Lehendakaritza

Lehendakaritza: Antolamendua · Egoitzak

Egoitzak

Egoitzak historian

Hotel Carlton

Ajuria Enea Jauregia ez da Eusko Jaurlaritzak historian zehar izan duen lehenengo egoitza. Franko diktadorea buruzagi zuten tropa faxistak 1936ko uztailaren 18an Errepublikaren aginte demokratikoaren kontra altxatu zirenean, Carlton Hotelera eraman zuen lan-gunea lehen Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko lehen lehendakari Jose Antonio Agirre Lekube buru zela..

Carlton Hotela Manuel Maria Smith-ek diseinatu zuen 1919an eta ordutik hona Euskadiren historian izan diren gertakari sozial eta kultural garrantzitsu askoren lekuko izan da.  Hotel horretan antolatu zuten Agirrek eta bere gobernuak Euskal Gudarostea, Gerra Zibilean borrokatu eta nagusi ziren balore demokratikoak defendatzeko. Gaur egun, Bilboko eraikin enblematikoenetako bat da. Federico Moyua Plazan dago, Bilboko hiri-zabalguneko finantza zentro garrantzitsueneko kaleak batzen diren lekuan, eta monumentu historiko, artistiko eta kultural izendatu du Eusko Jaurlaritzak oraintsu. Xehetasun bakoitzean antzematen da bere balio artistikoa, estilo klasiko finarekin apainduta baitago. Carlton Hotela oso osorik eraberritu zuten 1994an oraingo beharretara egokitzeko..

Avenida Marceau (Paris)

Euskal nazionalismoarekin zerikusia zuten erbesteratu batzuen harremanei esker, erdialdeko Rue Marceau-ko 11garreneko jauregitxoa erosi zen.  Errepublika suntsitu ondoren, Pariseko "chateau" historiko horretatik Eusko Jaurlaritza gogotik ahalegindu zen gerratik ihesi zihoazen milaka eta milaka euskal errefuxiatu babesten eta, nazioarteko politikaren bitartez, Francok ezabatutako legedia berrezarri behar zela erakusten Europako demokraziei.

1940ko maiatzean Frantziako hiriburua naziek hartu zutenean, egoitza hori itxi egin zen eta polizia frankistak hartu zituen bulegoak. Alabaina, Ardatza suntsitu zutenean Rue Marceau-ra itzuli zen Eusko Jaurlaritza eta ekitaldi garrantzitsuak antolatu zituen; esaterako, hor izenpetu zen 1947an Nuevos Equipos Internacionales direlakoen sorrera akta, geroago Demokratakristauen Europako Batasuna izango zenaren hastapena. Konrad Adenauer izan zen buruzagi karismatikoena.

Zoritxarrez, geroko gertaerak ere latzak izan ziren. 1951ko ekainaren 28an, Frantziako Gobernuak jauregitxoa behin betiko uzteko agindu zuen Errepublikaren ondasun guztien jabetza ezartzen zuen lege frankista baten arabera. Bestalde, Espainian legez kontra ezarritako estatu berriak Frantziakoari presio politiko handia egin zion, eta azkenean, ezin izan atzera bota erabakia. Jose Antonio Agirre berak gogoratzen zuenez, bizi izan zuen une latzenetako bat diktadoreak Rue Marceau-ko jauregia konfiskatu zuenekoa izan zen. Etxe hori ez diote inoiz itzuli euskal administrazioari. 1991tik aurrera, Cervantes Institutuaren Pariseko egoitza dago etxe horretan.

Rue Singer (Paris)

Zorionez, Eusko Jaurlaritza hartako zenbait kidek beste egoitza bat aurkitu zuten Parisko Rue Singer-eko 48an, hara eramateko berme osoz erbesteko egoitza ofiziala. Hiru solairuko etxe handi eta zahar bat zen, eraikin berri bat eraikitzeko hiri birmoldaketa baten ondorioz 1965an bota zutena. Rue Singer-eko 50eko etxearen erdisotoan egon zen Eusko Jaurlaritza Leizaola lehendakaria 1979ko abenduaren 15ean Euskadira itzuli arte.

Azken eguneratzea: 2014/01/15