Autonomia-kontroleko aginpideak sortzea aurreikusten du 15/1999 Lege Organikoaren 41 artikuluak, izan ere, Lege horek erakunde horien, titulartasun publikoari dagokionez, lurralde-esparruko eskumenak ezartzen ditu. Estatu batean hainbat kontrol-aginpide sortzeko aukera jasotzen dute 95/46/CE Zuzentarauak bai eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideei buruzko Kartak ere. Azken hori, aldi berean, Europako Konstituzio-proiektuan dago integratuta.
Aurkezpen honen izenburu gisa "bidean abiatuta" esaldia jarri dugu, hain zuzen ere, lehendabiziko oroitza-txosten honen berezitasuna islatzearren, izan ere hasiera honetako helburuak izan dira, lehenengo eta behin, legeak agintzen duena betetzea, hau da, administrazio-erakunde erabat berria, eta, nolabait esatearren, bere izaera juridikoa dela-eta bitxia gure antolamenduan, eratzea; eta, aldi berean eta bigarrenik, erakunde horrek helburu duen zereginean jardutea: datuak babesteko araudia betearaztea eta kontrolatzea, eta herritarren intimitate pertsonala eta familiarra babestea, beren eskubide guztiak erabat gauza ditzaten.
Ildo horretatik, kontuan hartu behar da Bulegoaren jarduera hasi zela zuzendariak kargua hartu zuen unean, eta orduantxe hasi ziren Bulegoa bera eratzeko eta eskaini behar zuen zerbitzu publikoa antolatzeko lan konplexuak ere. Era berean, bidezkoa da eratze prozesu honen lehenengo fasean Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak eta datuak babesteko gainerako agentziek eskaini diguten laguntza aparta eta adeitsua aitortzea eta erakunde horiei eskerrak ematea.
Bulegoa eratzearren, hainbat esparrutan jardun behar izan dugu, adibidez, eraketa lanetan (erakunde-eraketa eta arauen garapena), baliabideez (giza baliabideak eta materialak) hornitzeko, alderdi teknologiko eta metodologikoen esparruan eta azpiegitura lanetan ere bai. Motibatu eta gugan ilusio handia pizten duen erronka da.
Azkenik, azpimarratu behar dugu abiapuntuan badela alderdi onik, izan ere gure legearen aplikazio-esparruan integratutako administrazioek egoki betetzen dute datuak babesteko alorreko araudia. Eta hori diogu Estatu osoko titulartasun publikoko fitxategien egoerarekin alderatu ondoren. Horrek, noski, indarra ematen digu egiteko daukagun guztiari ekiteko, eskatutako alderdi formal guztiak betetzea lortzeko, administrazio publikoetan diharduten langileak prestatzeko eta sentsibilizatzeko, datuak babesteko praktika egokien protokoloen aplikazioa hobetzeko, e-administrazioa gaurkotzeko eta garatzeko lanetan jarduteko, baina, batez ere, datu pertsonalei dagokienez, pertsona fisikoen oinarrizko askatasun eta eskubideak babestuko direla ziurtatzeko.
Iñaki Vicuña de Nicolás
Datuak babesteko Euskal Bulegoaren Zuzendaria
Hurrengoa »
|