
208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 19 orri.)
- EPUB (845 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4574
AGINDUA, 2026ko irailaren 28koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez berariazko lehiaketarako deialdia egiten baita lanpostua edo hizkuntza dela-eta bereziturik dauden Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako lanpostuak betetzeko, Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun, Tolosa, Eibar eta Barakaldoko barruti judizialetan, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuan, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Gobernu Idazkaritzan eta Bulego Fiskalean, eta Bilboko barruti judizialeko bake-epaitegietan.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbideari, Lanpostuak Betetzeari eta Lanbide Sustapenari buruzko Erregelamenduaren (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onartua) 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko lehiaketa iragartzen da Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionarioen artean, Euskal Autonomia Erkidegoan lanpostua edo hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuetako plaza hutsak betetzeko.
Bat etorriz Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuarekin, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetarako, berariazko lehiaketa bidez, lanpostua edo hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak betetzea.
2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Betekizun orokorrak:
a) Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako karrerako funtzionarioek, euren administrazio-egoera edozein dela ere, b) apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek izan ezik, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.
Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote, harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Halaber, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo senideak zaintzeko eszedentziara pasatzen direnak, ez dira baztertuko.
Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, egoera hauetara aldatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentziara, interes partikularrengatiko eszedentziara, familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera.
b) Lehiaketan parte hartu ezin dutenak:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak, gabetze horrek dirauen bitartean.
– Interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden langileak, egoera horretan egon behar duten gutxieneko aldiak dirauen bitartean.
– Nahitaezko lekualdatzearekin zigortuta daudenak. Zigorra ezarri zitzaien udalerrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru igaro arte, falta astuna edo oso astuna izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.
c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen), ez da aplikatuko erregelamendu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
2.– Berariazko betekizunak:
Hizkuntza dela-eta berezitua dagoen lanpostu batera aurkezten diren hautagaiek dagokien hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.
Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak agindu honen eranskinean jasotakoak dira. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak erresulta gisa sartuko ditu lanpostua edo hizkuntza dela-eta bereziturik dauden eta lehiaketa hau ebaztearen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak, baldin eta lanpostu hutsak eskaintzen diren barruti judizial berberetan badaude, bai eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuan, Gobernu Idazkaritzan, Gasteizko eta Donostiako bulego fiskalean eta Bilboko barruti judizialeko bake-epaitegietan ere.
Horretarako, agindu hau argitaratzen denetik eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, euskadi.eus webgunean argitaratuko da deitutakoen izaera bereko lanpostuen zerrendako zein eska daitekeen. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultak.
Ez dira erresultatzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan edo beste barruti judizial edo bulego batzuetan egiten direnetan parte hartzen dutenek hutsik uzten dituzten plazak.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten langileek bitarteko elektronikoen bitartez egin beharko dituzte honako izapide hauek:
a) Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.
b) Merezimenduak alegatzea.
c) Eta, hala badagokio, alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztea, honako hauek izan ezik: administrazio-egoera egiaztatzea, antzinatasuna kidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzaile arduradunaren lanpostuetan emandako zerbitzuak eta euskararen ezagutza, horiek ofizioz egiaztatuko baitira.
2.– Izapide horiek egiteko, parte hartzen duten funtzionarioek Eusko Jaurlaritzak onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabili beharko dituzte. Ziurtagiri horiek hemen daude jasota: (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/); besteak beste:
a) Izenpek pertsona fisikoei emandako ziurtagiriak, B@kQ barne.
b) Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
3.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, harekin batera aurkeztu beharreko agiriak, aurkezteko, merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko, eta destinoa aukeratzeko, berariaz diseinatutako inprimatu elektronikoa erabiliko da. Hemen dago eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10844
4.– Bitarteko elektronikoak erabili gabe aurkeztutako eskabideak eta deialdiari loturiko bestelako dokumentuak aurkeztu gabekotzat hartuko dira.
5.– Deialditik eratorritako jarduketak EIZU justiziako langileen atarian eta euskadi.eus webgunean argitaratuko dira. Horrek ez du kentzen beste bitarteko batzuetan ere argitaratzea oinarri hauetan xedatutakoarekin bat etorriz. Espedienteetara sartzeko eta espedienteak izapidetu eta haien jarraipena egiteko, egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
7.– Parte-hartzaile bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horietarako eskakizunak betetzen baditu.
8.– Eskabideak aurkezteko epean interesdunak aurkeztutako eskabidea aldatu nahi badu, aldatu ahal izango du, baina horretarako beste eskabide bat aurkeztu beharko du. Lehiaketa honetan parte hartzen duen pertsona bakoitzak eskabide bakarra egingo du; beraz, epe barruan aurkeztutako azken eskabidearen edukia baino ez da kontuan hartuko.
9.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezin izango dira egindako eskabideak deuseztatu edo aldatu.
10.– Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da.
11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administraziokoak ez diren funtzionarioek, gainera, hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
– Nork bere kidegoko funtzionario izendatu izanaren agiria.
– Jabetzan hartutako azken plaza hartu izanaren eginbidea.
– Kidegoan karrerako funtzionario gisa egindako zerbitzuen ziurtagiri eguneratua. Eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zenbatuko dira egindako zerbitzuak.
5. artikulua.– Faseak eta baremoa.
Berariazko lehiaketa honek zenbait fase ditu:
1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak.
Kontzeptu horretan, 72 puntu emango dira gehienez.
Hauek dira merezimendu orokorrak eskakizun bereziko lanpostu guztietarako:
a) Antzinatasuna: kidegoan egindako zerbitzuengatik, bi puntu emango dira zerbitzuan egindako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzionalki zenbatuko dira (0,0055555 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta urteak 360 egunekoak. Kontzeptu horretan, 60 puntu emango dira gehienez.
b) Euskara jakitea: lanpostuan jarduteko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzen bada, gehienez 12 puntu lortuko dira, xede horretarako bakarrik.
Adierazitako jakite-maila behar bezala egiaztatu beharko da, adierazitako titulua eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofiziala edo homologazioa aurkeztuta eskabideak aurkezteko epearen barruan, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta autonomia-erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Hizkuntza-eskakizunik ez duten lanpostuetarako:
2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea: 6 puntu.
3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea: 8 puntu.
4. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea: 12 puntu.
– 2. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:
3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea: 8 puntu.
4. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea: 12 puntu.
– 3. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:
4. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea: 12 puntu.
2.– Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak baloratzea kudeatzaile arduradunen lanpostuetarako.
Kontzeptu horretan, 28 puntu emango dira gehienez.
Kudeatzaile arduradunaren lanpostuetarako, lanpostuen ezaugarriei eta edukiei erreparatuta egokiak direnez, honako merezimendu espezifiko hauek ere baloratuko dira:
a) Zuzenbideko lizentzia edo gradua izatea: 10 puntu.
b) Kudeatzaile arduradunaren lanpostuan emandako zerbitzuak: 1,2 puntu emango dira funtzionario gisa lan egindako urte oso bakoitzeko, eta epe laburragoak proportzionalki zenbatuko dira (0,0033333 eguneko); 0,1 puntu hilabete oso bakoitzeko. Apartatu horretan 18 puntu emango dira gehienez. Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta urteak 360 egunekoak.
Ofizioz egiaztatzearen aurka egonez gero, interesdunak, eskabidearekin batera, kontsultaren xede diren merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean baloratuko dira alegatutako merezimenduak.
6. artikulua.– Eskabideak baloratzea.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez izendatutako balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak.
Balorazio-batzordeak hauek osatuko dute: Administrazioaren ordez, lau kide; haietariko bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak izendatutako langileen artetik, batzordeburua eta idazkaria izendatuko dira.
Dagokion eremuan ordezkaritza handiena duten sindikatuek bi kide izango dituzte batzorde horretan.
Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.
Batzordea osatzean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legean aurreikusitakoaren arabera.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aztertuko du parte-hartzaileek baldintzak betetzen dituzten, eta Batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzen, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen eta parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko epean aurkezten duten dokumentazioaren arabera.
7. artikulua.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.
2.– Guztizko puntuazioan berdinketa izanez gero lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat.
8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Behin-behinean, Justizia Administrazioko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, eta euskadi.eus webgunean argitaratuko da.
2.– Behin-behineko ebazpenean, hauek adieraziko dira: adjudikaziodunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, alegatutako merezimenduen balorazioan izandako puntuazioa eta behin-behinean adjudikatutako lanpostua.
3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik bost egun balioduneko epean.
4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
5.– Behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
6.– Bost eguneko epe horretan, uko egin ahal izango zaio lehiaketan parte hartzeari.
9. artikulua.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuez jabetzea.
1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2.– Lehiaketa hau gehienez ere lau hilabeteko epean ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita, bat etorriz Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 51.3 artikuluarekin (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori).
3.– Ebazpenean, destinoa adjudikatzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.
4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak udalerriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste udalerri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan, epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Plazaren esleipendunak plazaren jabetza hartzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen badu, epea hogei egunekoa izango da.
Jabetza hartzeko epea lanpostua utzi eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen. Lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da lanpostua. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik hasiko da zenbatzen jabetza hartzeko epea.
Jabetza hartzeko epeak zenbatzen hasteko, kontuan hartuko da noiz amaitzen zaizkion funtzionarioari unean dauzkan oporrak, baimenak edo lizentziak, ez badago salbuespenezko inguruabarren bat (behar bezala justifikatua) lizentzia edo baimen horiek eteteko edo baliogabetzeko.
Jabetza hartu ondoren, jabetza hartzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.
10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.
2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidezko lanpostua lortu duen funtzionarioak uko egin ahal izango dio, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko baten bidez behin betiko beste destino bat lortu badu; hala izanez gero, langileak erakunde deitzaileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitu zaion lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.
11. artikulua.– Zuzenbide osagarri aplikagarria.
Deialdi honek zehazki aurreikusten ez dituen kontu guztietan, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa; Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 43. artikulua eta hurrengoak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori); eta, horien osagarri, funtzio publikoari buruzko legeria orokorra.
12. artikulua.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean argitaratzerik ez badago, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 28a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS