2005 Oroitidazkia - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


2. 2/2004 Legea eta bere araugintza

2/2004 Legeak, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (aurrerantzean 2/2004 Legea eta DBEB) sortzeari buruzkoak aurreikusten zuen, besteak beste, bere 9.1 eta 10.1 artikuluetan, Lege horren araugintza egin behar zela, Legea bera zehazteko eta mugatzeko. Horrela, bada, 2005ean zehar, ondorengo arauak onartu dira:

2.1. 308/2005 Dekretua, urriaren 18koa, otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzen duena.

Dekretu honek, azaroaren 16ko EHAAren 218. zenbakian argitaratu zenak, 2/2004 Legea garatzen du eta berariazko administrazio-prozedurak ezartzen ditu, informazio-autodeterminazioa deiturikoaren eskubideak erabili ahal ditzaten herritarrek.

Lau kapitulutan honakoa arautzen da:

  • Dekretuan ezarritakoaren aplikazio-eremua eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiak jakinaraztea DBEBri.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko harremanetan, lehenengo auzialdian, euskal herritarrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko edo horien aurka agertzeko eskubideak erabiltzeko prozedurak,
  • DBEBren aurrean, bigarren auzialdian, eskubideen babesa lortzeko prozedurak, eta
  • Bulego horrek gauzatu behar duen prozedura zigortzailea.

2.2. 309/2005 Dekretua, urriaren 18koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutua onartzen duena

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa abian jartzeko beharrezkoa den antolaketaren diseinua ezartzen duen Estatutua onartu du Dekretu honek. Era berean, jarduteko nahikoa tarte uzten du, behar bezala funtzionatuko badu, DBEBk berak beharrezko autoantolaketa ahalak erabili ahal ditzan. Halaxe egin zen aurrerago, DBEBren egitura organikoa zehaztuko zuen zuzendariaren azaroaren 28ko Ebazpenean (EHAA, 247.zk., 2005eko abenduaren 29koa).

Bost kapitulutan zehar, honakoa aztertu eta zehaztu da:

  • DBEBren izaera eta araubidea,
  • Datu pertsonalak babesten dituzten legeak eta erregelamenduak behar bezala aplika daitezen eman ditzakeen jarraibideak eta gomendioak,
  • bere barne-antolamendua, zuzendaria eta Kontseilu Aholku-emailea oinarri dituela eta baita Datuak Babesteko Erregistroa ere,
  • ikuskaritza eta
  • ekonomia-araubidea, ondarezkoa eta langileena.