2. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren jarduera-esparrua.


2.1. Testuinguru teknologikoa
2.2. Gure jarduera-esparrua
2.1. Testuinguru teknologikoa

Euskadik presentzia handia du Informazioaren Gizartean; batez beste, Europako Batasuneko herrialadeetako Interneteko erabiltzaile kopuru antzekoa du. "Euskadi Informazioaren gizartean" Planak, esaterako, baditu zenbait programa helburu dutena, lehentasun gisa, Euskadin "Internet kultura" garatzea, bai herritarrei eta bai enpresei begira. Hala bada, etxeko ordenagailuak erosteko jarduerak abiarazi dira, finantza-erakundeekin batera (Konekta Zaitez, Conéctate), eta Interneten oinarrizko prestakuntza jasotzeko zentroak sortu dira udalerri guztietan, herritarren eskura.

Euskal Administrazioek e-Administrazioa izeneko praktiken aldeko apustua egin dute, zalantzarik gabe. Euskadik badu, dagoeneko, Egiaztagiri Elektronikorako Baimena (Izenpe), sinadura elektronikoaren bidez herritarrekiko elkarreragin ziurra eskaintzearren. Administrazioek hainbat on line zerbitzu eskaintzen dizkiete herritarrei, hala nola espedienteak tramitatzeko eta kontsultatzeko zerbitzua, egiaztagiriak eskatzekoa, administrazio-kontratazioa, ordaintze-gunea eta abar.

Arestian adierazitako guztiak teknologia-ezarpen handiko testuinguru batean jartzen gaitu, non gero eta indar handiagoa duen herritarrekiko elkarreraginak; horrek berekin dakar datu pertsonalak jasotzen dituzten gero eta fitxategi gehiago izatea.


2.2. Gure jarduera-esparrua

Bulegoari buruzko Lege arautzailearen bigarren artikuluak zehazten du Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren jarduera-esparrua. Artikulu horren arabera, Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak, lurralde historikoetako foru organoek, Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeek eta administrazio publikoekin lotura duten era guztietako enteek (publikoak, mendekoak edo haietara loturikoak) sortu edo kudeatutako datu pertsonalak dituzten fitxategiei aplika dakieke, betiere fitxategi horiek sortu badira zuzenbide publikoko agintea erabiltzeko.

Datuen Babeserako Euskal Bulegoaren beraren lana neurtu ahal izateko, eman eta zabaldu beharrekoak dira erakunde-bilbearen inguruko datu hauek (fitxategiren batzuk, haien titulartasunekoak izanik, 2/2004 legearen aplikazio-eremuaren barruan zein eremu horretatik at geratuko badira ere).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, Eusko Jaurlaritzari, dagokionez:

  • Administrazio Orokorra ez ezik, badira laurogeita bi sozietate publiko zeinetan administrazio orokorrak parte hartzen baitu, bai eta zazpi erakunde autonomiadun ere.
  • Funtzionarioak eta lan-kontratupekoak barne, enplegu publikoak 59.000 langile biltzen ditu.
  • Datuak babesteko Espainiako Bulegoaren Erregistroan 456 fitxategi daude jasota gaur egun.

Hiru lurralde historikoei dagokienez, hiru Foru Aldundiek:

  • Hogeita hamazazpi sozietate publikotan dute parte, bost administrazio-erakunde autonomiadun dituzte, bai eta merkataritza-erakunde autonomiadun bat ere.
  • Enplegu publikoaren alorrean, funtzionarioak eta lan-kontratupekoak barne, 8.779 langilek dihardute.
  • Gaur egun, 234 fitxategi daude jasota Datuak babesteko Espainiako Bulegoaren Erregistroan.

Autonomia Erkidegoan diren 151 udalei dagokienez, honakoa dugu:

  • 336 tokiko erakunde txiki eta administrazio-batzorde biltzen dituzte. Badira udal horiek parte hartzen duten laurogeita bederatzi sozietate publiko, eta 125 erakunde autonomiadun dituzte.
  • Funtzionarioak eta lan-kontratupekoak barne, 19.328 langilek dihardute udal administrazioan.
  • Gaur egun, 1.503 fitxategi daude jasota Datuak babesteko Espainiako Bulegoaren Erregistroan.

Halaber, azpimarratu behar da badirela udal mailaz gaindiko zenbait tokiko erakunde: sei Kuadrilla (Eskualde); hogeita hamazortzi Mankomunitate (hamabi sozietate publiko eta administrazio organo autonomiadun bat dutenak); hogei partzuergo eta Udalen Elkarte bat.

"Administrazio publikoarenak edo horiekin lotura duten zuzenbide publikoko era guztietako erakundeak" direla-eta, bada borondaterik, dirudienez, beren legeak betetzearren, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Lurralde Administrazioetako edozein pertsonak, juridiko zein publiko, sortu edo kudeatutako fitxategiak  Legearen aplikazio-esparruaren barruan sartzeko. Ez da oraindik esamoldeari -Legeak ad hoc sortua-  dagokion integrazioa ahalbidetzeko arau orokorrik, baina antzematen da beharrezkoa dela bere zentzuari eta irismenari buruzko aurreikuspenak jasotzea Legeak izango duen garapenean.

Beste alde batetik, legearen esparrua hedatzen da, logikoa denez, Autonomia Erkidegoaren instituzio-sare osora. Berariaz aipatzen ditu, esaterako, Eusko Legebiltzarra, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa, Lan Harremanen Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Kooperatiben Kontseilu Nagusia, Arbitraje Batzordea eta Datuak babesteko Euskal Bulegoa bera ere. Bestalde, Eusko Legebiltzarraren lege bidez sor litezkeen erakundeak ere, nortasun juridikoa eduki edo ez,  aurreikusten ditu, baldin eta erakunde horiek sortzeko legearen artikuluetan aurkakoa xedatzen ez bada.

Azkenik, eta legearen xede den sektore publikoari buruzko jarduerarekin bat etorrita, zuzenbide publikoko korporazioetara, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes ekonomiko eta profesionalak ordezkatzen dituztenetara ere hedatzen da eskumena. Hau da, elkargo profesionalak eta ganberak hartzen ditu, konstituzio-arauei jarraiki (batez ere erlkargo profesionalei buruzko STC 76/1983 eta 89/1996, nekazaritza ganberei buruzko STC 22/1999, merkataritza ganberei buruzko STC206/2001 eta hiri jabetzaren ganberei buruzko STC 11/2002) oinarri pribatuko sektoreko korporazioak direnak, edo elkarte izaerako ente publikoak, hau da, zenbait gizarte-interesengatik legearen borondatez sortutako gizarte-elkarteak, sarritan nortasun juridiko-publikoa dutenak.

Korporazio horiek zenbait baldintza bete behar dituzte: lehenengo eta behin, zuzenbide publikoko eskumenak eduki beharko dituzte (administrazio-jarduera bat garatzeko balioko dute); bigarrenik, eskumen horiek garatu beharko dituzte Administrazio Zuzenbidearekin bat etorrita, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioak aztertu ahal izango ditu; eta, hirugarrenik, fitxategi publikoaren arduradunak Erkidego Administrazioarekiko lotura izango du (Autonomia Estatutuan aitortutako eskumena, transferituta dagoena).

Bulegoaren eskumen-esparruari dagokion azterketarekin bukatzearren, komenigarria iruditzen zaigu azpimarratzea kontroleko beste aginpide batzuetatik zein jarduera-esparruk bereizten gaituen, egin beharreko zereginen garrantzia mugatuko dituzte-eta. Ertzaintzaren (Euskadiko Autonomia Estatutuaren 17 artikulua eta Euskadiko Poliziaren 4/1992 Legea)  eta foru ogasunen (Espainiako Konstituzioaren 1. Xedapen Gehigarria; Autonomia Estatutuaren IV. Kapituluko II. Idazpurua; Kontzertu Ekonomikoaren 12/1981 Legea; eta Lurralde Historikoen 27/1983 Legea).

Bada arestian landu dugun beste alderdi bat,  bereziki nabarmendu nahi duguna, garrantzitsua baita datu pertsonalen babesaren ikuspegitik. Besteak beste osasun eta hezkuntza arloetan Autonomia Erkidegoko teknologia-aurrerapen handiaz ari gara.

« Aurrekoa Hurrengoa »

 

Azken eguneratzea: 2005/07/19