2005 Oroitidazkia - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


1. Aurkezpena

2005eko oroitza-txosten hau, berez, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren jarduerari buruz egin den urteko lehen oroitza-txostena dugu; izan ere, 2004. urteari buruzkoan, hastapenak, hau da, hilabete gutxitan egindako lanak, jaso ziren; hitz bitan esanda, 2/2004 Legeak sortu zuen organo berria osatzeko eta taxutzeko egindako lanen edukia.

Oroitza-txosten honek jaso duen epealdian ekin diogu, beraz, planifikatuta genuena gorpuzteari eta organo berri hau behar bezala finkatu dadin zimendu sendoak eraikitzen ahalegindu gara. Lan-talde txikia izan gara erakunde honen hazia, presarik gabe, baina atsedenik hartu gabe jardun dugu lanean, poliki-poliki, erabat konprometituta eta gogo biziz.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek izan duten garapen izugarriagatik, azken urte hauetan datu pertsonalak tratatzeko zabaltzen ari den berebiziko aukeragatik eta horrek guztiak sorraraz ditzakeen arazoengatik, datu pertsonalen babesa, legearen nahiz jurisprudentziaren aldetik, Oinarrizko Eskubide autonomo bilakatu da.

Teknologiak dakarzkigun egoera berriak eta horien ondorio juridikoak hautemateko moduan kontraesanak daude. Alde batetik, herritarrek normaltasun osoz hartzen dituzte eta zenbaitek pentsatuko du horiek erabiltzeak arriskuak ekar ditzaketela, baina beste zenbaitek ez. Beste aldetik, desoreka handia sortzen ari da, bai gizartean (eten digitala), bai norbanakoaren baitan (teknologia mailako gizaki analfabeto berriak) eta herrialde garatuen eta azpigaratuen arteko aldeak egunetik egunera handiagoak dira. Egoera horrelakoa izanik, aldarrikatzen diren Oinarrizko Eskubideen eta Askatasun Publikoen printzipioak bete daitezen, ahalegin handiak egin eta aukerak eskani behar dituzte gizarte demokratikoek.

Europako herrialdeok jakin dugu nola erreakzionatu eta Europako Kontseiluaren 108 Hitzarmena eta Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren 95/46/CE Arteztaraua aplikatu ditugu. Egindakoa hor dago baina lanean jarraitu beharko dugu, garapen teknologikoek eta planteatuko diren arazo juridikoek etengabe egunean jartzea eskatuko baitigute.

Gauzak horrela, kontrol-agintaritzakoei dagokigu legea aplikatzea eta datu pertsonalak babesteko kultura sustatzea. Horretarako, honako eginkizun hauek ditugu: gizartea sentiberatu, herritarrei beren eskubideak jakinarazi, eskubide horien zaindaritza-lanak egin, erakunde pùblikoetako arduradunak, zuzendaritza-kideak eta funtzionarioak prestatu eta helburu horretara bideratutako politika publikoak dinamizatu. Helburu horiek betetzea lehenetsi ditugu gure jardueren artean.

Beste alde batetik, datuen babeserako alorrean kultura berria ezartzeko, jakin behar dugu ez dela nahikoa erakundeak, besterik gabe, edo zuzendaritzako kideak soilik kontuan hartzea. Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoak izan beharko ditugu kontuan, talde horretakoak baitira, hain zuzen, funtsezko tresna, Administrazioa errazagoa, azkarragoa, eraginkorragoa eta legearekiko erabat begirunetsua izan dadin. Horregatik bada, behar-beharrezkoada langile horiei prestakuntza egokia eman diezaiegun datuak babesteko araugintzaren alorrean, baina, batez ere, ezinbestekoa da gai horretako printzipioez jabearaztea eta jakin dezatela, eta bere egin, euren la-jardueraren ondorioz jakin ditzaketen datu pertsonalak ezinbestean direla isilpekoak.

Administrazio publikoak kalitate eta hobekuntzarako hainbat prozesutan daude murgilduta. Ziur gaude modernizatzeko ahalegin horretan erabateko faktore positiboa dela datu pertsonalen babesarekiko errespetoa.

Baliteke datuak babesteko xedapenek eragitea administrazioaren antolaketari edo kudeaketari, baina, funtsean, Oinarrizko Eskubide bat jasotzen dute, eta eskubide horrek Administrazio Publikoen jardunearen oinarri izan behar du. Arduradun publikoei argi esan behar diegu datu pertsonalak babestea ez dela mehatxua gure administrazioen eguneroko kudeaketa-lanetarako, eta are gutxiago da prozesuak zailtzen dituen eragozpena edo jarduera berriei ekiteko oztopoa. Aitzitik, bihur dezagun Eskubide horren egokitzapena zerbitzu publikoa hobetzeko aukera.

Datu pertsonalak herritarrarenak berarenak dira, eta administrazio publikoak datu horien gordetzaile besterik ez gara, izan ere datu horiek behar ditugu legez ezarrita dauzkagun eskumenak bete ahal izateko. Administrazioen ohitura txarra izan da informazio pertsonal oso zabala biltzea, eta askotan muga gainditu dugu, bai kalitateari eta bai kantitateari dagokionez ere. Xedea ona zen, esleituta dauzkagun eskumenak kudeatu eta bete ahal izateko eta programa berriak abiarazi ahal izateko. Baina beste garai batzuetan gaude. Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da jarduera berriak abiarazi aurretik informazio-beharrak egoki planifikatzea, eta horretarako beharrezkoak eta egokiak diren datuak erabili, baina ez, ordea, behar ez direnak.

Ona litzateke datu pertsonalak biltzearekin zerikusia duen guztia egoki txertatzea estrategia-planifikazioan, agintaritza-koadroetan eta prozesuen metodologian. Horrela izatera, bi helburu beteko lirateke: batetik, legeak behartzen gaituen Oinarrizko Eskubidea errespetatuko genuke erabat, eta, bestetik, eraginkorragoak izango ginateke, eta, askotan, eragingarriagoak ere bai.

Iaz, oroitza-txostenaren izenburua izan zen Bidean abiatuta; orain, esan genezake ibili gabiltza, baina badakigu iraupen luzeko lasterketa dela, eta urtero-urtero eman beharko ditugu kontuak, atzera begiratu, egindako bidea zein den ikusteko, eta aurrera ere bai, norabidea zuzendu eta aurrera jarraitu ahal izateko.


Iñaki Vicuña de Nicolás

Zuzendaria