Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2026ko ekainaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2816

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 10ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez 2026. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei emango zaizkien dirulaguntzen oinarriak arautzen baitira eta dirulaguntza horietarako deialdia egiten baita, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko ere, minimis laguntzen araubidea baliatuta.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea, EAEko bizitzaren esparru guztietan: politikan, ekonomian eta gizartean. Ildo horretan, Emakunderen helburu nagusiak dira, batetik, bi sexuen arteko berdintasunari bidea ematen dioten baldintzak sustatzea eta emakumearen berdintasun osoa eta eskubideak murrizten dituzten oztopoak kentzea, eta, bestetik, EAEn emakumeak baztertzeko dauden bide eta ekintza guztiak ezabatzea.

Lan-arloari begira, helburu horiek gauzatu ahal izateko, enpresek eta elkarte pribatuek parte hartu behar dute; horrela, nola emakumeek hala gizonek enplegua berdintasunean lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatuko da eta euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei erantzun ahal izango diete.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela diagnostikoa egiteko eta barneko berdintasun-plana ezartzeko enpresei laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002an Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin, aholkularitza-enpresak prestatu eta egiaztatzeko lanei ekin zien. Lan horiekin bukatzeko, homologazio-prozesua jarri zen abian, jarduteko planteamenduetan gutxieneko kalitatea eta homogeneotasuna betetzen direla bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete behar duten enpresa eta elkarte pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2 m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoa da, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta, hartara, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko planak, programak eta jarduerak egiteko, bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 5.m) artikuluan ezarritakoarekin.

Hala, bada, enpresa edo erakunde pribatuetan, bai barne-antolaketari, bai zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez, emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko laguntza teknikoa aholkularitza-enpresa homologatuen bidez kontrata dadin sustatu eta bultzatze aldera, ebazpen hau eman da, xede horretarako dirulaguntzak ematea arautzen duena. Era berean, dirulaguntza honen helburua da enpresa eta entitate pribatuen planetan jasotako berdintasun-neurriak ezartzen laguntzea.

Deialdi hau argitaratzea guztiz justifikatuta dago Euskadin soldata-arrakala murrizteko ekintzaren Estrategia eta Plan Operatiboaren barruan, eta, bereziki, Euskadin soldata-arrakala murrizteko gidalerroen 4. ardatzean, zeinetan 52. neurria agertzen baita: zuzkidura ekonomikoa handitzea, enpresa txiki eta ertainetan berdintasun-planak egiteko.

Ildo beretik, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiak antolamendu-aldaketari eta politika berriak bultzatzeari lotutako hainbat neurri jasotzen ditu bere ardatzen artean: II. ardatza (Emakumeen ahalduntzea), III. ardatza (Bidezko gizarte-antolaketa, berdintasunezkoa eta iraunkorra) eta IV. ardatza (Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak).

Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginak, halaber, enpresa eta entitate pribatuen kulturan eta politiketan berdintasuna integratzera bideratutako neurriak bultzatzeko betebeharra ezartzen du. Neurri horiek jasota daude legearen 27., 44., 47., 48. eta 50. artikuluetan, besteak beste.

Deialdia bat dator urtero atzemandako premiekin eta lege-aldaketekin; batez ere, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua indarrean jartzeak izan duen eraginarekin (6/2019 Errege Lege Dekretua, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko presako neurriena). Izan ere, 50 langiletik gorako antolakundeetan berdintasun-planak ezartzeko betebeharra pixkanaka zabaltzen du. Era berean, enpresei beren planetan jasotako berdintasunerako neurriak ezartzen laguntzeko da.

901/2020 Errege Dekretua eta 902/2020 Errege Dekretua indarrean jartzeak betebehar berriak ezartzen dizkie enpresei (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena; eta 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa). Alde batetik, enpresa barruan berdintasun-politikak negoziatzeko beharra berretsi da. Bestalde, berdintasun-planen edukia erregelamendu bidez garatzen dute eta enpresak nahitaez bete beharreko tresnak sartzen dituzte: ordainsari-auditoria, lanpostuak baloratzeko prozedura, eta sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak planen edukian behin betiko sartzea.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, 2026. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei emango zaizkien dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartzen dira, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko ere, minimis laguntzen araubidea baliatuta, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea. Bi hauen oinarrizko erregulazioa ere aplikatuko zaie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez azken lege horren erregelamendua onartzen baita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo entitate interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 10a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

ERANSKINA
2026. URTEAN ENPRESEI, ENTITATE PRIBATUEI, KOOPERATIBEI ETA IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK, AHOLKULARITZA-ENPRESA HOMOLOGATU BAT KONTRATA DEZATEN, EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNARI BURUZKO DIAGNOSTIKOAK ETA BERDINTASUN-PLANAK EGITEKO, BAI ETA BERDINTASUNERAKO PLANETAN JASOTAKO NEURRIAK EZARTZEKO ERE, MINIMIS LAGUNTZEN ARAUBIDEA BALIATUTA
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako dirulaguntzen oinarriak eta deialdia arautzea, 2026an Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak homologatutako aholkularitza enpresak kontratatzeko, arlo hauetakoren batean laguntza teknikoa ematen badute:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostiko bat egitea eta berdintasunerako plan bat diseinatzea, bai barne-antolamendurako, bai zerbitzuak edo produktuak emateko.

b) Entitate eskatzaileak onartutako berdintasun-planetan jasotako neurriak ezartzea.

Deialdiak ebazpen honen II. eta III. kapituluetan garatutako bi dirulaguntza lerro jasotzen eta arautzen ditu. Laguntza-lerro horiek bateraezinak dira elkarren artean, eta entitate eskatzaileak bata edo bestea aukeratu beharko du.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie bi laguntza horiei (OJ L, 2023/2831, 15.12.2023, ELI: http://data.europa.eu/eli/reg/2023/2831/oj).

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.

1.– Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, norgehiagoka izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, laguntzak emateko prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuz egiten dena, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri hauetako 21. eta 27. artikuluetan ezarritako balioespen-irizpideekin bat. Lehentasun-hurrenkera hori kontuan hartuta, irizpide horiek aplikatuz puntuaziorik handiena lortzen duten eskabideak baino ez dira proposatuko laguntzak emateko.

2.– Aurreko artikuluan adierazitako helburuak lortzen laguntzeko zuzkidura ekonomikoa 350.000 eurokoa izango da, 2025eko abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako esleitutako aurrekontu-kredituen kargura.

Kredituen banaketa honako hau izango da:

a) Dirulaguntzen lehenengo lerrorako, berrehun eta hogeita bost mila euro (225.000), Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresak kontratatzeko, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa egiteko eta berdintasun-plana diseinatzeko laguntza teknikoa eman dezaten.

b) Dirulaguntzen bigarren lerrorako, ehun eta hogeita bost mila (125.000) euro, Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresak kontratatzeko, berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko laguntza teknikoa eman dezaten.

3. artikulua.– Entitate eskatzaileen betekizunak eta konpromisoak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta debekurik ez duten enpresek, entitate pribatuek, kooperatibek eta irabazi asmorik gabeko entitateek eska ditzakete laguntzak. Besteak beste, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta eduki behar dituzte, eta, bereziki, honako betebehar hauek:

a) Enpresa eta entitate pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo entitateek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.

b) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena inolako administrazio publikok ez izatea.

c) Entitatearen zuzendaritza-lanak eta kudeaketa administratiboa Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dituzte. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan eduki behar dute.

d) Plantillaren baldintzak, jarduketa motaren arabera.

Lehen eta bigarren diagnostikoak eta berdintasun-planak egin nahi dituzten enpresa eta entitate pribatuek 10 eta 150 langile arteko plantilla izan beharko dute. Lehen edo bigarren diagnostikorako eta Berdintasun Planerako dirulaguntza eskatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeen kasuan, plantillan gutxienez 10 langile izatea eskatuko da. Nolanahi ere, bigarren diagnostiko bat eta berdintasun plan bat egiteko dirulaguntza eskatzen duten erakundeek egiaztatu beharko dute lehen plana behar bezala erregistratuta dagoela edo, bestela, erregistratzen saiatu izanaren ebidentzia nahikoak daudela, hala nola sindikatuei plana negoziatzeko gonbidapena egitea, plana REGCON plataforman inskribatzeko saiakera.

e) Ezin izango dituzte ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jaso sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapenekin edo zehapen penalekin zigortutako entitateek, dagokion zehapenak ezartzen duen denbora-tartean, ez eta debeku horrekin arau honen arabera zigortuta daudenek ere: martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina.

f) Ezingo dute laguntza-deialdi honetan parte hartu dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duen zigorra jaso duten entitateek, ez eta horretarako gaitasunik gabe uzten duen inolako lege debekuren menpe daudenek ere.

g) Era berean, ezin izango dituzte laguntza hauek jaso 10 eta 150 langile bitarteko plantilla duten entitate eta enpresa pribatuek, baldin eta aurreko urteetan beste administrazio publiko baten dirulaguntza jaso badute, lehen diagnostikoak eta planak egitea finantzatzeko helburu zehatzarekin, irabazi asmorik gabeko entitateek izan ezik.

h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari errege-dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.

Betebehar horiek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan daude araututa. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

i) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hizkera ez-sexista erabili beharko da dirulaguntza eskatzen duten entitateek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Era berean, genero-estereotipoak ez errepikatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasuna aktiboki sustatzea egiten diren irudi, komunikazio, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.

j) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 d) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, entitate onuradunei eskatuko diete dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan sexuaren arabera banakatuta aurkez dezatela honako hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, pertsona titularrak eta langileak, eta dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko entitateak kontratatu dituen langileak.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak beren gain hartzen dituzten enpresa eta entitate pribatuek lor ditzakete laguntzak, eta, bereziki, betebehar hauek hartzen dituztenek:

a) Enpresei eta entitateei emakume eta gizonen berdintasun arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen 2004ko ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa 2026an kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana. Bi dirulaguntza-lerroetako bakoitzaren zehaztapen zehatzak deialdi honen II. eta III. kapituluetan jasotzen dira.

b) Zuzendaritzak entitateko pertsona bat izendatzea, prozesua dinamizatzeaz arduratuko dena, deialdi honen I. (a) edo I. (b) eranskinean jasotako moduan, aukeratutako dirulaguntza-lerroaren arabera.

3.– Dirulaguntza eman ondoren, entitate onuradunek Eusko Jaurlaritzako hirugarrenen erregistroan alta emanda egon beharko dute. Ez da bete beharko, entitate eskatzailea alta emanda badago, baldin eta datuetan aldaketarik izan ez badu. Alta emateko esteka hau da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, azpimarratu behar dugu azkenean betebeharrak beteak baditu soilik emango dela dirulaguntza.

Alderdi horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasota daude.

4.– Aurkeztutako eskabide baten helburua bat ez badator dirulaguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu sar daitekeela administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-lerro batean, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroaren organo kudeatzaileari, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori igarota, entitate eskatzaileak aurka egin ez badu, lerro-aldaketa hori onartu duela pentsatuko da.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean amaituko da.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatuko diren agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Horrela, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0039213

3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin eta kontsultatzeko entitate interesdunek bide elektronikoak erabili ditzakete: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan onartutako sinadura elektroniko bat eta egiaztagiri elektroniko bat izan behar dituzte, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetzeari buruzko zehaztapenak, deialdian ezarritakoak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen webgunean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere eskuragarri egongo dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0039213

Eskabideak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, nire karpetaren bidez egingo dira (URL): https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Eskabideak, beharrezko dokumentazioarekin batera, EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez daitezke. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa formalizatzea.

1.– Entitate eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:

– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez horrelakorik ezartzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso izana, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.

– Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egina ez izatea, eta edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez egotea, ezta hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu), epailearen esku-hartzearen menpe edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ere, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

– Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea zenbait legek (Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea) jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean, edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Egoitza fiskala ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Ez urratzea Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko eta erregistratzeko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere.

– LGTBIfobiaz jokatu ez izana, edo hura bultzatu edo sustatu ez izana, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

– Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzkoa apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik zigortuta ez egotea, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak bete eta zehapena ordaindu arte.

– Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez urratu izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

– Enpresaren deslokalizazio-deklaraziorik jaso ez izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Aurreko hiru ekitaldietan jasotako minimis laguntzek guztira 300.000 euroko muga ez gainditzea laguntza hau eman aurreko hiru urteetan (Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako muga erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da), edo erregelamenduaren gainerako arauetan minimis mekanismo horretarako berariaz ezarritako beste muga batzuk ez gainditzea.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ebazpen honetan araututako dirulaguntza eskatu den aurreko urteetan xede eta helburu bererako beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik inolako laguntzarik jaso ez izanari buruzkoa. Ez dute adierazpen hori aurkeztu beharrik izango berdintasun-planak indarrean dagoen araudira egokitu behar dituzten irabazi asmorik gabeko entitateek.

– Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez dutenak. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen dituztenak jakinarazi beharko dituzte, laguntza likidatu arteko aldian.

– Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea legez ezarritako moduan.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitatearen EAEko egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela entitatea.

– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditut.

– Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan dokumentu guztiak ere, eta neure gain hartzen dut horren erantzukizuna (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, orduan ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 69.4 artikulua).

– Administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko berariazko baimena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada ere.

2.– Eranskin zehatzik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, dokumentazio originala era elektronikoan bidaliko da, eskaneatuta eta sinatuta, webgune honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

3.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko, baldin eta II. eranskineko dagokion atalean zein egunetan eta zein prozeduratan aurkeztu zen adierazten bada eta kontsultatzeko berariazko baimena eman bada.

4.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa aurkeztea, benetakoa dela egiaztatzeko.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 18. eta 24. artikuluetan eskatutako agiriren bat falta bada, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio, eskatutakoa egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.

Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Administrazio eta Zerbitzuen Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Berdintasun Eskubideak Defendatzeko Arloko arduraduna.

b) Batzordekideak:

Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.

Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.

Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.

Ordezkoa: Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.

Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduradunak idazkari gisa jardungo du.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin, uneko urtean lortutakoak badira, laguntzen izaera eta entitate emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehieneko kopurura egokitzeko. Laguntzak, berariaz, erakunde honek diruz lagundutako plana eta diagnostikoa egiteko gastuak zein prestakuntza-orduak finantzatzeko izango dira lehenengo lerroan, eta bigarren finantzaketa-lerroan berdintasun-neurriak ezartzeko.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko ditu entitate interesdunek planteatutako gai guztiak.

Eskabideak ebaluatu ondoren, Hautaketa Batzordeak akta bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko duena, dagokion lehentasun-ordenarekin, 21. eta 27. artikuluetan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz. Akta horrek proposamena egingo dio organo kudeatzaileari, Erakundeko Idazkaritza Nagusiari. Organo honek, espedientea eta akta ikusita, entitate onuradun guztiek eskura duten informaziotik eskatutako baldintzak betetzen dituztela jasotzen duen txostena egin ondoren, ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.

Emakundeko zuzendariak ebazpen espresu eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta adieraziko du dirulaguntza nori eman zaion, minimis izaerarekin, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo entitate onuradunei. Emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo entitate interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpetaren» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

3.– Ebazpenean, entitate onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren arabera (diruz lagunduko diren enpresa zein entitateak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta, horretaz gain, ordezko entitateen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero ordezkoengana jo ahal izateko. Entitate horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta onuradunak uko eginez gero ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin dion onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

10. artikulua.– Enpresa edo entitate onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa edo entitateek Euskal Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bate behar dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar da, dekretu honetako 12. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar ez bada, behintzat; eta prest egon behar da Emakundek diruz lagunduko diren jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, dirulaguntzaren inguruan eskatutako informazioa eta laguntza eman behar diete, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan jasotzen den bezala.

d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, erakundeko zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 12. artikuluan ezarritakoa betez.

e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (webgunean, intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako mezu elektronikoetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoak eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantzaketa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 27. artikuluan ezartzen duen moduan.

f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta, prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusiak. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira. Era berean, berdintasun-planetan jasotako diruz lagundutako neurrien ezarpenaren berri emango zaie langileei.

g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

h) Komunikazio feministaren erabilera sustatzea, neurria edo neurriak ezartzeko eta gizarteratzeko prozesu osoan presente egon beharko baitu.

i) Enpresek Emakunderi jakinarazi beharko diote plantillan egindako edozein aldaketa, baldin eta aldaketa horrek langile kopuruaren zenbaketan eragina badu, berdintasun-planen arloko mugen ondorioetarako.

j) Jarduerak egiteko jasotako dirua zertarako erabili den justifikatu behar da.

k) «Datuen alta / Hirugarren interesduna». Ez da beharrezkoa izango hori betetzea entitate eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, datuetan aldaketaren bat izan ez badu, ezta ebazpen honen 5.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena eman bada ere. Alta elektronikoki izapidetu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

l) Entitate onuradunak gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzen du, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen dituela; halaber, berehala jakinarazi beharko dio gainfinantzaketa gerta daitekeela hautematen badu.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioaren eta ordainketaren alderdi komunak.

1.– Jarduerak egin eta sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, jardueraren zenbateko osoa ordaindu arte Emakundek estaltzen ez dituenak barne. Horretarako, eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da 2026ko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

2.– Justifikazioak dirulaguntza-lerro bakoitzean eskatzen diren berariazko dokumentuak jaso beharko ditu, deialdiaren 22. eta 28. artikuluetan aipatzen direnak.

3.– Justifikazio-agiriak bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta bidali beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

4.– Ordainketa egiteko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa aurkeztea, benetakoa dela egiaztatzeko.

5.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa aurreikusitakoa baino txikiagoa bada edo hura gauzatzea onartutako aurrekontu osora iristen ez bada (modu esanguratsuan), emandako dirulaguntza proportzionalki gutxituko da, proiektuaren gauzatze-mailaren eta eman zen helburua betetzearen arabera, oinarri hauen 16. artikuluan ezarritako mailakatze-irizpideen arabera.

12. artikulua.– Dirulaguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta dirulaguntzaren helburua bete badira) eta beste edozein entitate publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu edota likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta, behar izanez gero, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako edozein ez dela betetzen egiaztatzen bada (batez ere 10. artikuluan jasota dauden betebeharrak), jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari –hargatik eragotzi gabe egoki diren gainerako ekintzak abiaraztea–, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena), eta arau horiek ezarritako baldintzetan. Zehatzago esanda, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotzen diren gertakariek eta egoerek eragingo dute dirua itzuli beharra.

2.– Deialdian jasotako betebeharrak, konpromisoak betetzeko direnak, partzialki betetzeak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa ekarriko du, eta oinarri hauetako 12 artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da. Ez-betetze partzialen kasuan, proiektuaren gauzatze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta argi eta garbi egiaztatzen bada hartutako konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egin dela, jaso beharreko edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioaren arabera zehaztuko da.

Ondorio horietarako, ez-betetzeen maila baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

a) Proiektuan aurreikusitako lanen betetze-maila.

b) Aurreikusitako helburuen eta emaitzen betetze-maila.

c) Benetan justifikatutako gastuaren proportzioa, onartutako aurrekontuarekiko.

d) Entitate onuradunari egotzi ezin zaizkion inguruabarrak egotea.

Ez-betetzeak proiektuaren funtsezko alderdiei eragiten dienean edo haren helburua betetzat jotzea eragozten duenean, ez-betetze osoa gertatzen dela ulertuko da itzulketaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako betebeharrak edo baldintzak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura abiaraziko da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan jasotakoarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin. Dekretu horrek hau xedatzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari eta hamabost egun balioduneko epea emango dio, interesdunak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea pasa ondoren, prozedura amaitutzat joko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean adierazten bada ez direla baldintzak bete, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta ezarri behar zaizkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epea amaitu baino lehen itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Ezar daitezkeen arauak ez betetzeagatik emandako dirulaguntzak itzultzeko prozedura betetzeko eta jakinarazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da, artikulu honetan arautzen denari jarraituz.

15. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako jasoko dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin bat etorriz –Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen ditu eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du–.

Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo entitateei.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Interesdun legitimatuak.

– Organo judizialak.

– Kontuen Auzitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.

– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.

Eskubideak: Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datuok, botere publikoen jardunari dagokion eginkizun bat betetzeko. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide ere. Datuen babesari buruzko informazioa: www.euskadi.eus/datu-babesa

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. (eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=BOE-A-2018-16673).

16. artikulua.– Minimis laguntzak.

1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Europako Batzordearen Erregelamenduan (OJ L, 2023/2831, 15.12.2023, ELI: http://data.europa.eu/eli/reg/2023/2831/oj) adierazitakoaren arabera arautuko dira (Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori). Dirulaguntza hauek minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 300.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Kantitate hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dute ez merkataritza eraldatzen eta ez dituzte lehia baldintzak desitxuratzen; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.

2.– Laguntzaren eskatzaileak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jaso dituen minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du (I (a) edo I (b) eranskina), minimis laguntza berriak Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga ez duela gainditzen frogatzeko.

II. KAPITULUA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNARI BURUZKO DIAGNOSTIKOAK EGITEKO ETA BERDINTASUNERAKO PLANAK DISEINATZEKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Xedea.

Laguntza hauek 2026an aholkularitza-enpresa homologatu baten laguntza teknikoa kontratatu nahi duten enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta daude, ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera (Dekretu horren bidez, aholkularitza-erakundeen homologazioa arautzen da, enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko).

Dirulaguntza jaso dezakeen laguntza teknikoaren xedea hau izango da:

a) Entitate eskatzaileko emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa egitea.

b) Berdintasunerako plan bat diseinatzea.

c) Berdintasunaren arloan gutxienez 20 orduko prestakuntza ematea, betiere 19. artikuluan xedatutako edukiarekin bat etorriz.

Berdintasunerako plan hori REGCONen inskribatu beharko da.

Hautatutako aholkularitza-enpresa homologatuak aurkeztutako eskabidean jasotako lan-proposamen teknikoa diseinatu eta sinatu duen bera izan beharko du.

Dirulaguntzen lerro hau, bereziki, 10-150 langile dituzten eta berdintasuna ezartzeko lehen faseetan (lehen edo bigarren plana) dauden enpresa eta entitate pribatuei zuzenduta dago. Honetarako behar diren baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak ematea du helburu:

– Berdintasuna sustatuko duen antolaketa-kultura bultzatzea.

– Genero-ikuspegia txertatzea barne-funtzionamenduan.

– Lehen edo bigarren berdintasun-diagnostikoa eta -plana egitea.

Era berean, plantillan gutxienez 10 pertsona dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei laguntzea du helburu.

Kooperatiben kasuan, entitate juridiko bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango da. Bazkide kooperatibistak eta besteren konturako langileak batera daudenean, diagnostikoak, planak eta berdintasun neurriek integralak izan beharko dute, kolektibo bakoitzarentzako analisi eta jarduera espezifikoak prozesu bakar baten barruan txertatuz, eta plan bereiziak egitea ezin izango da diruz lagundu.

18. artikulua.– Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, multzo hauetan egituratuta:

1.– Administrazio- eta identifikazio-dokumentazioa:

a) I (a) eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

– Dinamizatzailearen izendapena.

– Enpresaren datuak.

– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, entitate emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

– Barneko lantaldearen aurreikusitako osaera. Erakundean ordezkaritza sindikal propiorik dagoen, ordezkaritza handiena duten sindikatuen edo sektoreko sindikatu adierazgarrien bidez ordezkatuta dagoen, antzeko ezaugarriak dituen elkarrizketa-organorik dagoen, Gizarte Kontseilua eta abar adieraziko da.

– Negoziazio-batzordearen osaera, dagoeneko eratu bada.

– Minimis laguntzen adierazpena.

b) II. eranskina, aurkeztutako agirien zerrenda.

c) Estatutuak eta eratze-agiria.

2.– Lan-baldintzen egiaztagiriak:

a) Langile kopuruaren ziurtagiria, honako hauen bidez:

RLC eta RNT ereduak, eskabidea aurkeztu aurreko hilekoak, edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria.

3.– Laguntza-proposamenaren dokumentazio teknikoa:

a) Laguntza teknikorako proposamena, Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresak egina eta sinatua, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

– Entitate edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.

– Berdintasun-diagnostikoa eta -plana egiteko motibazioa.

– Entitate edo enpresa eskatzaileak berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea.

– Entitatearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun-politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.

– Diagnostikoaren eduki xehatua: esparruak, adierazleak eta analisi-metodologia.

– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

– Plantillarako berdintasunari buruzko prestakuntza-programa xehatua, gutxienez 20 ordukoa, 19. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

– Berdintasunerako ekintza-plana prestatzeko prozesua.

– Barneko lantaldea eta taldea osatzeko irizpideak, deialdi honen I. (a) eranskinean jasotako baldintzetan.

– Negoziazio-batzordearen osaera eta osaera-irizpideak, deialdi honen I. (a) eranskinean jasotako baldintzetan.

– Kronograma xehatua.

– Egindako proposamenaren jarduera mota bakoitzaren aurrekontua banakatuta (diagnostikoa, berdintasun plana eta prestakuntza), eta kontratatuko den aholkularitza enpresa homologatuak sinatuta. Jarduera bakoitzaren arabera banakatutako BEZa ere sartuko da. Era berean, aholkularitza homologatuak aurreikusitako aholkularitza-orduak eta orduko kostua zehaztuko dira.

4.– Laguntzaren eraginari buruzko dokumentazioa:

a) Aurreikusitako barruko eta kanpoko eraginari buruzko txostena; gutxienez, honako hauek jasoko ditu:

– Dirulaguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

– Prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera banakatuta.

– Prestakuntzaren aurreikusitako datak.

– Plana ezartzeagatik alda daitezkeen entitatearen alderdi estrategikoak identifikatzea.

– Eragindako beste erakunde, sail edo antolaketa-arlo batzuk identifikatzea.

b) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: RLC eta RNT ereduak (lehengo TC1 eta TC2 ereduak), eskabidearen aurreko hilekoak.

c) Estatutuak eta eratze-agiria.

5.– Beste agiri batzuk:

a) Esleipen-irizpideen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak laguntza teknikoa emateko homologatutako aholkularitza-erakundeak kontratatzetik eratorritakoak. Kontratazio hori 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitartean egin zen, eta honako jarduera hauek gauzatzea du helburu:

a) Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoak, gutxienez, honako politika hauen azterketa eta balorazioa jaso beharko du: karrera profesionala hautatzeko, kontratatzeko, sustatzeko eta garatzeko politikak, lanbide-sailkapenekoak, prestakuntzakoak, ordainsarietakoak, lan-osasunekoak, lan-baldintzak, komunikaziokoak eta bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzearen arlokoak, bai eta erakundean egon daitezkeen genero-indarkeriako eta sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoerak ere. Horrez gain, entitatearen produktu eta zerbitzuen eta erakundearen beste plan eta politika batzuen analisia jaso beharko du. Hala ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ahal dela, haren edukia urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriko da (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena). Era berean, sexu askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan xedatutakora egokitu beharko da.

b) Gutxienez 20 ordu ematea entitatearen langileei lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan prestatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak zehatz-mehatz jaso beharko ditu emango diren edukiak, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, etab. Programak pertsonak kudeatzeko prozesu ez-diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak jaso beharko ditu, gutxienez.

Aurrez aurreko prestakuntza bideragarria ez den salbuespenezko kasuetan, eta prestakuntza hori aurrez aurre emateko ezintasuna justifikatu ondoren, online prestakuntza baimendu ahal izango da, baldin eta ikasgela birtualaren formatua badu eta ikaskuntza-ingurune bat badu, non prestatzaileek eta ikasleek elkarri eragiten dioten, aldi berean eta denbora errealean.

c) Enpresaren barne-antolaketarako eta zerbitzu edo produktuetarako berdintasun-plana diseinatzea. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Hala ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena). Halaber, sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 16.2 artikuluan xedatutakoarekin bat datozen neurriak jaso beharko ditu.

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak behar den bezala banakatu behar dira, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira dirulaguntzaren erakunde onuradunak benetan ordaintzen dituenean eta diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia dutenean. Inola ere ez da diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko BEZa, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaiteke.

20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu deialdi honetan aurreikusitako jarduketen kostu diruz lagungarriaren % 50, eta inola ere ezingo du gainditu entitate onuradun bakoitzeko 12.000 euroko gehieneko zenbatekoa.

2.– Irabazi asmorik gabeko entitateen kasuan, beren titularren edo parte-hartzaileen artean mozkinak banatzen ez badituzte eta soberakin edo irabazi guztiak beren estatutu-helburuak lortzeko erabiltzen badituzte, dirulaguntza diruz lagun daitekeen kostuaren % 80ra iritsi ahal izango da, 12.000 euroko mugarekin entitate onuradun bakoitzeko.

Ondorio horietarako, erakunde horiek BEZaren kuotak berreskuratu edo konpentsatu ezin dituztenean, dirulaguntzak diruz lagun daitekeen kostuaren % 80raino estali ahal izango du, gehi berreskuratu ezin den jasandako BEZa.

21. artikulua.– Dirulaguntzak balioesteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. eta 9. artikuluetan ezarritako objektibotasun, gardentasun, berdintasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera.

Gehieneko puntuazioa 100 puntu izango da, honako irizpide hauen arabera banakatuta:

Dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. Gehienez 50 puntu:

– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez ere.

– Elementu berriak eta proposamenaren eta antolamendu-motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez ere.

– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez ere.

– Lan proposamenaren kalitatea, oro har. 5 puntu, gehienez ere.

B) Zuzendaritzaren inplikazioa eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea lan-prozesuaren antolaketan. 15 puntu, gehienez ere.

– Entitate eskatzailearen ibilbidea arlo honetan. 7 puntu, gehienez ere.

– Lantaldearen osaera. 8 puntu, gehienez ere.

C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez ere.

– Entitatearen lurralde-ezarpena. 3 puntu, gehienez ere.

– Entitatearen tamaina. 6 puntu, gehienez ere.

– Jarduera-sektorea/-eremua. 6 puntu, gehienez ere.

– Barne- eta kanpo-inpakturako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez ere.

D) Ikuspegi intersekzionala entitateko pertsonen kudeaketan eta zerbitzuak ematean. 10 puntu, gehienez ere.

– Plantillako emakumeei zuzendutako neurri espezifikoak. 5 puntu, gehienez ere.

– Zerbitzua ematen zaien emakumeei zuzendutako neurri espezifikoak. 5 puntu, gehienez ere.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak egin eta sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren (Emakundek estaltzen ez dituenak barne) ordainduko da dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, jardueraren zenbateko osoa ordaindu arte. Horretarako, agiri hauek aurkeztu behar dira, 2026ko abenduaren 1a baino lehen (egun hori barne):

a) Egindako diagnostiko osoa, dirulaguntza esleitzeko aurkeztutako proposamenaren arabera baloratuko dena. Horrek laguntza emateko baloratutako proposamena betetzen dela egiaztatzeko balioko du. Bestela, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Entitatearen berdintasunerako urte anitzeko plana, dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamenaren arabera baloratuko dena. Bestela, behar beste justifikatu beharko da.

c) 2027rako plan operatiboa edo ekintza-plana, ekintza bakoitzerako aurrekontuarekin batera.

d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, garatutako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-bilkurako edo bilkuretako edukiak, bertaratutakoak eta bilkura horiei buruz egiten duten ebaluazioa aztertuko da. Halaber, neurriaren edo neurrien ezarpenaren zuzeneko eta zeharkako onuradunen kopurua jasoko da, sexuaren arabera banakatuta.

Halaber, neurriaren edo neurrien ezarpenaren zuzeneko eta zeharkako onuradunen kopurua jasoko da, sexuaren arabera banakatuta.

e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa. Diru-sarreren eta kopuruen zerrenda egitea, bai eta proiektuaren gastuena ere. Hori guztia, BEZa banakatuta, hala dagokionean. Nolanahi ere, laguntza teknikoaren egiaztagiri banakatua eta emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiria aurkeztu beharko dira. Merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak diren edo administrazio-eraginkortasuna duten faktura edo froga-balio baliokidea duten agiriek diruz lagundutako jarduerei dagokienez funtsak edo egindako gastua behar bezala aplikatu direla egiaztatzeko behar besteko zehaztasuna izango dute. Hau da, banku-egiaztagiriaren frogagiriak fakturaren zein kontzeptu eta zenbakitarako balio duen adierazi behar du. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zergen esparruan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 10.e) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu izanaren egiaztagiriak, 10.f) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

h) Laguntzaren barruko eta kanpoko eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena, barneko eta kanpoko adierazleak, adierazle kualitatiboak eta kuantitatiboak barne hartuta.

i) Planaren Negoziazio Batzordea eratu dela egiaztatzen duen dokumentazioa, dagoeneko eratu bada.

III. KAPITULUA
BERDINTASUN-PLANETAKO NEURRIAK EZARTZEKO LAGUNTZAK

23. artikulua.– Xedea.

Laguntza hauek 2026an aholkularitza-enpresa homologatu baten laguntza teknikoa kontratatu nahi duten enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta daude, ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera (Dekretu horren bidez, aholkularitza-erakundeen homologazioa arautzen da, enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko). Laguntza horren bitartez, aipatutako erakundeek berdintasun-planetako neurriak ezarriko dituzte 25. artikuluan xedatutakoa betez. Laguntza-eskabidean bildutako lan-proposamen teknikoa diseinatu eta sinatu duen aholkularitza-enpresa homologatua hautatu beharko du erakunde eskatzaileak.

Dirulaguntza lerro horren bidez, laguntza emango zaie berdintasun-planetako neurriak ezartzeko baliabide materialak, baliabide ekonomikoak zein langileak behar dituzten erakunde eta enpresa pribatuei, baldin eta 10 eta 150 langile bitartean badituzte. Irabazi asmorik gabeko erakundeen kasuan, plantillan gutxienez 10 langile izatea eskatuko da.

Aurten finantzatuko diren neurriak xede estrategiko hauekin bat etorri behar dira:

1.– Soldata arrakala murriztea. Ordainsarien arloko gardentasuna sustatzea.

2.– Osasunaren prebentzio-kudeaketan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea, zehazki, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta desagerrarazteko, bai eta laneko indarkeria mota guztietan eta arrisku psikosozialen analisian eragiten duten genero-baldintzatzaileak ere.

3.– Emakume-kopurua handitzea lidergo feministak dituzten erakunde pribatuetako zuzendaritza-postuetan eta zuzendaritzan.

4.– Lantokietako espazioak genero-ikuspegia erabiliz berrikustea.

5.– Ikuspegi intersekzionala gehitzea pertsonen kudeaketan eta zerbitzuak ematean.

24. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diruz lagunduko da Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresak kontratatzea, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitartean honako alderdi hauek egiteko laguntza eman dezaten:

a) III. eranskina, behar bezala beteta, aholkularitza homologatuak prestatu eta sinatutako laguntza teknikoko proposamenarekin. Proposamen horretan, aholkularitza taldea jasoko da, berdintasun planean jasotako neurriak ezartzeko laguntzari buruz, eta honako hauek jasoko dira:

– Entitate edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.

– Entitate edo enpresa eskatzaileak berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea.

– Hartu beharreko neurrien deskripzioa, eta nola datozen bat dirulaguntza hauek eta erakundean indarrean dagoen planak jasotzen dituen helburu estrategikoekin (23. artikulua). Alderdi hauei buruzko informazio xehatua emango da: erabiliko den metodologia, kronograma, elementu berritzaileak, beste erakunde batzuek ere erabiltzeko baldintzak, langileriako eta erakundeaz kanpoko pertsona hartzaileak. Datu guztiak sexuaren arabera bereizi beharko dira.

– Laguntzaren bidez espero diren emaitzei buruzko txostena (prozedurak, materialak, produktuak, landuko diren antolaketa-kulturako alderdiak, gaitutako pertsonak sexuaren arabera banakatuta, erakunde sentsibilizatuak, etab.).

– Jarduera ezartzeko barneko lantaldea, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.

– Aurrekontua, proposameneko jardueren arabera banakatuta eta kontratatuko den aholkularitza-enpresak sinatuta. Jarduera bakoitzaren arabera banakatutako BEZa ere sartuko da. Era berean, aholkularitza homologatuak aurreikusitako aholkularitza-orduak eta orduko kostua zehaztuko dira.

b) I (b) eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

– Dinamizatzailearen izendapena.

– Enpresaren datuak.

– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, entitate emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

– Barneko lantaldearen identifikazioa.

– Minimis laguntzen adierazpena.

c) II. eranskina, behar bezala beteta, bidaltzen diren dokumentuen zerrendarekin.

d) Plantilla osatzen duten pertsonen kopurua egiaztatzen duen agiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez, RLC eta RNT ereduen bidez (lehengo TC1 eta TC2), eskabidea egin aurreko hilekoak, edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiri baliokidearen bidez.

e) Entitatearen estatutuak eta eratze-agiria.

f) Plana REGCONen erregistratu izanaren egiaztagiria.

g) Esleipen-irizpideen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.

25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagunduko da Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresak kontratatzea, berdintasun-planetan jasotako neurriak ezartzen laguntzeko, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitartean.

Laguntza eskatzen den neurria edo neurriak erakundearen indarreko planean eta 23. artikuluan jasotako helburu estrategikoren batean sartuta egon beharko dira Honako hauek aurkeztu beharko dira: aurrekontu orokorra eta eskatutako aurrekontua; gauzatze-kronograma eta ekintza gauzatzean espero diren emaitzak; plantillaren hartzaileak, sexuaren arabera bereizita; eta erakundetik kanpoko hartzaileak, sexuaren arabera bereizita (bezeroak, erabiltzaileak, erakundeak, harremanetan dauden erakundeak).

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak behar den bezala banakatu behar dira, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira dirulaguntzaren erakunde onuradunak benetan ordaintzen dituenean eta diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia dutenean. Inola ere ez da diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko BEZa, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaiteke.

26. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu deialdi honetan aurreikusitako jarduketen kostu diruz lagungarriaren % 50, eta inola ere ezingo du gainditu entitate onuradun bakoitzeko 6.000 euroko gehieneko zenbatekoa.

2.– Irabazi asmorik gabeko entitateen kasuan, beren titularren edo parte-hartzaileen artean mozkinak banatzen ez badituzte eta soberakin edo irabazi guztiak beren estatutu-helburuak lortzeko erabiltzen badituzte, dirulaguntza diruz lagun daitekeen kostuaren % 80ra iritsi ahal izango da, 6.000 euroko mugarekin entitate onuradun bakoitzeko.

Ondorio horietarako, erakunde horiek BEZaren kuotak berreskuratu edo konpentsatu ezin dituztenean, dirulaguntzak diruz lagun daitekeen kostuaren % 80raino estali ahal izango du, gehi berreskuratu ezin den jasandako BEZa.

27. artikulua.– Dirulaguntzak balioesteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. Gehienez 25 puntu:

– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiari, metodologiari eta aurrekontuari dagokienez. 5 puntu, gehienez ere.

– Elementu berritzaileak eta proposamena entitate motara eta 23. artikuluko helburu estrategikoetara egokitzea. 5 puntu, gehienez ere.

– Berdintasunaren arloan dauden metodologietara egokitzea (Emakunde, Berdintasun Ministerioa, etab.). 8 puntu, gehienez ere.

– Neurri bera beste erakunde batean ezartzeko aukera. 4 puntu, gehienez ere.

– Lan proposamenaren kalitatea, oro har. 3 puntu, gehienez ere.

B) Zuzendaritzaren partaidetza eta barneko lantaldearen ordezkaritza, baita neurriaren hartzaileena ere. 10 puntu, gehienez ere.

– Neurriaren ezarpena bultzatzen duen lantaldearen aniztasuna. 2 puntu, gehienez ere.

– Dirulaguntzaren hartzaile diren langileak. 4 puntu, gehienez ere.

– Dirulaguntzaren hartzaile diren kanpoko pertsonak. 4 puntu, gehienez ere.

C) Eragin biderkatzailea. 15 puntu, gehienez ere.

– Entitatearen lurralde-ezarpena. 3 puntu, gehienez ere.

– Entitatearen tamaina. 3 puntu, gehienez ere.

– Jarduera-sektorea/-eremua. 3 puntu, gehienez ere.

– Ekintzaren barruko eta kanpoko eragina. 6 puntu, gehienez ere.

2.– Gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

28. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak egin eta sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren (Emakundek estaltzen ez dituenak barne) ordainduko da dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, jardueraren zenbateko osoa ordaindu arte. Horretarako, agiri hauek aurkeztu behar dira, 2026ko abenduaren 1a baino lehen (egun hori barne):

a) Neurriaren ezarpena egiaztatzeko dokumentua, produktua edo materialak.

Dirulaguntza esleitzeko aurkeztutako proposamenaren arabera baloratuko da. Horrek laguntza emateko baloratutako proposamena betetzen dela egiaztatzeko balioko du. Bestela, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Memorian, egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera, bai eta ezarpenaren emaitzak, landutako produktuak, parte-hartzaileak edo gaituak, sentsibilizazio-saioaren edo -saioen edukiak, bertaratutakoak eta saio horiei buruz egiten duten ebaluazioa ere, sexuaren arabera bereizita.

c) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa. Diru-sarreren eta kopuruen zerrenda egitea, bai eta proiektuaren gastuena ere. Hori guztia, BEZa banakatuta, hala dagokionean. Nolanahi ere, laguntza teknikoaren egiaztagiri banakatua eta emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiria aurkeztu beharko dira. Merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak diren edo administrazio-eraginkortasuna duten faktura edo froga-balio baliokidea duten agiriek diruz lagundutako jarduerei dagokienez funtsak edo egindako gastua behar bezala aplikatu direla egiaztatzeko behar besteko zehaztasuna izango dute. Hau da, banku-egiaztagiriaren frogagiriak fakturaren zein kontzeptu eta zenbakitarako balio duen adierazi behar du. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zergen esparruan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 10.e) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

e) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu zaizkiola egiaztatzen duen agiria, 10.f) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

f) Laguntzaren barruko eta kanpoko eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena, barneko eta kanpoko adierazleak, adierazle kualitatiboak eta kuantitatiboak barne hartuta. Halaber, neurriaren edo neurrien ezarpenaren zuzeneko eta zeharkako onuradunen kopurua jasoko da, sexuaren arabera banakatuta.


Azterketa dokumentala