Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2026ko irailaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
4054

EBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2026ko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2026ko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartu ditu.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea ekintzaileei laguntzera bideratutako 2026ko dirulaguntzen deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2026ko irailaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak dirulaguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea 2026ko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2026KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK

Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea ekintzailetza prozesuaren fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki ekintzaileak zer garrantzitsuak diren, haien laneko etorkizun propioa diseinatu eta sortzearen aldeko apustua egiten baitute, eta, aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen baitituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ideia sortzeaz bat hasten da ekintzailetzaren bidea; ideia hori egoki balioetsi eta ondu ondoren, eta sustatzaileak behar duen prestakuntza eta laguntza jasota, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, zeinak sendotzeko aldi bat beharko baitu ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Negozio-ideia sistematikoki sortu, aztertu eta egituratzeko lehenengo fasean, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea ibilbide horretan, haren ideia baliozkotzeko edo birmoldatzeko. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak bereganatuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jarduketen bitartez. Era berean, enpresa-jarduera hasteko beharrezko jarduketak bultzatzen dituzten laguntza- eta tutoretza-jarduerak funtsezko puntu kritiko bat dira ibilbide horretan, eta horrek lagundu egiten du, halaber, sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Gainera, jarraipena ematen zaio jarduera norberaren konturako langile gisa hasteko aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituztenentzako dirulaguntza-lerroari, enpresa-proiektua finantzatzeko dirulaguntza bat bermatuta izan dezaten ezarpenaren lehen faseetan.

Azkenik, laguntza eman nahi zaie, orobat, enpresa-jarduerari berriki ekinik, gutxieneko errentagarritasun bat bermatzeko bultzada ekonomiko bat behar duten pertsonei, proiektua finkatze aldera.

Europa 2030 Estrategiaren lehentasunetako bat da Europa adimentsuago batean oinarritutako kohesio-politika eta eskualde-garapena, berrikuntzaren, digitalizazioaren, eraldaketa ekonomikoaren eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzaren bidez.

Eurostat erakundeak 2025eko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera – eskuragarri dauden azkenak–, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 10,7koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Gazteria eta Haurtzaro Ministerioaren Espainiako Gazteriaren Behatokiaren datuen arabera, 2025eko laugarren hiruhilekoari dagokiona, kolektibo horren langabezia-tasa % 12,5ekoa izan da, eta jarduera-tasa % 45,3koa. Aldiz, EAEko jarduera-tasa orokorra % 71,6koa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak; horien erakusgarri dira EUSTATek 2025eko laugarren hiruhilekoari buruz emandako datuak: emakumezkoen enplegu-tasa gizonezkoena baino 5 puntu txikiagoa da (emakumezkoen enplegu-tasa % 69,4koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,6koa); 30 urtetik beherakoen kasuan, diferentzia 3,28 puntukoa da (emakumeen enplegu-tasa % 43,61ekoa izanik eta gizonezkoena % 46,89koa). Horrek agerian uzten du lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan badagoela arrakala bat, urtetik urtera pixkanaka murrizten ari dena, baina desagerrarazi beharrekoa dena.

Deialdi honetako dirulaguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 ekitaldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Plana bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, hala agintzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan. Deialdia 1.10 gako estrategikoan kokatzen da: «Ingurunean sustraituta dauden enpresa-ekimenak babestea»

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honen Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran, ekintzaileei laguntzeko 26ko dirulaguntzen deialdia onartu zuen, eta deialdia onartzeak berekin dakar gastu-baimena ere. Hauek dira deialdiaren zehaztapenak:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei dirulaguntzak ematea, 2026ko ekitaldian, hiru dirulaguntza-lerroren bidez:

a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonentzako dirulaguntzak, enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen esklusiboki aritzeko, tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, bai eta enpresa- edo negozio-proiektua abian jartzeko behar diren jarduketak garatzeko ere (enpresa-ideia bat garatzeko dirulaguntzak, abian jartzea bultzatzeko).

b) Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako dirulaguntzak (proiektua ezartzeko dirulaguntzak).

c) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko emandako dirulaguntzak. (enpresa jarduerak sendotzeko dirulaguntzak).

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) apartatuan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza edo tutoretza emateko dirulaguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-entitate laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 3.650.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.400.000 euro 2026. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.250.000 euro, 2027. urteko konpromiso-kredituari, hala aurreikusita baitago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoaren 3211 - Aurrekontuaren erabilera izeneko programan.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza-lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko eta jarduera berriak abiarazteko laguntzak, II. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 660.000 euro; horietatik 396.000 euro 2026ko ordainketa-krediturako dira, eta, 264.000 euro, 2027ko konpromiso-krediturako.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 363.000 euro –217.800 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 145.200 euro, 2027ko konpromiso-aurrekontuari– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako dirulaguntzetarako.

– 297.000 euro –178.200 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 118.800 euro, 2027ko konpromiso-aurrekontuari– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

b) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak, III. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 1.000.000 euro, 2026ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

c) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak, 1.900.000 euro; horietatik, 950.000 euro 2026ko ordainketa-krediturako dira, eta, 950.000 euro, 2027ko konpromiso-krediturako.

d) Entitate laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 90.000 euro; horietatik, 54.000 euro, 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 36.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.

3.– Dirulaguntza-lerroak finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean ekintzaileentzako dirulaguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden dirulaguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, a), c), eta d) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.

3. artikulua.– Entitate laguntzaileak.

1.– Deialdi honetako II. kapituluan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako dirulaguntzen onuradunen hautaketa, laguntza edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek eta horien mendeko entitateek egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimena jaso badute entitate laguntzaile gisa jarduteko.

Ez dira inola ere entitate onuradunak izango Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legeak 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoarekin bat datorren Enplegu eta Tokiko Garapen Plan bat duten udalerriak, udalerri-elkarteak edo kuadrillak eta horien mendeko entitateak, baldin eta plana Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak finantzatu badu zati batean edo osorik, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren dirulaguntza lortu badu edo lor badezake Plan hori garatzeko.

2.– Nolanahi ere, sustatzaileei laguntza edo tutoretza emateko entitate laguntzaile gisa jardun ahal izateko, baldintza izango da hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran gutxienez kontratupeko teknikari bat badute, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena eta urtebetetik gorako esperientzia eta curriculum egiaztatua duena autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

– Gutxienez teknikari bat izatea laguntza edo tutoretza emango zaien 8 ekintzaile bakoitzeko.

3.– Entitate horiek, sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte.

4.– Entitate laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute ekintzaileak hautatu eta haiei laguntza edo tutoretza emateagatik, baldin eta ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Zenbateko horiek 1.000 eurokoak izango dira tutoretzapeko pertsona bakoitzeko.

Dirulaguntza horiei deialdi honen V. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, salbu prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 20. artikuluan xedatutakoa (artikulu horretan bertan berariaz arautzen baitira) eta 21. artikuluko 2, 3, 4, eta 5. puntuetan xedatutakoa.

5.– Programa honetan entitate laguntzaile gisa parte hartzeko eskabideak, eta dagokion dirulaguntza eskatzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102123 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Entitate eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

– Ekintzailetza-proiektua, hauek jasoko dituena: sustatzaileekin garatuko diren jarduerak aholkularitza- eta laguntza-prozesuan.

– Arreta emango zaien pertsonen kopurua. Jarduketa bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.

7.– Erakunde laguntzaile gisa akreditatzeko eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta 2026ko urriaren 16an amaituko da.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, aztertu egingo dira, eta entitate laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten guztiei.

Sustatzaile interesdunek horren berri izan dezaten, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten entitateak.

Entitate laguntzaileek arreta emango dien pertsonen kopurua haiek proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honetako dirulaguntza estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.

Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski entitate laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako dirulaguntzak estaltzeko, entitate laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua murriztuko da, prozedura honen arabera:

– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

– Oraindik ere baliabideak nahikoa ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.

8.– Laguntza emateko prozedura kudeatzeko organo eskuduna Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da, eta prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia.

9.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Prozeduraren ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratuz: https://www.lanbide.euskadi.eus. Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da baimendutako entitateak zein diren.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpen espresurik ematen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

11.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

Entitate laguntzaileek hitzarmena sinatu eta biharamunetik aurrera 2026ko azaroaren 20ra arteko epea izango dute ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.

12.– Hautaketa-prozesuan, entitateak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:

a) 30 urtetik beherako pertsonak.

b) 45 urtetik gorako pertsonak.

c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

13.– Entitate laguntzaileei honela ordainduko zaie dirulaguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:

Bi zatitan ordainduko da:

– Pertsona bakoitzeko 600 euroko lehen ordainketa bat, 2026ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari. Ordainketa aurreratu hori Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

– Pertsona bakoitzeko 400 euroko bigarren ordainketa bat, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Entitate laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan deialdi honen 8. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.

II. KAPITULUA
«ENPRESA-IDEIA BAT» GARATZEKO DIRULAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN IDEIA HORI ABIAN JARTZEA BULTZATZEKO

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduketa.

1.– 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileek kapitulu honen babespeko dirulaguntza jaso ahal izango dute, negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edo enpresa- nahiz negozio-proiektua martxan jartzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako entitateren baten laguntza edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduketek 25 orduko iraupena izango dute gutxienez, eta laguntza eta tutoretza presentziala izango da, hiru hilabetetik bost hilabetera bitarteko epean banatuta.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea edo lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea diruz lagundutako aldi guztian.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat hartuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egun hauek hartuko dira aintzat: alta-egunak bider kontratatutako lanaldiaren ehunekoa.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) Langabea izatea eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean, eta baita eszedentzian dauden pertsonak ere.

b) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

c) Ideia bat izatea edozein jarduera-arlotan enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko, eta enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea. Plan hori dagokion erakunde laguntzaileak baliozkotuko du laguntza-fasean.

d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitateren batek ekintzailetzari aholkularitza eta laguntza emateko prozesu batean sartuta egotea.

e) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko dirulaguntzen onuradun izan ez izana (Lanbidek ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak).

f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

2.– Dirulaguntza horien onuradunak izateko, sustatzaileek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

a) Esklusiboki beren enpresa-ideia aztertzen eta garatzen jardutea, bai eta enpresa edo negozioa abian jartzen ere.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek enpresa-ideia bat sortzeko eta garatzeko nahiz enpresa edo negozioa abiarazteko zehazten dituzten aholkularitza- eta laguntza-jarduketa guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik aurrera. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

d) EAEn jartzea enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Ez jasotzea beste inolako laguntzarik helburu bererako.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 2.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus/servicios/1102123 web-orrian egongo da eskuragarri), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako entitate laguntzaileen bitartez, betiere entitate horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Entitate horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) Dagokion enplegu-zerbitzu publikoan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.

3.– Kapitulu honetan araututako dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko azaroaren 20ra artekoa izango da.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:

– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 60, 2026ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 40, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, entitate laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria pertsonal eta indibidualizatua, gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, entitate laguntzaileak 5.2 artikuluaren a) apartatuan jasotako betekizunak betetzen direla egiaztatu beharko du.

III. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO DIRULAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:

a) Eraikuntza-lanak (arkitektoaren azterlan teknikoa barne), lokalak erostea izan ezik.

b) Makinak.

c) Instalazioak.

d) Tresnak.

e) Altzariak.

f) Informazio-prozesuetarako ekipoak.

g) Enpresa- edo lanbide-jarduerari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.

Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:

– Salgaiak, makinak edo lanabesak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.

– Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.

– Lanbideari lotutako joan-etorrietan merkataritza-ordezkari edo -agenteek erabilitakoak.

– Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.

– Salmenta ibiltariko ibilgailuak.

h) Frankizia-kontratuak.

i) Aplikazio informatikoak eta merkataritza-softwarea.

j) Merkataritza-funtsa.

k) Eskualdatze-eskubideak.

2.– Onuradunak egingo dituen inbertsio diruz lagungarriak –aurreko paragrafoan adierazitakoak– gutxienez 5.000 eurokoak izan behar dira, eta 2025eko azaroaren 1etik dirulaguntza eskatu den egunera bitartean egindakoak.

3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Halaber, egindako inbertsioak ez dira diruz lagunduko, baldin eta 2. mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko harremana badago zerbitzuaren saltzailearekin edo hornitzailearekin, edo pertsona hori dirulaguntza eskatu duen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkidea edo partaidea bada.

10. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta profesional indibidualak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.

2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, profesional indibiduala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2025eko azaroaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean, zeina beti izango baita eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenagoko egun bat edo egun hori bera, alegia, 2026ko urriaren 30.

c) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatua.

d) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.

e) Dirulaguntza-lerro horren beraren onuradun izan ez izana aurreko deialdietan.

f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren c) letran jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako dirulaguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Bazkideek ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen badituzte, dirulaguntza ez da inola ere 10.000 eurotik gorakoa izango bazkide guztientzat. Bazkideek eskatutako banakako dirulaguntzen baturak muga hori gainditzen badu, erabilgarri dagoen zenbateko osoaren banaketa proportzionala egingo da. Horrela, bazkide bakoitzak 1. apartatuaren arabera kalkulatuko den kopuru doitu bat jasoko du, eta guztizko baturak ezarritako muga ez duela gainditzen bermatuko da.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102125 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.

d) Inbertsioen plana, diruz lagundu daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.

e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 9.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.

f) Hirugarrenen altaren agiria, bankuko datuak dituena. Agiri hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian dago eskuragarri.

3.– Baldin eta eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako dirulaguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 11.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko urriaren 30ean bukatuko da.

5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.

Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, alegia, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, «PROIEKTUA SENDOTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO DIRULAGUNTZAK

14. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastu hauek ordaintzeko:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norberaren konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbidek edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.

b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak. Publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.

c) Web-orrien diseinua eta web-orrien eta sare sozialen mantentze-kuotak, publizitate bannerrak beste enpresa baten web-orrian, web-orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak, web-orriaren domeinua eta posta elektronikoa eta sare sozialetako sustapen-zerbitzuen kostua.

d) Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

e) Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.

f) Negozio-lokalen edo jarduera garatzeko lekuen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Erabilera partekatuko espazioak ere deialditik kanpo geratuko dira, salbu eta errentamendu-kontratua onuradunaren izenean badago, zenbat ordaintzen duen zehazten badu eta erabilera indibidualeko espazio bat badago negozioa garatzeko, hori kontratuan jasota egonda.

2.– Diruz lagundutako aldia:

a) Aurreko apartatuaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira hamar hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza eskatzen denetik zenbatzen hasita. Hamar hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira EJZn alta ematen den egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, hamar hilabeteko epera arte, dirulaguntza eskatu den egunetik zenbatzen hasita.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein entitate edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta profesional indibidualak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.

2.– Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:

a) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, profesional indibiduala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2025eko azaroaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean, zeina beti izango baita eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenagoko egun bat edo egun hori bera, alegia, 2026ko urriaren 30.

c) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatua.

d) Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.

e) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren c) letran jasotako baldintzei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 14.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Era berean, onuradunak alta emanda egon beharko du EJZn eta autonomoen araubide berezian, norberaren konturako kasuan kasuko araubide berezian edo dagokion mutualitate profesionalean, b) letran adierazitako kolektiboren baten barruan, diruz lagundutako aldia amaitu arte.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako dirulaguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Bazkideek ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen badituzte, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango bazkide guztientzat. Bazkideek eskatutako banakako dirulaguntzen baturak muga hori gainditzen badu, erabilgarri dagoen zenbateko osoaren banaketa proportzionala egingo da. Horrela, bazkide bakoitzak 1. apartatuaren arabera kalkulatuko den kopuru doitu bat jasoko du, eta guztizko baturak ezarritako muga ez duela gainditzen bermatuko da.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102124 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.

d) Hirugarrenen altaren agiria, bankuko datuak dituena. Agiri hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian dago eskuragarri.

3.– Baldin eta eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako dirulaguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko urriaren 30ean bukatuko da.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza ematea onartu ostean, 2026ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa: 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 50. Aldez aurretik, 14.1 artikuluan aurreikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dira.

2.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

3.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

4.– Egindako gastuaren justifikagiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 14.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako 10 hilabeteko aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

V. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

19. artikulua.– Dirulaguntzen enpresa eta entitate onuradunak.

1.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai irmo edo administrazio-ebazpen batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Pertsona juridikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea zenbait legek –Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea– jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean, edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera, eta baldintza hori betetzen jarraitzea, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

3.4 artikuluan araututako dirulaguntzetan, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexuagatiko diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barnean direla:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasunen bat duten pertsonei lanpostuak gordetzeko legezko kuota ez betetzea edo, hori egin ezean, kuota hori betetzeko bestelako neurriak hartzea.

m) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, pertsona onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen beraren 49. artikuluaren arabera.

n) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

ñ) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

o) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

p) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3.bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

2.– Artikulu honetan aurreikusitako baldintzak, salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen ez dituen 1.e) apartatuko bigarren paragrafoan adierazitakoak, eskabide-formularioan eta justifikazio-formularioan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da p) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

3.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordainketarik jaso, edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenen altaren agiria bete beharko du; Lanbide-Euskal Enplegu Publikoaren web-orrian aurkituko du.

20. artikulua.– Kudeaketarako organo eskudunak, emateko prozedura, epeak, errekurtsoak eta publizitatea.

1.– 3. artikuluari eta II. kapituluari dagokienez (lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozeduraren bidez izapidetuko dira), prozedura kudeatzeko organo eskuduna Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia.

2.– III. eta IV. kapituluei dagokienez (ondoz ondoko lehia-prozeduraren arabera izapidetuko dira), prozedura kudeatzeko organoa Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da, eta ebazpena emateko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria. Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osorik dagoen unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

4.– III. eta IV. kapituluetan xedatutakoaz bat aurkeztutako eskabideen inguruan Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak emandako ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Bestalde, 3. artikuluan eta II. kapituluan ezarritakoaren arabera aurkeztutako eskabideei buruz zuzendari nagusiak emandako ebazpenek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta, ebazpen horien aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez (3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan) eta Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen bidez (III. eta IV. kapituluaren kasuan), deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren pertsonen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– 3. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen entitate onuradunek 8. artikuluaren azken paragrafoan zehazten diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dituzte.

Era berean, artatutako pertsonen eta entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren informazioa eman beharko dute, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.

2.– II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren xehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote entitate laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntza-prozesua amaitu den egunetik hasita. Entitate laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 8. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako epean (hiru hilabete, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitzen den egunetik aurrera), onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

3.– Deialdi honen IV. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 18. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

4.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

5.– Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak justifikatzeko fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein dokumenturen kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-entitateak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko.

22. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

– III. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon beharko dute, eta 10.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik hasita (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

– IV. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon behar dute, eta 15.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon, hamar hilabetez gutxienez, dirulaguntza eskatzen den egunetik hasita.

– Frogatu behar dute dirulaguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa eman beharko diete: entitate laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.

– Gertaeraren batek funtsean eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

– Entitate onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 27. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

23. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Gutxieneko baldintza horiek artikulu hauetan jasota daude: II. kapituluko dirulaguntzen kasuan, 5. artikuluan; III. kapitulukoetan, 10. artikuluan; eta IV. kapitulukoetan, 15. artikuluan. Era berean, 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileentzako dirulaguntzetarako, 3.2 artikuluan jasota daude gutxieneko baldintzak.

Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

24. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo entitate publikok zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako emandako dirulaguntza edo laguntzekin.

III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira bata bestearekin, eta ez dira bateragarriak beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuk kontzeptu bererako emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin, edo autoenplegua sustatzea helburu dutenekin, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.

25. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak (3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan; eta administrazioaren eta zerbitzu orokorren zuzendariak, III. eta IV. kapituluen kasuan), dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin.

2.– II. kapituluan aipatutako laguntza edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da, ekintzailearentzat zein entitate laguntzaileentzat, emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta hiru hilabeteko laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, jasotako zenbatekoaren 2/3 itzuli beharko dira II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko da.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, ulertuko da dirulaguntza ez dagoela justifikatuta mantentzen den zenbatekoarekiko, eta 21.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

3.– II. kapituluan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 27 egun baino gehiagotan (hurrenez hurren), dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute sustatzaileak zein entitate laguntzaileak, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko da.

4.– Baldin eta III. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 10.1 artikuluan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 22. artikuluan adierazitako bi urteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Hala ere, betebehar horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denborarekiko proportzioan.

5.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 22. artikuluan adierazitako hamar hilabeteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.

6.– Zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

26. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak, 3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan, eta Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, III. eta IV. kapituluen kasuan, prozedura hasi eta ebatziko dute. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresa eta Ekintzailetzako Zuzendaritzak pertsona interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta hamabost eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, 3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan, eta erakunde bereko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, III. eta IV. kapituluei dagokienez. Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabete izango da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

27. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurraren jazarpena eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datu-babesaren gaineko eskubideak egikaritzeko prozeduraren bidez. Helbide honetan dago argitaratuta: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

28. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

Oinarri arautzaile hauetako lau dirulaguntza lerroen kasuan ez da beharrezkoa Europar Batasunaren aurrean inolako izapiderik egitea, ez baitira Estatuko laguntzatzat jotzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

29. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio dirulaguntza-programa honi.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala