Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2026ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
4487

AGINDUA, 2026ko urriaren 13koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2027. urterako deialdia.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren 2026ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez, doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak arautu eta horietarako deialdia egiten da 2026-2027 ikasturterako. Agindu horren arabera, laguntza baten onuradunek nahitaez egin behar dute nazioarteko ikerketa-egonaldia. Jarduera hori funtsezko elementua da doktoratu aurreko ikertzaileen prestakuntza-prozesuan, aukera ematen baitu aldi baterako bikaintasuneko ingurune zientifikoetan sartzeko, metodologia, azpiegitura eta ikerketa-lerro berriak eskuragarri izateko eta jatorrizko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan garatutako prestakuntza osatzen duten ezagutzak eta konpetentziak eskuratzeko.

Nazioarteko mugikortasunak, halaber, sare zientifiko egonkorrak sortzen, ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzen eta egonaldiak irauten duen denbora baino gehiago irauten duten lankidetzak ezartzen laguntzen du, eta, hartara, ikertzaileen eta haiek jarduera garatzen duten erakundeen nazioarteko proiekzioari laguntzen dio. Era berean, erreferentziazko ikerketa-taldeekiko interakzioak aukera ematen du egindako ikerketa-lanen kalitate zientifikoa aberasteko eta nazioarteko proiektu eta jardueretan parte hartzeko aukerak handitzeko.

Egonaldi horien onurak eremu indibidualetik harago doaz. Lortutako esperientzia eta ezagutza Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemara itzultzen dira ondoren, gaitasun zientifiko eta tekniko berriak txertatuz, nazioarteko lankidetza-harremanak indartuz eta metodologia eta ikuspegi berritzaileak Euskadin kokatutako ikerketa-taldeetara transferituz. Horrela, euskal sistema zientifikoaren lehiakortasuna eta nazioartekotze-maila hobetzen laguntzen da, ezagutza sortzeko, talentua erakartzeko eta Autonomia Erkidegoko erronka zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta sozialei erantzuteko duen gaitasuna indartuz.

Era berean, egonaldi hori egiteak erraztu egiten du doktore-tituluan nazioarteko aipamena lortzea, eta lagungarria da prestakuntzan diharduten ikertzaileen kualifikazioa, proiekzio akademikoa eta enplegagarritasuna handitzeko, bai eta etorkizunean Euskadin bikaintasuneko ikerketa-jarduera bat garatzeko duten gaitasuna indartzeko ere. Horrela, nazioarteko prestakuntza egiaztatua duten ikertzaileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman sartzea sustatzen da, askotariko zientzia-inguruneetan esperientzia dutenak eta irismen globaleko kontaktu- eta lankidetza-sare bat dutenak.

Testuinguru horretan, agindu honen helburua da 2026ko ekainaren 9ko Aginduaren 8.5 oinarrian aitortutako eskubidea gauzatzea, eta, horretarako, atzerriko ikerketa-egonaldi horiek finantzatzeko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzea. Horrela, eduki materiala ematen zaio doktoratu aurreko prestakuntzaren nazioartekotzea sustatzeko eta gaitasun zientifiko eta teknologikoak indartzeko pentsatutako neurri bati, zeinak, EAEko ikerketa-sarean txertatu ondoren, Euskadiko ezagutzan, berrikuntzan eta lehiakortasunean aurrera egiten laguntzen baitute.

Bestalde, deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzetan, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko xedapenekin bat etorriz (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatzen du lege hori), bai eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz ere, eta erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

Era berean, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2026-2029rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Ildo horretan, deialdi hau bat dator Planean aurreikusitako helburuekin, eta zuzenean laguntzen du «1. helburu estrategikoa: I+G+B arloan giza baliabideak indartzea». Zehazki, 3. dirulaguntza-lerroa garatzen du. Lerro horren xedea da Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programa aplikatzen ez den ikerketa-zentroetan egonaldiak finantzatzea. Horrela, prestatzen ari diren ikertzaileen prestakuntza eta espezializazioa hobetzen laguntzen du, zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren giza kapitala indartzen du eta nazioarteko doktoregoa lortzea errazten du.

Eskabidea sailaren egoitza elektronikoaren bidez bakarrik bete ahal izango da, bide telematikoz, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.), Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak esleitua du ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatzea eta koordinatzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak onartzea, agindu honen eranskinean agertzen direnak, bai eta 2027rako deialdia onartzea ere.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Aurretiazko izapidetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2027. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Eraginkortasuna.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 13a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da doktoratu aurreko nazioarteko egonaldiak egiteko oinarri arautzaileak onartzea eta 2027. urterako deialdia egitea, prestatzen ari diren ikertzaileek beste ezarpen-zentro batzuetan egin ditzaten egonaldiak.

2. oinarria.– Zuzkidura ekonomikoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen deialdiari erantzuteko diru-zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoko 2027ko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da.

2.– Zuzkidura ekonomikoa, guztira, zortziehun eta laurogei mila (880.000) eurokoa da; horietatik 836.000 euro 2027rako ordainketa-kredituei dagozkie, eta 44.000 euro 2028rako konpromiso-kredituei.

3.– Zenbateko hori honako laguntza-modalitate hauen artean banatuko da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

4.– Modalitateren bati esleitutako aurrekontu osoa agortzen ez bada, soberakina beste modalitateari dagozkion eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta, ezarritako lehentasun-ordenaren arabera balorazio nahikoa lortu ondoren, zenbait eskabide onuradun izan ez badira modalitate horri hasiera batean esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez izateagatik.

3. oinarria.– Modalitateak.

1.– Doktore ez diren ikertzaileen mugikortasun-programa bi modalitateren bidez garatuko da:

a) A modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2026-2027 ikasturterako ematen duen Doktore Ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna, baldin eta lehen, bigarren edo hirugarren berritzean badaude.

b) B modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2026-2027 ikasturterako ematen duen Doktore Ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berri baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna.

2.– Eskatzaileak dagokiona ez den beste modalitate bat adierazi badu, organo kudeatzaileak ofizioz atxiki ahal izango dio eskabidea modalitate zuzenari, baldin eta aurkeztutako dokumentaziotik eta espedienteko datuetatik argi eta garbi ondorioztatzen bada modalitate horretan parte hartzeko baldintzak betetzen dituela. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango eskabidea zuzentzeko eskatzea, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren egiaztapen-jarduketak.

4. oinarria.– Onuradunak. Betekizunak.

1.– Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatutako betekizunez gain, ebazpen-proposamenaren datan betekizun espezifiko hauek betetzen dituzten pertsonak:

a) Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Doktore Ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza baten onuradun izatea 2026-2027 ikasturtean, eskatutako laguntza-modalitaterako aurreikusitako baldintzetan.

b) Aurreko deialdietan onuradun izan ez izana eta agindu honen xede den laguntza osorik edo zati batean jaso ez izana.

2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden pertsonak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin badute, suntsiarazpen-kausa horren errudun jo dituztelarik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.

f) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehaztutako moduan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso izana, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.

h) LGTBI-fobia egin, bultzatu edo sustatu izana, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

i) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

3.– Eskatzaileak adierazi beharko du ez dagoela aurreko apartatuko a), b), c), d), e), g), h) eta i) letretan adierazitako ezein kasutan, eskabide-formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Hasieran, erantzukizunpeko adierazpenak prozeduran aurkeztu beharreko dokumentazioa ordezten du. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatzeko, ordeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute onuradun gisa aurkezten direnek, dagokion dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

Hala ere, agintaritza eskudunak ezin badu egiaztagiria eman, horren ordez administrazio-agintaritza baten edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu f) letran aurreikusitako inguruabarrak, elkarreragingarritasunaren bidez, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badio egiaztapen horri, edo, hala dagokionean, baimenik ematen ez badu. Kasu horietan, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileak erabakitzen badu egiaztagiriak bere kabuz aurkeztea, eskabidea aurkezten den datan indarrean dauden ziurtagiriak erantsi beharko ditu.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagunduko diren egonaldiek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Atzerriko unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+B arloko jarduera duten enpresetan egitea, baldin eta ezarpen-zentroaz bestelako herri batean badaude eta aldi baterako bizileku-aldaketa eragiten badute.

b) 2027. urtean hastea, eta zentro hartzailearen aldi akademikoarekin eta/edo ohiko jarduerarekin bat etortzea.

c) Gutxienez 120 egun eta gehienez 180 egun irautea, zentro hartzaile bakar batean etengabe garatzea eta ikerketa-proiektu bakar bati lotuta egotea.

Hala ere, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egonaldia aldi baterako eteteko baimena eman ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoi hauengatik:

i) Ikertzailearen iraupen luzeko aldi baterako ezintasuna.

ii) Odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideen gaixotasun larria, ospitaleratzea edo heriotza.

iii) Haurdunaldiarekin, amatasunarekin, aitatasunarekin, haurdunaldiko edo edoskitzaroko arriskuarekin, adopzioarekin, adopzio-helburuko zaintzarekin edo familia-harrerarekin zerikusia duten egoerak.

iv) Aurreko apartatuetan aurreikusitakoen antzeko beste inguruabar batzuk, behar bezala justifikatuta, egonaldia eragozten edo aldi baterako etetea beharrezko egiten dutenak.

Egonaldia aldi baterako eteteko eskaera Zientzia Politikako Zuzendaritzari aurkeztu beharko dio onuradunak, horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bidez, hasieran eskatutako egonaldia amaitu baino lehen. Eskaera egiteko, zentro hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna beharko da, bai eta doktorego-tesiaren zuzendaritzarena eta eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendaritzarena ere. Gainera, behar bezala justifikatu beharko da etetearen arrazoia, eta egonaldia amaitzeko aurreikusitako data berriak adierazi beharko dira.

2.– Diruz lagunduko diren joan-etorriek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Egonaldiari zuzenean lotutako joan-etorriak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da onuradunaren ohiko bizilekutik egonaldia egingo duen atzerriko bizilekura joateko bidaia, bai eta atzerriko bizitoki horretatik ohiko bizilekura itzultzeko bidaia ere.

b) Joan-etorriak garraiobide publiko kolektiboetan egingo dira, egonaldia baino 10 egun natural lehenago eta/edo geroago, gehienez ere. Salbuespen gisa, epe hori luzatu ahal izango da egonaldiarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimena eman ondoren. Luzapen hori ez da inola ere emandako egonaldiaren luzapentzat hartuko. Eskabidea, behar bezala arrazoitua, egonaldia hasi aurretik aurkeztu beharko da, horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez.

Hala ere, Zientzia Politikako Zuzendaritzak, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatu ondoren, ibilgailu partikularra erabiltzeko baimena eman ahal izango du honako kasu hauetan:

i) Helmugara garraio publiko kolektiboaren bidez iristeko aukerarik ez dagoenean.

ii) Onuradunaren familia eta lana bateragarri egitea zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean.

iii) Ikerketa-jarduerari lotutako material, ekipo edo lanabes espezifikoak garraiatzea beharrezkoa denean, eta horiek garraio publiko kolektiboaren bidez lekualdatzeak haien osotasuna arriskuan jar dezakeenean, apurtzeko, hondatzeko, galtzeko edo beste edozein kalte egiteko arriskua dagoelako.

iv) Behar bezala justifikatutako beste edozein inguruabar gertatzen denean, baldin eta organo kudeatzaileak hura aplikatzea gomendatzen badu.

Onuradunak ibilgailu partikularra erabiltzeko baimen-eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala arrazoituta, Zientzia Politikako Zuzendaritzan, horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bidez, egonaldia hasi aurretik.

c) Ez dira estaliko egonaldian tokiko garraioak eragindako gastuak.

3.– Helburuko herrialdeak egonaldia egiteko bisa bat edo beste administrazio-agiri baliokideren bat eskatzen duenean, hura lortzeko gastuak lagundu ahal izango dira diruz. Ondorio horietarako, gastu hautagarritzat hartuko dira agintaritza eskudunak eskatutako tasak eta, hala badagokio, dokumentazio hori izapidetzeko eta lortzeko behar-beharrezkoak diren garraio publiko kolektiboko joan-etorrien eta ostatuen gastuak.

4.– Zientzia Politikako Zuzendaritzaren iritziz 1. oinarrian ezarritako helburuarekin bat ez datozen kongresuetara, bilera zientifikoetara eta bestelako egonaldietara joatea kanpoan geratzen da, baita ezarpen-zentroa atzerrian duten ikertzaileek Euskadin, beren egoitza-probintzian, kokatutako zentroetan egiten dituzten egonaldiak ere.

6. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzen zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kontzeptu hauen arabera zehaztuko da:

a) Ostatu- eta mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 50 eurokoa izango da zentro hartzailean egondako egun bakoitzeko.

b) Joan-etorrietarako gastuetarako laguntzaren zenbatekoa honako taula honen arabera zehaztuko da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Kilometrajea kalkulatzeko, https://es.distance.to estekaren bidez lerro zuzenean egindako kontsultaren emaitza hartuko da erreferentziatzat. Agindu honen ondorioetarako, ezarpen-zentroa dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorrizko hiritzat, eta zentro hartzailea dagoen herria izango da helmuga.

Onuradunak bidaia bere ibilgailuan egiteko baimena badu, egindako kilometro bakoitzeko 0,29 euroko gastua justifikatutzat joko da, betiere bidaia-gastuetarako emandako laguntzaren gehieneko mugarekin. Kilometroak kalkulatzeko, https://es.distance.to estekan gidatze-ibilbidearen modalitatean egindako kontsultaren emaitza hartuko da erreferentziatzat. Baimen-eskaera hori egiten ez bada, ibilgailu partikularrean egindako garraioak eragindako gastuak ez dira onartuko laguntza justifikatzeko unean.

c) 200 euroko osagarria emango da egonaldietarako, baldin eta bisa bat edo antzeko dokumentazio administratiboa izapidetu behar bada.

d) Asegurua. Laguntzen onuradunek, Gizarte Segurantzaren sistemaren arabera dagokien estalduraz gain, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzarako aseguru bat izango dute. Azken estaldura hori, interesdunak aldez aurretik eskatuta, ezkontideari edo izatezko bikotekideari zabaldu ahal izango zaio, bai eta atzerriko egonaldian harekin dauden 25 urtetik beherako seme-alabei ere.

2.– Laguntzak eman ondoren, eta behar bezala justifikatutako kasuetan, emandako laguntzaren baldintzak aldatu ahal izango dira, 17. oinarrian zehaztutako egoeretan, baina horrek ez du inola ere ekarriko emandako dirulaguntza handitzea.

7. oinarria.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikako Zuzendaritzari dagokio laguntza horiek kudeatzea.

8. oinarria.– Izapidetze elektronikoa. Eskabideak aurkezteko modua eta lekua.

1.– Eskabidea eta 9. oinarrian zehaztutako nahitaezko dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173611) modu telematikoan eskuragarri egongo den inprimakiaren bidez baino ez dira beteko, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketarako laguntzen eta sarien eskabideetan eta gainerako izapideetan). Eskabidearen edukia «I. eranskina Eskabidearen edukia» dokumentuan dago.

2.– Aplikaziora ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da (helbide elektroniko honetan daude argitaratuta identifikazio elektronikorako onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari, deialdiaren organo kudeatzailea den aldetik, nortasun-datuak egiazta ditzan administrazio eskudunean, bai bitarteko elektronikoen bidez, bai eskuragarri dauden beste bitarteko batzuen bidez.

3.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta 9. oinarrian adierazitako dokumentuak aplikazioaren bidez erantsitakoan, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du, hau da: sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, erregistratu dela jasota geratu beharko da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa / aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeraren bidez. Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzen duen zenbaki bat izango du.

4.– Eskabideak aurkezteko epeak honako hauek izango dira:

a) A modalitatea: hilabete, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) B modalitatea: 2027ko urtarrilaren 15etik otsailaren 16ra arte, bi egun horiek barne.

9. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egonaldiaren xedea deskribatzen duen memoria. Memoria eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko da, gehienez ere bi orrialdekoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo ingelesez idatzi ahal izango da. Memoria normalizatua ez den beste formatu batean aurkeztea edo ezarritakoa baino luzeagoa izatea zuzendu daitekeen akastzat hartuko da eskabidean, eta, beraz, horretarako ematen den epean zuzendu beharko da.

b) Zentro hartzaileak emandako onarpen-gutuna, egonaldia egitearekin ados dagoela egiaztatzen duena eta egonaldia egiteko baimena zer egun zehatzetarako eman den berariaz adierazten duena.

c) Proposatutako egonaldiaren adostasun-dokumentua, tesiaren zuzendariak eta eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendaritzako arduradunak sinatua, eredu normalizatuaren arabera.

d) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako inguruabarrak eta betekizunak egiaztatzeko dokumentazioa.

e) Aseguruaren estaldura zabaltzeko eskatuz gero, eskatzailearen ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen harremana eta, hala badagokio, 25 urtetik beherako seme-alaben filiazioa egiaztatzen duen dokumentazioa.

f) Hala badagokio, honako egoera hauek justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua eta aitatasuna, bai eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza ere. Egoera horiek, izan ere, kontratuaren iraupenaren zenbaketa eteten dute.

2.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak direla egiaztatzeko.

10. oinarria.– Eskabideak zuzentzea eta hobetzea.

1.– Dirulaguntzaren eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, Zientzia Politikako Zuzendaritzak hamar eguneko epea emango die eskatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.– Errekerimendua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluaren arabera, eta argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Gainera, egintza hori interesdunen eskura jarri ahal izango da egoitza elektronikoko «Nire karpetan», eta eskuragarri jartzeak ez du ondoriorik izango epeen zenbaketan.

11. oinarria.– Emateko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lehiaketa bidez ebatziko dira. Modalitate bakoitzerako lehiaketa independente bat egingo da.

Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabideak alderatuko dira, 12. oinarrian finkatutako irizpideak kontuan hartuta haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, eta balorazio handiena lortu dutenei soilik esleituko zaie dirulaguntza, eranskin honen 2. oinarrian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Dagozkion emakidak egin ondoren, modalitateren batean aurrekontu-kreditua geratzen bada eta, aldi berean, beste modalitatean, ezarritako baldintzak bete arren, kreditu erabilgarria agortu delako laguntzarik lortu ez duten eskabideak badaude, eskabide horiek soberakinaren kontura finantzatu ahal izango dira, dagokion lehentasun-ordenari jarraituz, kreditu hori agortu arte. Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da esleipen hori.

12. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskabideak irizpide eta puntuazio hauen arabera barematuko dira:

a) A modalitatea:

a.1.– Zer urtetan baliatu den benetan Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren doktoratu aurreko laguntza (gehienez 3 puntu) 2026-2027 ikasturtean:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Irizpide horren ondorioetarako, laguntza benetan baliatzen den urtea zehazteko, 2026-2027 ikasturtean onuradunari dagokion berritze-urtea hartuko da erreferentziatzat, eta kontratuaren iraupenaren zenbaketaren etendura-aldiak deskontatuko dira, egoera hauen ondoriozkoak: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua, aitatasuna, eta mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintza (etendura-aldiak egiaztatuta egon beharko dute).

a.2.– Eusko Jaurlaritzaren doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko laguntzen programan sartzeko doktorego-tesiaren proiektuan lortutako puntuazioa (gehienez puntu 1). Puntuazioa kalkulatzeko, doktoratu aurreko laguntzen deialdiko «Ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa» atalean lortutakoa hartuko da erreferentziatzat, hamarrekin zatituta.

b) B modalitatea: doktoratu aurreko laguntzaren «Ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa» atalean lortutako puntuazioa (10 puntu, gehienez).

2.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, eskabideak betetzeko aplikazioak bakoitzari esleitzen dion ausazko zenbakia hartuko da kontuan, goranzko ordenan. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

3.– Behar diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

13. oinarria.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Berrikuntzako zuzendariak, Maialen Agirre Pinedok (batzordeburua izango da); Zientzia Politikarako zuzendariak, Amaia Esquisabel Alegríak; eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikariak, Carmen Fernández De Juanak (idazkaria izango da).

2.– Balorazio-batzordeak txosten bat egingo du, eta bertan jasoko da eskabideen ebaluazioaren emaitza, 12. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Txosten hori izango da Zientzia Politikarako zuzendariak ebazpen-proposamena egiteko oinarria.

14. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Zientzia Politikarako zuzendariak egingo du ebazpen-proposamena, eta onuradun izateko proposatutako pertsonen zerrenda jasoko du, bai eta egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak eta proposatutako laguntzaren zenbatekoa ere, 6. oinarrian aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta. Era berean, hala badagokio, erreserba-zerrenda osatzen duten pertsonen zerrenda jasoko du, dagokien lehentasun-ordenarekin, bai eta atzera egin eta ukatutako eskabideen zerrenda ere, atzera egiteko edo ukatzeko arrazoiak adierazita.

2.– Ebazpen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluaren arabera, eta argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Gainera, egintza hori interesdunen eskura jarri ahal izango da egoitza elektronikoko «Nire karpetan»; eskuragarri jartzeak ez du ondoriorik izango epeen zenbaketan.

Abisu bat bidaliko da interesdunak jakinarazi duen gailu elektronikora edo posta elektronikora, jakinarazpen bat egoitza elektroniko horretan eskuragarri duela adierazteko.

Aurrekoa gorabehera, Zientzia Politikako Zuzendaritzak argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

3.– Ebazpen-proposamena iragarki-taula elektronikoaren bidez jakinarazi ondoren, harekin ados ez daudela adierazten duten eskatzaileek alegazioak egin eta egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu ahal izango diote organo kudeatzaileari, hamar egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez.

15. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, ebazpena Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak emango du. Ebazpen horrek onuradunak identifikatuko ditu, egonaldiaren hasiera- eta amaiera-data adierazita, bai eta emandako laguntzaren zenbatekoa ere, 6. oinarrian aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta. Era berean, ordezkoen edo erreserbako pertsonen zerrenda eta haien lehentasun-ordena jasoko dira, hala badagokio, bai eta atzera egindako eta ukatutako eskabideak ere, atzera egiteko edo ukatzeko arrazoiak adierazita.

2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluaren arabera, eta argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Gainera, egintza hori interesdunen eskura jarri ahal izango da egoitza elektronikoko «Nire karpetan»; eskuragarri jartzeak ez du ondoriorik izango epeen zenbaketan.

Abisu bat bidaliko da interesdunak jakinarazi duen gailu elektronikora edo posta elektronikora, jakinarazpen bat egoitza elektroniko horretan eskuragarri duela adierazteko.

Aurrekoa gorabehera, Zientzia Politikako Zuzendaritzak argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

3.– Iragarki-taula elektronikoan emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaletan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan agertzen diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen bidez.

Emandako azken laguntzaren ondoren dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Baldin eta bi modalitateetako batean erreserbarik ez badago, pertsonak erreserban dituen modalitateko erreserba-zerrendan lehenengo dagoen eskatzaileari eman ahal izango zaio laguntza.

4.– Modalitateren bat ebatzi eta aurreko 3. puntuan ezarritakoa aplikatu ondoren soberako aurrekonturik geratzen bada, erreserba-zerrendan dauden eta modalitate horretako aurrekontu-kreditua agortu delako onuradun izan ez diren eskatzaileei laguntza esleitzeko erabili ahal izango da.

Oinarri honen 3. eta 4. puntuetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntza emateko proposamena jakinaraziko die organo emaileak interesdunei, hamar egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute eskatzaileek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Denek jakin dezaten, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluak ezartzen duenez, emandako laguntzen publikotasuna egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuta.

16. oinarria.– Laguntzari uko egitea.

1.– Uko-egiteen berri eman beharko zaio Zientzia Politikarako zuzendariari, onuradunak eta tesi-proiektuaren zuzendariak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori aplikazio telematikoaren bidez egin beharko da, uko egiteak ondorioak izan baino hamar egun natural lehenago, gutxienez.

2.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira uko-egiteak.

3.– Uko-egitearen ondorio ekonomikoak, bateraezintasun-arrazoiei lotuta ez dagoenean, uko egiten den egunetik aurrera aplikatuko dira, bidegabeko ordainketak egin badira egin beharko diren itzulketei kalterik egin gabe.

17. oinarria.– Emandako laguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 eta 40. artikuluetan eta 9.4.m) eta 25. artikuluetan adierazitakoaren arabera, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Behar bezala justifikatutako beste kasu batzuk gorabehera, emandako laguntza aldatu ahal izango da, bereziki honako egoera hauetan:

a) Eskabidean aurreikusitako eta laguntza emateko kontuan hartutako egonaldiak egiteko datak aldatzea, betiere laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuei eta baldintzei eusten bazaie.

b) Hasieran onartutako egonaldiaren iraupena aldatzea, betiere laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuei eta baldintzei eusten bazaie.

c) Egonaldiaren zentro hartzailea aldatzea, baldin eta organo kudeatzaileak egiaztatutzat jotzen badu zentro berriak hasieran aurreikusitako zentroaren kalitate zientifiko eta akademiko baliokidea duela eta laguntza emateko oinarri izan ziren egonaldiaren helburuei eusten zaiela.

d) Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen beste edozein aldaketa, baldin eta laguntzaren xedea funtsean aldatzen ez bada eta organo kudeatzaileak horretarako baimena ematen badu.

3.– Emandako laguntza aldatzeko baimena emateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Onuradunak aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak jakinarazi beharko ditu horien berri izan bezain laster, eta, betiere, dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu baino lehen. Horretarako, emandako laguntza aldatzeko eskabide arrazoitua aurkeztu beharko du Zientzia Politikako Zuzendaritzan, horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bidez.

b) Aldaketak ez du inola ere ekarriko emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

c) Laguntzaren xede den jarduera, behin aldatuta, oinarri arautzaile hauetan ezarritako xede, helburu eta betekizunetara egokitzen jarraitu beharko da.

d) Aldaketa eragin duten inguruabarrak gerora sortutako eta behar bezala justifikatutako arrazoien ondorio izango dira, eta ezin izango zaizkio egotzi onuradunaren borondateari.

18. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute, eta, zehazki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean onuradunak ez badu berariaz uko egin, emandako dirulaguntza onartzen duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera egiteko erabiltzea, dirulaguntza emateko ebazpenean eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzen arabera.

c) Egonaldirako baimendutako aldian laguntza jaso duen zentro hartzailean egotea. Ikertzaile onuradunak modu jarraituan garatu beharko du bere jarduera, lan-egutegiari eta zentro hartzailearen funtzionamendu-arauei egokituta. Ikerketa-jarduerekin lotutako aldi baterako absentzia edo lekualdatze orok zentro hartzaileko arduradunaren aldez aurreko adostasuna izan beharko du, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, absentzia justifikatzen duten arrazoiak eta aurreikusitako datak adierazita.

d) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea.

e) Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin lankidetzan aritzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa ematea.

g) Helburu bererako jasotako laguntza oro aitortzea.

h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost egun naturaleko epean, 19. oinarrian zehazten diren egiaztagiriak bidaltzea Zientzia Politikako Zuzendaritzari.

i) Programa honen babesean egindako jardueren emaitzak argitaratzean edo zabaltzean, berariaz aipatzea deialdi honen finantzaketa duela. Horretarako, berariaz jaso beharko da programa honen bidezko finantzaketa, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ikurra sartu beharko da material edo argitalpen guztietan, «Egonlabur 2027 programaren bidez finantzatutako egonaldia» formularekin batera.

19. oinarria.– Laguntzaren justifikazioa.

1.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost egun naturaleko epean, onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu aplikazio informatikoaren bidez:

a) Egindako egonaldiaren ziurtagiria, zentro hartzaileko ikertzaile arduradunak sinatutako idazki baten bidez, egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak adierazita.

b) Jarduketa zientifiko-teknikoari buruzko txostena, laguntzaren baldintzak betetzen direla justifikatzen duena, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.

c) Emandako laguntzaren kargura egindako gastuaren ziurtagiria, eredu normalizatuaren arabera. Era berean, fakturak edo froga-balio baliokidea duten dokumentuak aurkeztu beharko dira, bai eta diruz lagundu daitezkeen gastu hauen ordainagiriak ere:

i) Ostatu-kontratua eta, hala badagokio, egindako ordainketen egiaztagiriak.

ii) Garraio publiko kolektiboan egindako joan-etorriei dagozkien txartelak, fakturak eta ordainagiriak.

iii) Bisatu-gastuei edo antzeko dokumentazio administratiboari dagozkien txartelak, fakturak eta ordainagiriak.

2.– Ordainketa egiteko, organo kudeatzaileak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa entregatzeko, benetakoa dela egiaztatzeko.

3.– Azkenean egindako egonaldiak hasieran emandakoa baino iraupen laburragoa badu eta 22. oinarriaren arabera ez-betetzetzat hartzen ez bada, onuradunak itzuli egin beharko du ostatu- eta mantenu-gastuengatik jasotako laguntzaren zati proportzionala, egin gabeko aldiari dagokiona, 23. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntzaren zenbatekoa bidaiaren benetako kostu justifikatua baino handiagoa bada, onuradunak kontzeptu horrengatik soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, 23. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

5.– Bisa-gastuetarako edo antzeko administrazio-dokumentaziorako emandako laguntzaren zenbatekoa benetan justifikatutako kostua baino handiagoa bada, onuradunak kontzeptu horrengatik soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, 23. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

20. oinarria.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketan, emandako laguntzaren % 95 ordainduko da, laguntza emateko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren eta laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa 2028an egingo da, diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren eta 19. oinarrian aurreikusitako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren. Dirulaguntzaren zenbatekoa laguntzaren likidazioaren arabera zehaztuko da, benetan egindako eta behar bezala justifikatutako gastuak kontuan hartuta, eta inola ere ez da izango emandako laguntzaren % 5 baino handiagoa.

2.– Onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu behar da, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

21. oinarria.– Beste laguntza eta dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hau jasotzea bateraezina izango da helburu bera finantzatzeko beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik (Estatukoa, autonomia-erkidegokoa, tokikoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa) jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, laguntza hau bateragarria izango da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programaren esparruan jasotako laguntzarekin, baldin eta onuraduna haren titularra bada egonaldian.

22. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak laguntza emateko baldintzak betetzen ez baditu, edo agindu honetan eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudian adierazitako betebeharren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako kasuren bat gertatzen bada, jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuli beharko ditu.

2.– Proportzionaltasun-printzipioaren arabera, ez-betetzeen mailaketa irizpide hauen arabera egingo da:

a) Emandako laguntza osorik itzultzea ekarriko dute honako inguruabar hauek:

i) Justifikazio-agiriak 19. oinarrian ezarritako epean eta moduan ez aurkeztea.

ii) Laguntza emateko eskatzen diren betekizunak bete gabe edo horretarako eskatzen diren baldintzak ezkutatuz edo faltsutuz lortzea laguntza.

iii) 18. oinarrian aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.

iv) Zentro hartzailean 90 egun baino gutxiagoko egonaldia egitea.

b) Ez dago laguntzaren zati bat itzultzea dakarren inguruabarrik.

23. oinarria.– Laguntzak itzultzea.

1.– Laguntza itzultzeko arrazoi izango dira 22. oinarrian aurreikusitako ez-betetzeak, bai eta 19. oinarriko 3., 4. eta 5. apartatuetan jasotako inguruabarrak ere.

2.– Itzulketa-prozedurak honako arau hauek beteko ditu:

a) Zientzia Politikarako zuzendariak itzulketa-prozedura hasteko erabakia jakinaraziko dio interesdunari, eta hura eragin duten egitateak eta horren arrazoiak adieraziko dizkio. Halaber, hamabost egun naturaleko epea emango dio alegazioak egiteko eta egokitzat jotzen dituen dokumentuak aurkezteko. Prozedura hasteak, hala badagokio, egiteke dauden ordainketak etetea ekarriko du.

b) Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik egin gabe igaro ondoren, prozedura amaituko da Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Ebazpen horretan zehaztuko da, hala badagokio, itzulketaren bidezkotasuna eta itzuli beharreko zenbatekoa.

3.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat egon dela ikusiz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, hala badagokio, bidegabe jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ezarriko da, bai eta laguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte eska daitezkeen berandutze-interesak ere. Dagokion zenbatekoa gehienez bi hilabeteko epean ordaindu beharko da, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epea izango da.

5.– Borondatezko epea igaro eta itzulketarik egin ez bada, Zientzia Politikako Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzan ogasunaren arloko eskumena duen organoari jakinaraziko dio, dagokion bidetik ordainaraz dezan, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

24. oinarria.– Datu pertsonalen tratamendua.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Informazio hau jasoko da:

• Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

• Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

• Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

• Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ogasun eta Finantza Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

• Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

• Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

• Araudia:

– 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskabidean, informazio hau jasoko da:

a) Eskatzailearen datuak: eskatzailearen nortasuna, NAN edo AIZ zenbakiari lotutako sinadura elektronikoaren bidez, erroldatze-probintzia, harremanetarako datuak (posta elektronikoa eta telefonoa).

b) Doktoratu aurreko programaren datuak: laguntza zein urtetan eman zen, espediente-zenbakia, entitatea, doktorego-tesiaren proiektuan lortutako puntuazioa, zuzendaria eta, hala badagokio, zuzendarikidea.

c) Eskabidearen datuak: modalitatea, 2026-2027 ikasturtean doktoretza-aurreko laguntza benetan baliatu den urtea, bisa edo antzeko dokumentazio administratiboa izapidetzeagatiko gehigarriaren eskaera eta ezkontideari edo seme-alabei bidaia-asegurua zabaltzeko eskaera.

d) Egonaldiaren eta xede-zentroaren datuak: zentroa, saila, entitatea, herria, herrialdea, posta-helbidea, zentro hartzaileko ikertzaile arduraduna, hasiera- eta amaiera-data, iraupena eta sektore sozioekonomikoa.

e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 4.2 oinarrian jasotako betekizunei eta beste laguntza batzuk eskatzeari edo jaso izanari buruzkoa. Era berean, hala badagokio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak ofizioz egiaztatzearen aurka dagoela adieraziko du, edo, dagokionean, egiaztapen hori egiteko baimena emango du.

2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio teknikoa eta administratiboa aurkeztu behar da:

a) Egonaldiaren xedea deskribatzen duen memoria.

b) Onarpen-gutuna.

c) Proposatutako egonaldiaren adostasun-agiria.

d) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako inguruabarrak eta betekizunak egiaztatzeko dokumentazioa.

e) Aseguruaren estaldura zabaltzeko eskatuz gero, eskatzailearen ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen harremana eta, hala badagokio, 25 urtetik beherako seme-alaben filiazioa egiaztatzen duen dokumentazioa.

f) Hala badagokio, honako egoera hauek justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua eta aitatasuna, bai eta kontratuaren iraupenaren zenbaketa eteten duten mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza ere.


Azterketa dokumentala