3. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura
3.1. Ebazpena, 2005eko azaroaren 28koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko dena.
2/2004 Legearen 10.1 artikuluak ezartzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Lege horretan eta bere Estatutuan xedatutakoaren arabera arautuko dela. Aurreko ataletan esan dugun bezala, urriaren 18ko 309/2005 Dekretu bidez onartu zen DBEBren Estatutua.
Aipatutako Estatutuak Bulegoaren oinarrizko antolaketaren diseinua ezartzen du eta, era berean, jarduteko nahikoa tarte uzten du, behar bezala funtzionatuko badu, DBEBk berak beharrezko autoantolaketa ahalak erabili ahal ditzan. Estatutuaren 10. artikuluak honakoa dio: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa hierarkikoki zuzendariaren menpe dauden organoekin osatzen da; aholkularitza, izapidetzea, ikuskaritza, idazkaritza eta erregistroa dira organo horien zereginak eta Aipatutako egitura organikoaren garapenean, zuzendariaren ebazpenez, lehenik Kontseilu Aholku-emailearen txostena eginda, funtzionalki eta hierarkikoki zuzendariaren menpe dauden beste unitate batzuk existitzea aurreikusi ahal izango da, hala nola hauei esleitutako zereginak.
Horregatik, eman zuen Zuzendariak azaroaren 28ko Ebazpena, DBEBren egitura organikoa garatzen duena,. Ebazpen horretan nabarmentzekoak dira honakoak: zerbitzu publiko bat eskaintzen duenez zein irizpiderekin jardungo duen Bulegoak (arrazoien azalpenean aipatzen dira irizpideok), zein egitura organiko ezarriko duen eta zerbitzu bakoitzari zein zeregin emango zaion.
3.2. Zerbitzu publiko bat ematen duela-eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak bere jardunean erabili beharreko irizpideak.
DBEBk zerbitzu publiko bat eskaintzen duenez, azpimarratu beharra dago orain osatutako antolaketaren egituratik ondorengo jarduera-irizpideak erabili beharko dituela Bulegoak:
- Emandako zerbitzuaren kalitatea ebaluatzea, adierazleak ezarriz eta horien jarraipena eginez, eta erabiltzaileen iritziari eta satisfazio-mailari buruzko galde-sortak egitea (bai herritarrei bai administrazioei).
- Ahalegin berezia egitea eraginkortasunez lanean jarduteko, bai administrazio publikoekin eta baita, datuen babesaren kontrolean, aginpidea duten gainerako guztiekin.
- Prozedura guztiak erraztu eta dokumenta daitezen bultzatzea, kudeaketak tresna informatikoen bidez eta sarea erabiliz egiteko bitartekoak eskainiz.
- Bertako langileei antolaketaren ikasketa erraztea eta lanean euren bikaintasuna saritzea, leihakortasuna eta prestakuntza bultzatuz.
- Berebiziko garrantzia ematea jokabide proaktiboari, legegintza betetzeko eta datuen babesean kultura berria ezartzeko laguntza emanez administrazioei.
3.3. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa
Ebazpenaren bigarren artikuluan, bere egitura organikoa zehazten da:
- Aurreko artikuluan zehaztutako zereginak burutzeko, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa honako organo hauek osatzen dute:
- Kide bakarreko organoa. Zuzendaria.
- Kide anitzeko organoa. Kontseilu Aholku-emailea, legean ezarritako moduan.
- Hierarkikoki Zuzendariaren mende dauden administrazio-unitateak honakoak dira:
- Datuak Babesteko Erregistroa eta teknologia berriak.
- Lege-aholkularitza eta ikuskaritza..
- Idazkaritza orokorra.

3.4. Zereginak
DBEBren Zuzendariak berau zuzentzen eta ordezkatzen du. Bere barne-eremuan, bere mende dauden administrazio-unitate guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzen ditu eta berari dagokio, halaber, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunak gauzatzeko behar diren ebazpenak, jarraibideak eta gomendioak agintzea.
Datuak Babesteko Kontseilu Aholku-emailea, 2/2004 Legearen 14. artikuluan aurreikusten den gisan, DBEBren Zuzendariaren aholkularitzarako kide anitzeko organoa da, 2/2004 Legeak eta DBEBren Estatutuak esleitzen dizkion zereginak ditu eta bere antolaketako eta funtzionamenduko arauen bidez araenduko da (onartzeko bidean).
Datuak Babesteko Erregistroa eta teknologia berriak unitatea 2/2004 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako Datuak Babesteko Erregistrora atxikita dagoen Bulegoaren administrazio-unitatea da eta aipatutako Legearen aplikazio-eremuan dauden datu pertsonaleko fitxategien existentziaren publizitatea sustatzea dagokio. Halaber, eta datu pertsonaleko fitxategiei buruzko arautegiaren betearazpena zaintzeko xedearekin, sektorekako ikuskaritza funtzioa eta kolaboratzaileen sarearen koordinazioa burutuko ditu, datuak babesteko arloan. Bestalde, teknologia berriekin zerikusia duten ikerlanak egin eta Bulegoaren beraren Sistemen Planaren jarraipena burutzeko ardura izango du.
Lege-aholkularitza eta Ikuskaritza Unitatea Bulegoaren administrazio-unitatea da. Beroni dagokio ikuskaritza-lan zirkunstantzialen ahaletik eta sustapenetik eratorritako zereginetan jardutea eta sartu, aurka egin, zuzendu eta ezerezteari buruzko euren eskubideak babesteko hiritarrek egindako erreklamazioei bide ematen dieten prozedurak izapidetzea, baita, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, herri-administrazioek, erakundeek, entitateek eta korporazioek araua hautsi duten edo ez kontrolatzeko zeregina ere. Halaber, administrazio-unitate honen eskumen dira txostenak egitea, kontsultei erantzutea eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aholkularitza zerbitzua.
Idazkaritza Orokorra giza baliabide eta baliabide materialen kudeaketa, kudeaketa ekonomiko-administratiboa eta informazio orokorra, Bulegoko gainontzekoentzat prestakuntza eta agiriekin zerikusia duten bestelako zereginen kudeaketa eta laguntza eta betearazpen edo tresnen funtzioen ardura duen administrazio-unitatea da.
