Foruen kontzeptu eta jatorria
Foru terminoa hiri eta hiribilduen hiri-gutunak izendatzeko erabili ohi da. Gutun hauen helburua leku jakin batzuetan familiak biltzea zen, bertan pribilegioak eta salbuespenak izaten baitziren. Foruak EAEko probintziekin eta Nafarroarekin lotzen ditugunean ordea, ez gara toki-izaerako arau batzuei buruz ari, lege orokor batzuei buruz baizik, lurralde hauek autonomia handia zuten une historiko batean ezarri zituztenak alegia. Foruak Zuzenbide publikoko nahiz pribatuko arau-multzo batez osatuta zeuden eta Euskal Probintzietako eta Nafarroako administrazioa arautzeko balio zuten.
Foruak ohituren indarrez sortu ziren, hau da, pentsatzeko eta sentitzeko modu berezi bati erantzuten zioten erabilera eta ohitura ugariek eratu zituzten. Ezaugarri nagusien artean, gizarteak bizi dituen egoera desberdinei egokitzeko malgutasuna aipa daiteke. Autore batek adierazi bezala: "Forua ez da konstituzioak bezala bat-batean sortzen; arian-arian lantzen da, bere funtsa jatorri historikoa bera da. Hori dela-eta, foru-formulazioak ezin dira gutxiegitasun-arrazoiengatik baztertu; izan ere, etengabe sortzen eta berritzen ari dira eta aurreko beste formulazio batzuetan ez dute azken justifikaziorik aurkitzen. Beraz, formulazio bakoitza mugarri bat da bere elaborazio-prozesu osoan".
Sarritan foru terminoa pribilegio terminoarekin lotu bada ere, bi termino hauek inolako zerikusirik ez dutela esan behar da. Foruen jatorria ez da aginte ahaltsu bat, komunitate batek behin eta berriz erakusten duen iharduteko modua baizik. Komunitate batek Foruak landu ahal izateko autonomoa izan behar du, hau da, bere iharduera guztiak garatu ahal izateko behar adinako antolamendu juridikoa ezartzeko aukera izan behar du. Hortaz, foruak ezin dira "gratia" gisa definitu, "ius" gisa baizik.
Jurista ospetsuen obretan defendatutako printzipio hauek Javier Perez Arnaiz jaunak aipatu ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 1992an argitaratutako "El Concierto Económico: evolución, caracteres y fundamento de la financiación vasca" obran.
Beraz, Foruak Euskal Herriaren berezitasun garrantzitsu bat direla esan daiteke. Euskal Herriko lurralde bakoitzak (Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Espainiako Estatuan eta Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa Frantziako Estatuan) bere historia propioa bizi izan du eta, ondorioz, bere Zuzenbide propioa eratu du, antzekotasun eta forma komunak gorderik ere.
Funtsean, gaur egun Foru gisa ezagutzen dugun sistema juridikoaren oinarria herritarren batzarrek osatzen zuten, lurralde bakoitzeko gobernu-organo gorenak ziren Batzar Nagusietan ordezkatuta zeudenak hain zuzen ere. Bizkaiaren kasuan, Batzar Nagusi hauek Gernikako Juntetxean egiten ziren, XV. mendetik aurrera Euskal Herriaren askatasunen sinboloa den haritz zaharraren ondoan.
Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeek (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba) VIII. mendean hartu zuten egungo izena eta 1200. urtetik aurrera Gaztelako Koroan barne hartu ziren. Hala ere, erakunde tradizionalak gorde egin zituzten. Horrela, erregeek edo jaunek Foruen zina egiten zuten eta lurralde hauei zona franko gisa (koroari zergak ordaintzeaz salbuetsia) zituzten eskubideak, armak erabiltzeko obligaziorik-eza Äbakoitzaren lurraldea defendatzeko izan ezikÄ eta bakoitzaren barne-antolamenduarekiko errespetua aitortzen zizkieten.
XIX. mendean, tartean ezabapen partzialak eta berrezarkuntza osagabeak izan zirela, Euskal Herriak bere berezitasunak galdu zituen. Prozesu hau bi karlistadetan jasandako porrot militarrekin amaitu zen. Horrela, 1876ko uztailaren 21eko lege baten bidez, Foruak derogatu egin zituzten. Aldaketekin bada ere, zati batek besterik ez zuen iraun "Kontratu" edo "Kontzertu Ekonomikoen" formarekin. Hauen bidez zerga-arloko eta zerbitzu-finantzaketako harremanak ezartzen ziren. Abolizio honetatik hirurogei urtera, 1936ko urriaren 1ean hain zuzen ere, Errepublikako Gorteek onartu zuten Autonomi Estatutuak lehen Eusko Jaurlaritza sortzea ahalbidetu zuen. Gertaera hau gerra zibila bete-betean zegoela gertatu zenez gero, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa matxinoen tropek okupatu gabeko zonara mugatu zen. Demokrazia Espainiako Estatura iritsi eta, 1979an, Gernikako Estatutua onartu zen erreferendum bidez. Horrela, Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego eratu zen. Oinarrizko erakunde-arau honek Euskal Herriaren eskuduntzak jasotzen ditu besteak beste.
|