|
Euskadiren autogobernu-maila oso handia da zenbait arlo garrantzitsutan; esate baterako, osasunean, hezkuntzan, segurtasunean, etxebizitzan edo ogasunean. Antolamenduari buruz erabakitzeko autonomia hori 1979ko urriaren 25eko erreferendumean onartutako Gernikako Estatututik bertatik dator. Horren arabera, argi eta garbi dago eskumen betearazleak dituen gobernua eta lege-ahalmen orokorra duen legebiltzarra daudela. Horrez gain, euskal foru-tradiziotik jarauntsitako bi lurralde-organo ditu Euskadik: parlamentuen antzeko arauzko gaitasuna eta gaitasun funtzionala dituzten batzar nagusiak eta euren instituzio betearazleak diren foru-aldundiak. Hori dela eta, Autonomia Erkidegoaren antolamendua oso deszentralizatuta dago, eta egitura konfederala du ia-ia.
Autonomia Estatutuan eta Lurralde Historikoen Legean, administrazio erkidearen eta foru-administrazioen eskumenak nola bateratu behar diren arautzen da, hiru lurralde historikoetako araubide juridikoak errespetatuta.
Euskal autogobernuaren oinarrizko beste ardatz bat "kontzertu ekonomikoa" da, Autonomia Erkidegoaren finantza-euskarria delako eta, euren aurrekontuen zein Espainiako administrazio zentralarekin sinatutako hitzarmenen arabera, hiritarren zergak biltzeko eta administratzeko autonomia ematen dielako euskal instituzioei.
Horren guztiaren ondorioz, bertoko erakundeak sortu ahal izan dira; esate baterako, Euskal Irrati Telebista (EITB) eta Ertzaintza (7.000tik gora ertzain dituen autonomia-erkidegoko polizia). Horrez gain, erabateko eskumenak ere baditugu errepideetako azpiegituretan eta hidraulikoetan, sustapen ekonomikoan zein industrialean eta lurraldeko antolamenduan zein prestakuntzan.
Edonola ere, Gernikako Estatutua onartu zenetik 25 urte igaro badira ere, oraindik estatuko administrazioak ez ditu honako arlo hauetako eskumenak transferitu: lana eta enplegua, industria, azpiegiturak, finantzak eta ikerketa.
|