
186. zk., 2026ko irailaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 8 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4037
AGINDUA, 2026ko irailaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak ezartzen baitira goi-mailako lanbide-heziketako eta espezializazio-ikastaroetako ikasleek, 2025-2026 ikasturtean, atzerrian modalitate dualean egindako egonaldiak babesteko.
Datozen urteetan, aldaketa oso sakonak eta oso azkarrak biziko ditugu. Aldaketa horiek aukera handiak irekiko dituzte, eta hain garrantzitsuak izango dira ezen eragina izango baitute gure bizimoduan, bai bizitza pertsonalean, bai profesionalean. Enpresa-kudeaketako eredu-aldaketek, aldaketa demografikoek eta globalizazioa bezalako faktoreek eragin zuzena izango dute hezkuntza- eta lanbide-sisteman, eta inpaktu nabarmena izango du horrek prestakuntzan eta enpleguan, zeina zehatz-mehatz ebaluatu behar baita. Horrek guztiorrek behartzen du egin beharreko eraldaketak egitera, sortzen diren erronka berriei aurre egiteko prest egon dadin lanbide-heziketa.
Ildo horretan, lanbide-heziketak aurrea hartzeko jarrera izan behar du, aitzineratuz eta beste gisa batean lan egiteko premia erantsian zentratuz bere indarrak, beste helburu eta xede batzuekin, beste antolaketa batekin, etorkizunaren ikuspegi moderno batekin eta egiteko modu ezberdina bilatzeko premiarekin, pertsonen eta erakundeen arteko, baina, batez ere, lanbide-heziketako zentroen eta enpresen arteko lankidetza eta kooperazioa oinarri duen modu bat, lanbide-heziketa lan-merkatuaren berregituraketara egokitzeko gisan, etengabeko eta beharrezko elkarrekintza sortuz.
Eusko Jaurlaritzaren jarduera-esparru estrategikoaren arabera, lanbide-heziketa zutabe bat da, hazkunde iraunkorrarekiko eta giza garapenarekiko konpromisoan kokatzen diren pertsonen aldeko konpromisoan kokatzen den zutabea, hain zuzen. Lanbide-heziketak hezkuntzaren ingurune naturala du abiapuntu, eta, era berean, inpaktu handia du euskal ekonomiaren beste arlo batzuetan ere, eragina baitu bai langileen enplegagarritasunean, bai enpresen lehiakortasunean.
Belaunaldi berriek konpetentzia, jarrera eta esperientzia espektro zabala eskuratu beharko dute, bai prestakuntza-zentroan, bai lantokian, eta gizarte-erronkaren bidez estimulatuko da konpetentzia horien garapena, pentsamendu kritiko eta eraikitzailea sustatuta.
Era berean, nazioarteko dinamikek lehiakortasuna, berrikuntza eta aukerak gero eta gehiago baldintzatzen dituzten testuinguru global honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketak nazioartean duen oihartzuna indartu beharko du, elkarrekiko ikaskuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatuz ingurune globaleko beste sistema eta eragile batzuekin. Horretarako, lanbide-heziketako euskal sistemak nazioartekotzera irekitako eta nazioarteko ingurunearekin lerrokatutako kultura instituzionala sustatzera bideratuko du bere jarduna, baita aliantza estrategiko globalak finkatzera eta pertsonen eta ezagutzaren nazioarteko mugikortasuna errazten eta babesten duten sistemak garatzera eta indartzera ere.
Ikasleen nazioarteko mugikortasuna funtsezko tresna da behar bezala prestatzeko etengabe eboluzionatzen ari den ingurune profesional eta sozial global eta askotariko baten aurrean.
Mugikortasun-esperientziak, Lanbide Heziketako modalitate dualeko programetan parte hartzea eta atzerrian prestakuntza-egonaldiak egitea lagungarri izango dira, bereziki, ikasleen garapen tekniko eta pertsonala indartzeko, nazioarteko lan-merkatuan haien enplegagarritasuna hobetzeko, kulturarteko konpetentziak eskuratu eta finkatzeko, eta autonomia pertsonala, egokitzeko gaitasuna eta nazioarteko esparrura irekitako pentsamoldea indartzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako politikak garatzen dituen esparrua arautzen du; izan ere, garrantzi handia du horrek sistema ekonomiko berrian, Euskadi baldintza onetan koka dadin Euskadik helburu duen eredu ekonomikoan. Eta horretarako, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta integratzaile batean oinarritutako ekonomia bultzatuko da, eta, era berean, kalitatezko enplegu egonkorra sortzea sustatuko, gizarte-kohesioa handiagoa lortzeko bidean.
4/2018 Legeak lanbide-heziketako euskal sistema bat eratzen du, enplegagarritasuna, ekoizpen-sarearen lehiakortasuna eta konpetentzia profesionalen nazioartekotzea hobetzera bideratua, eta, lehentasunezko helburuen artean, ikasleek nazioz gaindi mugitzeko dauzkaten aukerak bultzatzea eta lanbide-heziketa duala indartzea ezartzen ditu, goi-mailako kualifikazioak eskuratzeko ardatz estrategiko gisa. Esparru horretan, beharrezkoa da neurriak sustatzea goi-mailako lanbide-heziketako ikasleek atzerrian modalitate dualean prestakuntza-egonaldiak egitea errazteko, nazioarteko ekoizpen-testuinguruetan konpetentzia tekniko, linguistiko eta pertsonalak garatzeko tresna gisa, gero eta globalizatuagoa den lan-merkatuan integratzea erraztuz eta lanbide-heziketako euskal sistema Europan eta nazioartean kokatzen lagunduz.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak lanbide-heziketako sistema bakar eta integratu bat ezartzen du, pertsonen bizialdi osoko kualifikazio eta birkualifikazio etengabera bideratua, irakaskuntzen izaera duala indartuz eta haien nazioartekotzea sustatuz, enplegagarritasuna eta produkzio-sistemaren lehiakortasuna hobetzeko elementu estrategiko gisa. Bereziki, lege horrek ikasleen nazioz gaindiko mugikortasuna, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta atzerrian prestakuntza-proiektuak garatzea bultzatzen du, prestakuntza-prozesuan nazioarteko egonaldiak sustatuz, lan-ingurune errealetan konpetentzia profesional, linguistiko eta pertsonalak eskuratzeko bide gisa.
Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa aplikatzeko arau-esparrua ezartzen du, eta, besteak beste, sistemaren nazioarteko dimentsioa zehazten du, mugikortasuna, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta nazioz gaindiko ingurune profesionaletan prestakuntza-aldiak egitea sustatuz. Errege-dekretu horrek lanbide-heziketaren izaera duala indartzen du, eta berariaz jasotzen du mugikortasun-testuinguruetan –batez ere nazioartekoetan– enpresa edo organismo parekatuetan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera, konpetentzia profesionalak eskuratzeko prozesuaren eta curriculumaren atal gisa. Erregelamendu-esparru horrekin bat etorriz, laguntza-tresnak bultzatu behar dira goi-mailako lanbide-heziketako ikasleek modalitate dualean parte har dezaten atzerriko prestakuntza-esperientzietan, haien prestakuntza-izaera, aukera-berdintasuna eta enplegagarritasuna hobetzea bermatuz lan-merkatu gero eta globalizatuago batean.
Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategia Eusko Jaurlaritzaren ibilbide-orria da lanbide-heziketa Euskadiko lehiakortasunaren, ongizatearen eta gizarte-kohesioaren motor bihurtzeko. Funtsezko 5 ardatzen inguruan dago egituratuta: talentuaren garapena; berrikuntza eta ekintzailetza; jasangarritasuna eta kultura demokratikoa; eraldaketa digitala, eta nazioartekotzea. Laguntza hau, bada, estrategiaren 1. eta 5. ardatzekin dago lerrokatuta, eta, zehazki, helburu hauekin: talentua prestakuntzaren bitartez sustatzea; lanbide-heziketa dualaren eredu sendoa, irisgarria eta inklusiboa kontsolidatzea, eta ikasleen nazioarteko mugikortasuna bultzatzea, haien prestakuntza aberasteko eta ingurune global baterako prestatzeko.
Agindu honetan arautzen diren laguntzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude jasota. Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen plana, eta euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Hezkuntza Sailaren atalean.
Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, arau hauetan ezarritako eran: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta, orobat, laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.
Halaber, kontuan hartu dira, batetik, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.) eta, bestetik, 381/2024 Dekretuaren 4. artikulua.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Laguntzen deialdia egitea goi-mailako lanbide-heziketako eta espezializazio-ikastaroetako ikasleek, 2025-2026 ikasturtean, atzerrian modalitate dualean egindako egonaldiak babesteko, eta laguntza horiek arautzeko oinarriak onartzea, eranskinean jasotakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 22a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
GOI-MAILAKO LANBIDE-HEZIKETAKO ETA ESPEZIALIZAZIO-IKASTAROETAKO IKASLEEK, 2025-2026 IKASTURTEAN, ATZERRIAN MODALITATE DUALEAN EGINDAKO EGONALDIAK BABESTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da laguntzen deialdia egitea goi-mailako lanbide-heziketako eta espezializazio-ikastaroetako ikasleek, 2025-2026 ikasturtean, atzerrian modalitate dualean egindako egonaldiak babesteko.
Bigarrena.– Erabilgarri dagoen kreditua.
Deialdi honetara bideratzen den kredituaren gehieneko zenbateko osoa zortziehun eta berrogeita hamar mila eurokoa (850.000,00) izango da.
Hirugarrena.– Onuradunak.
Onuradunak dira 2025-2026 ikasturtean atzerrian modalitate dual orokorrean egonaldia egin duten goi-mailako lanbide-heziketako eta espezializazio-ikastaroetako ikasleak.
Laugarrena.– Betekizunak.
1.– 2025-2026 ikasturtean goi-mailako heziketa-ziklo batean edo espezializazio-ikastaro batean matrikulatuta egotea, edo ikasturte horretan bertan ziklo edo ikastaro hori amaitu izana.
2.– Atzerrian, modalitate dualean, enplegura iragateko programetan parte hartzea edo parte hartu izana 2025-2026 ikasturtean.
3.– Gutxienez astebeteko eta gehienez lau hilabeteko egonaldi bat egitea atzerrian, enpresa batean, deialdi honetan ezarritakoaren arabera.
4.– Ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekurik.
Bosgarrena.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.
Hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak: bidaia, joan-etorriak jarduera dual orokorra egiten den lekura, otorduak eta ostatua.
Atzerriko egonaldia benetan egin dela egiaztatzearen bitartez eta zenba daitezkeen aste osoen kopurua zehaztuta justifikatu beharko da laguntza, bederatzigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
Seigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzeko moduko aldia.
1.– Atzerrian gutxienez astebetez eta gehienez lau hilabetez egindako egonaldiak sartuko dira diruz laguntzeko moduko aldian.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 100 euroko modulu finko bat aplikatuko da egonaldiaren aste oso bakoitzeko (bost lanegunen baliokidea).
3.– Onuradun bakoitzari gehienez 1.800 euroko dirulaguntza eman ahal izango zaio, deialdian erabilgarri dagoen kredituaren mugaren barruan.
4.– Adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.
Zazpigarrena.– Bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein administraziok edo nazioko zein nazioarteko ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, eta diruz lagundutako zenbateko osoak, bakarka hartuta edo beste batzuekin batera, ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.
Zortzigarrena.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabidea izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak biltzen dituen laguntzen informazio-fitxa, zeinaren bitartez lor baitaiteke eskabidea egiteko inprimakia, helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1270501
3.– Eskabideak honela aurkeztu ahal izango dira:
a) Telematikoki, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa erantsita. Horretarako, ziurtagiri digitalaren bidez identifikatu behar da helbide honetan: https://www1.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginF.do?idioma=eu
b) Aurrez aurre, ikastetxeetako idazkaritzan. Helbide elektronikoaren eta pasahitzaren bidez identifikatuta sartu beharko da esteka honetan: https://www1.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginF.do?idioma=eu eskabidea formalizatu eta inprimakia sortuko da, eta inprimaki hori entregatu beharko da, behar bezala bete eta sinatuta.
c) Aurrez aurre, arau hauetan aipatzen diren bulegoetan: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikulua eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua.
4.– Eskabidea aurkezten bada, berez onartzen dira deialdiaren oinarriak.
5.– Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako dokumentuak.
6.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak akats edo zehaztasun faltaren bat antzematen badu eskabidean, interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bederatzigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.
– Hirugarrenen alta.
– Mugikortasunari buruzko akordioa, datuak jasotzen dituena.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua aplikatuz, eta artikulu horren 9. apartatuari jarraikiz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat sartu da, eskatzaileak alderdi hauek adieraz ditzan:
a) Ez zaiola ezarri laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea dakarren inolako administrazio- edo zigor-zehapenik, eta ez dagoela sartuta lege horren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera onuradun izatea galarazten duen egoeraren batean, berariaz aipatuta sexuan oinarritutako diskriminaziotik eratorritakoak, bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin.
b) Egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak, eta betetzen direla laguntza horien onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
c) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
d) Helburu bererako beste administrazio edo ente publiko zein pribaturen baten dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskatu edo jasoz gero, horren berri emateko konpromisoa hartzen duela.
e) Deialdi honetan araututako laguntzak bateragarriak izango dira Erasmus+ programako laguntzekin, eta haien helburua izango da goi-mailako heziketa-zikloetako eta espezializazio-ikastaroetako ikasleen gastuak ordaintzen laguntzea 2025-2026 ikasturtean, mugikortasunaren gainfinantzaketarik eragin gabe.
f) Eskatzen duen informazioa emango diola Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, zuzenean edo Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren bidez, dagokionaren arabera, aurkeztutako datuak erkatu eta behar diren egiaztapenak egin ahal izango ditu dirulaguntzak behar bezala adjudikatzeko.
2.– Eskabidearekin batera, adostasun espresua emango da ikasleak zerga-betebeharrak egunean dituela ofizioz egiaztatzeko. Hala ere, ikasleak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakoetan, kasuan kasu eskumena duen organoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Hamargarrena.– Kudeaketa egin behar duen organoa.
1.– Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza da deialdi honen kudeaketa egin behar duen organoa.
Hamaikagarrena.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenak.
1.– Lehiaketa ez den norgehiagokaren bidez emango dira dirulaguntzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako titularrak banakako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta eman zaion laguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuta. Bestalde, eskatu den dirulaguntza ez emateko ebazpen-proposamenetan, zergatia adierazi beharko da.
3.– Behin-behineko ebazpen-proposamena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskabidean hautatu zuten bidea erabiliz.
4.– Eskatzaileek hamar (10) egun baliodun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko.
5.– Alegazioak aztertu ostean, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako titularrak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.
6.– Behin betiko ebazpen-proposamena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskabidean hautatu zuten bidea erabiliz.
7.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez dute eskubiderik sortzen aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
Hamabigarrena.– Behin betiko ebazpena.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio dirulaguntzaren behin betiko ebazpena ematea, behar bezala arrazoituta. Dirulaguntza emango dela –edo, hala badagokio, emango ez dela– adierazteko, berariazko eta banakako ebazpenak egingo ditu Lanbide Heziketako sailburuordeak.
2.– Interesdunek laguntza onartzen dutela jakinarazi beharko dute 10 egun balioduneko epean. Epe horretan ezer jakinarazi ez bada, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.
3.– Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Behin betiko ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamahirugarrena.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Ordainketa bakar batean ordainduko da dirulaguntza, mugikortasuna amaitu ostean, baldin eta onuradunak behar bezala aurkeztu baditu eskatu zaizkion dokumentu guztiak.
2.– Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, banku-transferentzia baten bidez.
Hamalaugarrena.– Laguntza hauen onuradunen betebeharrak.
Laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarrita dauden lege-betebeharrak bete beharko dituzte.
Hamabosgarrena.– Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko prozedura.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako arrazoiren bat dagoenean, jasotako dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko betebeharra sortuko da, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik berreskuratu behar dela erabakitzen den arteko berandutza-interesak berreskuratzeko betebeharra ere.
2.– Dirua organo emaileari berreskuratzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.
Betebehar horrek ez du zerikusirik izango exijitu daitezkeen, hala badagokio, zehapenekin.
Hamaseigarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: laguntzak eta dirulaguntzak entitate laguntzaileentzat eta lanbide-heziketako ikastetxeentzat.
Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileentzako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren lege-betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak:
Europar Batasuneko organoak.
Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
Europako Batzordea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
RSS