Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2026ko irailaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
4052

AGINDUA, 2026ko irailaren 15ekoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egin eta oinarri arautzaileak onartzen baitira ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroei 2026-2028 aldirako laguntzak emateko.

Nazioarteko lehiakortasun gero eta handiagoak eta ikerketa zientifikoaren dinamikak unibertsitate-eremuan ere egitura egonkorrak indartzea eskatzen dute, gai izango direnak masa kritikoa kontzentratzeko, asmo handiko agenda zientifikoak hedatzeko eta bikaintasuneko nazioarteko zirkuituetan lehiatzeko. Testuinguru horretan, ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroak Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen berezko antolamendu-unitateak dira, eta arlo estrategikoetan ezagutza aurreratua sortzera bideratuta daude. Ikerketa-talde egiaztatuen bikaintasunetik bultzatzen dira, eta talde horien lidergo zientifikoa areagotzeko bokazioa dute.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, EAEko ekosistema zientifikoa eta teknologikoa indartzeko duen misioarekin bat etorriz, eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek zentro horiek sendotzea bultzatu dute, unibertsitate-sistemaren barruan bikaintasun-palanka diren aldetik. Zentro horien egituraren oinarri zientifikoan, unibertsitateak berak kontratatutako ikertzaileak daude batez ere, bikaintasuneko ikerketa-taldeek frogatutako gaitasunek indartuta; zentro horiek, izan ere, ekoizpen zientifiko-teknikoa eta nazioarteko posizionamendua bizkortzea ahalbidetzen dute.

Agindu hau Eusko Jaurlaritzaren politika zientifikoaren eta unibertsitateen I+G+b estrategien barruan kokatzen da, bat dator Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planaren lehentasunekin, bereziki bikaintasun zientifikoa bultzatzearekin eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren nazioarteko proiekzioarekin, eta bat dator, era berean, Europako ikerketa-eremuarekin eta Horizonte Europa bezalako programen helburuekin. Ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroek azken urteotan egindako ibilbidea –zentroak abian jarriz, ildo estrategikoak definituz eta taldeak sendotuz–, oinarri sendoa da, eta deialdi honen helburua da oinarri hori baliatuz elementu bultzatzaile gisa jardutea, emaitzetan eta inpaktuan jauzi kualitatiboa egiteko.

Laguntza-programa honen bidez, zentro horien ekoizpen zientifikoa sendotu eta kanpoko baliabide lehiakorrak erakartzeko duten gaitasuna indartu nahi da, horiek baitira deialdi honen funtsezko helburuak. Horretarako, finantzaketak honako hauek konbinatuko ditu: alde batetik, egiturazko premiei laguntzea, egonkortasun operatiboa eta epe ertaineko plangintza bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko erantzukidetasun-logika batean, eta, bestetik, ikerketa-jarduera areagotzea, nazioarteko posizionamendua hobetzea eta lehia bidezko deialdietako itzulkina areagotzea ahalbidetuko duten jarduerak bultzatzea.

Deialdi hau, halaber, Eusko Jaurlaritzaren beste ekimen estrategiko batzuen osagarri gisa hartu behar da. Ekimen horiek, hain zuzen ere, ezagutza aurreratua indartzera, kualifikazio handiko langileak erakartzera eta gaitasun zientifiko-teknologikoak garatzera bideratuta daude, eta unibertsitate-eremuaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sare osoaren artean sinergiak sortzen laguntzen dute. Bereziki, ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroak sendotzeak unibertsitateko ikerketa-jarduera zabaltzen laguntzen du, zentro horiek erreferentziako sare eta proiektuekin duten lotura erratuz eta sortutako ezagutzaren transferentzia eta inpaktu sozial eta ekonomikoa indartuz.

Bestalde, agindu honek laguntzen du ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak xedatutakoa gauzatzen (109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa). Aginduak, izan ere, bikaintasun-gaitasunak indartu, eta sareko eragileen arteko koordinazioa eta osagarritasuna aldezten du. Nolanahi ere, zentro horietara bideratutako finantzaketa publikoa helburu egiaztagarriak betetzera eta emaitzen jarraipena egitera bideratuko da, efikaziaren, efizientziaren eta kontuak ematearen printzipioei jarraituz.

Laguntza hauen helburua, beraz, ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroei garatzen laguntzea da, eta, horretarako, finantzaketa esleituko zaie, haien proposamenen eta emaitzen ebaluazioan oinarrituta, garrantzi berezia emanez haien ekoizpen zientifikoa indartzeari eta kanpoko finantzaketa lehiakorra lortzeko gaitasuna hobetzeari.

Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2026-2029 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela dirulaguntza-lerroen barruan.

Bestalde, deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen lege hori) eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko 2026-2028 aldirako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Zientzia Politikako zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau aplikatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren egintzak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 15a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
IKERKETA AURRERATUKO UNIBERTSITATE-ZENTROEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2026-2028 aldirako dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko.

2. oinarria.– Ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentroak.

Ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentrotzat hartuko dira unibertsitate eskatzailearen aitorpen espezifiko formala duten zentroak, betiere aitorpen hori Gobernu Kontseiluak edo organo baliokideak onartuta badago. Kanpoan geratuko dira atxikitako zentroak edo mistoak, halakorik balego. Era berean, deialdi honetatik kanpo geratzen dira unibertsitate-institutuak, edozein dela ere haien eraketa-modalitatea.

3. oinarria.– Laguntzen finantzaketa.

Deialdi honetako dirulaguntzen programaren guztizko zenbatekoa, 2026. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2027rako eta 2028rako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 3.600.000 euro da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura, eta honela banatuta:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

4. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak dira laguntza hauen onuradunak, baldin eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide badira Unibertsitateen Ikerketa Egituren kategorian, eta ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentro horiek atxikita dauzkatenak.

2.– Entitate onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Unibertsitate eskatzaileak 2023. urtea baino lehen formalki eratuta eta aitortuta egon behar du zentroak.

b) Zentroak atxikitako edo kontratatutako langileen % 75ek, gutxienez, bikaintasuneko ikerketa-taldeetako kide izan beharko dute, eta talde horiek «A» edo «B» talde gisa akreditatuta egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren euskal unibertsitate sistemako ikerketa-taldeentzako 2026-2029 aldirako laguntza-deialdian.

c) Zentroak gutxienez 2 ikerketa-talde izan beharko ditu egiaztatuak eta finantzatuak laguntza-deialdi horretan.

d) Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak zentroaren gobernantza-organoko kide izan behar du. Hala ere, behin-behinean onartuko dira baldintza hori betetzen ez duten eskaerak, baldin eta sailean sartzen badira deialdia ebatzi eta 6 hilabeteko epean.

e) Zuzendari zientifikoa izan beharko dute, entitate onuradunarekin lan- edo estatutu-arloko loturaz edo hari atxikita; pertsona hori arduratuko da laguntza jasotzen duten jardueren betearazpenaren zuzendaritzaz.

Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

3.– Ezin izango dira entitate onuradunak izan honako egoera hauetakoren batean daudenak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada–, esku-hartze judizialaren mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa ekarri izana, errudun deklaratua izanik suntsiarazpena eragin duen kausan.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak egotea zenbait legek –Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea– jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

f) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), ez eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.

g) Ebazpen irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, galduta izatea lege honetan edo beste batzuetan zehaztutako dirulaguntzak lortzeko aukera. Zehazki, administrazio- edo zigor-arloan zehatuta egotea, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldia amaitu gabe.

h) LGTBIfobia erakutsi, bultzatu edo sustatzea, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea (2023ko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

i) Zigortuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

4.– Onuradunak adierazi beharko du ez dagoela aurreko apartatuko a), b), c), d), e), g), h) eta i) letretan adierazitako kasuetan, eskabide-eredu elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Erantzukizunpeko adierazpenak prozeduran aurkeztu beharreko dokumentazioa ordezten du, hasiera batean. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako puntuak egiazkoak direla egiaztatu beharko da, alegia, aurretik aurkeztu ez diren agiriak aurkeztu beharko dituzte onuradun gisa aurkezten direnek, dena delako dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

Hala ere, agintaritza eskudunak ezin badu ziurtagiria eman, horren ordez administrazio-agintaritza edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu f) letran aurreikusitako inguruabarrak, elkarreragingarritasunaren bidez, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badio egiaztapen horri, edo, hala dagokionean, baimenik ematen ez badu. Halakoetan, organismo eskudunek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Entitate eskatzaileak erabakitzen badu egiaztagiriak bere kabuz aurkeztea, eskabidea aurkezten den egunean eguneratutako ziurtagiriak erantsi beharko ditu.

5. oinarria.– Dirulaguntzaren xedea eta xede diren jarduerak.

1.– Entitate onuradunen ikerketa-programek jasoko dute laguntza, baldin eta entitate horiek ikerketa zientifikoa egiteko daukaten estrategia-ahalmena eta nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzen badute.

2.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitartean egin eta agindu honetan ezarritako gastuak justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

3.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu hauek dira diruz laguntzeko modukoak:

a) Ikertzaileak kontratatzea, izan doktore-titulua duten ikertzaileak edo prestakuntzan dauden ikertzaileak. Horrekin batera, ikerketan laguntzeko langileen kontratazioa ere sartzen da.

Doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko ikertzaileen kasuan, erreferentziatzat hartuko dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntza-aginduetan ezarritako ordainsariak.

Ikerketan laguntzeko langileen kasuan, partida horren kargura diruz lagundu ahal izango da ikerketa-proiektuak egiten eta kudeatzen espezializatutako teknikarien kontratazioa. Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastuak izango ikerketan laguntzeko langileen kontratazio-gastuak, baldin eta administrazio-lanak egingo badituzte.

b) Ekipamendu zientifiko txikia eta ertaina erostea eta handitzea. Laguntza honen kargura erositako material inbentariagarriak entitate onuradunaren Inbentario Nagusian agertu behar du, bi urtez, gutxienez, erosketa-datatik aurrera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluarekin bat. Hala ere, erregistro publiko batean inskribatu ezin diren ondasunen kasuan, lege horren 30.5 artikulua aplikatuko da.

Informatika- eta bulego-ekipamendua erostea ez da diruz laguntzeko moduko gastua izango. Proposatutako ekipamendua erosteko beharra justifikatu beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren aurrean.

c) Ikerketa-jarduerarekin lotutako gastuak. Atal honetan, material suntsikorraren gastuak eta ikerketa-zentroaren nazioartekotzea sustatzeko jardueren gastuak onartuko dira, emandako dirulaguntza osoaren % 10era arte.

Organo kudeatzaileak ezetsi egingo ditu diruz lagundu ezin diren gastu guztiak. Diruz lagundu ezin den gastu bat jarduera-planean edo eskatutako aurrekontuan sartze hutsak ez du hura onartzea ekarriko.

4.– Ez dira diruz lagunduko entitate onuradunei kontratu bidez lotutako langile finkoen ordainsariak, ez eta ondasun inbentariagarriak eskuratzearekin, eraikitzearekin, birgaitzearekin eta hobetzearekin lotutako gastuak ere, oinarri honen 3. apartatuan berariaz adierazitakoak izan ezik, ez eta eraikinen alokairuarekin edo hornidura orokorrekin lotutako gastuak ere.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, zerbitzua emateko konpromisoa kontratatu aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, zerbitzuon ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunderik haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntzaren aurretik egin bada gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko beharko dira eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz egingo da, eta, proposamen ekonomiko onena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada zenbait eskaintza eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza ekonomikoena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo kudeatzaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu tasazio horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

6.– Ez dira diruz laguntzekoak izango enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi entitate edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluak adierazitako egoeraren batean badaude.

7.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz oinarri honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. oinarria.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten entitate onuradunek beste laguntza batzuk ere jaso ahal izango dituzte, edozein delarik ere ematen dituen administrazioa edo erakunde publikoa zein pribatua. Dena den, erakunde onuradunak jasotzen dituen laguntza guztiak bilduta, ezin izango dute gainditu erakundearen jarduera ez-ekonomikoaren kostu osoaren % 100; portzentaje horren barruan sartuko dira onuradunak hirugarrenetatik jaso ditzakeen bestelako laguntza edo diru-sarrerrak.

2.– Eskuratutako dirulaguntzek aurreko paragrafoan ezarritako muga gainditzen badute, muga hori erdiesteko, dagokien zenbatekoa murriztuko zaie oinarri hauetan oinarrituta emandako laguntzei.

7. oinarria.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Eskaerak egiteko, formulario bat bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuratu ahal izango baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko egoitza elektronikoan, webgune honetan: www.euskadi.eus/servicios/1273101 (II. eranskina).

Entitate eskatzaileak, eskabidea elektronikoki sinatzeko, entitate-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).

Aplikaziora sartzeko, ziurtagiri elektronikoa erabiliko da (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria, BakQ). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta oinarri honen 4. apartatuan zehaztutako dokumentuak erantsita, entitateak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, 1. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz; une horretan soilik geratuko da erregistraturik eskabidea.

3.– Hilabete bateko epea izango da eskabideak aurkezteko, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Garatu beharreko ekintza-plana (EP), barnean hartuta 2023-2025 aldian egindako jardueren memoria eta zentroak egingo duen ikerketaren plangintza, bai eta haren ildo guztiak eta honako hauek ere: ikerketa-taldeak, lortu beharreko xede eta adierazleak, emaitzen estimazioa, finantza-plana, azpiegituren eta ekipamenduaren deskribapena, ikertzaileen hautaketa- eta prestakuntza-politika, nazioartekotze-estrategia, ezagutza transferitzeko estrategia, ezagutza zientifikoa gizartean zabaltzeko jarduerak, zentroak ongizate psikosoziala lortzeko egindako jarduerak eta plana osorik deskribatzeko behar diren kontzeptu guztiak. Ekintza-plana agindu honen III. eranskinaren arabera garatuko da. Agiria ingelesez idatz daiteke.

Azkenik, ekintza-planak (EP) aipatu 2023-2025 eta 2026-2028ko aldietarako adierazleei buruzko apartatu bat izango du. 2026-2028 aldirako ezarritako adierazleek koherenteak izan beharko dute aurreko fasean zentroek erakutsitako ahalarekin; bestela, desadostasuna justifikatu egin beharko da. Agindu honen IV. eranskinean jasota dago sartu beharreko adierazleen zerrenda. Planean jasoko dira, halaber, 2023-2025 eta 2026-2028 aldietarako pertsonal-gastuei, bestelako gastu arruntei eta inbertsioei buruzko urteko datu agregatuak. Halaber, aldi horietarako sarrera-iturriak zehaztuko dira, honela sailkatuta: iturri publikoak eta pribatuak, eremu geografikoa eta erakunde finantzatzailea.

2026-2028 aldirako aurreikusitako gastuak justifikatu behar dira; horretarako, gastuen xede zehatzaren deskribapena eta gastu horiek finantzatzeko lor litezkeen finantzaketa-iturrien azterketa egingo da.

b) Organo eskudunaren egiaztapena, 4.2 oinarrian ezarritakoa betetzeari buruzkoa.

8. oinarria.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

1.– Baldin eta 4.2. oinarrian eskatutakoa betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, zuzendu beharreko eskabideak argitara emango dira www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

9. oinarria.– Ebaluazioa.

1.– Eskabideen ebaluazioa batik bat honako hauei buruzkoa izango da: zentroen bikaintasun zientifikoa; bikaintasunerako gobernua eta kudeaketa; 2026-2028 aldirako proposatutako ekintza-plana, eta zentroak hauei egindako ekarpena: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemari, Euskadi 2030 ZTBPri, Ikerketaren Europako Espazioari (ERA) eta H2030-i. Ebaluazio hori Leidengo Manifestuan (The Leiden Manifesto for research metrics, Nature 2015) ezarritako printzipioek arautuko dute, bai eta produkzio zientifiko-teknikoaren ebaluazio-praktikak hobetzea sustatzen duten antzeko beste printzipio batzuek ere; horrela, aipatutako ebaluazioan modu arduratsuan erabiliko dira erreferentziako iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.

2.– Erakunde laguntzaile den aldetik, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak egingo ditu eskabideen ebaluazioa kudeatzeko lan materialak. Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzorde Zientifikoak balorazio zientifiko-teknikoari buruzko txosten bat egingo du eskabide bakoitzarentzat, oinarri honetan adierazitako irizpideei jarraituz. Batzorde horrek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistematik kanpo dauden eta ikerketa aurreratuko unibertsitate-zentro bakoitzaren zientzia-arloan nazioarteko ospea duten zientzialarien aholkularitza izan ahalko du txosten hori egiteko. Prozeduran zehar, informazio osagarria eskatu ahalko zaie entitate eskatzaileei, balioztatzeko aurkeztutako agirien inguruko zalantzak argitzeko. Informazioa aurrez aurreko elkarrizketa bidez emateko eskatu ahal izango da, aurkeztutako dokumentazioa argitzeko soilik.

3.– Zehazki, irizpide-bloke hauek balioetsiko dira:

a) Ikerketa-zentroa: gobernantza, zentroaren antolakuntza, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemari egindako ekarpena, Euskadi 2030 ZTBPrekin bat egitea, kudeaketa ekonomikoa, zentroaren Nazioarteko Aholku Batzorde Zientifikoaren osaera (ISAC, International Scientific Advisory Committee).

b) Bikaintasun zientifikoa, ikerketa-kalitate frogatua eta sortutako ezagutzaren eragin frogatua: ikerketa-programaren eta argitalpen zientifikoen kalitatea, ikertzaileak prestatzeko eta erakartzeko programa, zentroaren nazioarteko lidergoa, ezagutzaren transferentzia eta hedapena eta ikerketaren gizarte-eragina, finantzaketa pribatua eta nazioarteko finantzaketa.

c) 2026-2028 aldirako ekintza-plana: antolaketa, helburu estrategikoak, garapen-programa, eragina Euskadin eta nazioartean, talentua erakartzeko eta trebatzeko programa, finantzaketa-plana, transferentzia eta dibulgazio zientifikorako estrategia, berdintasun-jarduerak eta zentroak ongizate psikosoziala lortzeko egindako jarduerak.

4.– Puntuazioak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

5.– Ebaluazio-prozesuaren ondorioz, zentroek gehienez 100 puntu lor ditzakete. Deialdi honetan hautagai izateko, zentroek 50 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte guztira, eta B apartatuan 33 puntu edo gehiago.

6.– Aitortutako ikerketa-zentroek hiru urteko aldi baterako lortu ahalko dute dirulaguntza.

10. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

1.– Zentro bakoitzari eman beharreko zenbatekoak honela esleituko dira: 9.5 oinarrian hautagai izateko ezarritako baldintzak gainditzen dituen entitateetako bakoitzak lortutako bikaintasun-puntuen proportzioan. Ebaluazioan lortutako notari 40 puntu kenduta lortzen dira bikaintasun-puntuak.

2.– Laguntzaren onuradun den zentro bakoitzari eman beharreko dirulaguntzak ezin izango du eskatutako aurrekontua gainditu. Hala gertatuz gero, 50 puntu baino gehiago lortu duten gainerako entitateen artean banatuko da soberakinaren zenbatekoa, bikaintasun-puntuen proportzioan.

11. oinarria.– Hautaketa-batzordea.

1.– Kide hauek izango ditu hautaketa-batzordeak: Zientzia Politikako zuzendari Amaia Esquisabel Alegría, batzordeburu ere izango dena; Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre Pinedo, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako arduradun Eneko Galletebeitia Laka, idazkari-lanak egingo dituena.

2.– Ebaluazioaren emaitzak hautaketa-batzordera bidaliko dira, hari baitagokio akta bat egitea, emaitzetatik ateratako ondorioak laburbilduko dituena. Hautaketa-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, eta agindu honen 10. oinarrian ezarritakoaren arabera esleituko ditu baliabideak.

3.– Hautaketa-batzordeak, halaber, laguntza gauzatzeko aldian, kalitate-adierazleetarako eta emaitzen ebaluaziorako proposamen bat finkatuko du, 14. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

12. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Zientzia Politikako zuzendariak deialdiaren ebazpen-proposamena prestatuko du.

2.– Proposamena dirulaguntza ematearen aldekoa bada, hau dena adierazi beharko da bertan: entitate onuradunaren izena, gauzatze-epea, guztira esleitutako zenbatekoa eta dirulaguntzaren urterokoak, eta kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

3.– Proposamena laguntza ematearen aurkakoa bada, identifikatu behar da zer entitatek eskatzen duen dirulaguntza eta zergatik ukatzen zaion.

13. oinarria.– Ebazpena.

1.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari dagokio dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematea.

2.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira dirulaguntzak, Zientzia Politikako zuzendariak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta. Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta bertan jasoko dira entitatearen identifikazioa, gauzatzeko epea, esleitutako zenbateko osoa, dirulaguntzaren urterokoak, kalitatearen adierazleak eta emaitzen ebaluazioa. Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

3.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Emandako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz egingo da jakinarazpena. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan zerrenda bat argitaratuko da, adieraziz zein diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, eta horiekin batera, kalitatearen adierazleak eta emaitzen ebaluazioa, iragarki-taulan argitaratu eta sei hilabeteko epean.

5.– Aurreko 4. apartatuan ezarritakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote, aplikazio informatikoaren bidez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14. oinarria.– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa, bai eta horiek gauzatzeko epeak ere, laguntza bakoitzerako zehaztuko dira, laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitakoaren arabera. Horretarako, adierazle-multzo bat ezarriko da, honako alderdi hauen gainean: zientzia-ekoizpena, prestakuntza-gaitasuna, ikertzaileak erakartzea eta biltzea eta finantzaketa lehiakorra lortzea.

Adierazle horien zehaztapen kuantitatiboa egiteko, kontuan hartuko dira zentroak 2023-2025 aldian izandako jarduna eta 2026-2028 aldirako proposatutako helburuak.

Adierazleak laguntza emateko ebazpenean jasoko dira, eta 16. oinarrian (laguntzen jarraipenari eta kontrolari buruzkoa) aurreikusitako txosten teknikoak ebaluatzeko erabiliko dira.

15. oinarria.– Laguntza onartzea eta hari uko egitea.

1.– Laguntza onartutzat joko da entitate onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez badio ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean.

2.– Emandako laguntzari uko eginez gero, bitarteko elektronikoen bidez jakinarazi beharko da, eta administrazio-prozeduraren eta dirulaguntzen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

16. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zenbait urtetan ordainduko dira, urteko ordainketen bidez, laguntza emateko ebazpenean ezarritako banaketaren arabera eta honako eskema honi jarraikiz:

a) 2026. urtea: ordainketa bakarrean ordainduko da urte horri dagokion zenbatekoaren % 100, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren.

b) 2027. urtea: urte horri dagokion zenbatekoaren % 80ko aurrerakina ordainduko da, urteko lehen seihilekoa amaitu baino lehen.

c) 2028. urtea: urte horri dagokion zenbatekoaren % 80ko aurrerakina ordainduko da, urteko lehen seihilekoa amaitu baino lehen.

2.– Entitate onuradunak 2026. eta 2027. urteei dagokien justifikazioa aurkeztu beharko du, 17. oinarrian adierazitako moduan.

Justifikazio hori egiaztatu ondoren, 2027ko urterokoaren gainerako % 20a ordainduko da, baldin eta egiaztatzen bada emandako laguntzaren % 80, gutxienez, urte horietan gauzatu dela.

3.– 2028. urteko gainerako % 20a ordaintzeko, entitate onuradunak jarduketa osoari dagokion justifikazioa aurkeztu beharko du, 17. oinarrian adierazitako baldintzetan.

Azken justifikazioa egiaztatu ondoren, urte horretako gainerako % 20a ordainduko da, hala badagokio.

4.– Aurkeztutako justifikazioa aztertuta ondorioztatzen bada aurreikusitakoa baino gauzatze txikiagoa egin dela edo agindu honetan ezarritako betekizunak bete ez direla, emandako laguntza murriztu ahal izango da, edo, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, dirulaguntzen araudian aurreikusitako baldintzetan.

5.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko, baldin eta entitate onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela; ez da ordainduko, halaber, zorduna baldin bada, dirulaguntzaren bat itzuli beharra duela adierazten duen ebazpen bat dela-eta, aplikatzekoa den araudian aurreikusitako baldintzetan.

6.– Dirulaguntzaren zenbatekoak, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako berme-araubidea bete beharko du. Zehazki, entitate onuradun batek jaso beharreko ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa denean, dagozkion bermeak eratzea eskatuko da, arau horretan ezarritako baldintzetan.

7.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean (hirugarrenen erregistroa) egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo datuak aldatzeko izapidea Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikoaren bidez egin beharko da.

17. oinarria.– Laguntza justifikatzea. Jarraipena eta kontrola.

1.– Entitate onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa egin dutela eta laguntza ematea ekarri duen helburua bete dutela; horretarako, justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri honetan ezarritakoari jarraituz.

2.– Justifikazioa gauzatze-aldien arabera egingo da, eskema honi jarraituz:

a) Lehen justifikazioa, 2026. eta 2027. urteei dagokiena, 2028ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da, eta jarduketa urte horiei dagokien mailan gauzatu dela egiaztatu beharko du.

b) Azken justifikazioa, diruz lagundutako jarduketa osoari dagokiona, 2029ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da. Azken justifikazio horrek egiaztatu beharko du diruz lagundutako jarduketa osoa egin dela, aurreikusitako helburuak bete direla eta jasotako funts publikoak behar bezala aplikatu direla.

3.– Justifikazio-agirien artean, honako hauek jaso beharko dira:

a) Memoria zientifiko bat, honako hauek jasoko dituena: egindako jarduerak, helburuen betetze-maila, lortutako emaitzak, barnean direla jarraipen-adierazleak eta, hala badagokio, izandako desbideratzeak.

b) Memoria ekonomiko bat, egindako gastuen zerrenda sailkatua, hornitzaileen eta fakturen identifikazioa eta dagozkien ordainagiriak jasoko dituena.

Memoria horretan, entitate onuradunaren kontabilitate-zerbitzuko kudeatzailearen edo buruaren ziurtagiri bat jaso behar da, ikerketa-zentro bakoitzak eman zaion dirulaguntzarekin egindako gastua zehaztuta, kontzeptuka (langileak kontratatzea, ekipamendua eta bestelako gastuak), eta dagozkien zenbatekoak adierazita. Kontzeptu horiek bat etorri beharko dute 5.3 oinarrian ezarritakoarekin (diruz lagundu daitezkeen gastuak).

c) Helburu bererako lortutako beste laguntzei edo dirulaguntzei buruzko deklarazio bat, finantzaketa bikoitzik ez dagoela egiaztatzeko.

4.– Organo kudeatzaileak beharrezkoak diren egiaztapenak egin ahal izango ditu jarduketa behar bezala gauzatu dela egiaztatzeko, eta beharrezkoa den informazio gehigarria eskatu ahal izango du.

5.– Laguntza gauzatzeko aldi osoari buruzko justifikazio-memoria zientifikoa 2029ko lehen hiruhilekoan ebaluatuko da. Ebaluazio horretan, laguntzaren aldian lortutako zientzia-, kudeaketa- eta lankidetza-arloko lorpenak aztertuko dira, 13.2 oinarriaren arabera hartutako konpromisoak aintzat hartuta.

Ikerbasque Fundazioko Aholku Batzorde Zientifikoak ebaluazioa egin eta jarraipen zientifiko eta teknikoko txosten indibiduala egingo du. Ebaluazioaren emaitza 2029ko martxoaren 31 baino lehen jakinarazi beharko da. Emaitza ezezkoa bada, ulertuko da ez-betetzeren bat egon dela, eta 20. oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

6.– Justifikazio-betebeharrak ez betetzeak, epez kanpo aurkezteak edo nahikoa ez izateak laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, laguntza gutxitzea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzultzea ekar dezakete, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitakoaren arabera.

18. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute. Zehazki, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea, nahiz eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak onartu ahal izango dituen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldaketak, betiere aldaketa horiek guztiz justifikatzen badira, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren berariazko baimena lortu bada, agindu honetan ezarritako moduan.

b) Kostu-kontrolari eustea. Horren bidez, entitate onuradunak burutzen duen jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereiziko dira.

c) Zientzia Politikarako Zuzendaritzari laguntzea, esleitutako dirulaguntzen inguruan hark egokitzat jotzen duen guztia egiaztatzen. Halaber, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek.

d) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, hamar urtez gutxienez.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, dirulaguntzen gaineko fiskalizazio-eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazio guztia ematea.

f) Zientzia Politikako Zuzendaritzari ematea xede berbererako edo antzeko helburu baterako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen edo dirulaguntzen eta diru-sarrera edo baliabideen berri.

g) Publikotasun egokia ematea agindu honetan aurreikusitako laguntzen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoari.

h) Zuzendaritza zientifikoko titularrak kargua utziz gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinaraztea zein den kargu hori betetzeko prozedura.

19. oinarria.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikako Zuzendaritza da laguntza hauen organo kudeatzailea.

20. oinarria.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik badago helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, entitate onuradun izateko agindu honen 4. oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 5. oinarrian ezarritakoa betetzen badira.

2.– Salbuespen gisa, aurrera eraman beharreko jarduketak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak; horretarako, beharrezkoa da aurretik entitate onuradunak eskaera egin eta justifikatzea, eta alegatzen diren arrazoiek luzapen hori justifikatzea.

3.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak aldaketak onar ditzake jardueretan, betiere entitate onuradunak aldez aurretik aldaketak egitea eskatzen badu eta amaitu aurretik guztiz justifikatzen baditu, eta ez baditu desitxuratzen izaera eta lortu nahi diren helburuak.

21. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu laguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dagokien berandutze-interesak ere eskatu ahalko dira, baldin eta onuradunak erabateko ez-betetze egoera hauetakoren batean badaude:

a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.

b) Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedeak, jarduera edo proiektua ez betetzea edo eskatzen den portaera ez izatea. Alde horretatik, ez-betetzea izan dela ebatziko da aginduaren 17.5 oinarriak xedatutako azken ebaluazio-prozedura gauzatu eta gero.

c) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea. Aurkezten ez badira finantzatu daitekeen inbertsioa egin dela justifikatzeko behar diren agiriak, organo emaileak horretarako eskaera egin ondorengo 15 egun balioduneko epean, jasotako zenbateko ez justifikatuak itzuli egin beharko dira.

d) Emandako zenbatekoaren % 25 baino gutxiago erabili bada.

2.– Ez-betetze partzialtzat hartuko da emandako laguntzaren erabilpen osoa ez egitea, % 25 baino gehiagokoa bada. Kasu horretan, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere agindu honen 4. oinarrian laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak eta 5. oinarrian laguntzen xedeari buruz ezarritakoa betetzen badira.

3.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

4.– Laguntzak itzultzeko prozeduran, arau hauek bete beharko dira:

a) Zientzia Politikako zuzendariak prozedura hasi dela jakinaraziko dio interesdunari, zergatik hasi den eta zertan oinarritzen den adieraziko dio, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzan. Prozedura hasteak berekin ekarriko du oraindik egin gabe egon litezkeen ordainketak etetea.

b) Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik egin gabe igaro ondoren, prozedura amaituko da Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Ebazpen horretan zehaztuko da, hala badagokio, itzulketa bidezkoa den eta zenbat diru itzuli behar den.

5.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

6.– Ebazpenak ulertzen badu ez-betetzeren bat gertatu dela, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du bidegabe jasotako zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik hura itzuli beharra bidezkoa dela erabaki arte sortutako berandutze-interesak ere. Dagokion zenbatekoa gehienez bi hilabeteko epean ordaindu beharko da, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epea izango da.

7.– Borondatezko epea igaro eta itzulketarik egin ez bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak horren berri emango dio Eusko Jaurlaritzan ogasunaren arloko eskumena duen organoari, dagokion bidetik ordainaraz dezan, aplikatu beharreko araudiari jarraituz.

22. oinarria.– Datuen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa babestekoak). Informazio hau emango da:

– Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

– Xedea: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

• 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

• 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Ogasun eta Finantza Saila.

• Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

– Eskubideak: pertsona eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai dago helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/rgpd/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

– Araudia:

• 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Batzordearena, pertsona fisikoak babesten dituena datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokionez, eta 95/46/EE Zuzentaraua bertan behera uzten duena.

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala