Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2400

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak finantzatzeko, 2026ko ekitaldirako dirulaguntza-deialdiaren oinarriak eta dirulaguntza haien deialdia egiten baita.

Deialdi honen helburua hau da: produkzio-sektore jakin bateko enpresek benetan zer prestakuntza-behar dituzten detektatzea, eta sektore horretako langileen gaitasunak eta kualifikazioa mantentzea, garatzea eta hobetzea eta langileak lanbidean mailaz igotzea, enpresa horien lehiakortasuna eta produktibitatea areagotzeko, eta, hori lortzeko, sektoreko prestakuntza-beharrak analizatzeko eta detektatzeko azterlanak egitea, eguneratuak eta euskal enpresa-sarearen premietara egokituak.

Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak era honetako ekimenak aurreikusten ditu V. kapituluko 1. atalean, zeinetan «Prestakuntzari laguntzeko ekintzak» arautzen diren, eta, horien artean, 32.a) artikuluan, azterketa eta ikerketarako ekintzak. Ekintza horien helburua zera da, produkzio-sisteman dagoen Enplegurako Lanbide Heziketaren eskaria egituratzen duten faktoreak aztertzea. Horrela, aurre hartu ahal izango zaie aurrerapen teknikoaren eta lan-antolamenduaren ondorioz lanbide-kualifikazioetan gertatzen diren aldaketei, hainbat sektore ekonomikotan eta lurralde-eremutan dauden prestakuntzako arazo eta beharrizan berezien ezagutzan sakondu ahal izango da, eta hainbat ekimen garatu ahal izango dira enplegurako prestakuntza-eskaintza lanbideen edukiek izandako bilakaerara egokitzeko.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta «enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Zeregin horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak ente publiko horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezinbestekotzat jo du sektoreko elkarteek behar diren bitartekoak izatea sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko, azterlan eguneratuak eta euskal enpresa-sarearen beharretara egokituak egiteko, enpresenak eta langileak biltzen dituzten neurrian.

Azterlan horiei esker, gabezia hauek lehentasunez identifikatu ahal izango dira sektorea osatzen duten enpresetan, langileetan eta lantokietan: gaitasun profesionalen gabeziak, ezagupen teorikoen gabeziak, ezagutza praktikoenak eta enpresen eta langileen lehiakortasuna garatzeko beharrezkoak diren trebetasunenak. Hartara, prestakuntza-planak garatu ahal izango dira, prestakuntza-ekintzaz eta -ibilbidez osatuak, ordezkatuta dauden enpresetako langileen gaitasun profesionalak hobetzeko eta, ondorioz, enpresa horien lehiakortasuna areagotzeko azken finean. Era berean, modu praktikoan lagundu behar diote prestakuntza-premiak aztertu eta detektatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aholku-batzordeari, enpresen eta langileen mesedetan partekatu daitezkeen metodologiak eta jardunbide egokiak bilatzen eta prestakuntza-prozesuak hobetzeko aplikazio praktikoa zehazten.

Ekimen horrek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, 2. helburu estrategikoan (Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea), 2.2. gako estrategikoan (Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharrizanetatik hurbilagoa, eskumen profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena); plan estrategico hori onartu zen bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez. Hala, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 14.2.g) artikuluaren arabera, entearen zuzendari nagusia da programa honetako dirulaguntzen deialdia onartzeko organo eskuduna.

Hori guztia dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak finantzateko 2026. ekitaldiko dirulaguntza-deialdiaren oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

Bigarrena.– Ebazpen honek berekin dakar gastua baimentezea, deialdi honen 1.2 artikuluan xedatutako zenbatekoaren eta aurrekontu banaketaren arabera.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo beraren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 27a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN SEKTOREKO PRESTAKUNTZA-BEHARRAK ANALIZATU ETA DETEKTATZEKO AZTERLANAK FINANTZATZEKO 2026. EKITALDIKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIAREN OINARRIAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Oinarri hauen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa eta lantokientzat eta haietan lan egiten duten langileentzat enpresaz gaindiko sektoreko prestakuntza-beharrak analizatzeko eta detektatzeko azterlanak egitea finantzatzeko dirulaguntzak ematea 2026ko ekitaldirako; azterlan horiek laguntza ekar dezakete enpresen eta langileen mesedetan partekatu daitezkeen metodologiak eta jardunbide egokiak bilatzeko orduan eta prestakuntza-prozesuak hobetzeko aplikazio praktikoa zehazteko orduan.

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak guztira 800.000 eurorenak dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.

Kopuru horiek % 25 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek egiten badira, ezagutzera emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Entitate onuradunak eta aplikazio-eremua.

1.– Hauek izan daitezke deialdi honetako dirulaguntzen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak eta/edo enpresa horietako langileak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitateak, baldin eta erabakitzen badute, zuzenean edo beste entitate aditu batekin edo batzuekin batera, prestakuntza-premien azterketari buruzko azterlan sektorial bat egitea lantoki horietan lan egiten duten langileentzat. Sektorearteko entitateak ere izan daitezke onuradun, baldin eta azterlana sektoriala baino ez bada.

Entitate eskatzaileek nortasun juridiko propioa izan beharko dute, 2024ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik formalki eratuta egon beharko dute, administrazio publikoetako enpresaburuen elkarte, talde edo antolakundeen edo sindikatuen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute, eta lantegia Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute.

Entitate horiek langile propioak izan beharko dituzte, azterlanaren garapena zuzentzeko eta kudeatzeko gaitasun nahikoa dutenak, edo, horretarako, beren interesak ordezkatzen dituen elkarte, federazio, talde edo antolakundearen baliabide pertsonalez baliatu beharko dira, elkarte, federazio, talde edo antolakunde horretako kide izanik. Hala ere, gastu hori diruz laguntzeko, bi entitateek xede horrekin sinatzen duten akordio edo kontratuak bete egin behar du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa; artikulu horretan, aipatutako jardueren azpikontratazioa araututa dago. Alde horretatik, bi entitateak artikulu horretako 7. apartatuko d) letran aurreikusitakoaren arabera lotuta daudela iritziko zaio, eta, beraz, baldintza hauek bete beharko dira:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak aldez aurretik baimena eman beharko du akordio edo kontratu hori egiteko.

– Gastu hori finantzatzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu azterlana zuzentzeko jarduerak benetan egiten dituzten langileak dituen entitatearen kostua.

2.– Entitate hauek bakarrik izan daitezke deialdi honetako dirulaguntzen onuradunak: gai direnak beren kabuz edo prestakuntza-entitateekin egindako akordioen bidez aurkezteko eta garatzeko atxikitako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten langileen prestakuntza-beharren azterlan sektoriala egitearen ondoriozko prestakuntza-ekintzak biltzen dituzten prestakuntza-planak.

3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Epai irmo baten bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuak izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik kondenatuak izatea.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitua izatea, edo, hala izan bada, konkurtsoaren kalifikazio-epaian finkatutako ezgaikuntza-aldia ez amaitzea.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean errudun deklaratu badira.

d) Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean egotea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) aurreikusitako baldintzetan.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin dezake egiaztapen horren aurka, eta, orduan, egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu egoera hori egiaztatzeko.

f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte egoera horretan gerta daitekeen edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa hartzea.

h) Epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-aldia igaro gabe, honako hauek barne:

– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako sexu-bereizkeria edo askotariko bereizkeria egiteagatik.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan aurreikusitako zehapen osagarria ezartzeagatik, ebazpen irmoaren bidez.

i) Laguntzak edo dirulaguntzak eskuratzea eragozten dion legezko kausaren batean sartuta egotea, honako hauek barne:

– Berdintasun-planik indarrean ez izatea, eta Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egotea.

– Sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko neurririk ezarri ez izana, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan, 50 langile baino gehiagoko enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

j) Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zehatua izatea, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana edo, halakorik ezean, dagozkion neurri alternatiboak hartu izana.

l) Elkarteen kasuan, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausetan sartuta egotea.

m) Inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaion elkartea izatea, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak daudelako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, dagokion erregistroan inskribatzeko ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.

n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 3. eta 5. paragrafoetan aipatzen diren gainerako egoeretako batean egotea.

ñ) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

o) apartatuko eskakizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jardunak.

1.– Deialdi honen bidez, dirulaguntzak emango dira sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko, lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten jarduera ekonomikoko sektore jakin bateko enpresen gainean eta horietan lan egiten duten langileen gainean; dirulaguntzak ebazpena jakinarazi ondoren eta 2026ko azaroaren 30a baino lehen egiten diren azterlanentzat dira.

Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak deialdi honetan eta aurkeztutako eskabidean esandako eran egin beharko dira, eta, amaitutakoan, aurkeztu beharko dira.

2.– Gai hauei buruzko hausnarketa- eta azterketa-prozesua jasotzen duena jotzen da sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlantzat:

– Enpresan eta langileen artean dagoen ezagutza eta gaitasun profesionala, haientzat lehiak dakartzan eskakizunak kontuan hartuta.

– Enpresetako kideek dituzten ezagutza, gaitasun edo/eta jarreren eta haien etorkizuneko proiektua bermatzeko eskatutakoen artean dauden desorekak.

– Atzemandako desoreka gainditzeko ekintzen eta ekimenen deskribapen sistematiko eta globala.

Deskripaben horrek, gutxienez, garatuko diren prestakuntza espezialitateen identifikazioa jasoko du, hain zuzen, honako hauek zehaztuko dituen identifikazioa: lortu nahi diren helburuak, edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, gutxi gorabeherako ordu kopurua, jerarkizazioa, ekintzen denbora-lehentasuna eta -plangintza, aztelanaren ondoriozko prestakuntza-ibilbideak eta -ekimenak, beharretara erantzuna eman diezaieketen hornitzaile posibleak eta kostu ekonomikoaren eta garapenaren bideragarritasuna edo finantzaketari buruzko aurreikuspena.

Hori guztia egituratzeko eta oinarritzeko, sektoreko entitateentzat eta haien enpresentzat baliagarria den tresna bat erabiliko da, beren prestakuntza-planak definitu, zehaztu, kudeatu eta ebaluatzeko aukera emango diena. Plan horiek azterlanean bertan jarritako epean edo denbora-esparruan garatu beharko dituzte, beren kabuz edo prestakuntza-entitateekin egindako akordioen bidez. Identifikatutako prestakuntza-ekimenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak garatzen dituen prestakuntza-ekimenen parte izango dira.

3.– Beharrak detektatzeko azterlanak eta analisiak egitean ematen diren pausoek, gainera, honetarako balio izan behar dute:

a) Deskribatutako enpresen behar espezifikoetara egokitutako prestakuntza-beharrak eskuratzea (ez da ikastaroen katalogo orokor bat), garatuko diren prestakuntza-espezialitateen baldintza-pleguetan zehaztuak.

b) Eremu tekniko, pedagogiko edo ekonomikoan beharren azterketa eta ekintzen plangintza eta ebaluazioa sistematizatzeko.

c) Prestakuntzan egindako ahaleginen errentagarritasuna ebaluatzeko.

d) Produktuen edo zerbitzuen eta prozesuen kalitatea hobetzeko.

e) Antolaketako eta kudeaketako metodo eta sistema berrien aplikazioa errazteko.

f) Langileei lanbidean jarraitzen, hobetzen eta gora egiten eta, horrekin batera, sektoreko enpresei helburuak garatzen laguntzeko.

4.– Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanek, gutxienez, bi urterako izan behar dute. Gainera, azterlanetan zehatz-mehatz azaldu behar da bertan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak nola egingo diren, eta adierazi beharko da entitateak berak aurrera eramango dituen, beste prestakuntza-entitate batzuekin lankidetzan arituz aurrera eramango dituen edo bi moduetan. Prestakuntza-ekimen bakoitzerako aurreikusitako finantzabideak ere zehaztu beharko dira.

5.– Beharrezkoa izango da aukera ematea sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak sektoreko entitatearen enpresa guztiei, horietako langileei eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan antzeko ezaugarriak dituzten beste arlo batzuei zabaltzeko, eta, hala, ahalik eta hedapen handiena lortzeko eta atzemandako beharretarako egokiak diren prestakuntza-erantzunak lortzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan dauden ekimen eta tresnetan aurreikusitako horietaz gainera.

Horren haritik, egindako azterlanaren egikaritze-laburpen bat egin beharko da lana amaitutakoan, haren ondorio nagusiak bilduko dituena eta edozeinek kontsultatu ahal izango duena, eta sektoreko langileen eta enpresen eskura jarri beharko da, baita beste eremu geografiko batzuetako elkarte edo antzeko taldeen eskura ere.

Diruz lagundutako azterlanen transferentzia, hedapena eta zabalkundea sustatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak argitara eman ditzake sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko egindako azterlanen emaitzak eta, betiere, azterlanaren egikaritze-laburpenak, bai eta «Garatuko diren prestakuntza espezialitateen baldintza pleguak».

Hala, batetik, azterlanaren emaitzen zabalkunde handiagoa lortu nahi da, eta, bestetik, antzeko sektoreetarako azterlanak ez bikoiztea, beste inguru batzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean ezaugarri antzekoak dituzten arloetan. Azterlaneko proiektuen artean bikoiztasunak egotea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izango da.

6.– Aurkeztutako ekimena ez da finantzatutako, baldin eta haren balorazioak ez badu lortzen 4.3 artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa, bertan ezarritako irizpideen arabera.

7.– Dagokion eskabidea aurkeztu ondoren, eta beharrezkotzat jotzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak sektoreko entitate eskatzailearen arduradunekin egiaztatuko ditu azterlana egiteko funtsezko alderdiak; besteak beste, metodologia, azterlana egiteko arduradunen gaitasuna, eskuratu beharreko produktu amaitua, eta abar.

8.– Entitateek beren kabuz egin ahal izango dituzte proiektuak. Hala eginez gero, giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dituzte dirulaguntza eskatutako ekimenak aurrera eramateko, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza esleitu ondoren halakoak izateko azterlana hasten denerako. Ondore guztietarako, sektoreko entitatearen bitarteko propiotzat joko dira entitateak kontratatutako besteren konturako langileak. Behar diren baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eduki beharko dira. Informazio hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena bete behar da eskabidean.

Entitate onuradunek osorik edo partzialki azpikontratatu ahalko dute azterlana egiteko zeregina, baina hura zuzendu eta koordinatzea beti izango da entitate onuradunaren erantzukizuna, 2.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran.

Subkontratatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko arauetan ezarritakoa bete beharko da (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Azpikontratatutako entitate batek berak ere ezin izango du parte hartu lau azterlanetan baino gehiagotan, ez osorik eta ez partez.

Alde horretatik, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan ezarritako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, enpresa edo entitate onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta zerbitzua ematen duen entitate nahikorik ez badago merkatuan zerbitzuaren ezaugarri bereziak direla eta. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egin behar da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Kontratua egingo bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak baimena eman behar du aurrez kasu batzuetan; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3. eta 7.d) apartatuetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko arauetan aurreikusitako kasuetan (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Horretarako, entitate interesdunak, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, sinatu gabeko kontratuaren kopia aurkeztu beharko du, baimena lortzeko. Baimena eman dela ulertuko da, baldin eta laguntza-eskabideak aldeko ebazpena jasotzen badu.

Ezin izango da azpikontratatu entitaterik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 7. eta 8. apartatuetan jasotako egoeraren batean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan jasotako oinarrizko arauetan jasotako egoeraren batean dagoenik (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), salbu eta aldez aurreko baimena ematen bada artikulu horren d) apartatuan aurreikusitako kasuan, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala; ez eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 71. artikuluan ezarritako egoeretako batean dagoenik ere.

Azpikontratazioa adosteko sinatutako kontratuan edo hitzarmenean, datu pertsonalen tratamendurako berme zehatzak biltzen direla egiaztatu beharko du, eta hori betetzeko behar diren klausulak sartu beharko ditu, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

9.– Entitate eskatzaile bakoitzari azterlan bat egiteko bakarrik emango zaio dirulaguntza, sektorearteko entitateei izan ezik; horiei bat baino gehiago lagundu ahal izango zaie, baldin eta jarduera-sektore banatarako badira.

10.– Ezin izango da inolako genero-diskriminaziorik izan azterlanaren edukian eta orientazioan, idazketan bertan, kontsulta-elementuetan, galdetegietan, elkarrizketa-gidoietan eta abarretan, eta, betiere, hizkera inklusiboa erabili beharko da, emakumeak eta gizonak diskriminatzen ez dituena.

4. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanen proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Aurkeztutako azterlana egiteko erabilitako metodologiaren sendotasuna eta irmotasuna, eta metodologia horren ezaugarri espezifikoekiko haren egokitzapena:

– Proiektuaren justifikazioa. Metodologia zehaztutako helburu orokor eta zehatzekin bat etortzea. Metodologiak objektiboa izan behar du eta ebidentzian oinarritua egon.

– Sistema kualitatibo eta kuantitatiboak uztartuz informazioa jasotzeko metodologia batean oinarrituta egotea egin beharreko lana: berrikuspen bibliografikoa eta iturri dokumentalen, elkarrizketen eta galde sorten azterketa.

– Azterlanean kontaktatuko diren enpresa inplikatuen kopurua.

– Elkarrizketatu beharreko langileen kopurua.

– Aurreikuspenen arabera beteko diren galde sorten kopurua.

b) Aurkeztutako azterlanaren eta aipatzen dituen sektore eta enpresen arteko koherentzia. Laneko gidoi moduan gutxieneko kopuru batzuk zehaztuko dira hauentzat aurreikuspenetan: kontaktatu beharreko enpresa inplikatuak, elkarrizketatu beharreko langileak, langileen legezko ordezkariak eta aurreikuspenen arabera beteko diren galde sortak:

– Sektoreko zeharkako gai komunak identifikatzea lanpostuak erarik egokienean betetzeko behar diren ezagutzen eta gaitasunen arloan.

– Azterlana datu-iturri esanguratsu eta fidagarrietan oinarritu beharko da; besteak beste, langileei egindako inkestetan, lanaren azterketan eta gaitasunen ebaluazioetan.

– Egin beharreko azterlanaren proiektua aurkezteko interesa sektorean gaur egun dauden joeretan eta aldaketetan dago.

c) Azterlan bakoitza bereizten duten ezaugarriak, sektorearekin lotuak:

– Sektore ekonomikoaren identifikazioa: sektorearen deskribapen eta ezaugarritze zehatza eta zorrotza (egitura, bilakaera...).

– Sektorean eragina duten ingurune orokor eta espezifikoko faktoreak aztertzea, sektoreko enpresetan eragina izan dezaketen mehatxuak eta aukerak detektatzeko.

– Prestakuntza-eskariaren azterketa eta prestakuntza-eskaintzaren ebaluazioa. Ezaugarri bereizgarriak identifikatzea: prestakuntzaren eskaria eta eskaintza aztertutakoan, prestakuntza-beharren azterlana sektore ekonomikoan garrantzitsu eta bakar bihurtzen duten ezaugarri bereizgarriak identifikatzen dira.

d) Sektorearen barruan era bateko eta besteko agenteek parte hartzea azterlana egiteko. Sektorea ordezkatzen duen enpresa baten edo gehiagoren azterlana egin eta garatzeko orduan aktiboki parte hartzea:

– Sektorea ordezkatzen duten beste entitate batzuen azterketak (fundazioenak, enpresa-sareenak...) egin eta garatzeko orduan aktiboki parte hartzea.

e) Azterlana egiteko arduraldia:

– Azterlana egiten emandako denboraren plangintza egokia aurkeztea eta horretarako egunean edo astean behar adina ordu eskainiko direla bermatzea.

– Zereginen lehenespena eta epeen kontrola aurkeztea, kudeatzaileak azterlana egiteko ezarri zaizkion epeen barruan lan egingo duela egiaztatuz eta garaiz osatuko dela bermatzeko behar diren doikuntzak eginez.

f) Xede-sektorerako egindako azterlanak duen erabilgarritasuna. Sektore eskatzailearen egoera espezifikora transferitu daitekeen beste azterlanik ez egotea:

– Sektorerako duen garrantzia. Sektore ekonomiko espezifikorako azterlan garrantzitsua, gaur egun merkatuan dauden joera eta erronkekin bat datorrena. Prestakuntza-ekintzak azterlanean aipatzen den sektorearen beharretara egokitu behar dira.

– Produkzio-eremuei lotutako kolektibo guztiak barne hartzen dituzten prestakuntza-beharrak, prestakuntza praktikoak barne.

g) Beharren eskari egituratua, zehatza eta lehenetsia:

– Egin beharreko azterlanaren egitura, identifikatutako prestakuntza-beharren sailkapen argia eta logikoa barne hartzen duena: arlo funtzionalen, sailen edo posizioen arabera. Prestakuntza-premia bakoitza behar bezain zehatz deskribatu behar da, ulergarria izan dadin eta ondoren haren eragina neurtu ahal izan dadin.

– Lehentasunak ezartzea: identifikatu beharreko prestakuntza-beharrak, produktibitatean duten eraginaren, bezeroaren gogobetetzearen, enplegatuen atxikipenaren eta abarren arabera lehenetsiak.

h) Aurkeztutako azterlanaren beharra, aukera eta lehentasuna:

– Proiektua justifikatzea, helburu orokorrak eta espezifikoak zehaztuta.

– Ezagutzak eta gaitasunak eguneratzea behar duten egungo eta etorkizuneko profil profesionalen deskribapen zehatza.

i) Hornitzaileak proposatzen den metodologia aplikatzen duen gaitasuna eta aurretiazko eskarmentua:

– Profesionalen aurrekariak eta prestakuntza: kudeatzailearen prestakuntza eta lan-ibilbidea, barnean direla sektorean duen eskarmentua eta proiektuen kudeaketan duen berariazko prestakuntza.

– Antzeko proiektuetan aurretiaz izandako eskarmentua.

j) Dagokion sektorean prestakuntza-beharrak detektatu eta analizatzeko tresnak:

– Prestakuntza-beharrak jasotzeko ereduak eta formularioak.

– Prestakuntza-beharrak lehenetsi eta haztatzeko fitxak edo galde sortak.

2.– Kontzeptu horri eman ahal zaion gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da. Irizpide guztien pisua bat da, eta 0, 5 edo 10 puntu emango dituzte, honela kalkulatuta:

– 0 puntu: ez da informaziorik eman, edo oso orokorra, hutsala, eskasa edo desegokia da.

– 5 puntu: eskabidean jasotako informazioa partziala da, eta itemeko azpi-apartatuen zati bati baino ez dio ematen erantzuna.

– 10 puntu: emandako informazioa osoa eta zehatza da, eta item bakoitzeko azpi-apartatu gehienei ematen die erantzun egokia.

3.– Azterketa eta balorazioa egin ondoren gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten azterlanak ez dira finantzatuko.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Eskatzaile bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbateko osoa honela zehaztuko da:

a) Lehenik eta behin, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da.

Horretarako, hauek hartuko dira kontuan: aurreikusitako langile kopurua, egin beharreko azterlanean parte hartzen duten EAEko lantokien kopurua, eta azterlana egiteko egin beharreko galde sorten eta elkarrizketen kopurua.

Titularrak aurkeztutako eskabidean emandako datu horien arabera, banaketa hau egingo da diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa zehazteko:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Nolanahi ere, eskatutako dirulaguntza a) apartatuan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa baino txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekotzat hartuko da.

b) Bigarrenik, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoari dagokion ehunekoa aplikatuko zaio, 4. artikuluan adierazitako irizpideen arabera eskabidearen balorazioan lortutako puntuazioari jarraikiz, tarte hauek kontuan hartuta:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Finantzatu daitezkeen gastuak.

Gastu hauek finantzatu daitezke:

a) Kanpoko entitate aditu batek egindako azterlanetan:

– Emandako kanpoko zerbitzuen kostua.

– Aztelana zuzentzeaz, koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren pertsonen dedikazio-orduei dagokien soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa.

b) Entitate eskatzaileko langileek egindako azterlanetan:

– Azterlana egin duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

– Azterlana zuzentzeaz, koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren pertsonen dedikazio-orduei dagokien soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa.

c) Beste kostu batzuk ere onartuko dira, zuzenekoak eta zeharkakoak, entitate titularrak bere gain hartzen dituenak eta proiektua gauzatzeari eta kudeatzeari egotz dakizkiokeenak, hala nola enpresekiko topaketen antolaketa, joan-etorriak, komunikazioak eta entitatearen gastu orokorrak. Gastu horiek ezingo dute gainditu kostu finantzagarrien % 15eko muga.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen Erregelamenduaren oinarrizko arauak aplikatu behar zaizkie (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Alde horretatik, gastua diruz laguntzeko modukotzat jotzeko, beharrezkoa izango da azterlana gauzatzeko epean egin izana, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta benetan ordaindu izana dirulaguntza justifikatu aurretik, 8.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Era berean, kontratatutako gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak baino gehiago bada, aipatutako 20/2023 Lege horretan eta 38/2003 Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko da.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea:

1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa). Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean.

Helbide honetan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1231604

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabide bakarra aurkeztu behar da entitate eta jarduera-sektore bakoitzeko. Azterlan bat baino gehiago eta bakoitza jarduera-sektore baterako egiteko dirulaguntza eskatu nahi duten sektorearteko entitateek proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute.

Eskabide bat aurkezteko unean oraindik ebatzi gabe badago entitate berak jarduera-sektore bererako aurretik aurkeztutako beste eskabide bat, entitateak aurrekoan atzera egiten duela iritziko zaio, eta atzera egin izanaren ebazpena emango da, eta egindako azken eskabidea aztertuko da eta hari buruz ebatziko. Entitate berari lehendik jarduera-sektore bererako eskatu duen dirulaguntza bat eman bazaio, ezezkoa emango zaio aurkeztutako eskabide berriari.

3.– Eskabide bakoitzarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Aurkeztutako proiektuaren deskribapena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak entitate eskatzaileen eskura jarritako eskabide-ereduaren araberakoa, elektronikoki sinatua; eta garatu beharreko azterlan-proiektua azaldu behar du, labur.

Bertan, azterlana zer sektoretarako egin behar den, azterlanak eragingo dien sektoreko EJSN kodeak ere zehaztu behar dira, lau digitukoak.

b) Azterlana egiteko gutxi gorabeherako kostua, eta dirulaguntza gisa eskatzen den zenbatekoa, eurotan. Zenbateko hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak entitate eskatzaileen eskura jarritako eskabidean ere adierazi behar da.

c) Inbertsioa dirulaguntzaren bidez ez ezik funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.

d) Entitate eskatzailea kide den elkarteko langileek zuzendu eta koordinatzen badute azterlana: sinatu gabeko akordioa edo kontratua, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurretiazko baimena lortzeko.

e) Azterlana kanpoko enpresa batekin azpikontratatzen bada: kontratuaren kopia –sinatu gabe, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldez aurreko baimena behar izanez gero–, bai eta aurkeztutako hiru eskaintzen justifikazioa eta egindako aukeraketaren justifikazioa ere, ekonomikoki onuragarriena ez bada.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, erakusten duena entitate eskatzaileak eskabidea aurkeztean eta azterlana amaitzean gaitasuna duela atxikitako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten langileen prestakuntza-beharren azterlan sektoriala egitearen ondoriozko prestakuntza-ekintzak biltzen dituzten prestakuntza-planak aurkezteko eta garatzeko bere kabuz edo prestakuntza-entitateekin egindako akordioen bidez.

4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun baliodun dituela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela iritziko zaiola; hala irizteko, aurrez ebazpena eman behar da, eta horretan guztian urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraituko zaio.

5.– Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura ondoz ondoko emakida izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluko jarduketa horietarako xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

8. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak eta emandako dirulaguntzen justifikazioa.

Onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak; zehazki, hauek:

a) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueretan behar badira ere.

b) Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-egintzen mende jartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea, edozein administrazioren edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu baditu deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea, dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeretakoren bat aldatu bada.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako finantzaketaren berri berariaz ematea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik sortzen diren ekintzetan ere. Finantzaketaren berri emateko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan adierazpen hau sartu beharko da: «Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlan hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu du, besterekin batera, 2026. urteko deialdian».

2.– Diruz lagundutako jarduera eta emandako dirulaguntza egin direla justifikatzeko, entitate onuradunek azken justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, 2026ko abenduaren 14a baino lehen. Memoria horretan, egindako lanaren azken emaitza eta sortutako gastuen justifikazio ekonomikoa aurkeztuko dira. Memoria horretan, gutxienez honako hauek agertu beharko dira:

a) Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzen dituen azterlana jasotzen duen dokumentua, bai eta egindako azterlanaren laburpen exekutiboa ere, «Garatuko diren espezialitateen baldintza-pleguak» barne. Laburpen hori azterlanaren funtsezko alderdiak argi eta zehatz laburbiltzen dituen dokumentu labur bat izango da, eta azterlanaren ondorio nagusiak jaso behar ditu.

Bertan, sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanaren emaitzak jaso beharko dira, eta gutxienez alderdi hauek zehaztu:

– Enpresaren eta enpleguaren egitura.

– AMIA analisia.

– Sektorearen jardueran, enpresetan eta langileen artean eragina duten proiektuak eta aldaketak.

– Prestakuntza-kultura.

– Antolaketa-egitura.

– Gaitasunen profila.

– Kualifikazioen eta prestakuntza-ibilbideen beharrak.

– «Garatuko diren prestakuntza-espezialitateen baldintza-pleguak». Horien barruan jasoko dira prestakuntza-ekintzak eta prestakuntza-plana, gutxienez, bi urterako izan behar duena, eta garatuko diren prestakuntza-espezialitateen identifikazioa, honakoak zehaztuta: lortu nahi diren helburuak, edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, gutxi gorabeherako ordu kopurua, jerarkizazioa, ekintzen denbora-lehentasuna eta -plangintza, aztelanaren ondoriozko prestakuntza-ibilbideak eta -ekimenak, beharretara erantzuna eman diezaieketen hornitzaile posibleak eta kostu ekonomikoaren eta garapenaren bideragarritasuna edo finantzaketari buruzko aurreikuspena.

Gainera, azterlanetan zehatz-mehatz azaldu behar da bertan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak nola egingo diren, eta adierazi beharko da entitateak berak aurrera eramango dituen, beste prestakuntza-entitate batzuekin lankidetzan arituz aurrera eramango dituen edo bi moduetan.

b) Fakturen zerrenda, honako hauek identifikatuta: hornitzailearen edo finantza-entitatearen identifikazioa, faktura-zenbakia, fakturaren igorpen-data eta ordainketaren data; bai eta horien kopia eta ordainketaren egiaztagiria ere, eta diruz lagundu beharreko gastuen bestelako egiaztagiriak.

Diruz lagundu daitezkeen langile-gastuen kasuan, 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako jarduerak egin dituzten pertsonen zerrenda aurkeztu beharko da, bakoitzak emandako orduak adierazita, baita nominen kopia, Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak eta bi kontzeptu horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak ere.

2026ko azaroari dagokion Gizarte Segurantzako kotizazioaren gastua justifikatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 11n amaituko da.

Diruz lagundutako gastu justifikatuen zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da, eta, hala badagokio, dagokion itzulketa-prozedura izapidetuko da.

c) Diruz lagundutako azterlana egiteko, osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.

a) Lehenengoan, entitate onuradunarentzat onartutako zenbateko osoaren % 50 ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren, 2026ko kredituaren kontura.

b) Bigarrenean, gainerako zenbatekoa ordainduko da, diruz lagundutako azterlana eta egindako gastuak 8.2 artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu ondoren.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordainketarik jaso, edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du; Lanbideren web-orrian aurkituko du fitxa hori.

10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei.

Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40 h) artikuluarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo bestelako laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa egonez gero, deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak azterlana egitearen kostuaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.

12. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren atzerapen-interesak ere bai, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntza itzuli egin behar dela erabakitzen den datara arte, edo zordunak itzulketa egin duen datara arte, data hori erabakia baino lehenagokoa bada, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Bereziki, hauetakoren bat:

a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Ez betetzea deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak.

e) Ez betetzea deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun.

2.– Era berean, emandako dirulaguntza osoa itzuliko da, baldin eta dirulaguntzaren helburua edo dirulaguntza justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

13. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Bildutako datu pertsonalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ardurapeko «Enplegu eta enplegurako prestakuntzako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin, iruzurraren jazarpenarekin eta estatistika-helburuekin lotutako dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta legezko betebeharrak betetzeko, eta litekeena da dagozkien enplegu-zerbitzu publikoei edo gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinaraztea.

Datuen titularrek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eta zehatza dago hemen:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml

14. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan berariaz aurreikusi ez denerako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatuko zaio laguntza-programa honi.


Azterketa dokumentala