
212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (201 KB - 13 orri.)
- EPUB (180 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4669
EBAZPENA, 2026ko urriaren 28koa, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez dirulaguntzak deitzen baitira 2026. ekitaldian Euskal Diasporaren esparruko argitalpen- eta ikus-entzunezko proiektuetarako.
Kanpoan den Euskal Komunitateari ematen zaion laguntza indartzera bideratutako dirulaguntza hauen helburua Lehendakaritzaren lau urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori Koordinazio eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen (ebazpen horren bidez onartzen da Lehendakaritzaren 2024-2027 aldirako lau urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa), eta helbide honetan argitaratuta dago:
Era berean, dirulaguntza horiek Lehendakaritzaren 2026. ekitaldirako Urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiaren 2026ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta helbide honetan dago argitaratuta eta eguneratuta:
2026. ekitaldiko deialdia egiten da Euskal Diasporaren esparruko argitalpen- eta ikus-entzunezko proiektuetarako.
Ebazpen hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zenbakia) xedatutakoaren arabera arautuko da.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiari dagokio bere eskumen-eremuko dirulaguntzen deialdia egitea.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Oinarri arautzaileak ezartzea eta Euskal Diasporaren esparruko argitalpen- eta ikus-entzunezko proiektuak egiteko 70.000 euroko dirulaguntzak deitzea, 2026. ekitaldirako, I. eranskinean onartzen diren oinarrien arabera. Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua II. eranskinean jasotzen da.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Europar Batasuneko lurraldean kokatutako Euskal Etxeek, federazioek eta pertsona juridikoek jasotako laguntzak Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (EBAO L, 2023-12-15). Laguntza horiek minimis motakotzat jotzen dira, pertsona juridiko edo fisiko jakin bati emandako laguntza osoak ez baitu 300.000 euro gaindituko hiru urteko edozein alditan. Muga horretatik behera, laguntzek ez dute merkataritzan eraginik izaten, eta ez dute lehia faltsutzen; beraz, ez daude Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan aurreikusten ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatuko da, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia ere.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo berari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 28a.
Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia,
ANDER CABALLERO BARTUREN.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Euskal Diasporaren esparruan 2026. urtean egiten diren argitalpen- edo ikus-entzunezko proiektuen ekoizpena eta zabalkundea laguntzeko.
Bigarrena.– Onuradunak eta onuradun izateko eskakizunak.
1.– Dirulaguntza honen onuradun izan daitezke kultura-sektoreko enpresak, xede nagusia kulturala duten elkarteak, Euskal Etxeak eta Euskal Diasporarekin eta Kanpoan den Euskal Komunitatearekin lotutako pertsona fisiko edo juridikoak, Euskal Autonomia Erkidegokoak zein kanpokoak.
2.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko, baldintza da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izatea ere.
3.– Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin izango dituzte eskuratu:
a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 4. eta 5. paragrafoetan jasotako debekuren batean dauden pertsonek edo erakundeek.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten pertsona edo erakunde eskatzaileek, ezta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez dituztenek ere.
c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigor administratiboa edo penala duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren batean daudenek, sexu-diskriminazioagatik ezarritakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).
d) Pertsona trans-en berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako kasuetan dauden pertsonek.
e) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazio-prozeduraren batean dauden erakundeek.
4.– Eskakizunak egiaztatzea. Oinarri honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla honela egiaztatuko da:
a) Kultura-sektoreko enpresa izatea edo xede nagusia kulturala duen elkartea izatea: estatutuen, eraketa-eskrituraren edo xede soziala jasotzen duen dokumentu baliokidearen bidez, Administrazioaren esku jada ez badaude.
b) Euskal Etxea izatea: Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta dagoela ofizioz egiaztatuz.
c) Gainerako pertsona fisiko edo juridikoek Euskal Diasporarekin eta Kanpoan den Euskal Komunitatearekin duten lotura: harreman hori proiektuaren memorian azalduz, eta hura egiaztatzen duen dokumentazioa erantsiz (aurreko argitalpenak, lanak edo jarduerak, estatutuak edo beste dokumentu batzuk).
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea: organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera, eskatzaileen baimenik behar izan gabe. Hala ere, eskatzaileek egiaztapen horren aurka egin ahal izango dute, eta, kasu horretan, dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izatea: organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du.
f) 3. apartatuan jasotako egoeretan ez egotea: lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoen edo datu-transmisioaren bidez; organo kudeatzaileak ofizioz eskuratuko ditu, datuen bitartekaritza-zerbitzuen edo Dirulaguntzen Datu-base Nazionalaren bidez. Agintaritza eskudunak dokumentu hori eman ezin duenean, zortzigarren oinarrian aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluaren arabera.
Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren aurrekontuko 1000123000.1.13110.45200 aurrekontu-aplikazioari (PEP 2026/001004) egotziko zaizkio, gehienez 70.000 euroko zuzkidurarekin.
Gehienez hamar proiektu finantzatu ahal izango dira.
Laugarrena.– Emateko prozedura.
Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, lehiaketa bidez. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri hauetan finkatutako irizpideen arabera.
Bosgarrena.– Laguntzen organo kudeatzailea.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza izango da deialdi honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoa.
Organo kudeatzaileak, espedienteak eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du, eta ebazteko eskumena duen organoari bidaliko dio.
Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak aurkezteko, Administrazioak onartutako identifikazio- eta sinadura elektronikoko bitartekoak erabiliko dira. Hala ere, izapidetze elektronikoa aukerakoa izango da pertsona fisikoentzat, eta eskabidea aurrez aurre aurkeztu ahal izango dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.
www.euskadi.eus/servicios/1273501
www.euskadi.eus/zerbitzuak/1273501
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio- eta sinadura elektronikoko bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es/
4.– Izapidetzeari buruzko jarraibideak, eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda-y-soporte-en-la-tramitacion/web01-sede/es
5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu; horretarako, ordezkaritza Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/representantes
6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, bai eta harekin batera doan dokumentazioa ere. Era berean, prozedura osoan zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide-inprimakiarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Proposatutako proiektuaren memoria; hura egiteko, gidoi hau proposatzen da:
1.– Proiektuaren ekoizpen-blokea.
a) Proiektuaren xedea.
b) Proiektuaren helburuak.
c) Proiektuaren jardueren zerrenda.
d) Proiektua gauzatzeko kronograma.
e) Proiektua zein publikori zuzentzen zaion.
f) Baliabide materialak eta giza baliabideak.
g) Euskarak azken produktuan duen presentzia-maila.
h) Genero-ikuspegia txertatzea.
2.– Proiektuaren zabalkunde-blokea.
i) Proiektua zabaltzeko helburuak.
j) Proiektua zabaltzeko eta ikusgarri egiteko ekintzak.
k) Proiektua zabaltzeko kronograma.
l) Zabalkunde-ekintzen kokapena.
m) Zabalkunde- eta ikusgarritasun-ekintzak zein xede-publikori zuzentzen zaizkion.
Era berean, aurrekontu zehatz bat aurkeztu beharko da, gastuen eta diru-sarreren zerrenda jasoko duena, eskatutako, aurreikusitako edo jasotako beste dirulaguntza edo laguntza ekonomiko batzuk barne, bai eta izen-emateen, sarrera-salmenten eta abarren bidez lortutakoak ere.
Ezinbestekoa izango da proiektua eta aurrekontua eskabide-inprimakiari erantsita aurkeztea, oinarri hauetan ezarritako epean eta moduan.
Baztertu egingo dira sexuagatiko edo generoagatiko adierazpen diskriminatzaileak sustatzen, justifikatzen edo jasotzen dituzten proiektuak, bai eta indarkeria matxista bultzatzen dutenak ere.
Zortzigarrena.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat jasoko du, II. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bertan pertsona edo erakunde eskatzaileak honako alderdi hauek adieraziko ditu:
a) Helburu bererako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu dituela eta, hala badagokio, lortu dituela jakinaraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik datozela ere.
b) Eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituela.
c) Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigor administratiborik edo penalik, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren batean, sexu-diskriminazioagatik ezarritakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuen arabera.
d) Pertsona edo erakunde eskatzailearengan ez dela gertatzen Pertsona trans-en berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTB pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 8ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.
e) Eskabidean eta harekin batera doan dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan adierazitakoaren arabera, erakunde onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen du.
Erantzukizunpeko adierazpenak prozeduran aurkeztu beharreko dokumentazioa ordezten duenean, onuradun izateko proposatzen direnek haren edukiaren egiazkotasuna berretsi beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuz, emateko prozedura ebatzi aurretik.
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein daturen funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo ez-adierazteak urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluan aurreikusitako erantzukizunak eragingo ditu. Administrazioak edozein unetan baliatu ahal izango ditu egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak.
Bederatzigarrena.– Eskabidea zuzentzea.
Eskabideak eskatutako eskakizunak betetzen ez baditu edo nahitaezko dokumentazioa erantsita ez badago, pertsona edo erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Hamargarrena.– Balorazio-irizpideak.
Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, honako irizpide eta puntuazio-eskala hauek erabiliko dira:
1.– Argitalpen- edo ikus-entzunezko proiektuaren proposamena (30 puntu).
a) Proposamenaren interesa eta koherentzia (10 puntu):
– Proiektuak emigrazioarekin eta kanpoan den euskal komunitatearekin duen lotura: gehienez 4 puntu.
– Helburuen, jardueren, kronogramaren eta aurrekontuaren arteko koherentzia: gehienez 3 puntu.
– Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa: gehienez 3 puntu.
b) Gaiaren berezitasuna (10 puntu):
– Lehendik dauden argitalpen edo ekoizpenetan landu gabeko gaia edo ikuspegia: gehienez 5 puntu.
– Iturri, testigantza edo material argitaragabeak ekartzea: gehienez 5 puntu.
c) Kalitatea eta izaera berritzailea (10 puntu):
– Taldearen ibilbidea eta baliabideak, eta ekoizpen-plana: gehienez 4 puntu.
– Formatuaren edo euskarriaren izaera berritzailea: gehienez 3 puntu.
– Zabalkunde-plana (irismena, publikoak eta lekuak): gehienez 3 puntu.
a), b) eta c) apartatuetako azpi-irizpide bakoitzean, gehieneko puntuazioa emango da baloratutako alderdia proiektuaren memorian erabat egiaztatuta dagoenean; puntuazio horren erdia, partzialki egiaztatzen denean; eta zero puntu, egiaztatzen ez denean.
2.– Euskara (10 puntu).
a) Emisio- edo argitalpen-hizkuntzan euskararen presentzia % 90etik gorakoa den proposamena: 10 puntu.
b) Euskararen gutxieneko presentzia % 50ekoa duten proposamen elebidunak: 5 puntu.
c) Euskarazko eskaintza % 50etik beherakoa duten proposamenak edo programazioa: 0 puntu.
3.– Genero-ikuspegia txertatzea (10 puntu).
a) Emakumeen eta gizonen presentzia orekatua (sexu bakoitzetik % 40 gutxienez) egiletzan, zuzendaritzan edo ekoizpen-taldean: 4 puntu.
b) Emakumeek Euskal Diasporari egindako ekarpena ikusarazten duten edukiak: gehienez 3 puntu.
c) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista: gehienez 3 puntu.
Gehienez 50 puntu lortu ahal izango dira.
Balorazio-fasean, gutxienez 25 puntu lortu beharko dira.
Hamaikagarrena.– Balorazio-batzordea.
– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordeko lehendakaria.
– Rafael Hueso Vicent jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordekidea.
– Ibon Mendibelzua Madariaga jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordekidea.
– Iñigo Durana Ibáñez jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusikoa, batzordeko idazkaria.
Eskabideak baloratu ondoren, balorazio-batzordeak txosten tekniko bat egingo du, eta deialdi honen ebazpen-proposamena instrukzio-organoari helaraziko dio.
Hamabigarrena.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak ebatziko du deialdia, organo kudeatzaileak egindako proposamena ikusita. Emateko ebazpenean jasoko dira onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektua eta lortutako puntuazioa. Era berean, ebazpenean adieraziko da zein pertsonari ukatu zaien dirulaguntza.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluaren arabera, eskabidea aurkeztutik 6 hilabeteko epea igaro ondoren berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, dagokion eskabidea ezetsitzat joko da.
3.– Dirulaguntzak emateko edo, hala badagokio, ezesteko ebazpenak banaka jakinaraziko zaizkie interesdunei, aukeratutako helbidean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, guztiek jakin dezaten.
4.– Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, banakako jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamahirugarrena.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Dirulaguntza eskatu zen helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2026. urtean gauzatzea.
2.– Diruz lagundutako proiektua eskabidean aurkeztutako baldintzetan garatzea.
3.– Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa ematea, dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betetzean.
4.– Dirulaguntza ematen duen erakundeari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik datozela ere. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean.
5.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitako gainerako betebeharrak.
Hamalaugarrena.– Eman daitekeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
1.– Proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa da.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira proiektuaren ekoizpen- eta zabalkunde-gastuak, baldin eta zalantzarik gabe proiektuaren izaerari erantzuten badiote eta nahitaez 2026an egiten badira. Eskuratze-kostua ezin izango da inola ere merkatu-balioa baino handiagoa izan.
3.– Ezin izango da diruz lagun daitekeen gastutzat sartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin behar duenean.
Hamabosgarrena.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzearekin, edozein administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik datozela ere, Espainiako Estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeetakoak izan. Hala ere, helburu bererako beste dirulaguntza bat edo batzuk jasotzeak emandako dirulaguntza berregokitzea ekar dezake, gainfinantzaketa saihesteko.
Deialdi honetan emandako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzaren beraren beste sail edo zerbitzu batzuetan edo hari atxikitako erakundeetan xede, programa edo jarduera bererako eskura ditzaketen beste edozein laguntza ekonomiko edo dirulaguntzarekin, salbu eta alderdiek batera berariaz baimendu badituzte.
Hamaseigarrena.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Justifikatzeko epea.
Emandako dirulaguntzak justifikatzeko epea lau hilabetekoa izango da, jarduera amaitzen denetik aurrera; jarduera, nolanahi ere, 2026an amaitu beharko da.
2.– Justifikazio-dokumentazioa seigarren oinarriaren 2. apartatuan eskabideak aurkezteko aurreikusitako bitartekoen bidez aurkeztuko da.
3.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren ehuneko 100 justifikatu beharko da, eta ez soilik Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak emandako zenbatekoa. Horretarako, adieraziko dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuen baliabideekin finantzatzen diren gastuak, bai eta erakunde onuradunaren baliabide propioekin finantzatzen direnak ere.
4.– Justifikazioa gastu-egiaztagiriak aurkeztuta egingo da, kontu justifikatzailearen bidez, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluaren, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 72. artikuluaren arabera (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Kontu justifikatzaileak honako hauek jasoko ditu:
a) Jarduketa-memoria bat, gauzatutako proiektua, egindako ekoizpen- eta zabalkunde-jarduerak eta lortutako emaitzak azaltzen dituena; memoria horrekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
– Diruz lagundutako jardueran egindako azterlanak, programak, argitalpenak, iragarki-kartelak eta gainerako dokumentazio grafiko eta idatzi guztia.
– Euskaraz egindako jardueren zerrenda.
– Eskainitako kultura-zerbitzuaren onuradunei edo azken erabiltzaileei buruzko informazioa, sexuaren arabera banakatuta, bai eta proiektuak berdintasunaren arloan izan duen eraginaren balorazioa ere, genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzeko egindako ekintzak adierazita.
b) Memoria ekonomiko bat, honako hauek jasoko dituena:
– Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua identifikatuta, eta zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data adierazita, bai eta onartutako aurrekontuarekiko izandako desbideratzeak ere.
– Zerrenda horretan sartutako fakturak edo merkataritza-trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten dokumentuak, bai eta haien ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa ere.
– Jarduera finantzatu duten diru-sarreren edo dirulaguntzen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
– Hala badagokio, aplikatu gabeko gerakinen eta horien ondoriozko interesen itzulketaren ordainagiria.
5.– Era berean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, honako hauek jasoko dituena:
a) Fakturak eta ordainagiriak aurreikusitako helburua edo xedea gauzatzearen ondorioz sortu direla eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren ekarpenarekin finantzatu direla adierazten duen adierazpena.
b) Pertsona edo erakunde onuradunaren adierazpena, diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk zehazten dituena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo, hala badagokio, proiekturako beste dirulaguntzarik eskatu ez duela eta jasotzen ez duela adierazten duena.
Hamazazpigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi ordainketatan emango da: lehenengo ordainketa aurreratua, emandako zenbatekoaren % 75ekoa, emateko ebazpena eman ondoren; eta bigarren ordainketa, dirulaguntzaren likidazioaren ondoriozko zenbatekoarekin, gastu osoa hamaseigarren oinarriaren arabera justifikatu ondoren.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.2 artikuluaren arabera, ordainketa aurreratua justifikatuta dago, deialdia ekitaldiko azken bi hilabeteetan ebazten delako, proiektuak gehienbat gauzatuta daudenean. Arrazoi beragatik, ez da bermerik eratzea eskatuko.
2.– Justifikazioa egiaztatzeko fasean, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak egiaztatuko du oinarri hauetan ezarritako konpromisoak oso-osorik bete direla. Era berean, egiaztatuko du azkenean gauzatutako eta justifikatutako zenbatekoa bat datorrela Administrazioak onartutako aurrekontuarekin.
Dirulaguntza ez da ordainduko baldin eta erakunde onuradunak Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak emandako beste dirulaguntzaren bat justifikatzeke badu, edo erakundeak aurreko dirulaguntzaren bat itzuli ez badu hala egiteko eskatu zaionean.
Hemezortzigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Emandako dirulaguntza aldatu egin ahal izango da hura emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak eta dirulaguntzak aldi berean lortzen badira, eta, hala badagokio, helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide lortzen bada.
Pertsona onuradunak edozein aldaketa jakinarazi beharko du jakin bezain laster, eta, nolanahi ere, justifikazioa egin aurretik. Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, aldaketak ezin izango du ekarri hasieran onartutako proiektuaren funtsezko aldaketarik. Halakotzat joko da hasierako eskabidean gertatu izan balitz dirulaguntza ukatzea edo eskatutako gutxienekoa baino puntuazio txikiagoa eragingo zukeen aldaketa oro, eta, bereziki:
a) Proiektua osorik ez gauzatzea.
b) Azken produktuaren euskarria edo formatua aldatzea (liburu inprimatua, edizio digitala, dokumentala, seriea edo beste batzuk).
c) Balorazioaren oinarri izan zen edukia edo gaia aldatzea, edo euskararen presentzia proiektua puntuatzeko erabilitako tartetik behera murriztea.
d) Kronograman aurreikusitako etapak ez betetzea.
e) Azken produktua gauzatze-epetik kanpo ematea.
Emandako dirulaguntzen aldaketei indarrean dagoen dirulaguntzen araudian ezarritako araubidea aplikatuko zaie.
Hemeretzigarrena.– Ez-betetzeak.
Jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa ordaintzen duen egunera arte, hori lehenagokoa bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.m) eta 36.3 artikuluak aplikatuz, ez-betetzeak irizpide hauen arabera mailakatuko dira:
a) Itzulketa osoa egin beharko da proiektua gauzatzen ez denean; dirulaguntza eskatutako baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz lortzen denean; justifikazioa eskatu ondoren aurkezten ez denean; edo onartutako aurrekontuaren % 60 baino gutxiago gauzatzen denean.
b) Onartutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatu denean eta azken produktua funtsean osatu denean, itzulketa gauzatu edo justifikatu gabeko zatiaren proportzionala izango da.
c) Euskararen azken presentzia proiektua puntuatzeko erabilitako tartekoa baino txikiagoa denean, haren puntuazioa berriz kalkulatuko da. Eskatutako gutxienekoa lortzen jarraitzen badu, dirulaguntza galdutako puntuen proportzioan murriztuko da; bestela, itzulketa osoa egin beharko da.
d) Finantzaketa publikoa zabaltzeko neurriak hartzen ez direnean, pertsona onuradunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean har ditzan. Hala egiten ez badu, emandako dirulaguntzaren % 10 itzuliko da.
e) Gainfinantzaketa gertatuz gero, jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuliko da.
Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta dirulaguntza ordaintzen denetik aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko da.
Hogeigarrena.– Datuen babesa.
Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Euskal diaspora bultzatu eta sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Lehendakaritza.
Helburua: Euskal diaspora bultzatu eta sustatzera bideratutako dirulaguntza eta laguntzen eskabideak kudeatzea eta izapidetzea. Proiektuak zabaltzea, bai eta diruz lagundutako pertsonen irudia eta/edo ahotsa ere, haiek ikusarazteko, aldez aurretik baimena emanda.
Legitimazioa:
Interesdunaren baimena (DBEO, 6.1.a) artikulua).
Tratamendua beharrezkoa da aplikatu beharreko legezko betebeharrak betetzeko (DBEO, 6.1.c) artikulua).
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako eginkizun bat betetzeko (DBEO, 6.1.e) artikulua).
Hartzaileak:
Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza arloan eskumena duen saila.
Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsulta dezakezu gure web-orrian:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS