4.1. Datuak babesteko eskubidea
4.2. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura
4.2.1. Zuzendaria
4.2.2. Kontseilu Aholku-emailea
4.3. Egin gabe dagoen arau garapena
4.1. Datuak babesteko eskubidea
Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek datu pertsonalak azkar, era masiboan eta modu orokorrez lortu eta erabili (manipulatzea, sailkatzea eta biltzea) ahal izatea ahalbidetzen dute. Horrek arriskua dakarkio pertsonen pribatutasunari edo informazio-autodeterminazioari. Horrela bada, datu pertsonalen kontrola eta babesa lagungarri da datuen erabileraren eta esfera pribatuaren babesaren arteko zubiak ezartzeko.
Datu pertsonalak babesteko eskubidea hainbat esparrutan aitortu eta arautu da orain arte. Horiek horrela, nazioarteko eta Europako araudiari dagokionez, nahitaez aipatu behar dira honakoak: Europako Kontseiluaren 108. Hitzarmena, pertsonen babesari buruzkoa datu pertsonalen tratamendu automatizatuaren alorrean, 1981eko urtarrilaren 28koa.
-
Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 95/46/CE Zuzentaraua, urriaren 24koa, datu pertsonalen tratamendua eta zirkulazio askea dela-eta pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
-
Eskubide hori Europako Konstituzioa ezartzen duen Itunean bertan ere jasotzen da (I-51 eta II-68 artikukuluak), Oinarrizko Eskubideen Europako Kartak ezarritakoa biltzen baitu.
Estatuan, berriz, sektore jakin batzuetako (osasun arloa, finantza eta zergak, segurtasun kidegoak, estatistika, hauteskunde-gaiak erregistroak...) araudi zabal eta konplexua alde batera utzita, honakoa da oinarrizko erreferentzia:
-
Espainiako 1978ko Konstituzioa. 18-4 artikulua, legez kanpoko edo ohorearen aurkako erabilera ekiditeko, pertsonei beren datu pertsonalak kontrolatzeko eskubidea aitortzen diena (artikulu horren muga zein den jakiteko, nahitaezkoa da azaroaren 30eko Konstituzio Auzitegiaren 292/2000 Epaira jotzea, Espainiako Arartekoak jarritako 1463-2000 konstituzioaurkakotasuneko errekurtsoaren ondoriozkoa).
-
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalen babesari buruzkoa (LOPD), 95/46/CE Zuzentarauaren ondoriozkoa, lehengo 5/1992 Lege Organikoa (LORTAD) ordezkatu zuena.
Autonomiaren esparruan, nahitaez aipatu behar dira gurea bezalako kontrol-aginpideak sortzeko bi legeak: bata, Madrileko Autonomia Erkidegoarena (uztailaren 13ko 8/2001 Legea, 13/1995 Legea baliogabetzen duena), eta Kataluniakoa (apirilaren 19ko 5/2002 Legea).
Eskubideak babesteko arautegi hau betetzen dela ahalik eta hurbilenen ziurtatu eta egiaztatu ahal izateko sortu dira, hain zuzen ere, autonomi kontrolerako agintariak, horiek zaintzeko aginduak emateko eta, hala badagokio, gerta litezkeen arau hausteak zigortzeko. Horregatik, bada, arestian aipatutako oinarrizko legeek tinko galdegiten dute (108. komenioa, 95/46/CE zuzentaraua eta LOPDren 41. artikulua, besteak beste), zeregin horiek betetzerakoan, independentzia eta objektibotasuna funtsezkoak izan behar direla
4.2. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura
4.2.1. Zuzendaria
Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak Bulegoa zuzentzen du eta izen bereko erakundearen ordezkaria da. Eusko Jaurlaritzaren Dekretu bidez izendatzen dute, lau urterako.
Legeak zehazten duenez, erabateko independentziaz eta objektibotasunez betetzen ditu dagozkion funtzioak, eta ez dago inolako aginduren mende horiek betetzeko. Hala ere, zuzendariak, bere funtzioak direla-eta, Kontseilu Aholku-emaileak egiten dizkion proposamenak entzun beharko ditu.
Independentzia osatzen da, neurri handi batean, legeak ematen dizkion eskubideak eraginda, bai eta legean bertan ezarritako erregimenak eraginda ere. Bulegoaren zuzendariak karguari utziko dio dagokion epea bukatu aurretik soilik berak hala eskatu duelako edo Gobernu Kontseiluak kargutik kentzea erabakita, arrazoi hauetakoren bat dela eta: betebehar larriak bete ez dituelako, bere lana egin ezina etorri zaiolako, bateraezintasunen bat dela-eta edo dolozko delituren batengatik epaia jaso duelako. Halakoetan, espedientea egin beharko da aurretiaz, eta Kontseilu Aholku-emaileari entzun beharko zaio, nahitaez, espediente horretan.
Betearazleak, arau emaileak eta aholku emaileak dira bere funtzioak, bai ekonomia eta aurrekontuei buruzko edukia duten arloetan, eta bai pertsonaleko gaietan ere. Horiek guztiak zehazten ditu otsailaren 25eko 2/2004 Legeak.
4.2.2. Kontseilu Aholku-emailea
Otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 16 artikuluak aurreikusten du Bulegoaren zuzendariak Kontseilu Aholku-emailea edukitzea.
Honakoa izango dira Kontseiluaren kideak:
-
Eusko Legebiltzarreko ordezkari bat, Legebiltzarrak berak izendaturik.
-
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ordezkari bat, Gobernu Kontseiluak izendaturik.
-
Lurralde historikoen ordezkari bat, lurralde horiek batera izendaturik.
-
Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko toki erakundeetako ordezkari bat, lurralde horretan erakunde horien ordezkaritza handiena duen elkarteak izendaturik.
-
Bi aditu, bata informatikakoa eta bestea oinarrizko eskubideetakoa, Euskal Herriko Unibertsitateak izendaturik Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioei galdetu ondoren.
Artikulu horrekin bat etorrita, honako izendapen hauek egin dira:
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaria, Gobernu Kontseiluak izendatuta: José María Endemaño Arostegui jauna, Erakunde Politikarako eta Toki Administraziorako zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia, 2004ko uztailaren 13koa.
"…Bigarrena.- Jose Maria Endemaño Arostegui, Erakunde Politikarako eta Toki Administraziorako zuzendaria izendatzea Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen ordezkari gisa."
- Euskal Autonomia Erkidegoko Toki erakundeen ordezkaria, erakunde gehien biltzen duen elkarteak izendatuta: Rafael Ibargüen González jauna, Basauriko alkatea.
EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartearen jakinarazpena, 2004ko uztailaren 20koa, zeinaren bidez izendatzen baita Rafael Ibargüen González jauna, Basauriko alkatea, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen ordezkari gisa.
- Eusko Legebiltzarrak izendatutako ordezkaria: Juan Luis Mázmela Etxebarria, Eusko Legebiltzarreko Informazio-sistemen zuzendaria.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2004ko abuztuaren 31n egindako bileran hartutako erabakia, Eusko Legebiltzarreko Informazio-sistemen zuzendaria izendatzen duena Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen ordezkari gisa.
- Bi aditu, bata informatikaren alorrekoa eta, bestea, oinarrizko eskubideen alorrekoa, Euskal Herriko Unibertsitateak izendatuta: Eduardo Jacob Taquet jauna, Ingeniaritza Telematikoko irakasle titularra, informatikaren esparrukoa, eta Iñaki Esparza Leibar, Zuzenbide Prozesaleko irakasle titularra, oinarrizko zuzenbideen esparrukoa.
Resolución del Rector de la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen ebazpena, 2004ko azaroaren 29koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen ordezkariak izendatzen dituena.
Izendapenak egin ondoren, Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen lehenengo bilera planifikatu zen 2005eko lehendabiziko hiruhilean egiteko.
4.3. Egin gabe dagoen arau garapena
Bai 2/2004 Legeak berak eta bai Legea indarrean sartu izanaren ondorioz beharrak sortu direlako ere, honako hauek garatu beharko ira epe laburrean:
Datuak babesteko euskal Bulegoa
Aipatutako 2/2004 Legearen 10.1 artikuluak ezartzen duenez, DBEBak jardungo du Lege horretan eta, Eusko Jaurlaritzak, Lehendakaritzaren proposamenez, onartutako Bulegoaren Estatutuari buruzko dekretuan xedatutakoaren arabera. Beraz, Bulegoaren oinarrizko antolaketa-diseinua osatu beharko da Dekretu horren bidez.
Otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, garatzen duen Araua
Herritarren intimitate pertsonala eta familiarra eraginkorrago babestearren, beharrezkoa da araudia osatzea; bereziki, informazio-autodeterminaziorako eskubidea izenez ezagutzen dena. Hala ere, kasu honi dagokionez, babesa bai han sortu edo kudeatu direlako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei lotetsitako fitxategiei baino ez dagokie.2/2004 Legeak berak ere, azken xedapenean, baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari gara eta aplika dezan. Baina gaikuntza orokor horrez gain, 2/2004 Legeak zenbait aldiz jotzen du araudira. Horietakoen artean azpimarratu behar dugu Legean ezarritakoaren aurkako jarduerak direla-eta, interesdunen erreklamazioen ondoriozko prozedura arautzeari dagokiona.
Kontseilu Aholku-emailearen erregelamendua
2/2004 Legearen 16.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, Kontseilu Aholku-emaileak berak onartuko ditu bere antolaketako eta funtzionamenduko arauak. Lehendakari-kargua eta idazkari-kargua egongo dira arau horietan aurreikusita, eta nola aukeratu edo izendatu behar diren ere bai.
Datuak babesteko erregistroa
Legearen 18.4 artikuluak ezartzen du Fitxategiak Datuak Babesteko Erregistroan nola inskribatu behar diren, inskripzioen edukia, nola aldatu, indarrik gabe nola utzi, ebazpenen aurkako erreklamazioak eta errekurtsoak nola aurkeztu eta halako gainerako gorabeherak erregelamendu bidez arautuko direla.
Bulegoaren zuzendariaren ebazpena, inskribatzeko eta jakinarazpenen eredu eta bitartekoei buruzkoa
Jarduera erabat material gisa, fitxategien inskripzio prozesuak erraztearren, eta arrazoi erabat instrumentalak direla medio, beharrezkoa da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Datuak Babesteko Erregistroan fitxategiak sortu, aldatu edo ezabatzeko inprimaki-ereduak eta bitartekoak ezartzea.
« Aurrekoa | Hurrengoa »
|