
171. zk., 2026ko irailaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 15 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3829
AGINDUA, 2026ko uztailaren 29koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez publikoak ez diren artxiboak antolatzeko, digitalizatzeko eta zabaltzeko dirulaguntzak ematen baitira eta 2026ko ekitaldirako deialdia egiten baita.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artxibo-politikaren helburuetako bat titulartasun pribatuko artxibo-funtsen antolaketa sustatzea da. Helburu hori lortzeko, urtero dagokion dirulaguntzen deialdia egiten da, zeinaren emaitzak oso onak izaten baitira. Horren bidez, behar bezala kontserbatu nahi da dokumentu-ondarearen zati hori, informazioa errazago kontsultatu ahal izateko.
Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukizunean oinarrituta: lankidetza, alde batetik, Euskadiren dokumentu-ondarearen politikaren ardura duen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aldetik, eta, bestetik, publikoa ez den Euskadiko dokumentu-ondarearen titularren aldetik (artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak). Filosofia hori berariaz jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legearen IV. tituluan; bertan, artxibo pribatuaren kontzeptua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarearen parte diren artxibo pribatuen titularren eskubideak eta betebeharrak definitzen dira, eta, halaber, administrazio publikoek artxibo pribatuak sustatzeko neurri jakin batzuk ezartzeko aukera aurreikusten da.
Ekainaren 23ko 5/2022 Legearen IV. tituluko artikuluek, bestalde, muga batzuk ezartzen dizkiete ondasun horien titularrei; jakina, horrek dagokion ahalegina egitea eskatzen dio Administrazioari, aipatutako legean aurreikusitako arauak bete daitezela eskatzeko bide emango dioten kontraprestazioak edo erraztasunak erabakitzeko. Adostasunean eta batzuen eta besteen arteko lankidetzan oinarritzen da, azken batean, ageriko errealitate bihur dadila gu guztion nahia: hau da, lankidetzarako bide sendoak ezar daitezela, arian-arian sare eta informazio-sistema publikoetan txertatzeko dokumentu-ondarearen parte hori, horretarako ezertan urratu gabe ondasun horien titularren eskubideak, legean bertan jasoak eta babestuak.
Aurreikusitako lankidetzak artxibo-funts horien titularrek planteatutako programak ditu oinarri. Horretarako, artxibo-programatzat ulertuko da urtebeteko edo iraupen laburragoko programa bat, programaren aplikazioaren xede diren dokumentuen edo artxibo-funtsen tratamendu zehatz bat proposatzen duena, eta dirulaguntzaren eskaera eragiten.
Era berean, agindu hau sartuta dago Sailaren 2025-2028 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (PES 2025-2028) eta 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean (PAS 2026) (Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Agindua, alde batetik, sailaren 2026ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duena, eta, bestetik, 2025-2028 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duena, biak ere sailaren webgunean argitaratuak, helbide honetan: PES 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa.// PAS 2025, 2026, 2027, 2028: Dirulaguntzen Urteko Planak. –Kultura eta Hizkuntza Politika Saila– Euskadi.eus.
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak ezarri eta 2026ko ekitaldirako deialdia egiten duen agindu honen eranskinean jasotako oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 29a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea honako hau da: artxibo-dokumentuak eta artxibo-funtsak antolatzeko eta, dokumentu eta funts horiek zabaltze aldera, haiek digitalizatzeko programak garatzeko dirulaguntzen 2026ko ekitaldirako deialdia egitea. Dokumentu horiek guztiek, euskal dokumentu-ondarearen parte izanik ere, ez dute izaera publikorik.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, dokumentutzat eta artxibo-funstzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legearen 3. artikuluaren a), d) eta g) letretan jasotako definizioekin bat datozenak.
2. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak, dirulaguntzaren xede diren programak eta kanpo uzten diren programak.
1.– Pertsona edo entitate onuradunak:
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke izaera publikorik ez duten pertsonak, fisikoak zein juridikoak, baldin eta, edonon daukatela ere egoitza soziala nahiz fiskala, euskal herritarren dokumentu-ondarearen parte diren artxibo-dokumentuen eta artxibo-funtsen titular badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, nortasun juridikorik izan ez arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak egin baditzakete edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran badaude.
2.– Programa hauek lagunduko dira diruz:
Xede hau dutenak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarea osatzen duten artxibo-funts historikoak antolatzea.
b) Aurretiaz datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuen barruan sartu behar da kontserbazio iraunkorreko artxibo digital bat sortzea, bai eta kopia digital bat sortzea ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko. Aurkeztutako proiektuek agindu honen eranskinean jasotako preskripzio teknikoak bete behar dituzte.
Bi aukeretarako eskatu ahal izango da laguntza; ez dira baztertzaileak.
Dirulaguntzen xede diren programak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
3.– Kanpo utziko diren programak:
Deialdi honen babespean ez da dirulaguntzarik emango programa hauek garatzeko: 2026ko aurrekontu-ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari kontsignatutako dirulaguntza izendunen bitartez finantzatutako jarduketekin lotutako programak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira agindu honetan jasotako xedea lortzeko: laurogei mila euro (80.000,00).
4. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko betekizunak.
1.– Betekizunak:
a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-erroldetan inskribatuta egotea.
Eskatzaileak nortasunik gabeko taldeak badira, pertsona fisikoz edo juridikoz osaturik eta publikoak edo pribatuak izanda, berariaz adierazi beharko dira, eskabidean eta emakida-ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta horietako bakoitzeko aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da ahalorde askietsiak dituena, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideen legezko preskripzio-epea igaro arte.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Era berean, egunean izan beharko ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
c) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-erregimenetako batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
d) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez, ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, egiaztatu ezean sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
e) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua izanda, ez egotea zigortuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.
f) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota betetzea edo hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatzea.
g) Onuradun izateko beste debekurik ez izatea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Betekizunak egiaztatzea:
Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, bai eta betetzen dituela ere agindu honetan erregulatutako laguntzen pertsona edo entitate onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan pertsona edo entitate onuradun izateko aipatzen diren egoera eta debekuetako bakar batean ere ez dagoela adierazteko.
Betekizunak betetzen direla egiaztatzeari dagokionez:
a) Pertsona fisikoak:
1.– Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den.
2.– Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzaren eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, salbu eta eskatzaileek baimen hori berariaz ukatzen badute, eta, orduan, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako izaera positiboko administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hurrenez hurren.
b) Izaera publikorik gabeko pertsona juridikoak:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira entitatearen legezko eraketa eta entitatearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere, salbu eta prozeduran espresuki horren kontra agertzen badira edo Administrazioak egiaztatzen badu ezin izan duela ofizioz lortu eskatutako dokumentazioa; kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte interesdunek.
2.– EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean inskribatuta badaude, entitatearen legezko eraketa egiaztatu beharko da, bai eta entitatearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Gainerako alderdiak 4.2.b.1 artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.
5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskatzaile mota bakoitzerako ezarritakoaz gain, agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabide-inprimakiarekin batera:
a) Memoria xehatua, non jasoko baitira aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa.
b) Aurkeztutako programa bakoitzaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatutik datozela ere.
c) Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik. Era berean, gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartuko da.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, non eskatzaileak berariaz adieraziko baitu ez dagoela dirulaguntza publikoen onuradun izateko 4.1 artikuluan adierazitako ezein egoera edo debekutan.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeaz.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ditzakete eskabideak:
– Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio, eta toki hauetan aurkeztuko dira: Zuzenean zerbitzuan, aurretiazko hitzordu bidez (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean); aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko 945 01 90 00 telefonoaren bidez; erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo edo establezimenduetan, eskabide normalizatuaren bidez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita.
– Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, hemen: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095713
Prozedurak izapidetze elektronikoa izango du, eta atzera botako dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez aurkezten diren eskabideak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea eta dokumentuak aurkezteko aukeratzen den bideak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez du behartuko prozeduraren ondorengo izapideetan ere bide bera erabiltzera, edozein unetan alda daiteke eta.
Eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskadiko Autonomia Elkargoaren Administrazio Publikoaren Ordezkarien Erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide elektroniko honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko eta ondorengo izapideak egiteko; horretarako, aurretik aipatutako helbide elektronikoa baliatuko dute.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, helbide elektroniko honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095713
5.– Eskaera egin osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Pertsona edo entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta atxikitako egiaztagiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
7.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek definitzen dituzten baldintzak.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabideak oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari 10 eguneko gehieneko epe luzaezina emango zaio dagokiona zuzentzeko, eta adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.
Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Horrenbestez, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
9. artikulua.– Kalifikazio-batzordearen osaera eta funtzioak.
1.– Kalifikazio-batzorde batek ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, agindu honen 11. artikuluan ezarritako parametroen arabera.
Batzorde horrek txostena egingo du, ebaluazioaren emaitza zehazteko.
2.– Kalifikazio-batzordeak kide hauek izango ditu:
– Urkiri Salaberria Gracia andrea, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Josebe Alonso Marigómez andrea, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna.
– Unai Cuevas Arano jauna, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoko teknikaria.
Kalifikazio-batzordeko idazkaria Natalia Barral Marín andrea izango da, zeina Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko aholkularia baita; hitza izango du, baina botorik ez.
3.– Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, aukera egongo da kalifikazio-batzordearen osaera aldatzeko, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Laguntza-deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta dirulaguntzak ordena horren arabera banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela bata bestearen ondoren, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten programetarako bakarrik emango da laguntza.
2.– 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz proiektuen ebaluazio konparatua egin eta zenbatekoak 12. artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztu ondoren, kalifikazio-batzordeak txostena egingo du, balorazio-irizpideak eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.
3.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, espedientea eta kalifikazio-batzordearen txostena aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamenak alderdi hauek jasoko ditu: onetsitako eskabideak, entitate edo pertsona onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoarekin, diruz lagundutako jarduketa-programak, ezetsitako eskabideak eta entitate eta pertsona eskatzaileak ezesteko arrazoiak, eta onartu ez diren dirulaguntzak, ez onartzeko arrazoia adierazita.
Proposamenak, beraz, pertsona edo entitate onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak betez, deialdian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik onartu ez diren eskabide guztien zerrenda ordenatua jasoko du, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adierazita.
4.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, espedientea eta kalifikazio-batzordearen txostena aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
Kalifikazio-batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera balioetsiko ditu eskabideak.
a) Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, programen deskribapen xeheak adierazi diren ondarearen eta artxiboen ikuspuntutik, proposamenaren berezko balioak adieraziz (45 puntu, gehienez).
Puntuatzeko irizpideak:
– 30 puntura arte, artxibo-zerbitzuen mantentze-lanak egiteko urteko programetarako; garrantzi berezia emango zaio publikoari zabaltzeari: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.
– 45 puntura arte, artxibo-sistemak epe luzera ezartzeko edo sendotzeko programetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren estimazio zehatza eta abar), garrantzi berezia emanda publikoari zabaltzeari, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibo-dokumentuak web-atarien bidez hedatzea...
b) Dokumentazio bolumen adierazgarri bat ekartzea, baldin eta dokumentu horien edukia edo datazioa dela-eta artxibo-funtsen inbentarioari eta Euskadiko Artxibo Historikoaren web-atariari balio esanguratsua eransten bazaio (30 puntu, gehienez).
Puntuatzeko irizpideak:
– 1900. urtera arteko dokumentazioa: 25 puntu.
– 1900. urtetik 1974. urtera arteko dokumentazioa: 30 puntu.
c) Programak barne hartzea deskribapen-estandarrak edo artxibo-interesa duen beste edozein elementu euskaraz garatzea indartuko duten elementuak (20 puntu, gehienez).
Puntuatzeko irizpideak:
– 5 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 10 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 15 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan eta artxibo-interesa duen beste edozein elementutan (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.
Berdinketa bada, b) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.
d) Helburuagatik (emakumeek edo emakume-taldeek edo emakume-elkarteek sortutako artxiboak, edo emakumeen bizitzaren eta jardueren inguruko dokumentu-funtsak) eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako jardueretan duten eraginagatik, proiektuan genero-ikuspegia berariaz txertatzen duten proiektuei 5 puntu gehiago emango zaizkie, gehienez.
12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.
1.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu osoaren (zergak kenduta) % 70 izango da.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak inbentarioak idaztetik, artxibo-funtsak antolatzetik, dokumentazioa digitalizatzetik eta kudeaketa informatikorako eta web-atarietan hedatzeko soluzioak garatzetik eratorritakoak izango dira, baldin eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sortu badira eta justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu badira.
3.– Aurkeztutako programa bakoitzeko dirulaguntza ezingo da, inondik inora, hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izan.
4.– Irizpide proportzional hau aplikatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko:
80 puntu edo gehiago: % 70.
75 puntutik 79ra bitartean: % 65.
70 puntutik 74ra bitartean: % 60.
65 puntutik 69ra bitartean: % 55.
60 puntutik 64ra bitartean: % 50.
55 puntutik 59ra bitartean: % 45.
50 puntutik 54ra bitartean: % 40.
Laguntza jasotzeko, gutxienez 50 puntu lortu behar dira.
5.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak gertuen dagoen aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.
6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.2 artikuluaren arabera, pertsona edo entitate onuradunek diruz lagundutako jardueren zenbatekoaren % 100 azpikontratatu ahal izango dute.
7.– Nolanahi ere, guztiz aplikagarriak dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 eta 31.3 artikuluak.
8.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, eta, betiere, horrek berekin badakar hirugarrenekin kontratatzea, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa entitate.
Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoa bada eskaintza bat baino gehiago eskatzea, eta eskaintza horiek aurkezten ez badira, edo ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bat adjudikatzen bada, justifikazio egokirik gabe, organo emaileak zerbitzuaren peritu-tasazioa eskatu ahal izango du, eta sortzen diren gastuak onuradunaren kontura izango dira. Kasu horretan, dirulaguntza kalkulatzeko, bi balio hauetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: onuradunak adierazia edo tasazioaren ondoriozkoa.
13. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 h) artikuluan jasotako konpromisoa bete behar dute, hau da, gainfinantzaketarik ez egoteko konpromisoa.
Gainfinantzaketa eragin dezaketen beste laguntza batzuk lortuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Espedientea eta Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak egindako behin betiko ebazpen-proposamena aztertuta, Kulturako sailburuordeak ebazpena emango du, behar bezala arrazoituta, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Halaber, egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https:// https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ eta bide elektronikoz eta banaka jakinaraziko zaie prozeduran interesa duten pertsona eta erakundeei, «Nire karpeta» ren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Ebazpenaren jakinarazpena bide batetik baino gehiagotik egiten denez, lehenengo jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
2.– Ebazpenean, dirulaguntza onartu zaien pertsona eta entitate onuradunen zerrenda eta gainerako eskabideen berariazko ezespena ez ezik, zerrenda bat ere egongo da, non bilduko baitira pertsona edo entitate onuraduna izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako. Eta adieraziko da, batetik, zenbat puntu ematen zaizkion eskabide bakoitzari, agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera, eta bestetik, 10. eta 12. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz legokiokeen zenbatekoa. Era berean, onartu ez diren eskabideen zerrenda bat izango du, ez onartzeko arrazoiak adierazita.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat duela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
5.– Artikulu honen lehenengo apartatuan adierazitako epean ez bada ebazpenik jakinarazi, pertsona edo entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dituzte beren eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
6.– Pertsona edo entitate onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio agindu honen 16.a) artikuluan ezarritako hamar eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –kalifikazio-batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan, puntuazioaren arabera, hurrena dagoen pertsona edo entitate eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta gutxieneko puntuazioa (50 puntu) lortu badu eta hark dirulaguntza onartzen badu. Entitateari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo entitate interesdunei, dirulaguntzen proposamena eskura dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.
15. artikulua.– Ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk aldi berean lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da.
2.– Era berean, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Interesdunak eskatuta eginez gero, onuradunak jakinarazpena aldaketa ezagutu bezain laster egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu aurretik.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen mende ez egotea.
e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek, hasierako emakidan gertatu izan balira, ez zezatela dirulaguntza ukatzea ekarri, eta aldaketa hori ez dadila izan hasieran onetsitako proiektua funtsean aldatzeko bezain handia.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
16. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
Pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako xede jakinerako erabiltzea dirulaguntza.
c) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Laguntza eman duen entitateari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.
e) Laguntza eman duen entitateak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo duen ikuskaritza-lanaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administraziok edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen entitateari. Jakinarazpen hori eskurapenaren berri izan bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean.
g) Beste entitate publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.
h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen entitateari. Jakinarazpen hori aldaketaren berri izan bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Artxibo Historikoaren babesa espresuki adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Edozein formatutako argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dute. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.
k) Diruz lagundutako proiekturako edo jarduerarako baliatzen diren dokumentuetan eta materialetan, ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexu- eta genero-ikuspegia errespetatuko dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea.
l) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta dirulaguntza ordaintzen den unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14 f) artikuluan.
m) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, zehazki 14. artikuluan, eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan jasotako beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
2.– Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo entitate onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragai jarriko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei, eta URL honetan ere eskura daiteke:
https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf
Hirugarrenen alta dagokion zerbitzuaren bidez izapidetu daiteke elektronikoki, egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/hirugarrenak
3.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta pertsona edo entitate onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo ez baditu egunean dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehaztutakoaren ildotik (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazio-agiriak:
– Justifikazio-agiriak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), edo aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko 945 01 90 00 telefonora deituta, edo erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak; dekretu hori herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa da). Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
– Horrez gain, justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira www.euskadi.eus/nirekarpeta helbide elektronikoan.
Kasu guztietan, diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa edozein dela ere, justifikazioa aurkeztutako proiektu osoarena izan beharko da.
2.– Pertsona juridikoek bide elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazio-agiriak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Justifikazio-agiriak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095713
4.– Era berean, justifikazioek bat etorri beharko dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.2 artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin.
5.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek 2027ko urtarrilaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diruz lagundutako programaren xedea bete dela egiaztatzen duen memoria.
b) Diruz lagundutako programaren gastuak justifikatzeko agiriak: gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura-zenbakia, eta dagozkien fakturak. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 53.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, salbuespenez eskatu ahal izango dira jatorrizko fakturak; kasu horretan, faktura bakoitzaren kopia autentifikatua emango zaio pertsona edo entitate onuradunari.
c) Hala badagokio, diruz lagundutako programaren garapenean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, kopia digitalak, etab.).
d) Helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren zerrenda, baldin eta eskabidea aurkezteko unean ez bazen horren berri izan.
e) 12.8 artikuluan aurreikusitako kasuan, artikulu horretan aipatutako hiru eskaintzak aurkeztuko dira.
6.– Onuradunak aldez aurretik eskaera egiten badu, eta eskaera horrek behar bezala justifikatzen badu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak daudela, organo emaileak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, amaitu aurretik, baldin eta hirugarrenaren eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
Era berean, dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen organoak ikusten badu zuzendu daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazio-agirietan, horren berri emango dio onuradunari, eta epe bat emango dio akats horiek zuzentzeko.
7.– Justifikazio-agiriak ez badira aurreikusitako epean aurkezten, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkeztu ditzala. Epe hori igaro eta justifikazioa aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedurari ekingo zaio.
19. artikulua.– Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak eta ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira dirulaguntza itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.
c) Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den beste xedapen batek oro har ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututako ez-betetzeak.
2.– Halako kasuren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa bete ondoren eta han adierazitako baldintzetan.
3.– Jardueraren gauzatzearen ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada egindako jarduna diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe eta jarduerak diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu osoaren % 65 bete duela gutxienez. Kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, eta azkenean emango den zenbatekoa aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako kopuruaren proportzioan murriztuko da.
20. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko oinarrizko informazioa.
– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.
Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.
Telefono-zenbakia: 945 01 80 00.
Webgunea: http://euskadi.eus
– Xedea: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egiten den misioa edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
– Oinarri juridikoa: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere. Ikus informazio gehigarria.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke honako web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/416?locale=eu
RSS