2005 Oroitidazkia - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


6. Aholkularitza Juridikoa eta Ikuskaritza

1

6.1. Orokorki

DBEBren Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatearen jarduera, barne-egintzez kanpo (Zuzendaritzaren, Idazkaritza Nagusiaren eta Erregistro eta Teknologia Berriak Unitatearen artapena, alegia) 2005. urtean hurrengoetara bideratu da:

  • Kontsultazkoa
    • Kontsultak
    • Txostenak
    • Bestelako jarduera (e-mailei erantzuna ematea, telefonozko eta aurrez aurreko erantzunak, aholkularitzazko bilerak, etb.)
  • Kontrolezkoa
    • Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta horien aurka egiteko eskubideak erabiltzea
    • Legez kontrako jarduerez eginiko salaketa eta erreklamazioengatik
    • DBEBk berak hasitakoak

Bidezkoa denez, azpimarra dezagun, hurrengo ataletan ematen den informazioaz kanpo, 2006. urtean Bulegoak eginiko kontsulta, txosten eta erabakien edukia era anonimoan sartuko dela DBEBren Web orrian, nahi duenak kontsulta egin ahal izan dezan. Era berean, gehien errepikatu diren kontsulten erantzunak Web orriko berariazko atal batean txertatuko direla (FAQ galdera ohikoenak).

6.2. Kontsulta-funtzioa

6.2.1. Idatzizko kontsultak

Bide horretatik eginiko kontsultei idatziz emaniko erantzuna, 2/2004 Legeko 17 n) artikuluan jasoa, herri-aholkularitza zerbitzutzat kontsidera daiteke. Datu pertsonalen babesari dagokionez, arauzko xedapen jakinei edo nozituriko jokabide zehatz bati buruz zalantzak aurkezten dituzten administrazioei edo pertsona pribatu, fisiko zein juridikoei eskaintzen zaie.

Kontsulta-funtzio honen mugak eragingo dute:

  • Datu pertsonalen babesarekin loturiko zeinahi gairi buruzkoa izatea kontsulta; berariaz, 2/2004 Legearen 2.1 artikuluan adierazitako administrazioek edo erakundeek sortu edo kudeatzen dituzten fitxategiei buruzkoak, eta zuzenbide publikoari dagozkion ahalmenak egikaritzeko; eta
  • Planteatu den kontuak zehatza izatea; horrek agintzen du, gutxien-gutxienez, zalantzak sorrarazi dituen jokabidea zehaztea edo ustezko kasu bati xedapena aplikatzea.

Kontsulta-funtzio horren barruan, Bulegoaren jarduerako lehen urtean bere interes behinena, ari garen ikuspegitik behatuta, aipatutako Legearen 2.1 artikuluak aipatzen dituen fitxategien arduradunen bidezko jardueran aritzeko ildoak adieraztea izan da.

Bulegoan idatziz eginiko hogeita lau kontsulta jaso dira eta horietatik hemeretziri eman zaie erantzuna, dagokion txostena eginik (gainerako bostei 2006. urteko lehen bi hilabeteetan eman zaie erantzuna). Azpimarratzekoak izan dira hurrengo kontuak jorratu dituztenak:

  • Erregistro Ofizialetako batean agertzen diren enpresa baimenduen zerrenda Interneten agertzeko aukera.
  • Epaitegietan auzi-errekurtsoa aurkezteko interesa zuten sindikatuei, Giza Baliabideen zuzendaritza batek hainbat pertsonaren gaineko informazioa lagatzeko aukera.
  • Erakunde pribaturen batetik Osakidetzara historia klinikoen igorpenean bete beharreko prozedura.
  • Enpresa publiko jakin baten datu pertsonalen fitxategien erregimen juridikoa.
  • Euskal Herriko Justizia Goi-Epaitegiko Auzi-Prozesuen Aretoak eskaturiko agiri-frogei dagokienez, datu pertsonalak Epaitegien esku uzteko aukera.
  • Erregistro Administratibo Publiko jakin bateko datu pertsonalak eskuratzeko aukera.
  • Euskal Herriko Kontsumitzaileen Erakundeei bideratu beharreko diru laguntzak emateko Aginduan ezarritako obligazioa (erakunde horietako bazkideen zerrendak ematekoa, alegia) betetzeko beharra.
  • Genero-bortxakeriaren biktimen babesean inplikaturiko organismoen arteko lankidetza eta koordinaziorako Protokolo-proiektu jakin batean hainbat administraziok elkarri datuak jakinarazteko aukera.
  • Funtzionario publikoen soldatei buruzko datuak emateko aukera.
  • Sarbide-eskubidearen gaineko informazioa eskatzea.
  • Azterketa epidemiologikoak egiteko, gaixoen erakunde jakin bati datuak lagatzeko aukera.
  • Prestazioen emakida onesteko arduradunak diren aldetik, aurreikuspen sozialeko erakunde jakin bateko organoek eragilearen eta bere onuradunen datu pertsonalak ezagutzeko duten aukera.
  • TAO-ko zaindariek salaketa-agirian apuntatu behar dituzten datu pertsonalak agertzeko betebeharra.
  • Euskarako ikastaroetara bidalitako langileen datuak sail jakin batek eskuratzeko aukera (asistentzia eta aprobetxamenduari buruzko txostenak).
  • Eskumeneko prozesu baten barruan, diziplina alorreko ikerketak egin ahal izateko, Foru Aldundiek datu fiskalak emateko aukera.
  • Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura alorretako Industrien Katalogoa CD-ROM-ean eta Web-ean argitaratzeko aukera.
  • Ezintasunik nozitzen duten pertsonak lan-merkatuan sartzearen inguruko azterketak egiteko, Kontratazio publikoko prozedurekin loturiko datu pertsonalak lagatzeko aukera.

Kontsulta bide diren kontuen ikuspegitik, funtsezko eskubidearekin lotuenen agertzen diren jokabideez berebiziko interesa hautematen da, datu pertsonalen komunikazioez, batik bat.

Horrela, bada, datu-jakinarazpentzat hartuak izan litezkeen jokabideak datu pertsonalak babesteari buruzko araudiari egokitzeaz 12 kontsulta jaso dira.

Horietatik hiru behintzat organo jurisdikzionalei datuak jakinaraztearekin edo organo jurisdikzionaletatik datozen datuak jakinaraztearekin loturik egon dira.

6.2.2. Txostenak

Atal honetan aintzat jotzen dira:

  • Legea garatzen duten ebazpen orokorren proiektuei buruzko txostenak, 2/2004 Legearen 17 h) artikuluan xedatutakoaren arabera
  • Derrigorrezko erantzuneko estatistikak determinatzen dituzten arauteriaren inguruko xedapenei buruzko txostenak, 2/2004 Legearen 17 h) artikuluan eta DBEBren Estatutua onesten duen urriaren 10eko 309/2005 Dekretuaren 5 a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bulegoaren irizpideari jarraiki, bestelako kontuei buruzko zeinahi txosten, bai fitxategiak sortzearen gaineko ebazpen orokorrei dagozkienak, bai eta datuak babestearekin zuzeneko edo zeharkako lotura izan dezaketen ebazpen orokorrei dagozkienak ere, irizpenen bitartez gorpuztuko dira; irizpen horiek 17 n) artikuluak adierazten ditu eta, era berean, 6.2.1.Kontsultak izeneko atalean aipatu dira.

Hala eta guztiz ere, Bulegoan sei txosten-eskaera jaso dira; sei txosten horiek ez ezik, 2004. urtetik egiteke zeuden beste zazpi ere egin dira. Egin diren txostenik aipagarrienak gai hauen gainekoak izan dira:

  • Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutu-proiektua
  • Etxebizitza eta Gizarte Gaiak Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Agindu-Proiektua
  • Osasun Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Agindu-Proiektua
  • Garraio eta Herri Lan Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Agindu-Proiektua
  • Prokuradoreen Elkargo bateko izaera publikoko fitxategien arauketa

Txostena eginarazi duten kontuen ikuspegitik, berebiziko interesa hautematen da datu pertsonalen fitxategiak sortzeari buruzko arauei dagokienez; hauek, hasieran aipatu dugun bezala eta 2/2004 Legearen egungo idazketaren arabera, ez dira bide honetatik gorpuztu behar, kontsulta bidetik baizik, egin behar izatekotan.

6.2.3. E-mail eta telefonoz zein aurrez aurreko kontsulten erantzuna

Oraindik behar bezala egituratutako zerbitzurik ez dagoen arren, e-mail eta telefono bidez kontsulta asko jasotzen dira eta, noski, horien erantzuna berehala ematea da Bulegoaren asmoa.

Era berean, geure jarduerari izaera proaktiboa eman nahi izan diogun heinean, Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioekin hamaika bilera egin eta lan-talde ugari sortu dira. Saio horietan, obligazioen betetze formalaz, beren jarduera-eremuari dagozkien egitarau berriei ekiteko burutu beharreko jarduerez aholkua eman zaie, datuak babesteari buruzko arautegia eta gainerakoak zintzotasun osoz errespetatuz egin dezaten etab..

1