
128. zk., 2026ko uztailaren 8a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 13 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3106
AGINDUA, 2026ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko jarduerak egiteko laguntzen oinarriak eta 2026rako deialdia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean ezarritako helburuak biltzen ditu. Azken lege horrek helburu hauek ezarri ditu 4. artikuluan:
a) Euskal herritar guztiei bermatzea aukera izango dutela, berdintasunez, bizialdi osoan ikasteko, eta garapen pertsonala lortzeko eta gizarteratzeko beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak eskuratzeko.
b) Euskal herritarren ezagutzak eguneratu eta gaitasun profesionalak hobetu daitezen bultzatzea, horixe baita herritarrek enplegua lortzeko eta ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa izateko bermerik hoberena.
c) Bizialdi osoko ikaskuntzaren kultura sendoa sustatzea, etengabe ikasteak duen garrantziaren berri eman eta pertsonak motibatuta, beren prestakuntza-ibilbideak premia eta interes pertsonalen arabera egokitzeko.
d) Beren ezagutzak landu eta handitzea nahi duten adineko pertsonentzako ikaskuntza-eskaintza global bat bultzatzea.
Era berean, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak eta Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak estatu-esparru bat ezarri dute, bizialdi osoko ikaskuntzako politika aktiboak bultzatzeko beharra indartzen duena, etengabeko prestakuntzaren eta enplegagarritasunaren printzipioekin bat etorriz.
Agindu honek dirulaguntzak jasotzen ditu bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketa batzuetarako, ezagutzaren arloa edozein izanda ere. Halako jarduerak diruz laguntzea beharrezkotzat jo da, are gehiago aldaketa estrukturalen testuinguru batean eta ezagutzan oinarritutako ekonomia bat lortu nahi badugu; horretarako, gero eta garrantzitsuagoa da herritarren ezagutzen, ahalmenen eta gaitasunen maila egokia eta askotarikoa izatea. Izan ere, pertsonen gaitasunak eta trebetasunak hobetzea onuragarria da eskualdearen errendimendu ekonomiarentzat, baita gizartearen kohesioarentzat ere, eta herritarrei lana bilatzen eta gizartean modu aktiboan parte hartzen laguntzen die.
Dirulaguntzen lerro hau Hezkuntza Sailaren 2026. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Aginduak onartu baitu eta Hezkuntza Sailaren https://www.euskadi.eus webgunean argitaratuta baitago.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorretan –abenduaren 20ko 7/2025 Legearen bidez onetsi ziren–, kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honek eranskinean jasotzen diren bizialdi osoko ikaskuntzako jarduerak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026rako deialdia onartzen ditu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira bi epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
BIZIALDI OSOKO IKASKUNTZARI BURUZKO JARDUERAK EGITEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Araubide juridikoa eta lurralde-eremua.
1.– Laguntzak ematea oinarri hauen bidez arautzen da, eta, horietan jasota ez dagoen guztian, arau hauek aplikatuko dira: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 20/2023 Lege Orokorra, eta haren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten diren jarduerei aplikatuko zaizkie laguntzak.
2. artikulua.– Entitate onuradun izateko betekizunak.
1.– Laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratutako entitate hauek:
a) Irabazi-asmorik gabeko entitateak, bizialdi osoko ikaskuntzaren arloko jarduerak garatzen dituztenak, herritartasun aktiboa sustatzen bereziki, eta haien helburuen artean prestakuntza dutenak.
b) Lanbide Heziketako edota Helduentzako Heziketako irakaskuntza ematen duten Ikastetxe pribatu baimendunak.
c) Merkataritzako edo gizarte-ekonomiako sozietateak, beren helburuen artean prestakuntza dutenak.
Dirulaguntza-finantzaketa autonomikoak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ezarritako eskumen-banaketaren sisteman eta tokiko finantzaketa-ereduan izan dezakeen eragina dela eta, deialdi honetatik kanpo uzten dira garapenaren eta prestakuntzaren arloan eskumenak baliatzen dituzten tokiko entitate publikoak eta horiei lotutako organismoak.
2.– Entitateek onuradun izateko bete behar dituzten baldintzak:
Ezin izango dituzte deialdi honetako laguntzak eskuratu abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoak, 13 artikuluan xedatutako egoeraren batean daudenek.
Entitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, eskabidearekin batera, onuradun izateko baldintza betetzen duela egiaztatzeko.
3.– Entitate onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek eta zuzenbide pribatuko ente publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea ere.
Dirulaguntza ematen denean eta aipatutako ordainketa egiten denean egiaztatuko da baldintza horiek betetzen direla.
3. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek dituzte entitate laguntzen onuradunek:
a) eman zaien dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean berariaz uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.
b) publizitate egokia ematea diruz lagundutako proiektuen finantzaketaren izaera publikoari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan xedatuaren arabera.
c) zertarako eman den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.
d) diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari funtsean eragiten dion edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
e) Hezkuntza Sailaren egiaztapenen mende jartzea, halakorik bada.
f) Kontrol Ekonomiko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, informaziorik eskatuz gero deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan, informazio hori ematea.
g) Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako dirulaguntzarik edo laguntzarik jasoz gero, horren berri ematea.
h) sexuaren arabera desagregatutako datuak eduki, hizkera ez sexista erabili, zuzendaritza organoetan gizonen eta emakumeen presentzia orekatua sustatu, eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legeak ezarritako printzipio orokorrak errespetatzea.
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoa betetzea.
4. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.
1.– Laguntzen xede izango dira ezagutzaren edozein esparrutan egindako ikaskuntza-jarduerak garatzen dituztenak, bizialdi osoko ikaskuntzaren testuinguruan, parte hartzen duten helduen ezagutza-, konpetentzia- eta gaitasun-maila handitzeko eta herritartasun aktiboa sustatzeko helburuarekin.
2.– Jarduera horiek bi motatakoak izan daitezke:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak:
1. Jarduera horiek aldez aurretik identifikatutako eta kuantifikatutako kolektibo jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatuta eta planifikatuta egon beharko dute.
2. Kanpoan geratuko dira profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako jarduerak, enplegurako prestakuntzaren esparruan, baldin eta, beraz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdien bidez finantzatu badaitezke.
3. Ezingo dira diruz lagundu herritarrak digitalki gaitzeko prestakuntza-jarduera espezifikoak.
b) Bitartekaritza-zerbitzua, bizialdi osoko prestakuntzari eta ikaskuntzari buruzko aholkularitza emateko:
1. Funtzio nagusitzat izango dute bizialdi osoko prestakuntza eta ikaskuntza hurbiltzea. Horretarako, informazio zehatza eta eguneratua eduki beharko dute bere jarduketa-eremuan, bizialdi osoko ikaskuntzaren testuinguruan, ezagutzaren edozein esparrurekin lotutako ikaskuntzari buruzkoak diren prestakuntza-jarduera edo -ekimenei buruz, urrutiko prestakuntza-eskaintzak barne.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiei zuzenduko zaizkie, eta arreta berezia eskainiko zaie prestakuntza-zirkuituetatik urrun dauden pertsonei.
3. Agindu honek arautzen dituen laguntzen kontura, udal edo eskualde mailako eremu bakoitzean jarduera horiek garatzen dituen entitate onuradun bakar batentzako finantzaketa lortu ahal izango da.
4. Entitate eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztien esku jarriko du informazio hori Hezkuntza Sailak bizialdi osoko ikaskuntzarako duen atarian: www.hiru.eus
3.– Laguntza ekonomikoa jasotzen duten bizialdi osoko ikaskuntza-jarduketak doakoak izango dira bertan parte hartzen dutenentzat.
4.– Zerbitzua zer eremutan garatu nahi den, bertan errotuta eta ezarrita daudela egiaztatzen duten entitateek eskatu, kudeatu eta gauzatu beharko dute, eta eremu hori udal- edo eskualde-mailakoa izango da.
5.– Entitate eskatzaileak esperientziadun langileak izan beharko ditu; hain zuzen ere, bi urtetik gorako esperientzia egiaztatu beharko dute bizialdi osoko prestakuntzarako informazioaren eta aholkularitzaren arloan, bitartekaritza-zerbitzua kudeatu eta gauzatzeko.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta zenbatekoa.
1.– Deialdi honetara, guztira, 930.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera. Guztizko zenbateko horretatik, 418.500 euro 2026ko ordainketa-kredituaren kontura, eta 511.500 euro euro 2027ko konpromiso-kredituaren kontura.
2.– Hona hemen jarduera-mota bakoitzarentzat erabilgarri egongo diren gehieneko zenbatekoak:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak. 180.000,00 euro. (81.000,00 euro 2026ko ordainketa-kredituaren kontura, eta 99.000,00 euro 2027ko konpromiso-kredituaren kontura).
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak. 750.000,00 euro. (337.500,00 euro 2026ko ordainketa-kredituaren kontura, eta 412.500,00 euro 2027ko konpromiso-kredituaren kontura).
6. artikulua.– Epeak.
1.– Laguntzen xedeko jarduerak 2026ko irailaren 1etik 2027ko uztailaren 31ra bitartean gauzatu ahal izango dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Justifikazio-epea bi hilabetekoa da, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitu ondoren.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Entitate interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
a) Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak administrazio-prozeduraren informazio-fitxan jasota daude, eta horren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakia. Helbide honetan dago:
https://www.euskadi.eus/servicios/0051214
b) Eskabidearen osteko izapideak helbide honen bitartez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
d) Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan.
2.– Eskabidearekin batera (I. eranskina) dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Proiektuan aurreikusitako jarduera-multzoa deskribatzen duen txostena, honako hauek adieraziz: proiektuaren izena; proiektua egiteko eskatzen den diru-kopurua; gauzatu beharreko jardueren edukiak; helburuak; helburuen lorpena neurtzeko adierazleak; eremu geografikoa; denbora-eremua; jarduketa zein pertsona-multzori zuzentzen zaion; jarduketan parte hartzen duten eragile eta intereseko elkarteak; proposatutako metodologia; jardueraren kostua atalez atal (langileak eta funtzionamendua); aurreikusitako ekintzak eta proiektua definitzeko balio duten gainerako inguruabarrak.
Proiektuak hizkuntza ez-sexista erabiliz idatzita egon beharko du, indarrean dagoen araudia betez.
Entitate eskatzaileek egutegi xehatua aurkeztu beharko dute. Bertan, prestatzaile bakoitzak emango duen prestakuntza zehaztuko da, aurreikusitako datak eta ordutegiak adierazita. Agiri hori ez izatea hautagaitza ebaluatzeko eragozgarri izan daiteke.
Deskribapen-memoriak zorrotz bete beharko du jarduera mota bakoitzari dagokion formulario normalizatuan ezarritako eskema, II. eta III. eranskinetan xedatutakoaren arabera. Formulario horiek www.euskadi.eus helbideko egoitza elektronikotik jaitsi ahal izango dira (betetzeko hutsuneak dituen PDF formatuan). Memoria beste formatu batean aurkeztea ez onartzeko arrazoia izango da.
b) Ikaskuntza-bitartekaritza emateko zerbitzurako finantzaketa eskatzen duten entitateek agiriz egiaztatuko dute bitartekaritza-zerbitzua emango duten pertsonek bizialdi osoko prestakuntzarako informazioa eta aholkularitza ematen eta bitartekaritza-zerbitzua kudeatzen eta exekutatzen gutxienez 2 urteko lan-esperientzia dutela. Egiaztapena egiteko, langileak esperientzia hori hartu duten erakunde edo entitateetako titularrek emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira.
Era berean, entitate horiek zerbitzua garatu nahi duten eremuan errotuta eta ezarrita daudela egiaztatu beharko dute, eskaera aurkezten den urtearen aurrekoan garatutako jardueren memoria aurkeztuz, edo, bestela, lankidetza-akordio edo hitzarmenak baliatuta, eskaera aurkezten den aurreko urtean edo urte naturalean sinatuak eskualde edo eremuko udalekin, udalaz gaindiko erakundeekin, prestakuntza arautuko zentroekin, elkarteekin, prestakuntzaren edo prestakuntzarako informazio edo aholkularitzaren alorrean, prestakuntzari, ikaskuntzari edo prestakuntzarako informazioari eta aholkularitzari dagokienez.
3.– Eskabideek aukera emango dute entitate eskatzaileak espresuki baimena eman dezan organo kudeatzaileak eskura edo egiazta ditzan datuak edo dokumentuak. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei.
4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar ditzake.
8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.
9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea.
10. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko ebaluazio-batzorde bat osatuko da, kide hauek izango dituena:
a) Gemma Alonso Grados, Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzako teknikaria, edo une horretan lanpostua betetzen duen pertsona.
b) Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzetik izendatutako pertsona bat.
1. Araba: Julen San Vicente, edo une horretan lanpostua betetzen duen pertsona.
2. Bizkaia: Leire Gisasola Atxabal, edo une horretan lanpostua betetzen duen pertsona.
3. Gipuzkoa: Juan Ignacio Larrañaga Hernández, edo une horretan lanpostua betetzen duen pertsona.
Ebaluazio-batzordeko kide bat ordezkatzea ezinezkoa bada, Hezkuntzako sailburuak Lanbide Heziketako sailburuordeari ahalmena emango dio ordezko bat izendatzeko.
2.– Ebaluazio-batzordeko kideak izendatzeko, kontuan hartuko da gaitasun nahikoa izatea euskaraz eta gaztelaniaz, eta ahalegina egingo da emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin.
3.– Balorazio-batzordeko kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
4.– Entitate eskatzaileek ebaluazio-batzordeko kideak errekusatu ahal izango dituzte, edo batzordekideak abstenitu daitezela eskatu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. Artikuluek xedatu dutenaren arabera.
5.– Ebaluazio-batzorde horrek, ebaluazio-irizpideetan oinarrituta, eskabideen zerrenda egingo du, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta.
11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Gastu hauek deialdi honetako funtsen kargura finantzatu ahal izango dira:
a) Zuzeneko gastuak Ekintza espezifiko bat gauzatzeari zuzenean lotzen zaizkionak eta horretarako beharrezkoak direnak. Finantzatzeko modukoak izango dira:
1. Dirulaguntza zer jardueratako eskuratu den, jarduera horrekin zuzeneko zerikusia duten eta jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak.
2. Diruz lagundutako jarduera garatzeko beharrezkoak diren material suntsikorraren gastuak.
3. Zuzeneko beste gastu batzuk batzorde eskudunak baloratuko ditu, deialdian ezarritako irizpideen arabera.
b) Zeharkako gastuak. Entitatearen funtzionamendurako beharrezkoak diren kostu orokorrei dagozkienak. Honako gastu hauek finantzatu daitezke: proiektuaren zuzendaritza, koordinazioa, kudeaketa eta administrazioa, telefonoa, ura, gasa, argia, lokalaren garbiketa, lokalen alokairua eta amortizazioa.
Zeharkako gastuak eskatutako dirulaguntzan finantza daitezkeen gastuen % 10 finantzatuko dira gehienez.
12. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
Hona hemen jarduera-mota bakoitzarentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa:
1.– Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000,00 euro gehienez entitate bakoitzeko.
2.– Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 39.000,00 euro, gehienez ere, bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz aritzen den bitartekari bakoitzeko, zerbitzua eman den 11 hilabeteko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da. Biztanle-kopurua aipatutakoa baino txikiagoa bada edo bitartekaritza-zerbitzua 11 hilabete baino gutxiagoz ematen bada, gehieneko zenbatekoa biztanle-kopuruaren edo zerbitzuaren iraupenaren arabera hainbanatuko da, hurrenez hurren.
13. artikulua.– Emateko prozedura.
Laguntza ekonomikoak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, lehiaketa bidez. Horretarako, aurkeztutako eskabideak ebaluatuko dira, jarduera mota berari dagozkionak, 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Balorazio onena lortu dutenei adjudikatuko zaie laguntza, dagokion jarduera motarako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.
Dagokion deialdian jarduera-mota baterako ezarritako aurrekontu-kredituan soberakinak egotekotan, beste jarduera motarako eskuragarri dagoen aurrekontura pasatuko lirateke.
14. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.
1.– Eskabideak deialdi honen IV. eta V. eranskinetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira, garatu nahi den jarduera motaren arabera.
2.– 30 puntutik gorako puntuazioa lortzen duten eskabideei baino ez zaizkie laguntzak emango.
15. artikulua.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpena.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluak xedatzen duenaren arabera.
1.– Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzari dagokio dirulaguntzak emateko prozedura kudeatzea.
2.– Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzak ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamena egiteko.
3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, ebaluazio-batzordeak txosten bat egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.
Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzak, espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori entitate interesdunei jakinarazi beharko zaie, 7. artikuluan ezarritako bitarteko elektronikoen bidez, eta hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko. Espedientean ez baldin badago interesdunek adierazitakoez bestelako egitate, alegazio eta frogarik, behin-behineko ebazpena behin betiko bihurtuko da.
Alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da, eta bertan adieraziko dira laguntzak jasotzeko proposatzen den entitate eskatzailea, edo entitate eskatzaileen zerrenda, bai eta laguntzen zenbatekoa ere, orobat ebaluazioa eta hura egiteko baliatu diren balorazio-irizpideak.
4.– Kudeaketa-fasean onuradun izateko proposatu direnei jakinaraziko zaie behin betiko ebazpen-proposamena, hamar eguneko epean proposamen hori onartzen ote duten adierazi dezaten. Alde horretatik, pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean berariaz uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.
5.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez dakarkiote Administrazioaren aurreko inongo eskubiderik onuradun izateko proposatutako entitateari.
16. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Ikaskuntza Berezien zuzendariak egindako proposamena ikusita, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea, edo, bestela, ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak emango ditu.
2.– Ebazpen hori laguntzak emateko prozeduran interesa duten erakunde guztiei jakinaraziko zaie, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), publizitate-ondorioetarako soilik. Ebazpena argitaratzeko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie, entitate interesdunei, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
3.– Epea amaitu eta entitate interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsitzat jo daiteke.
4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari. Errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa da, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira.
a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntza osoaren % 45ekoa, 2026ko ekitaldian.
b) Bigarren ordainketa, 2027ko ekitaldian, guztira emandako laguntzaren zenbatekoa osatu artekoa, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitu ondoren egingo da, ekintzok amaitu eta bi hilabeteko epean honako egiaztagiri hauek bitarteko elektronikoz aurkeztu ondoren.
1. Amaierako memoria bat, proiektuaren exekuzioaren deskribapena, non lagundutako pertsona-kopuruaren eta -tipologiaren gaineko datu estatistikoak adierazi, eta eskabidean proposatutako helburuen betetze-mailaren ebaluazioa jasoko baita. Amaierako memoriak zorrotz bete beharko du VI. eta VII. eranskinetan ezarritako eskema. Eranskin horiek www.euskadi.eus helbideko egoitza elektronikotik jaitsi ahal izango dira (betetzeko hutsuneak dituen PDF formatuan). Memoria beste formatu batean aurkeztea ez onartzeko arrazoia izango da.
2. Txosten ekonomiko bat, fakturekin eta ordainagiriekin batera. Txosten ekonomikoak zorrotz bete beharko du VIII. eranskinean ezarritako eskema. Eranskin hori www.euskadi.eus helbideko egoitza elektronikotik jaitsi ahal izango da (betetzeko hutsuneak dituen PDF formatuan). Txosten ekonomikoa beste formatu batean aurkeztea ez onartzeko arrazoia izango da.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo efikazia administratiboa eduki behar dute.
3.– Amaierako memoriak eta txosten ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dauden inprimaki normalizatuetan ezarritako eskemari jarraitu beharko diote: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0051214
4.– Behar den finantzaketa izateko eta dirulaguntzari dagozkion jarduketak egiteko, bigarren ordainketaren % 50a, gehienez ere, kontura ordain daiteke, entitate onuradunak horretarako eskaera egiten badu. Horrelakoetan, garatutako jardueraren tarteko txostena egin beharko du, eta, han, proiektuaren ordura arteko garapenari buruzko informazioa eman, eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu.
Konturako ordainketa hori ezin izango da eskatu harik eta diruz lagundutako jardueraren 2/3ak gutxienez garatu arte.
5.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
18. artikulua.– Entitate onuradunek dirulaguntza jaso duten jarduerak kontratatzea.
1.– Diruz lagundutako jarduerari dagokion zenbatekoaren % 50eraino azpikontratatu ahal izango du entitate onuradunak beste entitate eta enpresa batzuekin.
2.– Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduera hirugarren batekin hitzartzen bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 31. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
3.– Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldez aurretik baimena ematea kontratua egiteko.
4.– Ezin da kontratua zatikatu zenbatekoa murriztu eta aurreko apartatuan eskatutako baldintzak bete beharrik ez izateko helburuz.
5.– Kontratistek entitate onuradunaren aurrean bakarrik izango dituzte betebeharrak, onuradunak izango baitu diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean. Entitate onuradunek erantzungo dute hirugarrenekin kontratatzen den diruz lagundutako jarduera dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan ezarritako mugak errespetatuz gauzatzeari buruz, diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez. Kontratistek, bestalde, laguntzeko betebeharra dute, muga horiek errespetatzen direla behar bezala egiaztatzen uzteko.
6.– Entitate onuradunak inolaz ere ezingo du hauekin hitzartu diruz lagundutako jardueraren gauzatze oso edo partziala:
a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo entitateekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo entitateekin.
c) Eragiketaren kostu osoaren ehuneko bat ordainduko litzaiekeen bitartekariekin edo aholkulariekin, non eta ordainketa ez dagoen justifikatuta egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatu-balioaren arabera.
d) Entitate onuradunarekiko loturaren bat daukaten pertsona edo entitateekin, egoera hauetako batean izan ezik:
1. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren berariazko baimena lortzea aldez aurretik, ebazpen arrazoitu baten bidez.
2. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa ez izatea lotutako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, entitate onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.
e) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo entitateekin.
19. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.
1.– Dirulaguntzak emateko ebazpena kasu hauetan aldatu ahal izango da:
a) Ezer aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan, betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada.
b) Hala badagokio, helburu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak eskuratzea, Sailak emandakoari gehituta, onartutako kostu osoa gainditzen dutenak.
c) Justifikatutako gastuak emandako zenbatekoa baino txikiagoak badira, dirulaguntzaren kalkulua egingo da berriro, dagokion murrizketa aplikatzeko.
Halakoetan, Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, berriz, doitu egingo dira eman diren dirulaguntzen zenbatekoak.
2.– Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren entitate onuraduna kasu hauetako batean badago:
a) Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuak.
b) Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein bete ezean.
3.– Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio itzuli beharrekoak, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta.
Arau hauetan erregulatzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza:
a) 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
b) Laguntza emateko ebazpena.
20. artikulua.– Bateragarritasuna eta konkurrentzia.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira xede edo helburu berarekin beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Edozein modutan, dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu ikaskuntza-jarduerari onartu zaion aurrekontuaren kostu osoa.
2.– Batera jasoz gero laguntza hauek eta beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek helburu berberarekin eta zio berberagatik emandako laguntzak, eta horien guztien batura laguntzen helburu den jardueraren guztizko kostua baino handiagoa bada, soberakinaren bateraezintasuna deklaratuko da eta zenbateko horretan gutxituko da eman beharreko laguntza, eta horrek aldaketa ekarriko dio ebazpenari.
21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak entitate laguntzaileetarako eta lanbide heziketako ikastetxeetarako.
Arduraduna: Ikaskuntza Berezien Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileetarako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak erabiliz egindako misioa betetzeko behar den tratamendua.
Hartzaileak:
1.– Europar Batasuneko organoak.
2.– Estatuaren Administrazioko beste organo batzuk.
3.– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
4.– Europako Batzordea.
Eskubideak: eskubidea duzu irispidea izateko datuetara, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/).
Informazio gehiago: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehiago, zehatzagoa.
https://www.euskadi.eus/normativa-proteccion-de-datos-personales/web01-a2datuba/eu/
Arauak:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
22. artikulua.– Emandako laguntzen publizitatea.
1.– Dirulaguntzak ematen dituzten organoek Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrera bidali beharko dute dirulaguntzak emateko deialdiei eta ebazpenei buruzko informazioa, erregelamendu bidez ezarritako moduan.
2.– Emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, baita horien zenbatekoa, diruz lagundutako jarduera eta erakunde onuraduna ere.
3.– Entitate onuradunaren informazioaren argitalpenak bereziki babestutako datuak baditu, datu horiek bereizi ondoren soilik egingo da publizitatea.
23. artikulua.– Entitate onuradunak dirulaguntzaren berri ematea.
Entitate onuradunek publizitate egokia egin beharko dute dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari buruz, finantzaketa horren jatorria aipatu beharko dute publizitatean, eta ikusgarritasuna eman beharko diete informazio-karteletan, plaketan, argitalpen inprimatu eta elektronikoetan, ikus-entzunezko materialean, web-orrietan, prentsako iragarki eta ezarpenetan, ziurtagirietan eta abarretan. Era berean, entitate onuradunek euskal herritar guztien eskura jarriko dute, Hezkuntza Sailaren bizialdi osoko ikaskuntzen atariaren bidez (www.hiru.eus), beren jarduketa-eremuan egiten dituzten prestakuntza-jarduerei eta -ekimenei buruzko informazio zehatza eta eguneratua.
RSS