
115. zk., 2026ko ekainaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (287 KB - 27 orri.)
- EPUB (706 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2726
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 26koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 2026. urterako, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileen deialdia egiten duena eta horiek onartzen dituena. Lehiatu Sustapena Programa.
Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzei buruzkoa den irailaren 23ko 179/2014 Dekretua –«Lehiatu Sustapena Programa»– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2014ko urriaren 3an; haren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzen erregimena ezartzen eta arautzen da. Dekretu hori onartu eta argitara emateko arrazoia nekazaritzako euskal produktuak eta elikagaiak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetara ateratzen laguntzea izan da. Nekazaritza- eta elikagai-industriaren ekoizpen- eta merkataritza-egiturek gaitasuna dute lehen sektoreko lehengaien eraldaketatik sortutako produktuak merkaturatzeko. Laguntza horien bidez, indartu egingo da onuradunek kanpoko merkatuetan egin ditzaketen sustapen-lana, bai beste merkatu batzuetara zabaldu daitezen, bai egun duten presentzia sendotu dadin.
Dekretu horren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza-, eta baso-sektoreetan balio erantsia sortzearen aldeko apustua egin zen, eta eragindako eremu geografikoen dinamika sozioekonomikoa indartu nahi da, bai eta Euskadiko nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-arloan eraldatze- eta merkaturatze-industriaren lehiakortasuna sendotu ere, dirulaguntzen araubide espezifiko eta zehatz batekin, Estatuko laguntzen araubide batekin. Estatu-laguntzak diren aldetik, Europar Batasunak orduan ezarritako Europar erkidegoko esparruaren mende sortu ziren, zehazki Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EE) Erregelamenduan ezarritako esparruaren mende (1407/2013 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; 717/2014 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
Kontuan hartuta erregelamendu hori aldatu dela eta irailaren 23ko 179/2014 Dekretua indargabetuta dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoa aplikatzearen ondorioz, sail honek beharrezkotzat jotzen du «Lehiatu Sustapena» laguntzak sustatzeko helburuarekin jarraitzea, haren oinarriak ezarriko dituen urteko deialdiaren bidez.
Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza-jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere arau hauetan xedatutakoari jarraikiz: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren betearazpen-erregelamendua eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.
Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026., 2027. eta 2028. ekitaldietarako dirulaguntzen plan estrategikoan daude aurreikusita. Plan hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen. Helbide honetan dago ikusgai plana: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/elikadura-landa-garapen-nekazaritza-eta-arrantza-sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2026-2028/. Zehazki, laguntza horiek eragin zuzena dute 4.4.1. helburua gauzatzen: «Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-industriari laguntzea»; zehazki, Euskaditik kanpoko merkatuetan sustatzen laguntzen dute nekazaritza- eta elikagai-industriak eraldatutako eta merkaturatutako nekazaritza-, arrantza- eta basogintza-produktuak.
Deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena dute.
Hori dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak iragarri eta onartzea (Lehiatu Sustapena Programa) 2026. urterako; Agindu honen eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 26a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
ERANSKINA
«LEHIATU SUSTAPENA PROGRAMA 2026»: NEKAZARITZA-, ELIKAGAI-, ARRANTZA- ETA BASOGINTZA-PRODUKTUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOTIK KANPOKO MERKATUETAN SUSTATZEKO LAGUNTZAK
1. oinarria.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak arautzea da 2026. urterako («Lehiatu Sustapena Programa»).
2.– Oinarri hauen arabera emango diren nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-esparruko laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa aplikatu beharko da.
3.– Oinarri hauen arabera emango diren arrantzaren eta akuikulturaren eremuei dagokien laguntzek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako muga errespetatuko dute.
2. oinarria.– Definizioak.
Oinarri hauen ondorioetarako, honela ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1.– Nekazaritza: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu, eta akuikultura berariaz sartzen da, itsas-hazkuntzari dagokiona salbu.
2.– Elikagaiak: kontzeptu honen barnean sartzen da nekazaritza eta basogintzatik, arrantzatik, itsas-hazkuntzatik, ehizatik eta mikologiatik edo beste jatorri natural batetik datozen produktuak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzeari dagokiona.
3.– Nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresak: nekazaritzaren eta elikagaigintzaren esparruan jarduten duten nekazaritza-ustiategi eta enpresen multzoa.
4.– Krisian dagoen enpresa: bere finantza-baliabideak edo bere akziodunek eta hartzekodunek emandako baliabideak erabiliz galerak kitatzeko gai ez den enpresa, betiere galera horien ondorioz, kanpoko esku-hartzerik ez badago, enpresaren desagertze ekonomikoa ia segurua bada epe laburrean edo ertainean; hori guztia krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko 2004/C 244/02 Zuzentarauaren 2.1 apartatuetan edo hura ordezkatzen duen arauan aurreikusitako irismenarekin.
5.– Enpresa handia: ETEen kategorian sartzen ez dena, betiere aintzat hartuta Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa, mikroenpresen eta, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa, edo hori ordezten edo aldatzen duten xedapenak.
6.– Nekazaritza- eta elikagai-industria: nekazaritza-produktuak edo elikagaigintza manipulatuz produktu berriak sortzeko ekipamendu-ondasunen instalazioak –behar dituzten instalazio osagarriak barne–, enpresa autonomo moduan funtzionatzeko gai direnak.
7.– Mikroenpresa eta, enpresa txiki eta ertaina: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan edo hori ordezten edo aldatzen duten xedapenetan ezarritako ezaugarriak dituen enpresa (2003/361/EE Gomendioa, mikroenpresen eta, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa).
8.– Arrantza-sektorea: Ekonomiaren sektore bat da, arrantza- eta akuikultura-produktuak ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena.
9.– Basogintza sektorea: ekonomiaren sektorea, baso-antolamenduko jarduerek eta zuraren lehen transformazioko industriak bultzatzeko eta sustatzeko jarduerek osatua.
3. oinarria.– Onuradunak.
1.– Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke 4. oinarrian jasotako ekintzaren bat burutzen dutenak.
2.– Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-sektoreetakoak izango dira onuradunak, lehen transformazioa izan arte.
3.– Onuradunek talde hauetakoren batekoak izan beharko dute:
a) Jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, nortasun juridiko propioarekin; honela sailkatuko dira enpresak: mikroenpresa, enpresa txikia, ertaina eta handia.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Erregulatzaileak.
c) Jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten esportazio-partzuergoak, baldin eta baldintza hauek egiaztatzen badituzte:
1.– Nortasun juridiko propioa izan behar dute, partzuergoa osatzen duten enpresa edo entitateekiko independentea.
2.– Gutxienez hiru enpresak edo entitatek osatuak izatea.
3 – Partzuergoa osatzen duten enpresen bi herenek, gutxienez, Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan inskribatuta egon behar dute.
4. oinarria.– Onuradun izateko debekuak eta betekizun espezifikoak.
1.– Dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eskatzaileek, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen edo dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitatek emandako dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean izatea, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen edo dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da). Pertsona edo entitate eskatzaileek edo onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean dutela onartuko da baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitaterekin zorrik ez badute, dirulaguntzak betearazpen-aldian itzultzearekin lotuta, edo, premiamendu-bidea ezarri ezin zaien pertsona edo entitateen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik ez badute. Era berean, pertsonek edo entitateek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, zorrak zatituta edo geroratuta eta bermatuta badaude, edo horiek bertan behera uztea erabaki bada dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta.
c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta ez egotea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
d) Epai irmo bidez zehatuta ez egotea eta, beraz, legeetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu ez izana. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
e) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua zein publikoa izan, ez egotea zehatuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.
f) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.
g) Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-erregimenetako batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.
i) Ez izatea zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, edo hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatuta izatea.
k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahasita ez egotea. Halaber, inskripzioa egiteko administrazio-prozedura eten ez izana ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.
l) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeari atxikitako fundazioen kasuan, haien estatutuak lege horretan xedatutakora egokitu izana eta egokitutako estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailutu izana.
m) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, baldin eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan xedatutako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
n) Otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, LGTBI-fobia egin, zirikatu edo sustatu ez izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeen kasuan, kide guztiek bete beharko dituzte aurreko baldintzak.
2.– Horrez gain, berariazko baldintza hauek bete beharko dira:
a) Diruz lagundutako gastuak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan kokatutako establezimenduak izango dira.
b) Aurreikusi egin behar da burutu beharreko ekintzak eragin positiboa izango duela epe laburrera edo ertainera enpresaren merkaturatze-jardueran.
c) Produktuek benetako merkatua izan behar dute sustapena egin nahi den destinoan.
d) Jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu izana, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan inskribatuta egotea, enpresa gisa sailkatutako onuradunen kasuan.
3.– 1. apartatuan adierazitako debeku horietako ezein ez dagokiola egiaztatzeko, a) eta m) letretan ezarritakoa izan ezik, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena egingo du, oinarri hauen II. eranskinean erantsitako ereduaren arabera.
4.– Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak dirulaguntza kudeatzen duen organoa den heinean, noiznahi errekeritu ahal izango du aurkez dakiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak eman zaion laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
5.– Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.
6.– 1 a) apartatuan jasotako betekizunari dagokionez, administrazio-ziurtagirien bidez egiaztatuko da betekizun hori gauzatzen dela, eta, beraz, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak zuzenean bilduko ditu dokumentu horiek organo eskudunen eskutik. Hala ere, pertsona edo entitate interesdunak uko egin ahal izango dio zuzendaritza horrek inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko ziurtagiriak.
7.– 1.m) apartatuan jasotako betebeharraren kasuan, alderdi hori oinarri hauen IV. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera beteko da.
8.– 1 a), c), i), j), l), k) eta l) apartatuetan ezarritako betekizunek bere horretan jarraituko dute kasu bakoitzean zehaztutako inguruabarrek irauten duten bitartean.
9.– Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikulua betez, ezin izango zaie ez laguntzarik ez dirulaguntzarik eman nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute.
10.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, baita NANa ere. Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango dio egiaztapen horri, eta, hala egiten badu, eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
11.– Eskabidearekin batera aurkeztutako memorien eta agirien azterketa teknikoaren bidez egiaztatuko dira 2. paragrafoaren a), b) eta c) letretan ezarritako betekizun espezifikoak. Bestalde, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzako teknikariek ofizioz egiaztatuko dute 2. paragrafoaren d) letra.
5. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak:
1.– Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
a) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egingo diren lanbide-izaera duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz erakustoki indibidual edo partekatuetan.
b) Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak edo enpresa eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo.
c) Zuzeneko misioak egitea eta atzerriko merkatuetan produktuak aurkeztea; hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkezteko edo dastatzeko ekintzak egitea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak areagotzeko eta produktuen esportazioa handiagotzeko.
d) Alderantzizko misioak egitea, atzerriko erosleak edo iritzi-emaileak gonbidatzea, enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek.
e) Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan esklusiboki sustapen-jarduera zehatz eta espezifikoak egitea, deialdiaren urtean zehar gauzatuta; hau da, produktuaren publizitatea egitea eta hura dastatzeko aukera ematea, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko.
f) Katalogoak, ikus-entzunezko materialak, web-orriak eta publizitatea komunikabideetan; hau da, enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.
2.– Ez da dirulaguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan erakustoki bat jarri badu Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek, edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten antzeko organismoek, eta EAEko enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaini bazaie. Hala ere, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako entitateei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek. Kanpoan utziko dira dagokion azokan parte hartzeari lotutako diruz lagundu daitezkeen gastu guztiak.
6. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen kostuak.
5. oinarrian aurreikusitako jardueren kostuak, diruz lagungarriak direnak, Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzaren gastuak kudeatzeko eta justifikatzeko Eskuliburuan espezifikatzen eta zehazten dira; eskuliburua oinarri hauen I. eranskinean dago eta gastu hauei buruzkoa da:
a) Bidaia-, mantenu- eta ostatu-gastuak, hauetan bertaratzeko eta parte hartzeko: azokak, zuzeneko misioak, produktu-aurkezpenak, alderantzizko misioak eta salmenta-puntuak.
b) Azoketan, erakusketari gisa parte hartzeak edo azoketara joateak eragindako gastuak.
c) Aretoak eta ikus-entzunezko baliabideak alokatzeko gastuak.
d) Salmenta-puntuetan, alderantzizko misioetan edo produktu-aurkezpenetan egindako sustapen-lanaren gastuak.
e) Katalogoak, ikus-entzunezko materialak eta web-orriak egiteko gastuak, atzerriko hizkuntza batean gutxienez.
7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.
1.– Hilabeteko epea egongo da, 2026ko laguntza-deialdi honetarako eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2.– Oinarri hauen II. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.
3.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, III. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Bete beharreko «Fitxa-Txosten» ereduak oinarri honen 6. apartatuan adierazitako webgunean daude jasota.
4.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, hurrengo apartatuan adierazten diren helbideetan.
6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide hauetan eskuratu daitezke:
– Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/0082216
– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082216
7.– Eskaeraren osteko izapideak, jakinarazpenak barne, honen bidez egingo dira:
– Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/micarpeta
– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8.– Helbide honetan zehazten da zein diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
9.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ildo horretan, eta oinarri hauen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, ordezkaritza egiaztatzeko, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutan egiaztatu beharko da.
10.– Prozeduraren eskuliburua onartzen da, zeina eskuragarri egongo baita https://www.euskadi.eus web-orrian eta argitara ematen baita oinarri hauen I. eranskinean.
11.– ETEek beren izaera egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:
a) Pertsona fisikoen kasuan: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu aurreko ekitaldikoa.
b) Pertsona juridikoen kasuan: sozietateen gaineko zergaren kopia bat, eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldikoa. Agiri horri, adierazpen bat erantsi beharko diote, dokumentazioak erakusten duen egoerak bere horretan segitzen duela dioena.
12.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatu denean eta eskatzaileak espresuki deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.
13.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
8. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetara bideratuta, seiehun eta hirurogei eta hamazazpi mila (670.000) eurokoak dira.
2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa edo haien eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa baino handiagoa, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Aurrekontu-gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 40 handitu ahal izango da gehienez– deialdiaren ebazpena eman baino lehen, eta horren berri emango da Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baina horrek ez du esan nahiko eskaera berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.
9. oinarria.– Onuradun bakoitzari gehienez emango zaion laguntzaren zenbatekoa.
1.– Proiektu bakoitzari emango zaion zuzeneko laguntza honela ordainduko da, betiere diruz laguntzeko moduko gastuak oinarri hartuta:
a) Laguntzaren % 50, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
1.– 3. oinarriaren 3. paragrafoan aurreikusitako onuradunen batek eginak izan behar dira diruz lagundutako jarduerak, salbu eta enpresa handi gisa sailkatuta badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko kalitate- eta jatorri-ikurrak dituzten produktuak sustatzen dituen jarduera baten bidez.
2.– 3. oinarriaren 3. paragrafoan aurreikusitako onuradunen batek eginak izan behar dira diruz lagundutako jarduerak, salbu eta enpresa handi gisa sailkatuta badaude, sustapen-programa baten bidez, eta produktuen lehengaiaren % 70ek jatorria Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar du.
b) Laguntzaren % 30, gainerako kasu guztietan.
2.– Jarduera bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gastuaren muga 10.000 eurokoa izango da eta onuradun bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 50.000 eurokoa.
3.– Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-esparruko laguntzen kasuan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduaren araubidean ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak errespetatu beharko dira. Araubide horren arabera, estatu kide batek enpresa jakin bati emango dion minimis laguntzen zenbatekoa gehienez ere 300.000 eurokoa izango da hiru urteko edozein alditan.
4.– Arrantzaren eta akuikulturaren arloko laguntzetan, 2023/2391 (EB) Erregelamenduak aldatzen duen 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako muga errespetatuko da, hain zuzen ere, 40 000 euroko gehieneko muga ezartzen du hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.
10. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek laguntzak eskuratzeko behar diren eskakizun guztiak betetzen dituztela. Txosten hori ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.
2.– Deialdi hau lehiaketaz besteko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera; prozedura horretan, aurkeztutako eskabideak batera aztertu edo haztatuko dira.
3.– Aurkeztutako jarduketa-proiektu bakoitzari emango zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, 9. oinarrian ezarritakoa aplikatuko da. Urteko deialdiko diru-dotazioa aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, laguntzak kalkulu horren arabera emango dira.
4.– Esleitutako zuzkidura ez bada nahikoa hasieran kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko, dirulaguntza hainbanatu egingo da izandako zenbatekoen onuradunen artean, aurrekontu-estaldura nahikoa izan arte.
11. oinarria.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak haztatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru kidek osatuko dute, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko direnak. Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariaren ebazpenaren bidez gauzatuko da izendapena, baita nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua ere; batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, Zuzendaritza horretako teknikarien artetik hautatuko dituzte pertsona horiek.
2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaio laguntzaren eskatzaile bakoitzari, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez, lehenengo bilera egin aurretik, bilera egin baino bost egun lehenago gutxienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstenitzeko eta errekusatzeko eskubideak baliatzen direla bermatzeko.
3.– Balorazio Batzordeak, dagozkion eginkizunak betetzearren, aztergai den gaiko adituak bileretara bertaratu daitezela eskatu ahalko du, baita aholku eman dezatela ere. Batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
4.– Balorazio Batzordeak txosten bat egingo du, eta, bertan, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko da.
5.– Batzordeak funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era arteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
12. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendariak behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta, bertan, dirulaguntza zein erakunde eskatzailerentzat ematea proposatzen den, horren zenbatekoa eta norentzat den ezesteko proposamena adieraziko da.
Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzaile horren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 1. apartatuaren arabera emandako behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria.– Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea.
1.– Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio laguntzak ebaztea, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak proposatuta, eta aldez aurretik txosten bat izanik, non adieraziko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako eskatzaileek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa.
2.– Laguntzak esleitzeko ebazpenean, laguntza esleitu zaien hautagaien zerrenda identifikatuko da, baita baztertutako eskatzaileen edo enpresa eskatzaileen zerrenda ere, eta baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira.
Era berean, honako hauek jaso beharko ditu: ordainketaren xedea eta zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenetan oinarrituta eman den, eta dirulaguntza arautzen duten oinarriek eskatzen dituzten gainerako baldintzak eta betekizunak.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluak xedatzen duenaren arabera, gehieneko epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek administrazioaren isiltasunez ezetsitzat jo beharko dute dirulaguntza emateko eskabidea.
4.– Emateko edo ukatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari jarraikiz. Argitaratzeaz gain, interesdun bakoitzari ebazpen osoa banan-banan jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko pertsonari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuta agertuko dira.
5.– Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen emate- edo ukatze-ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.
14. oinarria.– Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.
1.– Egindako gastuak justifikatzeko, oinarri hauen III. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da, 7. oinarriaren 6. apartatuan adierazitako webgunean eskuragarri dauden ereduei jarraituz.
2.– Egindako gastuak justifikatzeko azken eguna, beranduenez ere, 2026ko urriaren 10a izango da.
3.– Zuzenean ordainduko zaie onuradunei, justifikatu ondoren. Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.
4.– Gastua egiten ez bada edo gastua egin izana egiaztatzen duen agiririk aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak laguntzari beren-beregi uko egiten ez badio, onartutzat joko da.
b) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo jarrera hartzea.
c) Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari justifikatzea dirulaguntza emateko bete beharrekoa: eskakizunak eta baldintzak betetzea eta jarduera gauzatzea. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.
d) Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzea inbertsioa edo gastuak egin direla frogatzeko behar diren agiri guztiak.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, oinarri hauen kontura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia ematea.
f) Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzari idatziz jakinaraztea, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jaso dituztela beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik, horren berri izan bezain laster, eta, edonola ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo une horretan bertan.
g) Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela, horren berri izan bezain laster, eta, edonola ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo une horretan bertan.
h) Egiaztatzea, emate-ebazpena proposatu baino lehen eta hura ordaintzeko unean, egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
i) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan, behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako aparteko kontabilitate-sistema bat edo kontabilitate-kode egoki bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko. Onuradunaren izaera juridikoak hala eskatzen badu.
j) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
k) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.
l) Jasotako funtsak edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
m) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
n) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea.
o) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.
p) Gainfinantzaketarik ez eragiteko konpromisoa hartzea.
q) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.
16. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere araudi erregulatzailean ezarritako betekizunak betetzen badira eta laguntza ematea eragin zuen helburuari eusten bazaio.
Onuradunak inguruabar horiek jakinarazi beharko dizkio Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari, horien berri izan bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
2.– Dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emateko ebazpena aldatzea erabaki ahal izango du, Dirulaguntzen Araubide Juridikoaren Legearen 25. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean, baldin eta:
a) Aldaketak ez badakar emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea.
b) Oinarri erregulatzaile hauen xede edo helburuen artean egoten jarraitzea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera.
d) Onuradunaren borondateak soilik zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
d) Aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektuaren funtsezko aldaketarik, eta ez eragitea laguntza emateko irizpide erabakigarriei.
e) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
3.– Era berean, proiektua gauzatzean 6. oinarrian aurreikusitako diruz laguntzeko moduko gastuaren kontzeptuen artean % 30etik gorako aurrekontu-desbideratzeak gertatzen badira kontzeptu bakoitzerako onartutako aurrekontuarekiko, onuradunak behar bezala jakinarazi eta justifikatu beharko dio inguruabar hori Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea bidezkoa den baloratzeko.
4.– Laguntza emateko onartutako eta kontuan hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostua, dirulaguntza proportzionalki murriztuko da Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez; horrela, dirulaguntzaren ehunekoa benetan justifikatutako gastu-oinarri berriari aplikatuko zaio.
5.– Ebazpenaren aldaketak dirulaguntzaren zenbatekoa murriztea badakar eta onuradunak osorik edo partzialki jaso baditu onartutako zenbatekoak, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkion interesekin batera.
6.– Dirulaguntza emateko xedea erabat betetzen ez bada, edo funtsean onartutakoaz bestelakoa den jarduera bat egiten bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekar dezake edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar izatea.
17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin ahalko du eskabidean, baina eskatutako laguntzak emateko prozedurako ebazpena jakinarazi baino lehen. Uko-egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, ebazpenaren bidez, bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du.
2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Uko-egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpenaren bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea eta amaitutzat emango du prozedura. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
18. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Baldin eta onuradunak edo entitate onuradunak ez badu betetzen oinarrietako betebeharren bat edo dirulaguntzak ematean, hala badagokio, ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat. Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea izango da organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluaren 1. apartatuan adierazitako deskontzentrazioarekin.
3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.
19. oinarria.– Bateragarritasuna.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu gehieneko laguntza-kopuruak. Muga hori gaindituz gero, programa honen babespean emandako laguntzari kenduko zaio gaindikinari dagokion zenbatekoa.
2.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, oinarri hauetan aurreikusitako laguntza ezingo da bat etorri ardoa sustatzeko laguntzekin; izan ere, horiek ezartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 58. artikulua aplikatuz –Mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan garatuta–; era berean, ezingo da bat etorri beste laguntza batzuekin, laguntza horiek espresuki hala ezartzen badute.
20. oinarria.– Datuak babestea.
Oinarri hauek aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/
RSS