Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2003ko irailaren 17koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan Familiaren Alorreko erakunde-antolamendua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 209
  • Hurrenkera-zk.: 5785
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2003/09/17
  • Argitaratze-data: 2003/10/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Gizarte Gaiak

Testu legala

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2001eko uztailaren 3an hartutako erabaki batez, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen plana onartu zuen, eta gero, 2001eko uztailaren 30eko erabaki baten bidez, berretsi. Plan horren helburua, aintzinsolasean jartzen duenez, ¿jaiotze-tasa handitzeko eta laneko eta familiako bizitzak uztartzeko politikak gauzatzeko gero eta nabarmenagoa den premiari erantzun nahi zaio¿ eta bere helburu nagusia da ¿ekonomia eta gizarte eta lan alorreko oztopoak kentzea, familiek erabakitzen duten seme-alaben kopurua izan dezaten¿. Gaur egun Europako herrialde aurreratuenetan gauzatzen ari diren joera eta ekimenekin bat etorriz, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko planak neurri hauek hartu ditu: zerga eta ekonomia neurriak, lana eta familia uztartzeko neurriak, familiei laguntzeko zerbitzu-neurriak eta sentsibilizazio-neurriak.

Hainbat motatako neurri dagoenez, horien izaera kontuan hartuta, hainbat erakundek parte hartu beharra zuen aipatutako neurriak prestatzen, bai eta plan osoa garatzen eta abian jartzen ere, horrela bermatzen baita bai herri administrazioen parte hartzea bai tartean dauden eragile sozioekonomikoena. Bestalde, plana gauzatzerakoan nahiz emaitzak ebaluatzerakoan, beharrezkoa da jarduerak elkarrekin egitea, kontuan hartuta plan honen eta aurrez onartutako eta artean indarrean dauden beste plan batzuen artean dagoen elkarreragina ¿zuzenekoa, Enplegua Sustatzeko Erakundeen Planaren eta Emakumeentzako Ekintza Positiboko Hirugarren Planaren kasuan; zeharkakoa, berriz, Etxebizitza Bideratzeko Plana eta Landa Garapenerako Programaren kasuan.

Gogoeta horien ondorioz, erakundeen arteko lankidetza egitura baten jaso ahal izateko, komenigarri iritzi zitzaion batzorde bi sortzeari:

  • lehena: Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorra: familiari arreta eta besa ematen dioten erakunde publikoen eta gizarte eragileen parte-hartzeko berariazko gune izango da. Batzorde hori kontsulta eta aholkularitzarako organo izango da Eusko Jaurlaritzak Plan honi buruz proposatu edo ematen dituen Lege proiektuei eta xedapen orokorrei dagokienez.

  • bigarrena, Familiari Laguntzeko Erakundeen Batzordea: familia gaietan lan egiten duten erakunde publikoen lankidetza, koordinazio eta partaidetzarako organo gorena izango da.

    Agindu honen bidez batzorde biak sortzen dira, eta horien osaera eta egitekoak arautzen. Horretaz gain, Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorrak behar bezala jardun dezan, egokitzat jo da horien bilkura-erregimena, gutxienekoan behintzat, arautzea.

    Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planean ezarritakoarekin bat etorriz, Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorra Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren barruan sortu da, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren osaketa eta funtzionamendu-erregimena arautu zituen irailaren 16ko 204/1997 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Izan ere, artikulu horretan esaten da batzorde iraunkor sektorialak sortu ahalko direla, Kontseiluaren Osokoaren erabakiz edo araudian horrela xedatuz gero, gai zehatzak aztertzeko. Gainera, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren Erregelamenduaren 27. artikuluak dio arauzko xedapenaz eratutako Batzorde Iraunkor Sektorialen osaketa eta eginkizunak arau horretan ezarriko direla eta Batzorde Iraunkor Sektorialek osaketa parekidea izango dutela: batetik, herri-administrazioetako ordezkariak egongo dira, eta, bestetik, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseilua osatzen duten erakundeak.

    Ondorioz, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluari entzun ostean, hau

  1. ¿ Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan Familiaren Alorreko erakunde-antolamendua arautzea da. Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planean jasotakoaren arabera, batzorde hauez osatuta dago:

    1. Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorra.

    2. Familiari Laguntzeko Erakundeen Batzordea.

  2. ¿ Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planaren lehentasunezko erantzukizuna duen sailaren aurrekontu-kredituen konturakoak izango dira Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorraren funtzionamendu-gastuak eta Familiari Laguntzeko Erakundeen Batzordearenak.

Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorra Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren barruan sortu da eta familiari arreta eta babesa ematen dioten erakunde publikoen eta gizarte eragileen parte-hartzeko berariazko gune izango da. Halaber, kontsulta eta aholkularitzarako organo izango da seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planean jasotako gaiei buruz Eusko Jaurlaritzak proposatu edo ematen dituen lege proiektuei eta xedapen orokorrei dagokienez.

  1. ¿ Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorraren osaera parekidea izango da: herri administrazioetako ordezkariak eta zuzenean nahiz zeharka familiari arreta ematen diharduten gizarte antolakundeek osatuko dute. Hauek izango dira kide:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioen bederatzi ordezkari, honela banatuta:

      • Eusko Jaurlaritzak izendatutako hiru ordezkari, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planaren lehentasunezko erantzukizuna duen sailak proposatuta; horietako bat lehendakari izango da.

      • Hiru ordezkari, foru aldundiek bana izendatuta.

      • Hiru ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien elkarte batek, ordezkaritzarik handiena duenak, izendatuta.

    2. Bost ordezkari, helbururik nagusiena familiari arreta, laguntza eta babesa ematea duten diru-asmorik gabeko entitate pribatuek izendatuta; administrazio honetako Fundazioen Erregistroan edo Bazkunen Erroldan inskribatuta egon beharko dute entitateok, edo, bestela, dagokion erregistro publikoan inskribatuta daudela egiaztatu beharko dute. Baldin eta ordezkari horiek guztiak edo batzuk izendatzerakoan adostasunik lortzen ez bada, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planaren lehentasunezko erantzukizuna duen sailak izendatuko ditu.

    3. Ordezkari bat, Gizarte Laneko Diplomatuen eta Gizarte-laguntzaileen elkargo ofizialek izendatuta.

    4. Ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresarien erakunde-ordezkaritza duen enpresen elkarteak izendatuta.

    5. Ordezkari bat, sindikatuak ordezkatuz. Ordezkari horiek ordezkaritza handieneko erakunde eta konfederazio sindikaletakoak eta ordezkaritza handikoetakoak izango dira. Azken horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-batzordeetako kideen eta langileen artetik eta Herri-Administrazioetako era horretako organoetatik %10 edo gehiagoko ordezkaritza izan beharko dute.

    6. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko ordezkari bat.

  2. ¿ Aurreko paragrafoetako b) eta e) idatz-zatietan aurreikusitako ordezkaritza lau urtetarako izango da. Agintaldia amaitzean, berriro aukeratu ahalko dira; halaber, izendatu zituzten entitateek ordezkatu egin ditzakete agintaldia amaitu baino lehen; kasu horretan, agintaldia amaitu arte jardungo du ordezkoak.

  3. ¿ Batzorde horretako idazkari Eusko Jaurlaritzako Gizarteratzeko Zuzendaritzako funtzionario bat izango da, horko zuzendariak izendatuta. Hitza izango du, baina ez du bozkatzerik izango.

Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorraren egitekoak hauek izango dira:

  1. Gizarte eragileen eta erakundeen arteko ordezkaritza eta partaidetzarako bide izatea, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planeko edukien inguruan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskatuta, familiari buruzko xedapen orokorrei eta lege proiektuei dagozkien irizpenak egitea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioei aholkuak ematea familiari buruzko ekimen eta proposamenen inguruan eta alor horretan egin beharreko jarduerak proposatzea.

  4. Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planaren proposamena nahitaez informatzea.

  5. Batzordearen antolamendu eta funtzionamenduaren erregelamendua egitea, behar izanez gero.

  6. Ordenamendu juridikoak ematen dizkion gainerako egitekoak.

  1. ¿ Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorrak gutxienez ohiko bilkura bi egingo ditu urtero.

  2. ¿ Gainera, ezohiko bilkurak egin ahalko ditu, lehendakariak edo kideen bi herenak eskatuta.

  3. ¿ Ezohiko bilkuretarako eskaria kideen bi herenak egiten duenean, idatziz egin beharko da, eta landuko diren gaiei buruzko proposamen arrazoitu bat aurkeztu beharko da. Lehendakariak ezohiko bilkurarako deia egingo du, eskaera egin eta hurrengo hamabost egunen barruan. Gai-zerrendak eskatutako puntuak jasoko ditu nahitaez; lehendakariak, halere, beste gai batzuk ere jar ditzake.

Familiaren Sektoreko Batzorde Iraunkorraren bilkuretara joaterakoan, dieta eta kalte-ordain moduan, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta indarrean den gainerako araudian agindutakoaren arabera dagozkien diru-zenbatekoak jasotzeko eskubidea edukiko dute kideek, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren osaketari eta funtzionamendu-erregimenari buruzko irailaren 16ko 204/1997 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera (16/1993 Dekretua aldatu egin zen abenduaren 19ko 515/1995, martxoaren 31ko 63/1998 eta abenduaren 19ko 267/2000 dekretuen bidez).

Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen plana aplikatzeko jarduerak burutzerakoan erakundeak koordinatuta egon daitezen, Familiari Laguntzeko Erakundeen Batzordea sortu da, familiaren alorrean herri administrazioen lankidetza, koordinazio eta partaidetzarako organo izan dadin.

  1. ¿ Familiaren Erakundeen Batzordeko kideak:

    1. Eusko Jaurlaritzaren sei ordezkari: Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatuko ditu, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planaren lehentasunezko erantzukizuna duen saileko sailburuak proposatuta; kideetako bat gutxienez sail horretakoa izango da, eta lehendakari izango da.

    2. Sei ordezkari, foru aldundiek bina izendatuta.

    3. Sei ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien elkartea batek, ordezkaritzarik handiena duenak, izendatuta.

  2. ¿ Batzorde horretako idazkari Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze Zuzendaritzako funtzionario bat izango da, horko zuzendariak izendatuta; hitza izango du, baina ez du bozkatzerik izango.

Familiari Laguntzeko Erakundeen Batzordearen egitekoak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak ordezkatu eta koordinatzeko bide izatea, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planeko edukien inguruan.

  2. Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen plana prestatzeko jarraibideak proposatzea.

  3. Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planaren gauzapenari segimendua egitea; halaber emaitzak ebaluatzea, eta behar izanez gero, egokitzat jotzen diren egokitzapenak eta aldaketak proposatzea.

  4. Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen plana behar bezala gauzatzeko behar diren neurriak har dezaten proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioei.

  5. seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen planean aurreikusitako esku-hartzeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetakoak izanik, gai honetan eraginik izan dezaketen beste plan batzuetan aurreikusitakoak behar bezala koordina daitezen sustatzea.

  6. Batzordearen antolamendu eta funtzionamenduaren erregelamendua egitea, behar izanez gero.

  7. Ordenamendu juridikoak ematen dizkion gainerako egitekoak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko irailaren 17a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.