euskadi Europako lurralde aurreratuenen artean jartzeko Jaurlaritzak abiatu dituen ekimenak aurkeztu dizkiote Lehendakariak eta Sailburuak Lionsi.
Pierre-Louis Lions munduko matematikari garrantzitsuenetako bat da eta nazioartean oso ezaguna da, punta-puntako aplikazio matematiko berriak garatu dituelako. 1994an, 38 urte besterik ez zituela, Fields Domina, lau urtetik behin Nazioarteko Matematika Elkarteak ematen duen saria, eskuratu zuen; golardo hori matematika alorreko Nobel saritzat jotzen dute. Urtebete geroago, 1995ean, Frantziako Errepublikako Ohorezko Legioa eman zioten. Jacques-Louis Lions matematikariaren semea da eta gaur egun irakaslea da Frantziako Ikastetxean eta Eskola Politeknikoan, Frantziako erakunde akademiko entzutetsuenetako bitan. Fields Dominaz gain, IBM (1987) eta Philip Morris (1991) sariak ere eskuratu ditu, eta Edinburgoko Heriot-Watt eta City University of Hong Kong unibertsitateek doctor honoris causa izendatu dute.
Bihar emango duen hitzaldian, 'Análisis, modelos y simulaciones', Lionsek matematika erremintek laborategi matematikoetatik kanpo (nahiz edozein industria-prozesutan edo satelite baten jaurtiketan) duten erabilera frogatuko du. Bere ikerketen orientazio aplikatuagatik lortu zuen Lionsek Fields Domina, eta matematika tradizionaletan erabilitako analisi, modelo sorkuntza eta aplikazio simulazioen sistemak hobetzeagatik nabarmendu da bere ibilbidean zehar. Lionsek proposatutako berrikuntzek egunerokotasunean hainbat aplikazio dituzte, besteak beste, finantzetan, aeronautikan, telekomunikazioetan edo fisika nuklearrean. Izan ere, Lionsek sektore horietako enpresa handien aholkulari gisa egin izan du lan, adibidez Alcatel Lucenten.
|