Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2026ko irailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3837

AGINDUA, 2026ko abuztuaren 28koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bitartez onartzen baitira Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz galera ekonomikoak izan dituzten gizarte-ekonomiako enpresei zuzendutako laguntza berezien deialdiaren oinarriak, eta egiten baita horien deialdia 2026rako.

Gaur egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren gorabeherak kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak zenbait neurri hartu ditu, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz gure lurraldea jasaten ari den galera sozial eta ekonomikoak geldiarazteko edo arintzeko. Horren ondorioz, 2026ko martxoaren 17an, Gobernu Kontseiluak akordio bat onartu zuen «Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorio ekonomiko eta sozialei buruzko neurriak» hartzeko. Neurri-sortan, 1.500.000 euroko zuzkidura gehigarri bat dago jasota 2026ko ekitaldirako.

Nazioarteko testuinguru ekonomikoaren bilakaerak eta Ekialde Hurbileko gatazka belikoaren inpaktuak kalte ekonomiko handiak ekarri dizkiete gizarte-ekonomiako enpresei, eta, bereziki, kooperatiba-sozietateei eta lan-sozietateei. Ezohiko egoera hori kontuan hartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 17ko bilkuran onartutako Euskadiko Industria Ezkutuaren neurri-sorta berriaren esparruan, beharrezkotzat jotzen da laguntzen ezohiko deialdi hau gaitzea, entitate horiek izandako galera ekonomikoak arintzen laguntzeko.

Horrela, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak ezohiko laguntza-lerro hau antolatu du Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz galera ekonomikoak izan dituzten gizarte-ekonomiako enpresentzat.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen 2024ko abenduaren 23ko 7/2024 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2024ko azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzetarako oinarriak eta deialdia onartzea.

Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz galera ekonomikoak izan dituzten gizarte-ekonomiako enpresentzako ezohiko laguntzen oinarriak onartzea (agindu honen eranskinean daude jasota), eta deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzek arau hauetan xedatutakoa beteko dute: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 28a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta diruz lagundu daitezkeen gertakariak.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez emango dituen laguntza berezien deialdiaren oinarriak onartzea eta horien deialdia egitea 2026rako. Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz lan-sozietateek edo kooperatiba-sozietateek izandako zuzeneko galera ekonomikoak arintzeko emango dira laguntza horiek.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak honako gertakari hauetakoren batetik zuzenean eratortzen diren eta Ekialde Hurbileko gatazka belikoarekin lotura zuzena duten gastuak finantzatzeko dirulaguntzatzat hartuko dira:

a) Ekialde Hurbileko gerrak kalte egin dien herrialdeetako bezero edo enpresei kobratu ezin zaizkien fakturak.

b) Ekialde Hurbileko gerrak kalte egin dion herrialderen batean edo haietako batzuetan lan egiten duten enpresetako langileen zuzeneko kostuak, baldin eta kontingentzia ez badute aseguratzen edo babesten aseguru-entitateek edo aseguru-mutualitateek.

c) Enpresaren aktiboko material- edo produktu-eskaera irmoa, baldin eta ez badago aukerarik Ekialde Hurbileko gerrak kalte egin dien herrialdeetara esportatzeko eta ezin bada berrerabili.

d) Ibilgetu-galerak, kontabilitate-balio garbiaren arabera, baldin eta galera horiek aseguratuta ez badaude.

e) Lehengaien kostua garestitzea, baldin eta zuzenean gerrarekin lotuta badago.

f) Energiaren eta garraioaren kostua garestitzea, baldin eta zuzenean gerrarekin lotuta badago.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, 1.500.000 euro jarriko dira.

2.– Laguntzak esleitzeko, hainbanaketa bidezko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honen 8. oinarrian aurreikusitako gehieneko muga portzentual eta kuantitatiboak hartuko dira kontuan.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

3. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Lan-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak izan ahal izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan badihardute eta agindu honen 1.2 oinarrian azaltzen den egoeraren batek eragiten badie.

2.– Oro har, enpresa eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

b) Egiaztatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori EAEko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

c) Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo horretarako ezgaitzen duen debekurik.

d) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

e) Jakinaraztea eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

f) Hala badagokio, hiru urteko edozein epealditan jasotako minimis laguntzen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

g) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

h) Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

j) Ez izatea krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europako Erkidegoko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

k) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota betetzea, edo, bestela, egiaztatzea jarri direla abian neurri alternatiboak hori bete dadin.

3.– Agindu honen ondorioetarako, honako herrialde hauek hartuko dira Ekialde Hurbileko gerrak kalte egindakotzat: Iran, Israel, Irak, Jordania, Libano, Bahrain, Siria, Oman, Kuwait, Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak.

4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan sartuta egon behar du enpresa eskatzaileak.

Enpresa ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

5.– 1.2.b) oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, filialtzat hartuko dira enpresak, haien enpresa nagusiek partaidetzan gehiengoa badute.

6.– 1.2.e) eta 1.2.f) oinarrietan aurreikusitako kostu-garestitzea kalkulatzeko, diruz lagundu daitekeen aldia 2026ko otsailaren 1etik urriaren 30era bitartekoa izango da, eta erreferentziako aldia, berriz, 2024ko eta 2025eko ekitaldietako aldi berari dagozkion zenbatekoen batezbestekoa.

7.– 1.2) oinarrian jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen gertakariak kontabilitatean islatu beharko dira 2026ko otsailaren 1etik 2026ko urriaren 30era bitarteko epean, 6.c), 6.d), 6.e), 6.f) eta 6.g) oinarrietan adierazita dagoen moduan.

4. oinarria.– Entitate eskatzaileek betekizunak egiaztatzea.

1.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez, zeina eskabideari erantsiko baitzaio, entitate onuradunek adieraziko dute betetzen dituztela agindu honen 3. oinarrian zerrendatzen diren betekizunak. Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, aipatutako adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzen duen dokumentazioa gehienez ere 15 eguneko epean aurkezteko eskaera egin beharko da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, gizarte-ekonomian eskumena duen zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta enpresa eskatzaileak berariaz aurka egiten badu; horrelakoetan, berak aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duelako egiaztagiriak.

3.– Eskabideetan, aukera egongo da laguntza jaso duen entitateak berariaz baimendu dezan organo kudeatzaileak datuak edo dokumentuak lortzea edo egiaztatzea, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoek esleituta dauzkaten egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

5. oinarria.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea tramitatzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Eskabidea helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1271701

2.– Urriaren 30a izango da eskabideak aurkezteko azken eguna.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Orobat, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearen osteko tramiteak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egin beharko dira, eta hor egongo da adierazita zein tramite egin behar diren bide elektronikoz (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

6. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Izandako galeren errealitatea justifikatzen duen memoria ekonomikoa, 1.2 oinarrian jasotako zerrendari dagokionez, eta memorian adierazitakoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) 1.2.a) eta 1.2.b) oinarrietan jasotako diruz lagundu daitezkeen gertakarien kontabilitate-idazpena. Hala badagokio, filialak egindako kontabilitate-idazpenaren ziurtagiria: diruz lagundu daitezkeen 1.2.b) oinarriko gertakariena.

c) Aldeen artean sinatutako akordioa eta, halakorik ezean, akordio hori egiaztatzen duten mezu elektronikoen trukea edo eskaera galdu izana egiaztatzen duen beste edozein dokumentu. Horrekin batera, 1.2.c) oinarrian aipatzen diren berrerabilgarriak ez diren material edo produktuen eskaera irmoaren galera dela-eta biltegian izan diren galeren kontabilitate-idazpenak ere bai.

d) Ibilgetuaren kontuaren eta metatutako amortizazio-kontuaren kontabilitate-idazpena, bai eta 1.2.d) oinarrian jasotzen den ibilgetuaren galerarengatik dagokion gastuarena ere.

e) Hala badagokio, enpresa nagusiak filialaren gaineko partaidetzan gehiengoa duela egiaztatzea, 1.2.b) oinarrian jasota dauden gertakarietarako.

f) Energiaren eta garraioaren kostua handitu egin dela egiaztatzen duten fakturak, 1.2.f) oinarrian jasotako gertakarietarako.

g) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiaztatzeko:

1.– Galerek zerikusi zuzena dutela Ekialde Hurbileko gerrarekin.

2.– Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.

3.– Ez duela ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

4.– Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.

5.– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.– Konpromisoa hartzen duela gainfinantzaketarik ez izateko agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako.

7.– Aitortu duela hiru urteko edozein epealditan minimis araubideko dirulaguntzarik jaso duen.

8.– Indarrean duela berdintasun-plana, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak dituztela eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzen dituztela adierazi beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

9.– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

10.– Ez dela krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europako Erkidegoko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

11.– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

12.– Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.

13.– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

h) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, enpresa onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago nahikoa entitate halakoak egin, eman edo hornitzeko edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela 1.g) oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

7. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat joko dira, eta galera ekonomikoak murrizteko erabiliko dira.

2.– 2. oinarrian jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen gertakariekin zuzenean lotutako galeren % 50ekoa izango da laguntzaren zenbatekoa; betiere, galerak justifikatzen badira eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen baditu.

3.– Honela banatuko da guztizko diru-zuzkidura:

a) Gehienez 50 bazkide langileko plantilla duten gizarte-ekonomiako enpresetara bideratuko da % 50, eta gehienez 10.000 euro emango zaizkio onuradun bakoitzari.

b) Gainerako % 50a 50 bazkide langile baino gehiago dituzten gizarte-ekonomiako enpresetara bideratuko da, eta gehienez 20.000 euro emango zaizkio onuradun bakoitzari.

4.– Enpresa onuradunen talde bati dagozkion eskaerei erantzun ondoren talde horretan kreditu xedagarririk badago, eta beste taldeari esleitutako kreditua ez bada nahikoa ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, nahikoa kreditu ez duen taldearen eskabideak finantzatzeko erabiliko da soberakin erabilgarria, erabilgarri dagoen zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

9. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio honek edo beste administrazio edo ente publiko batzuek arrazoi eta xede beragatik ematen dituzten laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 8. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Baldin eta agindu honetako laguntzekin batera entitate onuradunak helburu eta xede bererako beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio publiko edo ente publiko batzuetatik, eta laguntza horien baturak diruz lagundu daitekeen jardueraren kostua edo agindu honen 8. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela deklaratuko da, eta murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

10. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epeak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra egin eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak; nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Laguntza onartu eta gero, ordainketa bakarra egingo zaie entitate onuradunei, baldin eta, jakinarazpena egin eta hamar egunen buruan, espresuki uko egin ez badiote dirulaguntzari.

1.2) oinarrian jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen gertakariak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkezteko, kontuan izan beharko da dirulaguntza eman izanaren ebazpena baino lehen aurkeztu beharko dela, eta, edonola ere, 2026ko azaroaren 14a baino lehen.

12. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, dirulaguntza onartu duela joko da.

b) Dirulaguntzaren xede zehatza betetzeko egitea jarduera.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

e) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

f) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso badira xede bererako, horren berri ematea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.

j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

n) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

13. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena ere alda daiteke; nolanahi ere, bete egin beharko dira jarraian adierazten diren eskakizunak, zeinak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin lotuta baitaude:

a) Dirulaguntza interesdunak eskatuta aldatzen bada, enpresa onuradunak, 12.g) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa handitu beharrik ez izatea.

c) Enpresa onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

d) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, dirulaguntza emateko hasierako unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

e) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, egokitu egingo dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu enpresa onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

14. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezar daitezkeen baldintzak, dirulaguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bi hilabeteko epean. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez exekutatzen duenean, exekutatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli egin beharko du, edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio, eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

15. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak ebazpen bidez jakinaraziko dio pertsona edo entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, hamabost (15) eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan, edo epea igaro eta alegaziorik jaso ez bada ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horren bitartez xedatuko du, hala badagokio, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion; horretarako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

16. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1271701

17. oinarria.– Europar Batasuna.

1.– Agindu honen 1.2 oinarriaren babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntza eskatu duen enpresak aurreko hiru urteetan jasotako beste minimis laguntza batzuk aitortu beharko ditu, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga ez duela gainditzen egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala