Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2026ko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4803

1153/2026 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez 2026-2027 ikasturteko bigarren lauhileko euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Osakidetzako langileei eta berari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.

Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.

Ebazpen honetan, hortaz, kontuan hartu dira azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta lege hori garatzen duten dekretuak: otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua, Euskal Sektore Publikoan Euskararen erabilera normalizatzekoa; eta euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana (2022ko urtarrilaren 27an onartua) eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) eta Osakidetzak hizkuntzaren eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUGU:

Atal bakarra.– Osakidetzako langileentzako 2026-2027 ikasturteko euskara-ikastaroetarako deialdi osagarria onartzea, I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita. Deialdi honek 2026-2027 ikasturteko bigarren lauhilekoa arautzen du, eta C1 mailara arteko ikastaroak eskaintzen ditu.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak azaroan argitaratuko du 2026-2027 ikasturteko bigarren lauhilekorako euskara-ikastaroen deialdi osagarria egiteko ebazpena, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzat.

Ebazpen honetan jasotako aurreikuspenen eta IVAPen ebazpen horren artean desadostasunik badago, azken horretan xedatutakoa nagusituko da.

Era berean, IVAPen ebazpena aplikatuko da deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren gai guztietan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 16a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Osakidetzako langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntza bultzatzea eta haien euskalduntze-prozesuan eragitea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta 2026-2027 ikasturteko euskara-ikastaroen deialdi orokorra arautzen duen martxoaren 10eko 528/2026 Ebazpenaren datatik deialdi honi dagozkion eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zerbitzu aktiboan, senitartekoak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.

2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du, nolanahi ere, dituen aurrekontu-baliabideen barruan.

3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du, horretarako duen aurrekontuaren bidez. Langileak Osakidetzaren laguntza jaso ahal izateko, Langileen eta Talentuaren zuzendariak 2026ko martxoaren 10ean emandako 4/2026 jarraibideetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Aurrekontua nahikoa ez balitz, aipatutako 4/2026 jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. Jarraibide horiek ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.

4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko III. Planaren 8.1.2. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, baita Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak instrukzio bidez ezarriko dituen irizpideak ere.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

3.1.– Arau orokorrak.

Ondoren jasotzen diren alderdiak arautzeko, 2026-2027 ikasturteko deialdi nagusiaren oinarriak aplikatuko dira (martxoaren 10eko 528/2026 Ebazpena, 2026ko apirilaren 30ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), bigarren lauhilekoko egutegira oinarrituta:

– Mailaketa-proba (5.1. oinarria) egitea beharrezko bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du langilea. IVAPek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

– Administrazio-taldeak antolatzeko (5.2. oinarria), ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta bertan adieraziko dira jai eta zubi egunak.

– Matrikula-kodearen bitartez eskolatzea. Matrikulazioa, ordainketa eta kostua (5.3. eta 6.3. oinarriak).

– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak (5.4. oinarria).

– Eskolan hastea eta berandu hastea (7.1. oinarria).

– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak (7.2. oinarria).

– Ikastaroari uko-egitea (8. oinarria).

– Eskola behin betiko uztea (9. oinarria).

– Ordu-kredituari buruzko araubidea (10. eta 11. oinarriak).

– Eskaintzen diren moduluak (egunean 2/3 ordukoak, trinkoak eta barnetegiak).

Administrazio-taldeak osatze aldera, deialdi osagarri honetan mailaketa proba egingo da. Proba egun batean bakarrik egingo da.

3.2.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin edo hilabeteko barnetegia eskatu ahal izango dute interesdunek, betiere baldintza hauen pean:

– Ikastaroa 2026ko urrian hasi ez duten langileek aurrez aurreko bost orduko ikastaroa edo barnetegikoa (lau hilabetekoa edo hilabetekoa) eskatu ahal izango dute, biak lanorduetan.

– Ikastaroa 2026ko urrian hasi duten langileek, aldiz, honako aukerak izango dituzte:

Lanorduetan bi orduko ikastaroa egiten ari direnek modulu aldaketa eskatu ahal izango dute; hau da, bi orduko ikastarotik trinkora edo 4 hilabeteko barnetegira, betiere lanorduetan. Hilabeteko barnetegia ezin dezakete egin urrian hasitakoek.

Lanorduetan trinkoa edo 4 hilabeteko barnetegia egiten ari direnek matrikula berritzeko edo moduluz aldatzeko eskaera egin dezakete, alegia, trinkotik edo 4 hilabeteko barnetegitik bi orduko ikastarora (lanorduetan nahiz lanorduz kanpo). Lehen hiruhilekoan hilabeteko barnetegia egin dutenek berriro eska dezakete hilabeteko barnetegia.

Lanorduz kanpo ikasten ari direnek (aurrez aurrekoa zein autoikaskuntza) ezingo dute ikastaro berririk eskatu.

Oraingo deialdi honetan ezin izango da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Ikastaroek, betiere, HABEk araututako moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan, hilabeteko barnetegiko ikastaroak izan ezik.

Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Eskabidea egiteko epea 2026ko azaroaren 13tik 20ra bitartean (biak barne) izango da.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren intranet korporatiboaren bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:

– www.osakidetza.eus (Profesionalak>Euskara>Euskara ikasi>(ikastaro mota aukeratu)).

– www.osakidetza.eus (Profesionalak>GGBBko Informazio sistemak>Euskara>Aplikaziora sartu>Euskalduntze ikastaroak).

Interesdunek deialdi honetan eskabide elektronikoa bete beharko dute eta deialdian eskainitako modulu eta ordutegi bakarra aukeratu.

Eskaera telematikoa egitea ezinezko den kasuetarako, interesdunek zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetan aurkeztu ahal izango dute izena emateko eskabidea.

Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea aurreikusitako edozein modalitatetan.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko langileen zuzendaritzen ardura da, euskara zerbitzuen laguntzaz, aurkeztutako eskabideak aztertzea eta eskatzaileen artean aukeraketa egitea, betiere Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak eta III. Euskara Planak ezarritako lehentasunak eta hautaketa-irizpideak aintzat hartuta.

Eskabideak Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak horretarako prestatu duen aplikazio informatikoaren bidez kudeatuko dira, eta onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzan 2026ko abenduaren 9rako egon beharko dute.

Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta, Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, behin betiko eskaeren berri emango dio IVAPi 2026ko abenduaren 11rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ez aldaketarik onartuko, ez bada onartutako erreklamaziorik aurkezten behintzat.

Bidalitako eskabideak aztertu eta gero, IVAPek Osakidetzari jakinaraziko dio baztertutakoak zeintzuk diren, ukatzeko arrazoiarekin batera, 2026ko abenduaren 18a baino lehen.

Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesdunei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez; onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesdunei. Jakinarazpena 2026ko abenduaren 23rako egin beharko da beranduen ere.

Idatzizko jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek 10 egun naturaleko epea izango dute bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari egoki iritzitako erreklamazioa aurkezteko. Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.

Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.

Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.

Deialdi honetan, hurrengo dokumentuetan zehaztu ditu Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak lanorduetako ikastaroen hautaketa-irizpideak: martxoaren 10eko 3/2026 Jarraibideetan, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planean eta Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak horri buruz argitaratuko duen instrukzioan.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da lanorduetako ikastaroak eskatzen dituzten langileen artean aukeraketa egitea.

Seigarrena.– Lanorduetako eta lanorduz kanpoko ikastaroak.

Ebazpen honen II. eranskinean daude adierazita deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak.

Deialdi hau 2026-2027 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu den martxoaren 10eko 528/2026 Ebazpenean iragarri bezala. Deialdi osagarri honetan egin daitezkeen ikastaroak II. eta III. eranskinetan daude jasota.

Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

Ikastaroa hasi baino lehen, IVAPek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari helaraziko dio administrazio-taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta. Era berean, ikastaroen egutegi zehatza ere banatuko du, eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Administrazio-taldeetara egokitzen ez diren langileentzat, bestelako ordutegi edo herritan ikasi nahi dutenentzat, edo lanorduz kanpoko ikastaroa egin behar dutenentzat eskolatzea matrikula-kodearen bidez egingo da, lehen aipatutako martxoaren 10eko 528/2026 Ebazpeneko 5.3. atalean zehazten den moduan.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere ordainduko ditu. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak: joan-etorriak, materialak, etab.

Matrikula-kodea 2027ko otsailaren 26a baino lehen entregatu beharko da euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan.

Zazpigarrena.– Ikastaroen hasierari buruzko arau orokorrak.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

IVAPek eta Osakidetzak arrazoi hauengatik soilik onartuko dute eskolan berandu hastea: gaixotasun luzea edo larriagatik, erditzeagatik, amatasunagatik edo aitatasunagatik eta adopzio edo harreragatik. Nolanahi ere, kasu horietan martxoaren 10eko 528/2026 Ebazpeneko 7.1. ataleko baldintzak bete beharko dira.

Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentzia ikastaro trinkoa izango da, beraz:

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek, lehenik eta behin, ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute, harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Zortzigarrena.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan euskara-ikastaroak kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua, alde batetik, Osakidetzaren ardurapean egingo dela, eta, beste alde batetik, IVAPen ardurapean.

Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Giza Baliabideen Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa

Halaber, interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak IVAPek tratatuko dituela eta EAEko Administrazio Publikoetako Langileen Euskalduntzea izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere. Hori guztia, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun baten arabera. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO LANGILEEZ OSATUTAKO TALDEAK

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira ondorengo egutegiaren arabera:

Maizpide (Lazkao): otsailak 15 – ekainak 25.

Aurten Bai (Zornotza): otsailak 15 – ekainak 25.

Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaizkie.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

Bigarren lauhilekoaren iraupena ondorengoa izango da: 2027ko otsailaren 15etik ekainaren 25era.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

3.– Modulu aldaketak.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: 2027ko otsailaren 15etik ekainaren 18ra arte.

Administrazio-taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Matrikula-kode bidez eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko talde batera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Aldiz, matrikula-kodearekin eskolatzen dien ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dute.

III. ERANSKINA
MATRIKULA-KODEAREN BIDEZ FINANTZATUKO DIREN IKASTAROAK

Lanorduetako Ikastaroak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Lanorduz kanpoko ikastaroak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala