
107. zk., 2026ko ekainaren 9a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (313 KB - 30 orri.)
- EPUB (135 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2496
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 26koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, merkataritza-ekintzailetzarako laguntza-programen oinarriak eta deialdia onartzen dituena 2026rako (MerkaEkin).
Merkataritza 2030-Merkataritzaren Euskal Estrategiak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jarduketa-testuingurua, merkataritza-arloan dituen eskumenak garatzeko eta egikaritzeko (eskumenok Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legean ezarrita daude), eta helburu, estrategia eta jarduketei dagozkien edukiak definitzen ditu.
Estrategiaren helburua da merkataritza-egoera berri batera egokitutako merkataritza-politika berrituak abian jartzea eta modu mailakatuan garatzea. Ezaugarri hauek ditu merkataritza-egoera berri horrek: eraldaketa teknologiko sakona; hiri-agenda berria; merkataritzaren eta zerbitzuen arteko mugak lausotzea; eta etengabe aldatzen eta hazten ari den lehia-eskakizun enpresariala, askotariko kontsumitzaileentzako zerbitzuak eskaintzeko baldintza gisa; izan ere, kontsumitzaileek balio berriak, premia berriak eta erosten dutenari eta erosteko moduari sakonki eragiten dioten ohitura berriak dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza-ekintzailetza bultzatzea eta babestea lehentasun estrategikoa da, hala dago adierazita, formalki, «Enpresa-garapena: Ekintzailetza, dimentsionamendua eta transmisioa» delako ekimenean. Ekimenak, enpresa-ekimen berriak bultzatuz eta babestuz, sektorea gaztetzen lagundu nahi du. Arreta jartzen du, halaber, jada martxan izanik, negozio-lerro berrien bila abiatu edo lehenagotik jorratzen dituztenak hedatu nahi dituzten enpresetan.
XIII. Legegintzaldiko 2024-2028 Gobernuko «Ongizatean Hazi» programa bost ardatzetan egituratzen da, eta horietatik II. ardatza «Hazkunderako eta ongizaterako eredua» da. Ardatz horren inguruan egituratzen dira, hain zuzen, kalitateko enplegua eta Merkataritza sustatzeko jarduketa-eremuak. Programan jasotzen den bezala, hurbileko merkataritza aberastasuna garatzeko eta banatzeko motorra da, eta funtsezko eginkizuna betetzen du EAEren garapen ekonomiko eta sozialean. Bilakaera teknologikoa eta digitala etenik gabea den honetan, gertutasunak eta arreta pertsonalizatuak are eta balio handiagoa dute, eta, besteak beste, horixe eskaintzen du tokiko merkataritzak. Horrez gain, egokitu, profesionalizatu eta gaitasun berriak ikasi beharra dago, sektorean belaunaldi-erreleboa gertatuko dela bermatzeko.
Horregatik, iruditzen zaigu beharrezkoa dela programa bat garatzea merkataritza-ekintzailetza indartzeko, ondo egokituta merkataritzaren ezaugarri berezietara, eta merkataritza-enpresari lagunduko diona ekintzailetzaren bidearen fase guztietan.
Ideia sortzeaz batera abiatzen da ekintzailetza-bidea; ideia hori egoki balioetsi eta garatu ondoren, eta sustatzaileak behar duen aholkularitza, prestakuntza eta laguntza jasota, denda bat abian jartzea ekar dezake, zeina merkataritza-ehunaren parte izatera igaro ahal izango baita, eta, hala badagokio, merkatu berrietara sartu edo eskaintza dibertsifikatu.
Aurreko guztiagatik, iruditzen zaigu onuragarria dela merkataritza-enpresen ekintzailetzari eta merkataritzarekin zerikusia duten zerbitzu jakin batzuen ekintzailetzari laguntzea, eta, hain zuzen ere, horretara datoz agindu honek dakartzan bi programak: aholkularitza tekniko espezializatua emateko laguntza-programa bat, «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza»; eta inbertsio eta gastuetarako laguntza ekonomikoen programa bat, «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+». Programa horien bidez, laguntza osoa emango dugu, merkataritza-ekintzailetzaren urratsez urrats.
Hori guztia, horri buruzko araudian xedatutakoa eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea kontuan hartuta, eta bat etorriz Merkataritza 2030 Estrategiarekin, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako ondorengo Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, bai eta guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularra bultzatzea eta ODS17: Helburuak lortzeko aliantzak; abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren V. titulua (14/2022 ELD, Garraioaren arloko jasangarritasun ekonomikoko neurriei buruzkoa, ikasketa-beka eta -laguntzei buruzkoa, bai eta aurrezteko, efizientzia energetikorako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurriei buruzkoa ere); eta Segurtasun Energetiko Gehiago deritzon plana (SE+), Ministro Kontseiluak 2022ko urriaren 11n onartua, Ukrainako gerrak eragindako prezio-krisiaren aurrean herritarren babesa areagotzeko.
Laguntzak emateko, segidako lehiaketaren araubidea erabiliko da, hala jasotzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan. Dirulaguntzak jasotzeko, eskatuko den bakarra da eskatzaileek deialdi honen oinarrietan aurrez ezarritako betekizunak betetzea, haien artean inongo ebaluazio konparatiborik eta baterako gogoetarik egin gabe. Kasu horretan, eskabideak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako Aurrekontu Orokorretan nahikoa aurrekontu-kreditu aurreikusten da laguntza-programa honetarako.
Era berean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina, hain zuzen ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez argitaratu eta onartu baitzen (Gobernu Programaren 1. ardatzaren barruan, 17. jarduketa-eremuan, 101. konpromisoan, «Merkataritzaren eta ostalaritzaren lehiakortasuna hobetzea» izenburupean). Plan estrategiko horrek jasotzen duen bezala, ekintzailetza bultzatu nahi da, EAEko txikizkako merkataritzan ekintzailetza eta barne-ekintzailetza proiektu bideragarri eta sendoak abian jarriz eta aholkularitza emanez.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eranskinean jasotzen diren baldintzetan onestea merkataritza-ekintzailetza sustatzeko 2026. urteko laguntza-programak (MerkaEkin) arautzen dituzten oinarriak eta laguntza horien deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdi honi arau hauetan xedatutakoa aplikatuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 26a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea eta egitura.
1.– Oinarri hauen xedea da 2026rako laguntzak ezartzea eta horietarako deialdia egitea txikizkako merkataritzako ekintzaileentzako eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zenbait zerbitzutarako (aurrerantzean, merkataritza-sektorea), baldin eta beren merkataritza-negozioetarako aholkularitza edo laguntza ekonomikoa bilatzen badute.
2.– Oinarriak bi laguntza-programatan antolatuta daude:
a) Merkataritza-ekintzailetzan espezializatutako aholkularitzarako dirulaguntza-programa, «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza»: ideia berri bat ontzeko prozesuaren osteko negozio-planaren garapena finantzatzeko laguntza.
b) Merkataritza-ekintzailetzarako laguntza ekonomikoen programa, «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+»: aurkeztutako negozio-planetan identifikatutako ekintzak gauzatuz, enpresa berriek, jarduera ekonomiko berriek edo ekintzailetza-proiektuek sortutako negozio-lerro berriek egin beharreko gastuak eta inbertsioak finantzatzeko laguntza.
2. oinarria.– Helburua.
Oinarri hauen xedea da merkataritza-jarduerari lotutako ekintzailetza-proiektu berri bideragarriak eta sendoak bultzatzea, eta, horretarako, ekintzaileei edo enpresa ekintzaileei laguntza ematea ideia ontzeko fasean eta Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko fasean.
Testuinguru horretan, oinarriek merkataritza-sektoreko euskal enpresen barneko ekintzailetza-jarduerari ere laguntza emango diote, barne-ekintzailetza merkataritza-jarduera berria, negozio-ildo berriak edota enpresa berriak sortzen lagunduko duten dibertsifikazio-prozesutzat hartuta.
3. oinarria.– Laguntzen modalitatea.
Oinarri hauetako laguntzak zuzeneko kontraprestaziorik gabeko dirulaguntzak izango dira.
4. oinarria.– Terminoak eta definizioak.
1.– Merkataritza-jarduera: Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 2. artikuluaren arabera, zera da merkataritza-jarduera: batetik, saltzeko eskuratutako produktu edo salgaiak merkaturatzea, salgai horiek nabarmen aldatu gabe, bai eta ekoizle, eskulangile eta industrialariek zuzenean azken saltzea ere; azken kontsumorako ondasunak, ekoizpen-prozesuetan, merkataritzakoetan edo besteri zerbitzuak ematekoetan sartzekoak ez direnak. Merkataritza-jardueratzat hartuko da, halaber, besteri zerbitzuak ematea ere, aurreko atalean zehaztutako azken izaeraz merkatuan eskaintzen direnean, izan merkataritza- edo zerbitzu-establezimendu fisiko baten bitartez, edo laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren osagarri den online-merkataritzaren bitartez.
2.– Mikroenpresa edo enpresa txikia: Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da, hau da:
• Mikroenpresa: soldatapeko hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 2 milioi eurotik gorakoa.
• Enpresa txikia: soldatapeko berrogeita hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.
3.– Negozio-plana: negozio-aukera bat aztertzen duen agiria da; ikertzen du ea aukera hori, merkataritzako enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko, teknikoki, ekonomikoki eta finantzen aldetik bideragarria den. Merkataritza-enpresaren alderdi garrantzitsuenak garatzen ditu, eta aukera ematen du lehia-abantailak identifikatzeko, finantza-proiekzioak egiteko eta arriskuak eta konponbideak identifikatzeko.
5. oinarria.– Onuradunak eta betekizun komunak.
1.– Ekintzaileak izan daitezke oinarri hauetan aurreikusitako laguntzen onuradun, hala nola pertsona fisikoak, talde sustatzaileak, autonomoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak, baita kooperatibak, lan-sozietateak eta gainerako merkataritza-sozietateak, baldin eta mikroenpresak eta enpresa txikiak badira eta haien jarduera ekonomikoa Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (aurrerantzean, JEZ) epigrafeetako batean barne hartuta badago edo barne hartzea aurreikusten bada (8. oinarrian daude jasota), eta Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) gauzatuko behar bada edo gauzatzea aurreikusten bada.
Baldin eta, prozedura izapidetzen den bitartean eta dirulaguntza ematea ebatzi aurretik, eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada, organo kudeatzaileari horren berri eman beharko zaio, eta laguntza eskabidearen aldaketa eskatu; horrekin batera, aldaketa justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
Espedientea dokumentazio horrekin osatuta geratzen den unean izango da laguntza jasotzeko eskabidearen azterketa eta ebazpena zehaztuko dituena.
2.– Talde sustatzaile bat bada, hau da, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen talde bat bada, berariaz adierazi beharko da, bai eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, zein diren taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai eta taldekide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, zeinak, halaber, onuraduntzat hartuko diren. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideei dagokienez legean aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
Eskatzailea ordezkaritzat hartuko da, eta laguntzaren zenbateko osoaren hartzaile bakarra izango da.
3.– Onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona fisikoek eta autonomoek, eskabidea egiten den datan, 18 urte baino gehiago izan beharko dituzte, eta EAEn erroldatuta egon beharko dute.
b) Diruz lagundu daitekeen merkataritza-jarduera, 4. oinarrian definitutakoa, hirigune bateko kaleko establezimendu fisiko batean gauzatu beharko da, edo hala garatzea aurreikusita egon beharko du.
Mikroenpresak eta enpresa txikiak, berriz, 4.2 oinarrian jasotako definizioaren araberakoak izan beharko dira. Enpresa batek, kontuak ixteko egunean, 4.2 oinarrian definituriko urteko mugak modu batera edo bestera gainditu dituela egiaztatzen badu, egoera horrek enpresa ertain edo txikiaren edo mikroenpresaren izaera eskuratzea edo galtzea eragingo dio, baldin eta ondoz ondoko bi ekitalditan gertatzen bada hori.
c) Laguntza emateko ebazpena eman baino lehen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eta itzuli beharreko dirulaguntzak itzulita edukitzea, harik eta, gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatu arte, hala xedaturik baitago Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoan.
d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik, sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.
e) Pertsona edo entitate onuraduna ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
f) Dirulaguntza jasoz gero, jarduera ez gainfinantzatzeko konpromisoa hartzea.
g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Ez egotea Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako egoera batean.
i) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeretako batean, dirulaguntzen onuradun izateko. Ondasun-erkidego, sozietate zibil eta talde ekintzaileetan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte oinarri hauetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa entitateari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.
4.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko betekizunei laguntza likidatu arte eutsi beharko zaie.
6. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programarako berariazko betekizunak.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programaren onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte, eskatzen duten lerroaren arabera:
1.– EAEn garatzekoa den negozio-ideia berri bat izan behar dute, 8. oinarrian jasotako jardueraren batean kokatzen dena.
2.– Negozio-ideia berriari lotutako JEZren epigrafean 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen ez alta emanda egotea.
Programa honen ondorioetarako, alta ekiten zaion eta diruz lagundu daitekeen jarduera gaitzen duen jarduera berriaren JEZren epigrafeari dagokiona baino ez da izango. Horri dagokionez, aurreko JEZko alta ez da kontuan hartuko dibertsifikazio-prozesuetan merkataritza-jarduera berria, negozio-lerro berriak edo enpresa berriak sortzen dituzten merkataritza-sektoreko negozioetan.
Lehendik dagoen denda bat enpresa-transmisio bidez eskuratzen den kasuetan, negozioaren titulartasuna ez da 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen eskualdatua izan beharko.
2.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko betekizunei eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte eutsi beharko zaie.
7. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programaren berariazko betekizunak.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programan aurreikusitako inbertsio eta gastuetarako laguntzen onuradunek, eskabidea egiten den egunean, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
1.– Alta emanda ez egotea, edo, bestela, bideragarritasun positiboa duen negozio-planaren xede den jarduerari dagokion JEZn gehienez 2025eko urtarrilaren 1etik egotea alta emanda.
Programa honen ondorioetarako, alta ekiten zaion eta diruz lagundu daitekeen jarduera gaitzen duen jarduera berriaren JEZren epigrafeari dagokiona baino ez da izango. Horri dagokionez, aurreko JEZko alta ez da kontuan hartuko dibertsifikazio-prozesuetan merkataritza-jarduera berria, negozio-lerro berriak edo enpresa berriak sortzen dituzten merkataritza-sektoreko negozioetan.
Lehendik dagoen denda bat enpresa-transmisio bidez eskuratzen den kasuetan, negozioaren titulartasuna ez da 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen eskualdatua izan beharko.
2.– 2024ko urtarrilaren 1a baino geroagoko data duen negozio-plan bat izatea, bideragarritasun positiboa duena eta 13.1 oinarrian aurreikusitako gutxieneko edukia betetzen duena.
2.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko betekizunei eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte eutsi beharko dira.
8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeak.
5. oinarrian aipatutako pertsonek edo entitateek jaso ahal izango dituzte oinarri hauen xede diren laguntzak, baldin eta garatzen duten jarduera JEZren lehen ataleko multzo edo talde hauetan kokatuta badago edo egotekoa bada:
a) 64. multzoa. Elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza, establezimendu iraunkorretan (talde hauek izan ezik: 646.3, 646.4, 646.5, 646.6 eta 647.5).
b) 65. multzoa. Elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza, establezimendu iraunkorretan (talde hauek izan ezik: 654 eta 655).
c) 662. taldea. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.
d) 691. taldea. Konponketa-lan hauek: etxerako artikulu elektrikoak, ibilgailu automobilak eta beste kontsumo-ondasun batzuk.
e) 97. multzoa. Zerbitzu pertsonalak (974 eta 979 taldeak izan ezik).
9. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna eta minimis izaera.
1.– Oinarri hauen kari lortutako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da sekula izan, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala erabakita baitago DAELen 16.3 artikuluan. Beste laguntza publiko batzuen eta programa hauen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa hauetan araututako laguntzen zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Administrazioei edo entitate batzuei xede eta helburu bererako eskatu dizkieten, edo haiengandik jaso dituzten, laguntzak aitortu beharko dituzte entitate onuradunek. Hala ere, administrazioen arteko elkarreragingarritasun-zerbitzuaren bidez emandako datuak egiaztatu ahal izango dira, baldin eta halakorik badago eta interesdunak ez badu horren aurka egin.
4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak minimis laguntzak dira. Hala dago adierazita Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, han baitago zehazturik Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak nola aplikatu behar diren minimis laguntzetan. Hortaz, erregelamendu horretan ezarritako arauak errespetatuko dituzte, hots, besteak beste, onuradunek, minimis laguntzetan, gehienez 300.000 euro jaso ditzaketela 3 urteko ezein alditan. Laguntza hauek nahi dituzten pertsonek eta entitateek, hortaz, eskabide-orrian, adierazita utzi beharko dute aurreko hiru urteetan beste zer minimis laguntza jaso dituzten.
10. oinarria.– Kontratazioa.
1.– DAELen 31.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, onuradunak kontratatu egiten duela ulertzen da hirugarrenekin hitzartzen badu dirulaguntzaren xede den jarduera egikaritzea, osorik edo partez. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Horri dagokionez, hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak kontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote eta ez badira merkatuko baldintza normaletan egiten.
Nolanahi ere, DAELen 31. artikuluan aginduta datozen mugak eta betebeharrak aplikatuko dira.
2.– DAELen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 40.000 eurokoa edo handiagoa bada obra-kontratuez ari garenean, edo 15.000 eurokoa edo handiagoa hornigai- edo zerbitzu-kontratuez ari garenean, eta horrek hirugarrenak kontratatzea badakar, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak direla eta, merkatuan ez badago obra egin, zerbitzua eman edo ondasuna entregatzen duen behar beste entitate, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
3.– Dirulaguntza-eskabidean aurkeztutako eskaintzen artetik egingo da hautaketa, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera, eta hautatutakoa ez denean aukerarik onuragarriena ekonomikoki, memoria batean berariaz justifikatu beharko da horren zergatia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
II. KAPITULUA
LAGUNTZA-PROGRAMA
«MERKATARITZA-EKINTZAILE AHOLKULARITZA»
11. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» laguntza-programaren bidez, merkataritzako ekintzailetza-proiektuetan aholkularitza espezializatuaren gastuak ordaintzen lagundu nahi da, baina proiektua EAEn kokatuta badago edo egotekoa bada.
12. oinarria.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko modalitatea.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» ekintzailetza-programaren zuzkidura ekonomikoa 93.858,33 eurokoa da. Diru hori EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako atondutako aurrekontu-kredituetatik etorriko da, honela: 65.700,83 euro, 2026ko ekitaldiko ordainketa-kreditutik; eta 28.157,50 euro, 2027ko ekitaldiko konpromiso-kreditutik.
2.– Ondo aurkeztu diren eskabide guztien artean laguntzak banatzeko, segidako lehiaketa erabiliko da, bat etorriz DAELen 19.3 artikuluarekin.
Eskabideak banan-banan eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskabidea oinarri hauetan eskatutako agiri guztiekin osatu den unearen arabera –eskabideen arteko konparaziorik egin beharrik gabe–, harik eta deialdiaren epea amaitu arte edo deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
3.– Deialdiaren zenbateko osoa gehienez % 50 emendatzeko aukera aurreikusten da. Gehikuntza hori Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak onartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Gehikuntza horrek ez du ekarriko eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko epea berriro zenbatzen hastea ere.
4.– Baldin eta oinarri honetan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, ebazpen bidez. Agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratuta jakinaraziko da, Merkataritzako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
5.– Baldin eta, aurkeztutako eskabideak ebatzita, eta jakinarazitako ebazpenen aurkako errekurtsoak aurkezteko epea amaitu ondoren, II. kapituluko «Merkataritza-Aholkularitza» aholkularitza-programa honetarako aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu gabe badaude, soberako saldoa, III. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programaren Gastuak II. ataleko eskabideei erantzuteko erabili ahal izango da, hala behar bada.
13. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduketatzat hartuko da bideratutako negozio-plan bat prestatzeko aholkularitza-laguntza, hauetarako:
a) Merkataritza-negozio bat abian jartzea.
b) Lehendik dagoen enpresaren negozio-ereduaren dibertsifikazioa.
c) Lehendik dagoen negozioko merkataritza-establezimendu berriak sortzea.
d) Lehendik dagoen negozioaren enpresa-transmisioa, aurreko kasuei lotuta. Ondorio horietarako, hauek barne hartuko dira: lehendik dagoen denda bat eskuratzea, negozioaren transmisioa, belaunaldiarteko erreleboa edo familia-jarraitutasuna, bai eta jarduera ondare-eskualdaketa edo subrogazio bidez eskuratzea ere.
Negozio-planak gutxienez eduki hauek jaso beharko ditu: merkataritzako negozio-proiektuaren deskribapena; egungo egoeraren diagnostikoa (eskaintzaren azterketa, finantza-egoera, merkatua eta lehia, AMIA analisia, besteak beste); bideragarritasunaren analisia; ikuspegia, misioa eta helburuak; antolamendu-egitura; errentagarritasunaren eta oreka-puntuaren analisia; arriskuen analisia; behar diren baliabideak (kapitala, inbertsioak, gastuak eta langileak, besteak beste); ezarpena (kokapena, marka, hornitzaileak, besteak beste); gaikuntza (behar diren gaitasunak eta ezagutzak, behar den prestakuntza); aurrekontua eta finantzaketa-beharrak; finantza-proiekzioak; ekintza-plana eta ezarpen-kronograma; jarraipen-proposamena; aurrerapena eta azken ebaluazioa.
2.– Aurreko apartatuan aipatu ditugun jarduketek, diruz lagundu ahal izan daitezen, merkataritza-esparruko negozio bat izan beharko dute xede, 8. oinarrian jasotako JEZren epigrafeen arabera. Era berean, negozio hori EAEn landu beharko da edo lantzekoa izan beharko da.
14. oinarria.– Aholkularitza-enpresak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak, 13. oinarrian zehaztu ditugun horiek, betekizun hauek betetzen dituzten euskal enpresek, garapen-agentziek eta merkataritza-ekintzailetza sustatzen duten gainerako entitate publikoek, Eusko Ganberak-ek eta merkatarien federazioek eta elkarteek (aurrerantzean, aholkularitza-enpresak) egingo dituzte:
a) Ekintzailetzaren arloan gutxienez 30 proiektu egin izana, gaitasun tekniko nahikoa egiaztatzearren.
b) Ez edukitzea loturarik pertsona edo entitate onuradunarekin, non eta eskaria ez den berariaz egiten, baina hori Merkataritzako zuzendariak baloratu eta baimendu beharko du. Dena delako pertsona fisiko edo juridikoekiko edo nortasunik gabeko taldeekiko lotura badagoela iritziko zaio, baldin eta DAELen 31.8 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude.
Betekizun horiek betetzen direla ziurtatzeko, hori egiaztatzen duten erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du eskatzaileak, aholkularitza-enpresak emana. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
2.– Laguntzaren onuradunak hautatuko du aholkularitza-enpresa.
15. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Proiektu bakoitzaren barruan, aholkularitza-gastuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta, zalantzarik gabe, laguntzaren xede den jarduerarekin zerikusia badute, beharrezkoak badira jarduera egikaritzeko, proiektu onuradun bakoitzarentzat onartutako egikaritze-aldian egin badira, justifikazio-aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu badira, 500 eurotik gorakoak badira eta merkatuko prezioen mende badaude.
2.– Honako hauek ez dira diruz lagun daitezkeen gastutzat joko:
a) Fakturan ordainarazi den Balio Erantsiaren gaineko Zerga, eta bestelako zergak.
b) Langileek enpresaren barnean dauzkaten lanorduei dagozkien gastuak.
c) Bidaiei, dietei eta mantenuari dagozkien gastuak.
d) Administrazio-gestoriako zerbitzu arruntak eta zerga-, lan-, finantza- eta kontularitza-aholkularitzako zerbitzu arruntak.
3.– Egindako aholkularitza-zerbitzua 25 ordukoa izan behar da gutxienez.
4.– Aholkularitza-ordu bakoitza 100 euro baino gehiago ordaindu bada, dirulaguntza muga horretaraino bakarrik iritsiko da.
16. oinarria.– Laguntzen zenbatekoak.
Onartutako gastu garbiaren % 80 lagunduko da diruz, eta gehienez 5.000 euro. Gastu onartuak dira, hain zuzen ere, oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak betetzen dituztenak. Dena den, 6.250 euroko gehieneko gastu onartua hartuko da aintzat.
17. oinarria.– Egikaritzeko epea.
Egikaritzeko epea 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 artekoa izango da, bi egun horiek barne.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA-PROGRAMA
«MERKATARITZA-EKINTZAILE EKIN+»
18. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» laguntza-programaren bidez, merkataritzako ekintzailetza-proiektuetan inbertsioak eta gastuak ordaintzen lagundu nahi da, baina proiektua EAEn kokatuta badago edo egotekoa bada.
2.– Programa honetara sartzeko, eskatzaileek 2024ko urtarrilaren 1a baino geroagoko data duen negozio-plan bat izan beharko dute, bideragarritasun positiboa duena eta 13.1 oinarrian honako hauei buruz aurreikusitako gutxieneko edukia betetzen duena:
a) Merkataritza-negozio bat abian jartzea.
b) Lehendik dagoen enpresaren negozio-ereduaren dibertsifikazioa.
c) Lehendik dagoen negozioko merkataritza-establezimendu berriak sortzea.
d) Lehendik dagoen negozioaren enpresa-transmisioa, aurreko kasuei lotuta. Ondorio horietarako, hauek barne hartuko dira: lehendik dagoen denda bat eskuratzea, negozioaren transmisioa, belaunaldiarteko erreleboa edo familia-jarraitutasuna, bai eta jarduera ondare-eskualdaketa edo subrogazio bidez eskuratzea ere.
19. oinarria.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko modalitatea.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» ekintzailetza-programak zuzkidura ekonomiko hau izango du:
– III. kapitulu honetako I. atalean inbertsioetarako jasota dagoen dirulaguntzetan 703.937,50 euro balia daitezke: 492.756,25 euro, 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio; eta, 211.181,25 euro, berriz, programan aurreikusitako 2027ko konpromiso-kredituari.
– III. kapitulu honetako II. atalean gastuetarako jasota dagoen dirulaguntzetan 140.787,50 euro balia daitezke: 98.551,25 euro, 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio; eta, 42.236,25 euro, berriz, programan aurreikusitako 2027ko konpromiso-kredituari.
Zuzkidura hori EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jasotako aurrekontu-kredituetatik etorriko da.
2.– Ondo aurkeztu diren eskabide guztien artean laguntzak banatzeko, segidako lehiaketa erabiliko da, bat etorriz DAELen 19.3 artikuluarekin.
Eskabideak banan-banan eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskabidea oinarri hauetan eskatutako agiri guztiekin osatu den unearen arabera –eskabideen arteko konparaziorik egin beharrik gabe–, harik eta deialdiaren epea amaitu arte edo deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
3.– Deialdiaren zenbateko osoa gehienez % 50 emendatzeko aukera aurreikusten da. Gehikuntza hori Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak onartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Gehikuntza horrek ez du ekarriko eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko epea berriro zenbatzen hastea ere.
4.– Oinarri honetan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, ebazpen bidez. Zuzkidura agortuz gero, EHAAn Merkataritzako zuzendariaren ebazpen bat argitaratuz jakinaraziko da.
5.– Baldin eta, aurkeztutako eskabideak ebatzita, eta jakinarazitako ebazpenen aurkako errekurtsoak aurkezteko epea amaitu ondoren, III. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» laguntza-programa honetarako aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu gabe badaude, soberako saldoa, II. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programako eskabideei erantzuteko erabili ahal izango da, hala behar bada.
20. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Honako hauek hartuko dira diruz lagundu daitezkeen jardueratzat:
a) Merkataritza-ekintzailetzari laguntzeko inbertsioak, kapitulu honetako I. atalean jasotakoak.
b) Merkataritza-negozioa abian jartzeko egindako gastuak, kapitulu honetako II. atalean jasotakoak.
2.– Jarduketa diruz lagundu ahal izan dadin, bideragarritasun positiboa duen negozio-planean jasota egon beharko da berariaz.
3.– Diruz lagundu daitekeen jarduketa merkataritza-arloan garatu behar da, 8. oinarrian jasotako JEZren epigraferen arabera, eta EAEn egin beharko da edo egitea aurreikusia izan behar.
21. oinarria.– Egikaritzeko epea.
Egikaritzeko epea 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 artekoa izango da, bi egun horiek barne.
I. ATALA
INBERTSIOAK
«MERKATARITZA-EKINTZAILE EKIN+»
22. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.
1.– Inbertsioak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta, zalantzarik gabe, laguntzaren xede den jarduerarekin zerikusia badute, beharrezkoak badira jarduera egikaritzeko, proiektu onuradun bakoitzarentzat onartutako egikaritze-aldian egin badira eta justifikazio-aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu badira. Inbertsioek merkatuko prezioen mende egon beharko dute.
2.– Inbertsioak diruz lagundu ahal izateko, bakoitzak 500 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditu beharko du (BEZik gabe), eta guztien batura 5.000 eurora iritsi beharko da gutxienez (BEZik gabe).
3.– Diruz lagundu ahal izango dira negozio-planean berariaz jasota dauden inbertsioak, inbertsio-mota hauen arabera:
a) Merkataritza-lokalean, instalazio teknikoetan eta biltegietan egiten diren inbertsioak:
1.– Eraberritze- eta egokitze-lanak.
2.– Tresneria eta sistema funtzionalak instalatzea: negozioaren funtzionamendu operatiborako beharrezkoak diren ekipoak eta sistemak instalatzea, egokitzea eta abian jartzea (elektrizitatea, iturgintza, sare informatikoak, klimatizazioa).
3.– Irisgarritasuna: irisgarritasun-araudia betetzen dela ziurtatzeko egokitzapenak.
4.– Jasangarritasuna: energia-efizientzia, energia berriztagarrien erabilera edo hondakinen kudeaketa jasangarria hobetzea.
b) Altzarietan egindako inbertsioak.
c) Makineria espezializatuan egindako inbertsioak: ekoizpenerako edo zerbitzurako behar diren makinak.
d) Teknologian egiten diren inbertsioak:
1.– Ekipo informatikoak: ordenagailuak edo inprimagailuak, edo negozioak behar bezala funtzionatzeko behar den ezein ekipo.
2.– Softwarea eta kudeaketa-sistemak: negozioa kudeatzeko eta optimizatzeko software berezia (Enpresa Baliabideen Plangintza –ERP–, Bezeroarekiko Harremanen Kudeaketa-Negozioa kudeatzeko eta optimizatzeko software berezia –CRM–, fakturazioa kudeatzeko programak, inbentarioen kudeaketa, bezeroen kudeaketa, salmentak, kontabilitatea).
3.– Merkataritza elektronikoa eta online plataformak: web-orriak, online dendak, aplikazio mugikorrak eta e-commerce plataformak sortzea eta garatzea, betiere indarrean dagoen araudiaren eta oinarri hauen 35.2 oinarriaren arabera.
4.– Komunikazio-ekipoak: telefono-terminalak, ordenagailuak edo tabletak, baldin eta zerikusi zuzena badute programa honen bidez diruz lagundutako konponbide teknologiko batekin.
5.– Salmenta-puntuaren sistema: salmenta-puntuen terminalak (SPT), kutxa erregistratzaileak, kobrantza-sistemak, ordainketen kudeaketa, barra-kodeen irakurgailua eta prezioak elektronikoki etiketatzeko sistemak.
6.– Erosketa-esperientzia hobetzeko ekipo digitalak.
7.– Automatizazio- eta kontrol-sistema adimentsuak: establezimendua adimenez kudeatzeko sistemak, automatismoak eta hurbileko aktibatzaileak.
e) Ibilgailuak erosteko inbertsioak: ibilgailu mistoak eta banaketa-bizikletak eta -trizikloak (elektrikoak barne), denak ere produktuak garraiatzeko eta produktuok bezeroen edo beste salmenta-puntu batzuen artean banatzeko.
f) Eskualdatze-eskubideak.
4.– Inbertsioak enpresaren aktibora batu beharko dira, diruz lagunduko den enpresaren merkataritza-azpiegituran fisikoki kokatuta egon beharko dute, diruz lagundutako jarduerara bideratu beharko dira eta, txertatzen direnetik, gutxienez hiru (3) urtez egon beharko dute establezimenduan.
23. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren inbertsioak.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, ez dira diruz lagunduko honako inbertsio hauek:
a) Merkataritza-lokalean egiten diren inbertsio hauek:
1.– Funtzionalak ez diren eraberritzeak, edo negozioaren hasierako irudia nabarmen aldatzen ez dutenak.
2.– Beharrezkoak ez diren ekipo edo sistema funtzionalak instalatzea.
b) Lokalak, lursailak, biltegiak eta antzekoak eskuratzeko eta eraikinak jasotzeko inbertsioak.
c) Makineria eskuratzeko inbertsioak:
1.– Ekoizteko ez diren jardueretarako makinak: ez dira erabiltzen ez ondasunak ez zerbitzuak ekoizteko, hala nola denbora-pasarako ekipoak.
2.– Negoziorako behar ez diren makinak: merkataritzan jarduteko funtsezkoak ez diren edo fabrikaziorako edo zerbitzua emateko erabiltzen ez diren ekipoak.
d) Jarduerarekin zuzenean lotuta ez dagoen teknologiatan egindako inbertsioak:
1.– Ekipo teknologikoak: Ordenagailuak, telefono mugikorrak, tabletak edo antzekoak erostea, ez badira lanean erabiltzeko, baita aurreko ekipoak erostea ere, baldin eta zuzenean lotuta ez badaude programa honen bidez diruz lagundutako irtenbide teknologiko batekin.
2.– Softwarea: enpresa-jarduera kudeatzeko eta optimizatzeko beharrezkoak ez diren softwarea edo sistemak, hala nola denbora-pasarako programak, erabilera pertsonalerako softwarea edo merkataritza-lanarekin lotuta ez dauden aplikazioak.
3.– Online plataformak garatzea: Web-orriak, online dendak edo aplikazio mugikorrak sortzea, xede pertsonaletarako bada, eta ez merkataritza-xedeetarako; edo enpresa-jarduerako oinarri erreal bat ez duten e-commerce proiektuak.
e) Erabilera pertsonalerako ibilgailuetan egindako inbertsioak.
f) Gerora saldu egingo bide diren altzariak eta erakusketa- eta proba-artikuluak, eta aldi baterako erakusketak jartzea.
g) Laguntza honen onuradunak berak fabrikatu edo garatutako elementuak edo ekipamenduak.
h) Tributuak eta bestelako ordainketa fiskalak: Zergak, tasak, kontribuzioak eta zerga-agintariei ordaindu beharreko beste tributu batzuk.
2.– Inola ere ez dira diruz lagunduko negozioaren jarduera komertzial eta operatiboarekin zuzenean lotuta ez dauden inbertsioak, funtzionamenduan eragin nabarmenik ez dutenak, eta gehiegizkotzat, luxuzkotzat edo apaingarri soiltzat jotzen direnak.
3.– Ezin izango dira diruz lagundu lotutako entitateekin kontratatzen diren inbertsioak, salbu eskaria berariaz egin eta Merkataritzako zuzendariak baloratzen eta baimentzen badu. Dena delako pertsona fisiko edo juridikoekiko edo nortasunik gabeko taldeekiko lotura badagoela iritziko zaio, baldin eta DAELen 31.8 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude.
24. oinarria.– Laguntzen zenbatekoak.
Onartutako inbertsioen % 80 lagunduko da diruz, gehienez 25.000 euro. Inbertsio onartutzat hartuko dira oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituztenak. Dena dela, gehienez 31.250 euroko inbertsio onartua hartuko da aintzat.
II. ATALA
GASTUAK
«MERKATARITZA-EKINTZAILE EKIN+»
25. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Gastuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta, zalantzarik gabe, laguntzaren xede den jarduerarekin zerikusia badute, beharrezkoak badira jarduera egikaritzeko, proiektu onuradun bakoitzarentzat onartutako egikaritze-aldian egin badira eta justifikazio-aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu badira. Gastuek merkatuko prezioen araberakoak izan beharko dute.
2.– Gastuak diruz lagundu ahal izateko, bakoitzak 100 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditu beharko du (BEZik gabe), eta guztien batura 1.500 eurora iritsi beharko da gutxienez (BEZik gabe).
3.– Diruz lagundu ahal izango dira negozio-planean berariaz jasota dauden gastuak, gastu-mota hauen arabera:
a) Eraketa-gastuak:
1.– Enpresaren erregistroa eta administrazio-izapideak: Enpresaren legezko inskripzioa, notarioen ordainsariak, eta enpresaren egitura juridikoa ezartzeko beste administrazio-gastu batzuk (notariotza, merkataritza-erregistroa, administrazio-tasak).
2.– Lizentziak eta baimenak eskuratzea: Negozioa irekitzeko lizentziak eta baimenak lortzea.
3.– Zerbitzu-sari profesionalak: Zerga-, lan-, kontabilitate- eta lege-aholkularitzako zerbitzuak.
b) Merkataritza-lokalaren gastuak:
1.– Merkataritza-lokala alokatzea:
Baldin eta planean jasotako negozio-ideia berriak kokaleku fisiko berria eskatzen badu, lokala alokatzearen ondoriozko gastuak diruz lagundu ahal izango dira.Baldin eta negozioak ez badu kokaleku berria eskatzen, enpresa-transmisioaren bidez eskuratutako lokalen alokairuaren ondoriozko gastuak soilik lagundu ahal izango dira diruz.
Lokalak onuradunaren jarduera ekonomikoari lotuta egon behar du esklusiboki, oso-osorik eta modu baztertzailean.
Oinarri honen ondorioetarako, ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko espazio partekatua osatzen duten lokalen alokairua. Halakotzat hartuko da establezimendua, osorik edo partez, azpierrentamenduaren, erabilera-lagapenaren, ustiapen-lizentziaren edo beste edozein formula juridikoren xede den edozein kasu, edo, egitez, hirugarrenei, forma juridikoa edo izaera edozein dela ere, jarduera ekonomiko bereizia garatzea ahalbidetzen dien kasu oro.
Era berean, lokala ezin izango da familia-etxebizitzaren parte izan, eta ez da egongo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin. Errentatzailea ezin izango da entitate onuraduneko bazkide edo partaide izan.
2.– Proiektu teknikoak: Negozioa egokitzeko eta abian jartzeko beharrezkoak diren proiektu teknikoak, baina profesionalek eginak.
3.– Irisgarritasuna: establezimenduaren irisgarritasunari buruzko borondatezko txostena, araudira egokitzearren.
c) Marketin- eta sustapen-gastuak:
1.– Marketina eta publizitatea (online eta off line): Publizitate-kanpainak, kanpaina digitalak, etab.
2.– Diseinua eta branding-a: Markak erregistratzeko, logotipoak edo irudi korporatiboa diseinatzeko eta sustapen-materiala sortzeko gastuak (liburuxkak, aurkezpen-txartelak, etab.).
d) Prestakuntza espezializatuko gastuak: ekintzaileak eta kontratatutako langileak negozio-planaren xede den merkataritza-jarduerarekin zuzenean lotutako arlo garrantzitsuetan gaitzea edo prestatzea.
e) Negozioa garatzeko azterketa estrategikoak.
f) Ibilgailuak alokatzeko gastuak: ibilgailu mistoak eta banaketa-bizikletak eta -trizikloak (elektrikoak barne), denak ere produktuak garraiatzeko eta produktuok bezeroen edo beste salmenta-puntu batzuen artean banatzeko.
g) Finantza-errentamendua (leasing) eta errentamendu operatiboa (renting): Oinarri hauen arabera diruz lagundu daitekeen ibilgetua leasing edo renting bidez alokatu behar bada, kuotak lagundu ahal izango dira diruz, interesik eta egikaritze-aldiko gasturik gabe.
26. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, ez dira diruz lagunduko gastu hauek:
a) Finantza-gastuak:
1.– Mailegu edo kreditu-lerroetatik datozen interesak eta gastuak.
2.– Eragiketa mota orotako banku-gastuak.
3.– Negozioaren finantza-kudeaketatik eratorritako gastuak.
4.– Finantza-berregituraketa egiteko kostuak edo banku-entitateekin edo mailegu-emaileekin negoziatzeko gastuak.
b) Tributuak, administrazio-gastuak eta formalizazio-gastuak:
1.– Zergak, tasak, kontribuzioak eta bestelako tributuak.
2.– Administrazio-baimenak.
3.– 25.3.a) 2. oinarriaren arabera diruz lagundu ezin diren lizentziak eta baimenak.
4.– Abal eta fidantzen kostua.
5.– Administrazio-kudeaketa edo -izapideei lotutako gastuak.
c) Soldata-gastuak: soldatak, ordainsariak, sariak, ordainak, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta langile edo negozio-jabearentzako edozein konpentsazio ekonomiko ordaintzearekin lotutako gastuak.
d) Gastu pertsonalak:
1.– Elikadura-gastuak.
2.– Garraio pertsonalerako gastuak.
3.– Aisialdi-gastuak.
e) Ekipamendu eta osagarrietarako gastuak:
1.– Bulegoko materiala.
2.– Apaingarriak.
3.– Laneko arropak eta babes-ekipamenduak.
f) Mantenurako eta funtzionamendurako gastuak:
1.– Oinarrizko hornigaien fakturak (ura, elektrizitatea, Internet, telefonoa, etab.).
2.– Negoziorako beharrezkoak ez diren higiezinen alokairu-gastuak.
3.– Garbiketa-lanak, mantenu-lanak edo konponketak egiteko eta aktiboen osagaiak aldatzeko gastuak eta antzekoak.
4.– Aseguruak.
5.– Softwarea mantentzeko edo eguneratzeko gastuak edo tresna informatikoak erabiltzeko lizentziak.
g) Prozedura judizialetatik eratorritako isunak, zehapenak eta kostuak.
h) Ospakizun edo ekitaldietako gastuak.
i) Obretarako materialak eta elementuak eskuratzeko gastuak.
2.– Inola ere ez dira diruz lagunduko negozioaren jarduera komertzial eta operatiboarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak, funtzionamenduan eragin nabarmenik ez dutenak, eta gehiegizkotzat, luxuzkotzat edo apaingarri soiltzat jotzen direnak.
3.– Ezin izango dira diruz lagundu lotutako entitateekin kontratatzen diren gastuak, salbu eskaria berariaz egin eta Merkataritzako zuzendariak baloratzen eta baimentzen badu. Dena delako pertsona fisiko edo juridikoekiko edo nortasunik gabeko taldeekiko lotura badagoela iritziko zaio, baldin eta DAELen 31.8 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude.
27. oinarria.– Laguntzen zenbatekoak.
Onartutako gastu garbiaren % 80 lagunduko da diruz, eta gehienez 7.500 euro. Gastu onartuak dira, hain zuzen ere, oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak betetzen dituztenak. Dena den, 9.375 euroko gehieneko gastu onartua hartuko da aintzat.
IV. KAPITULUA
PROZEDURA
28. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 15ean bukatuko da, edo, bestela, horretarako ezarritako kreditua agortzen den unean.
3.– EAEko Administrazio Publikoko egoitza elektronikotik eskuratu, aurkeztu eta bete beharko da eskabidea, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoarekin (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702).
Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea, jakinarazpenak, errekerimenduak, agiriak aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
4.– Pertsona fisikoek aurrez aurreko bidea ere erabil dezakete eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko, baina horrek ez du inor behartzen gerora ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera; noiznahi alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi dutenek hauetan egin dezakete: Zuzenean-Herritarrentzako Arreta Zerbitzua; EAEko erregistro osagarriak (91/2023 Dekretuan jasotakoak, ekainaren 20koa, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako egoitza edo establezimenduak (aurrerantzean, APAPE).
5.– Eskabidea ondo beteta dagoela jotzeko, eskabide-inprimakia osorik bete behar da, eta, horrez gain, 29., 30 eta 31. oinarrietan agintzen diren agiriak ere aurkeztu behar dira.
Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak APAPEn xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
6.– Eskabide bakarra onartuko da programa bakoitzeko. Pertsona edo entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, aurkeztu duen azkena baino ez da hartuko kontuan.
Aurretik jada erregistratutako baina oraindik ebazteke dagoen eskabide bat duen pertsona edo entitate batek beste eskabide bat aurkezteak automatikoki eragingo du eskabide horretan atzera egitea eta hari dagokion prozedura amaitzea. Horretarako, atzera egiteko ebazpena emango da, legeari jarraikiz, betiere.
Programa berean laguntza bat jaso duenak beste eskabide bat aurkezten badu aurreko laguntzari uko egin gabe, eskabide berria ukatzea eragingo du. Enpresa eratu gabe badago, pertsona fisiko ekintzaileak egingo du eskabidea, 5. oinarriaren arabera. Eskabidean proposatutako merkataritza-negozioaren proiektua ekintzaile bat baino gehiagoren artean garatuta dagoenean, talde sustatzaile horretako kideek ezin izango dute, bakoitzak bere aldetik, beste eskabiderik aurkeztu proiektu bererako.
7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8.– Ordezkari baten bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, oinarri horiei buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:
a) Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).
b) «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eguneratua eta behar bezala formalizatua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste ezein agiri.
9.– Laguntza-eskabidea, eskatutako agiriekin batera, aukeratzen den EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztuko da. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko proiektuetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
10.– Espedientearen tramitazioaren noiznahi begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Horri dagokionez, administrazio jarduleak noiznahi eska dezake aurkez dakizkiola betekizunak betetzen dituela egiaztatzeko agiriak.
Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, dagokion araubidearen arabera.
11.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
12.– Ez dira onartuko 2. apartatuan ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak.
13.– Helbide elektroniko honetan daude eskuragai tramitazioari buruzko jarraibideak, eskabide-inprimakiak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
29. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiri orokorrak.
1.– Orokorrean, eskabide-inprimakiarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANa; edo, pertsona juridikoa, ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila bada, entitate eskatzailearen IFZ.
b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresaren eratze-eskrituren eta ondoren egindako aldaketen agiri guztiak. Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak: eratze-kontratua.
Enpresa-transmisioaren kasuetan, behar bezala sinatutako transmisioaren egiaztagiria, transmisioaren benetako eguna jasota.
c) Enpresa eratuta ez badago, EAEko errolda-ziurtagiria.
d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, halakorik bada. Eskabidea izenpetzen duenaren ahalorde-egiaztapen balioduna. Ahalordea egiaztatzeko, zuzenbidean baliozkoa den eta ahalordea badela fidagarritasunez erakusten duen edozein bitarteko erabiliko da, 28.8 oinarriaren arabera.
e) Laguntzaren xede den enpresaren JEZko alten eta, hala badagokio, bajen ziurtagiri historiko eguneratua, eskabidea aurkeztu aurreko hiru hilabeteetan emandakoa. Ziurtagiri horretan adierazi beharko da noiz eman zen alta eta baja JEZn, bai eta eskabidean aipatutako kokapena zein den ere.
f) Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, eutsi beharko diete betebehar horiei.
Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.
g) 10.3 oinarrian adierazten den bezala, aurkeztu diren aukera guztien artetik, eskatzaileak proposatutakoa ez denean onuragarriena ekonomikoki, edo ezin badira hiru eskaintzak aurkeztu, aukeraketa hori memoria batean justifikatu beharko da berariaz. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
2.– Merkataritza Zuzendaritzak dirulaguntza emateko eta likidatzeko ebazpena eman aurretik egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, a), c), e) eta f) apartatuetako betekizunak betetzen diren. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte beren kontura.
3.– Entitate eskatzailea ondasun-erkidegoa, sozietate zibila edo talde sustatzailea bada, erkidego edo sozietate horretan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko guzti-guztiek egiaztatu edo ziurtatuko dute betetzen dituztela oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak eta baldintzak.
30. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programaren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.
Agiri orokorrekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programarako (oinarri hauen II. kapituluan dago aurreikusita):
a) Hautatutako aholkularitza-enpresak emandako erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatuz ekintzailetza-esparruko gutxienez 30 proiektutan parte hartu duela eta ez dagoela pertsona edo entitate onuradunari lotuta. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
b) Aholkularitza-enpresak prestatutako aurrekontua, behar den ordu-kopurua eta bakoitzaren kostua biltzen dituena.
c) Garatu nahi den merkataritza-negozioaren proiektua azaltzeko memoria, zeinak bidea emango baitu puntu hauek aztertzeko: abiapuntuko egoera, hautemandako beharrak, aholkularitzarekin lortu beharreko helburua eta espero diren emaitzak.
d) Proposatutako merkataritzako negozio-proiektua ekintzaile bat baino gehiagoren artean garatuta badago, talde sustatzailearen arteko akordioa, zeinarentzat erabaki baita laguntza eskatzea. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
31. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programaren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.
Agiri orokorrekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programarako (oinarri hauetako III. kapituluan dago aurreikusita):
a) Hautatutako aholkularitza-enpresak emandako erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko ekintzailetza-esparruko gutxienez 30 proiektutan parte hartu duela eta ez dagoela pertsona edo entitate onuradunari lotuta, eta azaltzeko guztira zenbat aholkularitza-ordu eman diren eta osorik burutu dela. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
b) Bideragarritasun positiboa duen negozio-plana, 13.1 oinarrian aurreikusitako gutxieneko edukia betetzen duena.
c) Aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak, argi eta garbi zehazten dituztenak dirulaguntzaren xede diren inbertsioak edo gastuak. Gutxienez, eman beharreko ondasun edo zerbitzuen deskribapen xehatua, aleko prezioen eta guztizko prezioen zerrenda, aplikatu beharreko zergen aitorpen banakatua eta sartutako zergen guztizkoa jaso beharko dira, bai eta tartean diren bi aldeen informazioa ere.
32. oinarria.– Zuzentzea.
Aurkeztutako eskabideak ez baditu betetzen eskatutako betekizunak, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa zuzendu dezan edo eskatzen zaizkion nahitaezko agiriak aurkez ditzan, APAPEren 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrez gain, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere APAPEren 21. artikuluan eta DAELen 20.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman beharko den ebazpenaren ondoren.
Eskabidea, legez, bide elektronikotik aurkeztu beharra daukanak aurrez aurre aurkeztu nahi badu, entitate interesdunari adieraziko zaio elektronikoki aurkeztu behar duela. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
33. oinarria.– Prozeduraren kudeaketa.
1.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Merkataritzako zuzendaria izango da horien organo arduraduna.
2.– Eskabideak aztertzeko, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuko da, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak edo informazio osagarria eskatu ahal izango zaizkio entitate eskatzaileari.
3.– Dirulaguntza-eskabideak aztertzeko, eskabideari txertatutako azken agiriaren erregistro elektronikoaren data eta ordua hartuko dira erreferentziatzat. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea balio osoz osatzeko behar diren agiriak aurkeztu diren eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, dena den, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta kreditu xedatuaren arabera.
4.– Merkataritzako zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori behin betikoa izango da, bat etorriz DAELen 21.3 artikuluan xedatutakoarekin.
Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, zeinetan jasota geratuko baita, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera, onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
5.– Behin betiko ebazpenaren proposamenak ez die inolako eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.
34. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari dagokio eskabide bakoitzaren ebazpena ematea, Merkataritzako zuzendariak proposamena eta txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratuko da, bere esku dagoen informazioaren arabera, onuradun izateko proposatu den pertsona edo entitateak laguntza jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituela.
2.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebatzitako jakinarazteko epea, laguntza-eskabidea bete eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, jakinarazpenik egin ez bazaio pertsona edo entitate interesdunari, eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi egin dela ondorioztatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 6. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzeko ondorioetarako.
3.– Laguntza ematen bazaio, laguntza emateko ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, finantzatu beharreko jarduketa, onartutako gastua, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2003ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduari atxikitzen zaiola. Eskatutako laguntza ematen ez badu, hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, ukatzeko zergatiak eta jar daitezkeen errekurtsoak.
4.– Ebazpenaren jakinarazpena egiteko, interesdunak aukeratu duen bitartekoa erabiliko da. Jakinarazpen hori elektronikoa izango da Administrazioarekin harremana hala izateko betebeharra dagoen kasuetan. Nolanahi ere, jakinarazpena eskuragai egongo da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean.
Osagarri gisa eta soilik informazio-ondoreekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dira inolaz ere jakinarazpentzat hartuko.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, pertsona edo entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz APAPEren 122. artikuluan ezarritakoarekin.
6.– Hargatik eragotzi gabe laguntza emateko ebazpena eta haren osteko aldaketak pertsona eta entitate onuradunei banan-banan jakinaraztea, pertsona eta entitate onuradunen zerrenda eta bakoitzari emandako zenbatekoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, denok horien berri izan dezagun.
35. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradunek (pertsonak nahiz entitateak) nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak, besteak beste, hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, baldin eta, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean, pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
b) Dirulaguntza emateko oinarri hartutako jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
c) Jarduera egin izana justifikatzea, bai eta dirulaguntza jasotzeko betekizunak eta baldintzak bete izana ere.
d) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, bada, hartarako erabiltzea. Onuradunen ekintzek oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa bete beharko dute.
e) Baldin eta ezin badute laguntza jaso duen proiektua egikaritu, espedienteari uko egiten diotela jakinarazi behar dute egikaritu ezingo dutela ziur dakitenean, eta jasotako guztia borondatez itzuli.
f) Onuradunak dirulaguntzaren xede izan diren ondasunen zertarakoari eutsi beharko dio, eta emakida-eskabidean aurreikusitako helburuari aplikatu beharko dizkio, gutxienez hiru urtez, proiektua egikaritzea amaitzen denetik aurrera, edo, bestela, bere bizitza baliagarriak dirauen artean, bizitza hori laburragoa bada.
Horrek ez du eragotziko epe horretan zaharkituta geratu diren edo matxuratuta dauden instalazioak edo ekipoak ordeztea, baina horien ordez ekartzen direnak helburu berberetarako izan behar dira. Hori guztia, DAELen 30.4 eta 30.5 artikuluetan xedatutakoaren arabera. Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, Merkataritza Zuzendaritzaren irizpideari jarraituko zaio.
g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunak betetzeko eskatutako informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez.
h) Baldin eta administrazio edo entitate publikoen laguntzarik eskatu edo jaso badute helburu edo xede berbererako, organo laguntza-emaileari horren berri ematea, jakin bezain laster, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik.
i) Aurreko hiru urteetan jasotako minimis laguntza guztiak aitortzea organo laguntza-emaileari.
j) Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintza objektibo edo subjektiboak aldatzen badira, Merkataritza Zuzendaritzari horren berri ematea, jakin bezain laster eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik.
k) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako proiektuen garapenaren eta egikaritzearen inguruan.
l) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten agiriak eta fakturak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, saldoa ordaintzen denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan.
m) Kontrol-organo eskudunek egindako egiaztapen-jarduketen ondorioz bidegabeki jasotako funtsak itzultzea, DAELen III. tituluan ezarritakoaren arabera.
n) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean xedatutakoa (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta bere gain hartzea testu bategin horrek administrazioarekin kontratuak egiten dituzten entitateei ezartzen dizkien betebeharrak.
ń) Inplikatutako administrazio publikoen artean datuak lagatzea onartzea, Europa mailako araudi aplikagarrian xedatutakoa betetzeko eta bat etorriz Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin.
o) Ez egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritako egoeraren batean.
p) Garraioaren arloko iraunkortasun ekonomikoko neurriei buruzko abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa betetzea, hain zuzen, ikasteko beken eta laguntzen arloan eta energia aurrezteko, efizientziarako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurrien arloan xedatutakoa.
q) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, halakotzat hartuta DAELen 49. artikuluan araututakoa.
r) Diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematea, bat etorriz DAELen 27 artikuluan xedatutakoarekin.
2.– Oinarri hauek egikaritzeko egingo diren proiektu guztietan, ondo ikusteko moduan eta jendearentzat eskuragarri egongo den leku batean jarri beharko dira informazio-kartel, plaka, argitalpen inprimatu eta elektroniko, ikus-entzunezko material, webgune, prentsan txertatutako argitalpen eta iragarki eta ziurtagiriak oro, eta testua EAEko bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko da.
3.– Aurreko apartatuan aipatutako bereizgarri instituzionalak dirulaguntzaren xede diren proiektuak egiteko, informatzeko eta zabaltzeko erabiltzen diren materialetan bakarrik erabili ahal izango dira, eta ez dirulaguntzaren xede ez diren beste publizitate-helburu batzuetarako.
36. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez ordainduko dira dirulaguntzak, Merkataritzako zuzendariak proposatuta; bi ordainketa egingo dira, honela:
a) Lehenengo ordainketa, hau da, emandako laguntzaren ehuneko 70, 35.1.a) oinarrian ezarritako epea igaro ostean, non eta onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez dion epe horretan.
b) Gainerako zenbatekoa 37. oinarrian xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren.
2.– Ordainketak egin aurretik, egiaztatu egin beharko da pertsona edo entitate onuradunak ordainduta dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituela ere, bat etorriz betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin.
3.– Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak nahitaez egon beharko du inskribatuta Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan, eta alta eman beharko du erregistro horretan inskribatuta ez badago, edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu, ez badatoz bat titular duen eta laguntza jasotzeko erabili nahi duen kontuko datuekin. Telematikoki egin beharko du hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/ Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/.
Erregistro horretan inskribatuta dagoen banku-kontuan ordainduko da dirulaguntza.
37. oinarria.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Justifikazio-epea 2027ko otsailaren 28an amaituko da.
Epe hori igarota, justifikaziorik aurkeztu ez bada, hamabost egun balioduneko epe luzaezina emango zaio entitate onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta dirulaguntzei dagozkien berandutze-interesak itzuli egin beharko dira.
2.– Egoitza elektronikoan sartu, eta han dagoen justifikazioa bete behar da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/, hargatik eragotzi gabe 28.4 oinarrian pertsona fisikoei dagokienez ezarritakoa.
3.– Finantzatutako proiektuak egin direla justifikatzeko agiriak justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera egingo dira, gastuen egiaztagiriak eta ordainagiriak aurkeztuta, bai eta oinarri hauetan jasotako gainerako agiriak ere.
4.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, honako hauek egiaztatuko dira: dirulaguntzaren justifikazio egokia, laguntzaren xede diren proiektuak behar bezala egikaritu direla eta emakidaren helburua bete dela.
5.– Agiriak egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, entitate onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzen ditzan.
6.– Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek dirulaguntza gutxitzea badakar, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, organo kudeatzaileak hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea emango dio entitate interesdunari, aurkeztutako agiriak zuzen ditzan, hala badagokio.
7.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, Merkataritzako zuzendariaren ebazpen-proposamena ikusita.
38. oinarria.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agiri orokorrak.
1.– Laguntzen justifikazioak agiri hauek eduki beharko ditu, beti:
Orokorrean, justifikazio-inprimakiarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
1.– Gastuak edo egindako inbertsioak eta laguntzaren xede den jarduerarekin duten lotura justifikatzeko memoria. Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza aurkeztu beharko da, barne hartuta faktura zenbakia, ordainketa-data, izena edo sozietate-izena eta zenbatekoa (BEZik gabe).
2.– Egindako inbertsioei eta gastuei dagozkien fakturak, fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren eta dagokion lurralde historikoan indarrean dagoen fakturazioari buruzko foru-araudiaren araberakoak, eta dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak. Era berean, diruz lagun daitezkeen aktiboen deskribapenak argi eta garbi identifikatuta egon behar du, eta ez da kontzeptu kodeturik onartuko.
«Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programan (15. oinarria) jasotako gastuen kasuan eta «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programaren I. atalean (22. oinarria) jasotako inbertsioen kasuan, 500 euroko edo gehiagoko zenbatekoko fakturak soilik onartuko dira, banaka edo gastu motaka batera aurkeztuak, eta «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programaren (25. oinarria) I. atalean jasotako gastuen kasuan, aldiz, 100 euroko edo gehiagoko zenbatekoko fakturak onartuko dira soilik, banaka edo gastu motaka batera aurkeztuak.
3.– Fakturak ordaindu izanaren egiaztagiria.
1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, Zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera. Ordainketetan ez da onartuko ez eskudirurik ez hartu-agiririk.
Ordainagiri bakoitza dagokion fakturari erantsiko zaio.
4.– Argazki edo agiri bidez erakutsi beharko du jarduketak bete duela Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso duela erakusteko publizitate- eta informazio-betebeharra, 35.1.r) oinarrian ezarritakoaren arabera.
2.– Beharrezkotzat joz gero, justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, egindako gastua edo inbertsioa justifikatzeko.
39. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.
1.– Agiri orokorrekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programa justifikatzeko (oinarri hauen II. kapituluan aurreikusia):
1.– Negozio-plana, 13. oinarrian jasotako gutxieneko edukia duela.
2.– Aholkularitza-enpresak emandako ziurtagiria, aholkularitza-lana burutu dela ziurtatzen duena, zenbat aholkularitza-ordu eman diren adierazita. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
3.– 38.1.a).2 oinarrian aipatutako fakturan, oinarri horretan eskatzen diren datuez gainera, berariaz zehaztu beharko da zenbat ordu eman diren eta ordu bakoitzak zenbat balio izan duen.
2.– Beharrezkotzat joz gero, justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, egindako gastua edo inbertsioa justifikatzeko.
40. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.
1.– Agiri orokorrekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Ekin+» programa justifikatzeko (oinarri hauen III. kapituluan aurreikusia):
1.– Diruz lagundutako inbertsioak edo gastuak benetan egin direla argi erakusten duten argazkiak edo egiaztagiriak (lehenago eta ondoren).
2.– Diruz lagundu den jarduera JEZn alta emanda dagoela erakusten duen ziurtagiria, edo enpresa-transmisioaren ziurtagiria.
Transmisio-motaren arabera, agiri hauek hartuko dira funtsezkotzat:
• Negozioaren salerosketa-kontratua.
• Negozio bat eskualdatzeko kontratua.
• Ondare-transmisioaren kontratu pribatua.
• Jarduera ekonomikoko subrogazio-kontratua.
• Eskritura publikoa, transmisioak hala eskatuz gero.
Agiri horiek behar bezala sinatuta aurkeztu beharko dira, transmisioaren benetako eguna jasota.
3.– Merkataritza elektronikoan (e-commerce) inbertsioa egin bada, lana egikaritu duenak egindako erantzukizunpeko adierazpena, aplikatzekoa den araudia betetzen dela justifikatzeko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eredua erabili beharko da: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
2.– Beharrezkotzat joz gero, justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, egindako gastua edo inbertsioa justifikatzeko.
41. oinarria.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –laguntzaren xedea bete dela ulertuta, betiere– edo, hala badagokio, beste entitate publiko zein pribatu batzuek bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat emanez gero, ebazpena bera aldatu ahal izango da –ofizioz nahiz interesdunak eskaturik–, edo laguntzak emateko baldintzak egokitu ahal izango dira, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez, bat etorriz DAELen 9.4.k) artikuluan xedatutakoarekin eta lege horren 16.4 eta 25. artikuluetan zehazturik dagoen bezala, baldin eta betekizun hauek betetzen badira:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, jakinaraz dezala jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez.
b) Ez eragitea zenbatekoa emendatzea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea benetan gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa eragin duten elementu eta gorabehera berriek, hasierako emakidarekin batera gertatu badira, ez ekartzea dirulaguntza ukatzea, eta aldaketa ez da izatea hasieran onartutako proiektuaren funtsa aldarazteko bestekoa.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.
2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak gauzatzeko, aldi berean, beste ekarpen batzuk ere lortzen badira, dirulaguntza aldatu egin behar ote den ebatzi baino lehen, hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea emango zaio onuradunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
Dirulaguntza honen kari emandako ekarpen ekonomikoen zenbatekoak, helburu bera duten beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezin izango du inola ere gainditu egin beharreko jardueraren kostua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluak dioenez.
Kasu horretan, soberakinari dagokion kopurua kendu beharko zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak emandako laguntzari, dagokion administrazio-espedientea hasi eta nahitaezko entzunaldi-izapidea egin ostean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25.2 artikuluaren arabera, lege horren beraren 40. artikuluko prozedurari dagokionez, baldin eta hura osorik edo haren zati bat itzuli behar bada.
3.– Baldin eta onuradunak emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jaso badu, osorik edo partez, eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, dagokion itzulketa-prozedura abiaraziko da, dirulaguntzetan aplika daitezkeen berandutze-interesak barne.
4.– Organo laguntza-emaileak baimena eman ahal izango du dirulaguntzaren onuradunaren nortasun juridikoa aldatzeko, onuradunak hala eskatuz gero, baldin eta entitate onuradunaren eta ondorengoaren arteko ondorengotza unibertsala frogatuta geratzen bada eta dirulaguntzaren helburuak hutsaltzen ez badira, betiere.
Baimena onartzeko, bai entitate onuradunak, bai ondorengo entitateak oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.
5.– Onuradunak behar bezala justifikatzen baditu ezarritako epean egikaritzea eragozten duten arrazoiak, organo laguntza-emaileak baimena eman ahal izango du egikaritzeko epea luzatzeko, baldin eta epe hori sei hilabete gehigarri baino gehiago luzatzen ez bada, betiere.
Aldaketa-baimena dirulaguntza egikaritzeko epea amaitu baino lehen eskatu beharko da.
42. oinarria.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak ez betetzea edo DAELen edo beste arau aplikagarrietan aurreikusitako urraketak gertatzea izango dira ez-betetzeak.
2.– Onar daiteke diruz lagundutako jarduketa egikaritzean zenbait alderdi ez betetzea, baldin eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jarduketaren helburuak eta konpromisoak betetzeko jarrera argi eta garbia dagoela. Horretarako:
a) Onartutako gehieneko gastua edo inbertsioa beherantz desbideratzen bada, bigarren ordainketa proportzionalki gutxitzea ekarriko du, eta ordainketa aurreratuan ordaindutako zenbatekoaren zati bat gehi dirulaguntzen arloko berandutze-interesak itzuli beharko dira, egin edo justifikatu gabeko inbertsioak edo gastuak dakarren minorazioari dagokion portzentajean.
b) Ezer ez betetzeak emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta ordainduta dagoen zatia eta dirulaguntzetan erantsi behar izaten diren berandutze-interesak itzuli behar izatea. Ehuneko horiek kalkulatzeko, egin gabeko inbertsiotzat edo gastutzat hartuko dira: agiri bidez egiaztatuta ez dagoena, finantzagarriak ez diren kontzeptuak egiaztatzen dituena, eta fakturatu edo ordaindu ez dena.
Kasu horietan, bidezkoa izango da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, azkenean emandako zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuz aurrekontu osoarekiko.
3.– Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, dirulaguntza jaso dezaketen gutxieneko zenbatekoak hartuko dira kontuan, bai gastuetarako (15. oinarria eta 25.2 oinarria), bai inbertsioetarako (22.2 oinarria).
4.– Itzulketa-prozedurari dagokionez, DAELen 40., 41., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoaren arabera jokatuko da:
a) Itzulketa-prozedura Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen erabaki baten bidez hasiko da.
Prozedura hori abiarazten bada, automatikoki etenda geratuko da falta diren dirulaguntza-zatien ordainketa.
b) Itzulketa-prozedura hasteko ebazpenean jasoko dira prozedura bera hasteko arrazoiak, eta 15 eguneko epea emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo, horretarako epea igarota alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
d) Itzulketa-jardunbideari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, hasteko erabakiaren egunetik aurrera.
e) Itzultzeko prozeduraren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
f) Ebazpenean jasotzen bada zerbait ez dela bete, adieraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola dagozkion diru-kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak (dirulaguntzen arloan eransten direnak), ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
g) Itzulketa ez bada borondatezko epean egiten, premiamendu-bidez kobratuko da, indarrean dagoen araudiaren arabera.
43. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera-egitea, eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.
2.– Era berean, onuradunak uko egin ahalko die onartutako laguntzei, eta hala egin ahalko du laguntza onartu ondoren. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du ukoa, eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.
Behin ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, eskuratutako diru-zenbatekoak itzuli egin beharko ditu, 42. oinarrian jartzen duen bezala.
3.– Ez da onartuko entitate interesdunari deialdiaren esparruan hasitako ez-betetze edo zehapen-prozeduraren hasiera jakinarazi ondoren aurkeztutako ukoa. Prozedura horrek ebatzi arte jarraituko du.
44. oinarria.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
Datu pertsonalak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzaren ardurapeko «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren helburua da «Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak iragarritako merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea».
Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Merkataritza Zuzendaritzari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak egikaritzeko prozeduraren bidez. Hemen argitaratua: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250702
RSS