Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak iragan asteburu honetan itxi du Euskadiko turismo-establezimenduetan % 20ko deskontua aplikatzeko programa eta balantze positiboa egin du. Programa indarrean egon den bitartean —hau da, iazko urriaren 16tik 2010eko ekainaren 27ra bitarte—, 2,3 milioi eurotik gorako fakturazioa eragin du.
‘Euskadin turismoa sustatzeko’ laguntza-programa 800.000 euroko aurrekontu-partidarekin jarri zen abian. Aisialdiko turismoa sustatzeko helburua zuen, eta horretarako, asteburuetan EAEko ostatuetan gaua igarotzea bultzatu zen. Laguntza horri esker, turistek % 20ko deskontua izan dute hitzartutako tarifan (zergak aplikatu aurretik), asteburuko bi gauetarako zerbitzua kontratatu dutenean programari aldez aurretik atxikitako establezimenduetan. EAE osoan, 200 establezimendu baino gehiago izan dira.
Azken asteotako operazioen balantzea ixtear dagoen arren, 25.000 bat turista izan dira programaren onuradun. Orain arte 12.352 eskaera erregistratu dira (kalkuluak egiteko, eskaera bakoitzeko bi lagun hartu dira aintzat, batez beste), eta Eusko Jaurlaritzak 457.565,62 euroko diru-laguntza eman du; horren ondorioz, 2.319.878 euroko fakturazioa sortu da atxikitako establezimenduetan.
Hasieran, programak 2009. urtearen bukaeran amaitu behar zuen, baina arrakasta handia izan zuenez, lehenik apirilaren 11ra arte eta, azkenik, ekainaren 27ra arte luzatu zen. 800.000 euroko aurrekontua zegoen horretarako.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, neurria positiboa izan da; izan ere, neurriaren azken helburua Euskadi turismo-jomuga gisa erakargarriago egitea zen, eta, horren ondorioz, turismo-establezimenduetan sarreren eta gaualdien kopurua handitzea. Ildo beretik, Eustat-en estatistika-datuei erreparatuta, aldi horretan sektorea etengabe hazi da.
Alde batetik, maiatzeko azken datuaren arabera, historia osoan izan diren 5 hilabete onenak izan dira hauek: urtarrila-maiatza aldian, ia 792.833 turista sartu dira Euskadin. Horrek esan nahi du 2007. urte hasieran baino 20.000 sarrera gehiago izan direla eta ez dugu ahaztu behar 2007. urtea euskal turismo-industriarentzat orain arteko onena izan dela. Bost hilabete hauetan, iaz baino 80.000 bisitari gehiago izan ditugu; hau da, % 11ko hazkundea izan da.
Urte-hasiera honetan berretsi egin da iazko uztailean hasitako joera: goranzko joera izan da, etengabea. Etengabeko hazkundean segidako 11 hilabete egin ditugu dagoeneko, bai turisten sarrerei dagokienez, bai gaualdiei dagokienez.
EAEko turismoaren bilakaera 2009ko Turismoa Sustatzeko Programa indarrean egon den bitartean (2008. urtearekin alderatuta)
|
Hilabetea |
Turisten sarrerak |
09-08 %-a |
Gaualdiak |
09-08 %-a |
|
Urria |
184.403 |
% +4 |
346.564 |
% +3 |
|
Azaroa |
154.757 |
% +4 |
281.894 |
% +3 |
|
Abendua |
132.394 |
% +5 |
233.910 |
% +3 |
|
|
|
|
|
|
|
GUZTIRA URTEAN |
1.991.790 |
% -1 |
3.509.299 |
% -1 |
EAEko turismoaren bilakaera 2010. urtean (2009arekin alderatuta)
|
Hilabetea |
Turisten sarrerak |
10-09 %-a |
Gaualdiak |
10-09 %-a |
|
Urtarrila |
112.615 |
% +12 |
195.116 |
% +7 |
|
Otsaila |
132.087 |
% +12 |
235.109 |
% +17 |
|
Martxoa |
161.885 |
% +13 |
289.054 |
% +10 |
|
Apirila |
184.010 |
% +10 |
332.265 |
% +7 |
|
Maiatza |
202.236 |
% +11 |
370.443 |
% +11 |
|
GUZTIRA |
792.833 |
% +11 |
1.421.987 |
% +10 |
Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 28a