
120. zk., 2026ko ekainaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (301 KB - 18 orri.)
- EPUB (601 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2866
61/2026 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Migrazioen eta Bizikidetzaren "Ikuspegi" katedra eratzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Migrazioen eta Bizikidetzaren "Ikuspegi" katedra eratzeko. Lankidetza-hitzarmena hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 15EKO 61/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA; HONEN BIDEZ ERATZEN DA MIGRAZIOEN ETA BIZIKIDETZAREN «IKUSPEGI» KATEDRA
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, José Ramón Bengoetxea Caballero jauna, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean, UPV/EHU) errektore nagusia, urtarrilaren 20ko 1/2025 Dekretuaren bidez izendatua, UPV/EHUren izenean eta hura ordezkatuz parte hartzen duena (IFK: Q-4818001B), eta bere karguagatik esleitutako eskumenak erabiliz.
Eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosa Vega andreak ordezkatuta, ekainaren 23ko 29/2024 Dekretuaren arabera izendatua eta egintza honetarako baimendua, Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera.
Bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan jasotako betebeharrak beren gain hartzeko gaitasun juridiko nahikoa aitortzen diote elkarri.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– UPV/EHU zuzenbide publikoko entitatea da, eta irakaskuntzan, ikerketan, garapen zientifiko eta teknologikoan eta ezagutzaren dibulgazioan dihardu.
Sektore eta diziplina anitzeko erakundea da, irakaskuntzako, ikerketako, garapen zientifiko eta teknologikoko eta jakintzaren hedapeneko jarduerak egiten dituena, eta bere funtsezko helburuetako bat du bere eragin-eremuan garapen ekonomiko iraunkorra bultzatzea. Halaber, euskal gizartearen aurrerapen ekonomikoari eta gizarte-ongizateari laguntzen dio, mugako ikerketaren emaitzak transferituz eta ezagutza zabalduz.
Haren helburuetakoak dira, besteak beste, garapen ekonomiko jasangarria bultzatzea bere eragin-eremuan eta euskal gizartearen ongizateari laguntzea, mugako ikerketaren emaitzak transferituz eta erakundearen barruan sortutako ezagutza zabalduz. Gainera, UPV/EHUk erakunde eta enpresekin lankidetzan dihardu hainbat proiektutan, eta horretarako ditu, besteak beste, bere irakasle eta ikertzaileen kidegoa, eta ikasleak ere bai.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren helburua da, Aniztasuneko, Bizikidetzako eta Erronka Demografikoko Zuzendaritzaren bitartez, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren bidez (aurrerantzean, 320/2024 Dekretua) zuzendaritza horri esleitutako eskumenen esparruan, kulturartekotasuna eta aniztasunean (generokoa, adinekoa, jatorrikoa, kulturala, sexuala eta erlijiozkoa) oinarritutako bizikidetza bultzatzea, arraza, kultura, erlijioa, jatorria edo orientazio sexuala bezalako faktoreei erreparatuta, eta aintzat hartuz, orobat, diskriminazioko eta diskriminazio anizkoitzeko egoerak prebenitu eta landu beharra, eta halaber, istilu eta gorrotozko delituen prebentzioa eta haiei aurre egiteko ekintza.
Historiako euskal gizarterik anitzena den honetan, eta gero eta aniztasun handiagoko testuinguruan, funtsezko helburua da, betiere trantsizio sozial eta demografikoari lotua, lortutako gizarte-kohesioko eta bizikidetzako mailak bermatzea.
Era berean, 320/2024 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailari atxikitako Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldi arteko Elkartasuneko Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, adin, jatorri, kultura, erlijio edo sexu-orientazio desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza eta elkartasuna sustatzea, bai eta bizikidetzaren arloan sortzen ari diren erronkei erantzuteko eta aniztasunaren kudeaketa positiboa sustatzeko jarduketa-programak diseinatzea, ezartzea eta koordinatzea ere. Bestalde, dekretu horren 17. artikuluak honako eskumen hauek esleitzen dizkio, besteak beste, Sail horren beraren barneko Etorkinak Hartzeko eta Integratzeko Zuzendaritzari: etorkinen harrerari, erabateko inklusioari eta parte-hartze sozialari buruzko politika integrala eta zeharkakoa planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea; Euskal Autonomia Erkidegoko migrazio-fenomenoaren bilakaeraren jarraipena eta azterketa egitea; eta beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeko mekanismoak eta tresnak proposatzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan.
Hirugarrena.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Estatutuak jasotzen duenez, Autonomia Erkidegoak lankidetza- eta kooperazio-mekanismoak ezarri ahal izango ditu bere eskumenak baliatuz.
Ildo beretik, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 33.1 artikuluak aurreikuspen hori indartzen du, xedatzen baitu Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza hitzarmenak formalizatu ahal izango dituela beste administrazio publiko batzuekin, betiere alde bakoitzak bere eskumen eremuaren barruan jarduten badu eta Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena edo onarpena badu.
Era berean, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, berariaz aitortzen dio Unibertsitateari ahalmena, bere autonomia erabiliz, bere baitan edo beste unibertsitate, organismo publiko eta pribatu batzuekin (Euskal Autonomia Erkidegokoak zein kanpokoak) egoki iritzitako kontratuak eta hitzarmenak ezarri ahal izateko, Legeak berak jasotzen dituen helburuak lortze aldera. Ildo horretan, UPV/EHUren Estatutuek, 5. artikuluaren bidez, hitzarmenak egiteko berezko ahalak ematen dizkiote UPV/EHUri, autonomia-araubidean jardunez.
Era berean, UPV/EHUk sortutako nortasun juridikorik gabeko egitura eta erakundeen funtzionamenduari buruzko oinarrizko araudia onartzen duen UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 16ko Erabakiaren 1.2. artikuluak aukera ematen du UPV/EHUko nortasun juridikorik gabeko egitura edo erakundeak sortzeko hitzarmenak egiteko, eta 2/2023 Lege Organikoaren 46.2.g) artikuluaren arabera, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari dagokio, organo gorena baita, halakoak onartzea.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpenak, errektorearen eskumenak eskuordetzeari eta haren Gobernu Taldearen egitura eta funtzionamendu-arloak zehazteari buruzkoak, Unibertsitatearen Estatutuen 178. eta 180. artikuluetan (17/2011 Dekretua) xedatutako eskumenen arabera, 183., 187., 191., 197. eta 198. artikuluetan aurreikusitakoari dagokionez, bai eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoari dagokionez ere, 3.6 artikuluan ezartzen du, eskumenak errektoreordeei, idazkari nagusiari eta kudeatzaileari ordezteari dagokionez, ondoko eskumen hauek ere baliatuko direla: a) Bere arloko hitzarmenak sinatzea, arautegi espezifikoetan eta Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduko Erregelamenduan aurreikusitakoa aintzat hartuta. Hitzarmen horiek sinatu direla jakinarazi beharko zaio Idazkaritza Nagusiari, Hitzarmenen Erregistroan inskriba ditzan, eta, hala badagokio, ukitutako errektoreordeei ere bai.
Laugarrena.– UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Ikuspegi-Immigrazioaren Behatokia sortzea bultzatu zuen 2003an, migrazio-fluxuen eragina ezagutzeko, aztertzeko eta baloratzeko baliagarria izango zen onura publikoko tresna bat eraikitzeko asmoz.
Erakunde horrek, hasieran, EAEko migrazio-fluxuen monitorizazioan zentratzen zuen bere lana, baina azken bi hamarkadetan bilakaera esanguratsua izan du, bere jarduera-eremuak zabaldu baititu, lan-ildo berriak erantsita. Zehazki, 2019aren amaieratik, Ikuspegi garatzen ari da aniztasunaren azterketan zentratzen den ildo bat.
Eraldaketa horrek agerian utzi du Behatokiari formatu instituzional berri bat eman beharra, haren helburu estrategikoetara hobeto egokituko dena eta haren eragin akademikoa eta prestakuntzakoa indartzen lagunduko duena. Beraz, haren lanari egonkortasun akademikoa eta instituzionala emango dion unibertsitate-egitura sendotu nahi da, haren azterketa-ildoak esparru zabalago eta formalizatuago batean integratuz.
Ondorioz, bi erakundeak bat datoz lankidetza-hitzarmen egonkor bat ezartzearen komenigarritasunean, aipatutako eremuetan dituzten helburuak betetzen eta garatzen laguntzeko, eta ekimen berriak bultzatzea proposatzen dute, jarduera-programa jarraitu baten esparruan, Migrazioei eta Bizikidetzari buruzko Ikuspegi Katedra eratuz, ondoko klausula hauen arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza, laguntza eta sostengua sendotzea, eta horretarako eratzen dute Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedra. Helburua da migrazioaren, bizikidetzaren eta aniztasunaren fenomenoaren ikerketa, hausnarketa, azterketa eta hedapena sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) arreta berezia eskainiz.
Zehazkiago, migrazio-fenomenoari eta aniztasunari buruzko ikerketarako eta analisirako jarduerak garatzera bideratuta dago, EAEn fenomeno horien ikusgarritasuna sustatzera, eta kulturarteko ikuspegia duten politika publikoak aztertzera eta finkatzera ere bai.
Beraz, lan horri unibertsitate-egitura zabalagoa eta egonkorragoa eman nahi zaio:
Jakinduria handiko ezagutza eskainiko diona Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, migrazioaren, aniztasunaren eta bizikidetzaren arloko politika publikoen orientaziorako.
Partaidetzak eta konexio-sareak ezarriko dituena Europako erakundeekin, ikerketako beste kluster batzuekin eta ezagutza sortzeko sareekin, lan eta politika publikoak Europako eta nazioarteko testuinguruan konektatzeko eta kokatzeko.
Sail horrekin batera, eragile publiko eta pribatuekin ezagutza partekatua zabaltzeko, hausnartzeko eta sortzeko ekintzak garatuko dituena, eta
Unibertsitateko mundu akademikotik adituen ezagutza ateratzea ahalbidetuko duena, gizarte-eragileak eta gizarte zibila ahalduntzeko.
Bigarrena.– Aurrera eraman beharreko jarduerak.
Hitzarmen honen esparruan aurrera eraman beharreko jarduerak hauek dira:
Migrazioen, aniztasunaren eta bizikidetzaren arloko ikerketa, azterketa eta gizarte-proiekzioko jarduerak sustatzea eta garatzea, fenomeno horiek eta euskal gizartean duten eragina hobeto ulertzeko.
Harreman partekaturako eta ezagutza sortzeko esparruak ezartzea Europako eta nazioarteko ikerketa-sareekin.
Lankidetzarako eta trukerako bideak ezartzea antzeko lan-ildoak partekatzen dituzten erakunde akademiko, sozial eta instituzionalekin, barne direla ikerketa-sareak, behatoki espezializatuak eta immigrazioaren eta aniztasunaren kudeaketarekin eta ikerketarekin konprometitutako nazioarteko erakundeak.
Hainbat publiko eta kolektibori zuzendutako prestakuntza, sentsibilizazio sozial eta dibulgazio zientifikoko ekintzak bultzatzea, Katedrak sortutako ezagutza helarazteko eta immigrazioari eta bizikidetzari buruzko hausnarketa kritikoa eta elkarrizketa bultzatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailarekiko lankidetza erraztea Katedraren lan-xedearekin lotutako ekimen eta jardueretan, arlo akademikotik eta teknikotik laguntzeko datuetan oinarritutako politika publikoak diseinatzen eta estrategiak garatzen.
Katedraren jarduera-programa Jarraipen Batzordearen erabakien arabera garatuko da, eta Katedraren ardura izango da.
Hirugarrena.– Jardueren plangintza.
Adierazitako ildoak garatzeko, bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak urteko Jarduketa Plana onartuko du. Plan horretan, helburuak, jarduerak, erantzukizunak eta aldeek ezarritako konpromiso ekonomikoak zehaztuko dira.
Jardueren urteko planean aurreikusi gabeko beste edozein jarduera gauzatu ahal izango da, baldin eta Jarraipen Batzordeak dagozkion jarduketa-plan bereziak onartzen baditu, dagokion izapideari jarraituz.
Laugarrena.– Aldeen konpromisoak.
UPV/EHUk konpromiso hauek hartzen ditu:
Katedraren zuzendaritzaren Urteko Jarduketa Plana eratzeko proposamena prestatzea eta aurkeztea, jarraipen batzordeak onets dezan.
Ikerketa-, dibulgazio-, sentsibilizazio- eta transferentzia-jarduerak sustatzea eta aurrera eramatea Katedraren esparruan, jarduketen urteko programan aurreikusitako jarduketen planarekin bat etorriz.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailari justifikatzea Katedra honi egindako ekarpena, urte bakoitzeko abendua amaitu baino lehen, urteko jarduketa-planean jasotako jarduerak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria entregatuz. Memoria horretan ekarpen horrekin egindako jardueren aipamena jasoko da, bai eta proiektuaren kostuaren justifikazioa ere, fakturen eta gainerako egiaztagirien kopiarekin batera.
Erakundeek Jarraipen Batzordean dituzten ordezkariak informatzea eta gonbidatzea Katedrak berak antolatzen dituen sozializazio, sentsibilizazio eta zabalkunde ekitaldi guztietara.
Katedrak sortzen dituen argitalpenen eta materialen ale digitalak helaraztea erakundeei formatu digitalean.
Bere aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak konpromiso hauek hartzen ditu:
Katedraren jarduketen segimenduan eta hitzarmen honen garapenean parte hartzea.
Haien sustapenean eta sostenguan parte hartzea, dagokion organoak onartutako zenbatekoarekin.
Katedrak antolatutako sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerei laguntza ematea.
Katedraren finantzaketari eta ordainketari erreparatzea, ezartzen diren baldintzen arabera.
Bosgarrena.– Egoitza.
UPV/EHUren Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedraren egoitza Bizkaiko Campusean egongo da, eta gela eta areto egokiak utziko zaizkio, behar bezala funtziona dezan.
Seigarrena.– Jarraipen batzordea.
Hitzarmen honen xede diren jardueren koordinazioa eta jarraipena gauzatuko dira, hitzarmena sinatu ondoren, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluko aurreikuspenen arabera, horretarako jarraipen-batzorde bat eratuz. Batzorde horretako kideak izango dira UPV/EHUko Garapen Zientifiko Sozialeko eta Transferentziako Errektoreordetzak izendatutako bi ordezkari, UPV/EHUrekin Katedrako zuzendariari eskatzen zaion lan-harreman bera izatea, eta Katedra sostengatzen duten erakundeetan erantzukizun handia izatea, eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak izendatutako beste bi pertsona. Batzorde horren eginkizunak izango dira jarraibide orokorrak gainbegiratu eta onartzea eta, orobat, behar diren aldaketak gainbegiratu eta onartzea ere.
Oro har, Jarraipen Batzordeak urtean behin bildu behar du, ohiko komunikazio-bidearen bidez deituta, bilera-eguna baino astebete lehenago. Ezohiko bilera ere egin ahal izango da, Jarraipen Batzordeko edozein kidek deituta, ohiko komunikazio-bidearen bidez eta behar besteko aurrerapenarekin. Bilkuretarako deialdian gai-zerrenda erantsi beharko da.
Erabakiak aho batez hartuko dira.
Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
Katedraren zuzendaritzak aurkeztutako urteko jarduketa-planaren proposamena onestea.
Urteko jarduketa-planean jasotako jarduerak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria onartzea.
Katedraren jardueren eta Batzordeak hartutako erabakien jarraipena egitea.
Lankidetza-hitzarmen honen ondoriozko interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.
Hitzarmena betetzeko edo garatzeko helburua duten beste edozein zeregin, aldeen interesekin bat etorriz.
Zazpigarrena.– Katedraren zuzendaritza.
UPV/EHUk izendatuko du Katedraren zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsona. Katedraren zuzendaria jardunean dagoen UPV/EHUko irakasle bat izango da, doktorea, unibertsitatearekin lan kontratu egonkorra eta denbora osoaz duena. UPV/EHUko errektoreak izendatuko du pertsona hori, katedra garatzeko aurkeztuko duen proiektua aztertu ondoren, kontuak izanik Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren iritzia.
Katedraren zuzendariaren oinarrizko egitekoak honako hauek izango dira:
Katedraren jarduerak planifikatzea eta koordinatzea.
Bileretan, Katedraren jardueren berri ematea Jarraipen Batzordeari.
Zortzigarrena.– Finantzaketa.
Katedraren ohiko jarduerak ordainduko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean migrazioaren eta bizikidetzaren arloan eskumena duen sailaren aurrekontu orokorren kargura. Dagokion ekarpena laurehun mila eurokoa (400.000 euro) izango da urtean, hitzarmena indarrean dagoen lau urteetan, hau da, 1.600.000 euro guztira. Horretarako, hitzarmen honen gehieneko kostu ekonomikoari aurre egiteko behar den kredituaz hornitu da 1001103000 1.31230.24499 2026/000945 aurrekontu-aplikazioa.
Aurrekoa eragotzi gabe, UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailarekin bat etorriz, hirugarren pertsonak edo erakundeak onartu ahal izango ditu Katedraren jardueren finantzaketan eta garapenean eta proiektuaren garapenean parte hartzeko, hitzarmen honetan ezarritako arauak eta irizpideak urratu gabe.
Hitzarmen hau sinatzearen ondorioz sor daitezkeen kudeaketa eta transakzio ekonomikoak errazteko, UPV/EHUko Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoaren edo Euskoiker Unibertsitate-Enpresa Fundazioaren parte-hartzea baliatu ahal izango du UPV/EHUk. Horretarako, dagokion izapide egokia bete beharko da.
Bederatzigarrena.– Ordainketa eta justifikazioa.
Katedra finantzatuko da honen aurreko klausulan aipatutako ekarpen ekonomikoekin, eta Katedra sostengatu ahal izateko UPV/EHUk egingo dituen ekarpen ez-diruzkoekin; gainera, aurreikusitako jardueren esparruan lor litezkeen dirulaguntzak, laguntzak eta beste finantza-iturri batzuk ere baliatu ahal izango dira.
Ekarpen ekonomikoak urte bakoitzeko bi ordainketatan egingo dira, zehaztapen hauen arabera:
2026. urtea: lehen ordainketa, urteko ekarpenaren ehuneko hirurogeita hamarrekoa (% 70), hitzarmen hau sinatzen den egunean egingo da. Bigarren ordainketa, gainerako ehuneko hogeita hamarra (% 30), 2026ko azken hiruhilekoan egingo da, Jarraipen Batzordeak onartu ondoren UPV/EHUk prestatutako urteko jarduketa planean jaso ziren jarduerak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria.
Ondoko urteetan: lehenengo ordainketa, urteko ekarpenaren ehuneko hirurogeita hamarrekoa (% 70), urteko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen egingo da, UPV/EHUk eman behar duen urteko jarduketa plana Jarraipen Batzordean onartu ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako ehuneko hogeita hamarra (% 30), urteko azken hiruhilekoan egingo da, UPV/EHUk aurkeztu behar duen urteko jarduketa planean jasotako jarduerak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria Jarraipen Batzordean onartu ondoren.
Hamargarrena.– Publizitatea eta hedapena.
Katedrak, UPV/EHUko nortasun juridikorik gabeko erakundea den aldetik, Unibertsitatearen nortasun korporatiboa erabili beharko du unibertsitate-jardueraren komunikazio orotan eta sortutako ezagutzaren zabalkunde eta hedapen orotan, eta UPV/EHUren nortasun korporatiboaren ikusgarritasuna bermatuko du, eskuliburuan aurreikusitako moduan. Ekoizpen zientifikoari dagokionez, aitortu eta agerrarazi beharko da lan horietan parte hartu duten ikertzaile guztien parte-hartzea, bai eta legez dagokion erakundeko kide direla ere. Katedrak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere irudi korporatiboari buruz ezartzen dituen jarraibideak ere errespetatuko ditu.
Katedrak egiten dituen ekitaldi eta jarduera guztietan, UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren logotipoak agertuko dira, antzeko tamaina eta ikusgarritasunarekin, Katedra sustatzen duten erakunde gisa, ukatu gabe entitate edo erakunde laguntzaileek erabiltzen dituzten beste logo batzuk ere agertzea.
Hamaikagarrena.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
Katedraren jardueren esparruan sortzen diren jabetza intelektualaren eskubideak UPV/EHUri eta Eusko Jaurlaritzari dagozkie batera, ehuneko berrogeita hamarreko partaidetzan (% 50) alde bakoitzarentzat.
Arestian esandakoa hala izanik, erakunde horien arteko lankidetzatik edozein emaitza edo ekoizkin sortuz gero, haren titulartasuna ehuneko berdinetan partekatuko da, diseinuan, baliabideen ekarpenean eta gauzatzean izandako parte-hartze maila edozein dela ere.
Hamabigarrena.– Datuen babesa.
Hitzarmen honek ez dakar berekin sinatzen duten alderdien artean datu pertsonalak lagatzea. Berariaz adostuta geratzen da alderdiek hitzarmen honen xede den proiektu edo programarekin loturik jakinarazten dituzten datu eta informazio guztia datu bakanduak izango direla; hau da, pertsona fisikoa identifikatzea ahalbidetzen ez duten datuak izango dira eta, ondorioz, datuen babeserako araudiaren aplikaziotik kanpo egongo direnak. Zehazki, entitate sinatzaileek lankidetzaren berri izateko datu kuantitatiboak, zenbakiak edota portzentajeak erabiliko dituzte.
Nolanahi ere, hitzarmenaren edo bere garapenaren ondorioz datu pertsonalen tratamendua eskatuko balitz, alderdiek konpromisoa hartzen dute arau hauek bete daitezen: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta horien zirkulazio askeari dagokienez (horren bidez indargabetu zen 95/45/EE Zuzentaraua, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); beteko da, orobat, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa; eta arestiko arauak garatzen dituzten legezko arautegiak, datuen babesaren arloan, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren eta kontrolerako autoritate eskudunen jarraibideak ere beteko dira.
Alderdi bakoitza izango da Akordio hau kudeatzeko eta Akordiotik erator daitezkeen zerbitzuak emateko tratatzen dituen datu pertsonalen erantzule. Zentzu horretan, alderdiek adierazten dute beteko dituztela, beraiek izanik erantzule bakar eta erabatekoak, datu pertsonalak babesteko araudia aplikatuz eska dakizkiekeen betebehar guztiak.
Hitzarmena sinatzen duten alderdiek ez dute inolako erantzukizunik izango, baldin eta beste edozein alderdik ez baditu aurreko betebeharrak betetzen. Bere gain hartutako betebeharrak urratuz gero, horiek egin dituen erakundeak izango du egindako arau-hausteen erantzukizuna, eta beste erakundeak ardurarik gabe mantenduko ditu hirugarrenek eskatu ahal dituzten era guztietako erreklamazioetatik, agintari eta organismo eskudunak barne.
Hamahirugarrena.– Etika.
Lankidetza-hitzarmenaren garapena Euskal Herriko Unibertsitatearen Etika Kodera egokituko da. Ondorioz, ez da egingo giza eskubideen aurkako ekintzetan zuzenean parte hartzea dakarren edo edozein indarkeria mota eragiten duen lankidetza-jarduerarik.
Hamalaugarrena.– Lankidetza-hitzarmenaren iraupena.
Lankidetza-hitzarmen hau alderdiek sinatu ondoren jarriko da indarrean, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, eta 4 urteko indarraldia izango du.
Hala ere, aurreko atalean aurreikusitako epea baino lehenagoko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute urteko luzapen bat edo gehiago egitea, gehienez ere beste lau urtez, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. h) artikuluan azaldutakoaren arabera, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago eta hartutako konpromisoak behar bezala betetzen badira.
Hamabosgarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.
Hitzarmen honen edukia aldatu ahal izango da, sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute. Hitzarmenaren aldaketa oro gehigarri bidez formalizatu beharko da, legez ezarritako baldintzen arabera eta 40/2015 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako aldez aurreko baimenarekin.
Hamaseigarrena.– Hitzarmena azkendu eta ebaztea.
Hitzarmen hau azkendu egingo da helburuan sartzen diren jarduerak bete direlako, edo hitzarmena suntsitzeko arrazoi hauetako bat gertatzen bada:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.
b) Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.
c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea. Ez-betetzeagatik azkenduko dela ebatziko da, ez baldin bada aurkezten edo onartzen Jarraipen Batzordean urteko jarduketa planean jasotako jarduerak betetzen direla justifikatzen duen jarduera-memoria.
Horrelako kasuetan, edozein aldek jakinarazi ahal izango dio ez-betetzea egin duen aldeari errekerimendu bat, epe jakin batean bete ditzan bete gabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren egikaritzearen jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei komunikatuko zaie.
Errekerimendu edo eskaeran adierazitako epea igarota ez-betetzeak jarraitzen badu, hura bidali zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta, beraz, suntsitutzat joko da hitzarmena.
Hitzarmena ez-betetzeagatik suntsiarazten bada, urteko jarduketa-planetik gauzatu ez den zatiari edo eragindako kalte-galeren kalte-ordain gisa bete ez den zatiari dagokion zenbateko proportzionala itzuliko da.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
Lankidetza-hitzarmen hau suntsiarazteak ez du eraginik izango gauzatzen den unean abian diren jardueretan.
Hamazazpigarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzio aplikagarria.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.1 artikuluan adierazitakoaren arabera. Bertan jasotako xedapenek arautuko dute hitzarmena eta, horietan aurreikusita ez dauden gauzetan, eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko, aipatutako 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. kapituluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Hitzarmenaren ondorioei, interpretazioari, aldaketari edo ebazpenari buruz alderdien artean sortzen diren zalantzak edo eztabaidak Jarraipen Batzordean adiskidetasunez ebazten saiatuko dira. Konponbide lagunkoirik lortu ezin bada eta ezinbestez auzi judizialera jo behar bada, bi alderdiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen IV. tituluaren arabera.
Eta ados daudela erakusteko eta hitzartu den oro behar bezala jasota gera dadin, alderdiek dokumentu honen hiru ale SINATU DITUZTE, sinadura elektronikoaren datan.
Egoitza elektronikoa, 2026ko maiatzaren 27a.
UPV/EHUko errektorea,
JOSE RAMON BENGOETXEA.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS