Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2026ko apirilaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1781

528/2026 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez 2026-2027 ikasturteko euskara ikastaroetarako deia egiten zaien Osakidetzako langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.

Ebazpen honetan kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta lege hori garatzen duten dekretuak: otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua, Euskal Sektore Publikoan Euskararen erabilera normalizatzekoa; eta euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana (2022ko urtarrilaren 27an onartua) eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) eta Osakidetzak hizkuntzaren eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUGU:

Atal bakarra.– Osakidetzako langileentzako 2026-2027 ikasturterako euskara-ikastaroen deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak maiatzean argitaratuko du 2026-2027 ikasturteko euskara-ikastaroen deialdia egiteko ebazpena, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzat. Ebazpen honetan jasotako aurreikuspenen eta IVAPen ebazpen horren artean desadostasunik badago, azken horretan xedatutakoa nagusituko da. Era berean, IVAPen ebazpena aplikatuko da deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren gai guztietan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 10a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Osakidetzako langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntza bultzatzea eta haien euskalduntze-prozesuan eragitea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta 2026ko urtarrilaren 1etik ikastaroetarako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon badira.

Gainera, bitarteko langileen kasuan, bai egiturazko lanpostuan, bai aldi baterakoetan egon, ebazpena EHAAn argitaratu aurreko 12 hilabeteetan Osakidetzan guztira 6 hilabetetik gora lan egin behar izan dute.

2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du, horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako lehentasun irizpideei jarraituko die.

3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du, bai matrikula zuzenean ordainduz (lanorduetako ikastaroen kasuan), bai dirulaguntzen deialdia eginez (lanorduz kanpoko ikastaroen kasuan). Azken kasu honetan langileek aldez aurretik ordaindu beharko dute ikastaroaren matrikula.

Kasu batean edo bestean, Osakidetzak ordu-krediturik gabeko langileen ikastaroak ordainduko ditu baldin eta interesdunek Langileen eta Talentuaren zuzendariaren martxoaren 10eko 4/2026 Jarraibideetako baldintzak betetzen badituzte.

Dirulaguntzen aurrekontua nahikoa ez balitz, aipatutako Jarraibideetako lehentasun irizpideak ezarriko dira, bertan arautzen baitira ordu-kreditua agortu eta euskara ikasten jarraitzeko ohiz kanpoko laguntzak.

4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak martxoaren 10ean onartutako 3/2026 Jarraibideetan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren 8.1.2. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte.

5.– C2C2 edo C2C1 hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ikastaroetan izen-emateko, eskatzaileak C1C1 egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du. Hori betetzen ez den kasuetan, langileek gutxienez unibertsitate diplomatuak izan behar dute edo lanbide heziketako goi-mailako zikloko titulua eduki.

Aipatutako ikastaroetan parte hartu ahal izango dute euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko apirilaren 3ko, 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituzten langileek ere.

Hirugarrena.– 2026-2027 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

Osakidetzak hiru deialdi argitaratuko ditu, deialdi nagusia, osagarria eta udakoa:

1.– Honako deialdi hau lehenengoa da, 2026-2027 ikasturteko deialdi nagusia eta ikasturte osoa arautzen duena. Lanorduetako ikastaroak nahiz lanorduz kanpo egitekoak eskaintzen dira bertan.

2.– Azaroan bigarren deialdia argitaratuko dute IVAPek eta Osakidetzak, oraingo honen osagarria, eta 2026-2027 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo dute. Interesdunek otsailetik ekainera arteko eskolatzea eskatu ahal izango dute, betiere baldintza hauen pean:

– Ikastaroa 2026ko urrian hasi ez duten langileek aurrez aurreko bost orduko ikastaroa edo barnetegikoa eskatu ahal izango dute soilik, biak lanorduetan.

– Ikastaroa 2026ko urrian hasi duten langileek, aldiz, hurrengo aukerak izango dituzte:

Lanorduetan bi orduko ikastaroa egiten ari direnek modulu aldaketa eskatu ahal izango dute, hau da, bi orduko ikastarotik trinkora edo lau hilabeteko barnetegira, betiere lanorduetan.

Lanorduetan trinkoa edo lau hilabeteko barnetegia egiten ari direnek matrikula berritzeko eskaera edo modulu-aldaketa egin dezakete, alegia, trinkotik edo lau hilabeteko barnetegitik bi orduko ikastarora (lanorduetan nahiz lanorduz kanpo). Hilabeteko barnetegia egiten ari direnek, aldiz, matrikula berritzeko eskaera egin dezakete soilik.

Lanorduz kanpo ikasten ari direnek ezingo dute ikastaro berririk eskatu.

– Otsailean ezin izango da C2C2 edo C2C1 hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastarorik hasi, ezta autoikaskuntzakorik ere.

3.– Udako ikastaroa eskatu ahal izateko, aldez aurretik IVAPeko deialdien bidez ikastaroren bat egina izan behar du interesdunak eta, beraz, ikasprozesua hasita.

Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzen ardura da euskara-ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea, Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera. Hala, eskabideak zerbitzu-erakundeen langileen zuzendaritzek kudeatuko dituzte, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.

Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak Solaskidegune aplikazio informatikoa erabiliko du IVAPi baimendutako eskaeren berri emateko. IVAPek, aldiz, eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio Osakidetzari ezetsitako eskaerak zeintzuk diren, baztertzeko arrazoia adierazita.

Ordu-kreditua agortuta duten langileen kasuak Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak aztertuko ditu martxoaren 10eko 4/2026 Jarraibideak aintzat harturik.

4.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren intranet korporatiboaren bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:

www.osakidetza.eus (Profesionalak/Euskara/Euskara ikasi/(ikastaro mota aukeratu).

www.osakidetza.eus (Profesionalak/GGBBko Informazio sistemak/Euskara/Aplikaziora sartu/Norberari egokitutako kontsultak).

Eskaera telematikoa egitea ezinezko den kasuetan, interesdunek zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetan aurkeztu ahal izango dute izena emateko eskabidea, erregistroan sarrera eman eta gero. Inprimakia intranet korporatiboan izango da interesdunen eskura.

Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea; deialdi honen instrukzioan adieraziko dira eskaera egiteko jarraibide zehatzak.

4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.

Bi bide izango dira lanorduetako ikastaroetarako eskaerak egiteko: eskaera askea eta bideratua.

– Eskaera askea egiteko epea: 2026ko maiatzaren 4tik 17ra bitartean, biak barne.

– Eskaera bideratua egiteko martxoaren 10eko 3/2026 Jarraibideetan adierazitako prozedurari jarraituko zaio.

Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzan egon beharko dute 2026ko ekainaren 1erako.

Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesdunei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ezean, arrazoia espresuki azaldu beharko zaie interesdunei. Jakinarazpena 2026ko ekainaren 5erako egin beharko da beranduen ere.

Era berean, Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak onartutako behin betiko eskaeren berri emango dio IVAPi 2026ko ekainaren 5erako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ez aldaketarik onartuko, ez bada onartutako erreklamaziorik aurkezten behintzat.

Erabakiaren aurka erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari, 15 egun naturaleko epean, jakinarazpena bidaltzen zaien hurrengo egunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira, eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.

Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu, eta aldaketarik balego, zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzei eta interesdunei jakinaraziko lieke. Kasu honetan ere beste 15 egun naturaleko epea egongo da Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzan erreklamazioa aurkezteko.

4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea 2026ko maiatzaren 4tik 29ra bitartekoa izango da, biak barne. Data horretatik aurrera zerbitzu-erakundeek ez dute eskabiderik onartuko.

Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzan egon beharko dute 2026ko ekainaren 12rako, eta Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio IVAPi 2026ko ekainaren 22rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ez aldaketarik onartuko, ez bada onartutako erreklamaziorik aurkezten behintzat.

Osakidetzako Langileen eta Talentuaren zuzendariak ebazpen baten bidez argitaratuko du baimendutako eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda. Baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Ebazpena intranet korporatiboan argitaratuko da uztailaren bigarren hamabostaldian. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.

Baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek 15 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Langileen eta Talentuaren zuzendariari aurkezteko. Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan ere.

Langileen eta Talentuaren zuzendariaren ebazpen bidez ebatziko dira epean aurkeztutako erreklamazioak eta IVAPek ordu-kreditua agortuta izateagatik baztertutako eskaerak. Ebazpen horrek baimendu eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda jasoko du, eta, baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Halaber, behin betiko zerrendan zehaztuko da prestakuntza IVAPek edo Osakidetzak finantzatuko duen. Aipatutako ebazpena intranet korporatiboan argitaratuko da 2026ko irailaren lehen hamabostaldian. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, erakundean zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroen antolaketa.

Deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eta III. eranskinetan daude jasota. Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

Ordu-kreditua agortuta duten eta, Langileen eta Talentuaren zuzendariak onartutako martxoaren 10eko 4/2026 Jarraibideak aintzat harturik, eskaera onartu zaien langileen kasuan, Osakidetzak ordainduko ditu zuzenean ikastaroak. Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izango da langileei onartutako ikastaroen berri ematea.

Ikastaro trinkoetan parte hartzeko baimenak lauhileko osorako dira; barnetegira joatekoak, aldiz, lauhileko osorako edo lau asterako izan litezke; azkenik, lanorduetako bi orduko ikastaroetan parte hartzeko emandako baimenak ikasturte osorako izango dira, urritik ekainera.

5.1.– Mailaketa probak.

Langileren baten euskararen ezagutza neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du ekainaren azken astean. IVAPek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

Mailaketa-proba egitera deitu arren langileren bat ez bada adierazitako egun eta orduan aurkezten, ez du administrazioko taldean ikasiko. Ez joatea justifikatu badu, mailaketa-proba egiteko bigarren aukera bat izango du.

5.2.– Administrazioko taldeak.

Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langilez osaturiko taldeak antolatzen saiatuko da IVAP hiru hiriburuetan, goizez. Taldea osatzeko ikasle nahikorik ez badago, IVAPek matrikula-kodea emango dio ikasleari lanorduetan matrikula dadin.

Ikastaroa hasi baino lehen, IVAPek Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta. Era berean, ikastaroen egutegi zehatza ere banatuko du, eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

5.3.– Matrikula-kodearen bidez eskolaratzea.

Administrazioko taldeetara egokitzen ez diren langileentzat edo bestelako ordutegi edo herritan ikasi nahi dutenentzat, eskolaratzea matrikula-kodearen bidez egingo da.

IVAPek langile bakoitzari bere matrikula-kodea bidaliko dio, aurretik eskaeran adierazitako helbide elektronikora. Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak ere jasoko ditu matrikula-kode guztiak ikastaroak hasi baino lehen.

Matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

1.– IVAPek zehaztutako ikastaroa izatea. Matrikula-kodearekin batera jakinaraziko zaio interesdunari zein den Osakidetzak baimendutako ikastaroa.

2.– Matrikula edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan egin ahal izango da, betiere IVAPek onartutako ikastaroak eta HABEk araututako moduluak badira (III. eranskina).

3.– Gutxieneko iraupena izan behar dute:

– Bost orduko ikastaro trinkoek lauhilekoa.

– Barnetegiko ikastaroek lau astekoa edo lauhilekoa.

– Lanorduetako bi orduko ikastaroek ikasturte osokoa (urrian hasi eta ekainean bukatu).

4.– Matrikula-kodea euskaltegian 2026ko urriaren 19a baino lehen entregatu beharko da.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere ordainduko ditu. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak: joan-etorriak, materialak, etab.

Matrikula-kodearen bidez eskolatzen den ikasleak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia bete beharko ditu, IVAPek finantzatzen dituen moduluen baldintzen arabera.

IVAPek ez du matrikularik ordainduko baldintzak bete ezean. Kasu horietan, IVAPek ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari.

5.4.– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak.

Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek lansariaren % 100 kobratuko dute. Beraz, lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako; eskolatze eta puntualtasun huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira idatziz, beste edozein laneratze hutsekin egin ohi den bezalaxe. Bestalde, langileak ez du izango zerbitzuagatik eskura daitezkeen kalte-ordainak (dietak, gastuak...) jasotzeko eskubiderik.

Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du, ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiaren arabera egokitzen dituztela, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin. Langileen zuzendaritza bakoitzak liberatuta dagoen langilearen karteldegia urteko ohiko lanaldira egokituko du.

Liberatuta dauden langileek konpromisoa hartzen dute, maila egokia lortuz gero, IVAPek antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

Seigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen antolaketa.

Ikastaro hauek 2026-2027 ikasturte osorako izango dira, beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko. Deialdi honetan aurrez aurreko ikastaroak eta autoikaskuntzakoak eskainiko dira.

6.1.– Aurrez aurreko ikastaroak.

Aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaroetarako baimena, orokorrean, egunean 2/3 orduko ikastaroak egiteko izango da.

Matrikula-kode bidezko lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan egin beharko dira. Baldintza hauek bete behar dira:

Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.

Ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du derrigorrean (III. eranskina).

6.2.– Autoikaskuntza ikastaroak.

Ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira, eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean edo autoikaskuntza zentro homologatu batean egin beharko dira.

Autoikaskuntza ikastaroak txandaka lan egiten duten edo, euren lanpostuaren berezitasunak direla-eta, euskaltegian aurrez aurreko ikastaroa egiteko zailtasunak dituzten langileentzat dira. Hori dela bide, autoikaskuntzako ikastaroetan parte hartzeko baimena ematerakoan, lehentasuna izango dute txandaka lan egiten duten langileek, ondorengo hurrenkeraren arabera: langile finkoek eta bitartekoek. Dena den, Langileen eta Talentuaren zuzendariaren instrukzio baten bidez zehaztuko dira autoikaskuntza ikastaroa baimentzeko irizpideak eta lehentasun hurrenkera.

IVAPek autoikaskuntzarako eskaera guztietatik kopuru mugatua onartuko du, alegia, Osakidetzak baimentzen dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 30, gehienez ere. Hori dela eta, guztira baimendutako lanorduz kanpoko ikastaro kopuruaren arabera, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak zehaztuko du zerbitzu-erakunde bakoitzak izango duen autoikaskuntza ikastaroen baimen-kupoa.

Zerbitzu-erakundeek ezetsi egingo dituzte 2025-2026 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiten ari diren langileen eskaerak bigarren hiruhilekoaren bukaeran % 75eko aprobetxamendua betetzen ez badute. Bestalde, ezetsi egingo dira 2025-2026 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiteko onartuak izan ziren baina, jakinarazi gabe, ikastaro hori egin ez zuten langileen eskaerak, baita hasi ondoren utzi zutenenak ere.

Nolanahi ere, zerbitzu-erakundeak ikastaroa egiteko eskaerak baimentzeak ez du ziurtatzen IVAPek automatikoki eskaerak onartuko dituenik; 2025-2026 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egin duen ikasleak ikasturte bukaeran % 80ko aprobetxamendua izan beharko du nahitaez 2026-2027an onartua izateko.

Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Euskaltegiek zein autoikaskuntza zentroek berariaz lineako ikastaroak emateko dituzten programen bidez ikastea. Nahiz eta tarteka tutoretza edo mintza saioak izan, oro har, lan gehiena bakoitzak bere kasa antolatzen du, programa horiek bakarka eta zehaztutako ordutegirik gabe erabilita.

b) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabiliz egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabiliz, edo bata zein bestea. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.

c) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute, eta ikastaroa uzteak ez du ordu-kredituen zenbaketa geldiaraziko; hau da, ordu kopuru osoa deskontatuko da ordu-kreditutik.

d) Autoikaskuntzako ikastaroak HABEk araututako ikastaro moduluak izan behar dira.

6.3.– Matrikulazioa, ordainketa eta kostua.

Matrikulazioa matrikula-kodearen bidez egingo da eta euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2026ko urriaren 19a baino beranduago entregatuko diren matrikula-kodeak.

IVAPek langile bakoitzari bere matrikula-kodea bidaliko dio, aurretik eskaeran adierazitako helbide elektronikora. Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak ere jasoko ditu matrikula-kode guztiak ikastaroak hasi baino lehen.

Matrikula-kodearen bidez finantzatuko diren ikastaroen zehaztapena III. eranskinean dago jasota, eta matrikula-kodea bakarrik erabiliko da bertan zehaztutako ikastaroa egiteko. Ez da onartuko, adibidez, autoikaskuntzako matrikula-kodearen bitartez aurrez aurreko ikastaroetan matrikulatzerik. Era berean, lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak onartutako ikastarorako matrikula-kodea jaso ondoren, ezin izango du aldatu.

Matrikula ordaintzeari eta kostuari dagokienez, bosgarren oinarriaren 3. atalean adierazitakoa aplikatuko da.

Ordu-kreditua agortuta duten eta, Langileen eta Talentuaren zuzendariak onartutako martxoaren 10eko 4/2026 Jarraibideak aintzat harturik, eskaera onartu zaien langileen kasuan, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak matrikula-orri bereziak (arrosa kolorekoak) sortu eta eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraziko dizkio, ikasle bakoitzak onartutako moduluan matrikula egin dezan. Langile horiek eskola hasi baino lehenago jaso beharko dute matrikula-orri arrosa bere zerbitzu-erakundean, 2026ko urriaren 9a baino lehenago.

Ordu-kreditu negatiboa duten langileen kasuan, Osakidetzak ordainduko ditu matrikula-orriak, betiere interesdunek eta ikastaroek IVAPen aurreko baldintzak eta Osakidetzako Langileen eta Talentuaren zuzendariaren martxoaren 10eko 4/2026 Jarraibideetako prozedurak betetzen badituzte.

Zazpigarrena.– Ikastaroen asistentzia eta aprobetxamendua.

7.1.– Eskoletan hastea.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta ikastaroen antolakuntza arrazoiak direla medio, ez da onartuko 2026ko urriaren 19a baino beranduago hasterik, eta, ondorioz, IVAPek baja emango die automatikoki data horretarako eskoletan hasi ez diren langileen eskaerei.

IVAPek eta Osakidetzak arrazoi hauengatik soilik onartuko du eskolan berandu hastea gaixotasun luzea edo larriagatik, erditzeagatik, amatasunagatik edo aitatasunagatik eta adopzio edo harreragatik. Nolanahi ere, kasu horietan honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek eta Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak aldez aurretik jakin behar dute langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan berandu hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi aldez aurretik abisatu gabe. Eskolan hasteko prest dagoenean, dagokion zerbitzu-erakundeko langileen zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio, idatziz, Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari, honek IVAPi jakinaraz diezaion.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

IVAP eta Osakidetza saiatuko dira pertsona horien eskolatzeak bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean. Edonola ere, ikastaro hasieran galdutako orduak (% 20ra arte) zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.

7.2.– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak.

Ondorio guztietarako, eskola-orduak lanorduak dira praktikan, hau da, hutsegite bakoitza (eskolatze edo puntualtasun hutsegiteak) lanegun/lanordu faltatzat hartuko da, beraz, justifikazioa eman beharko zaio zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak liberazioa etetea eta hurrengo ikastaroa ez onartzea ekar dezake. Bestalde, eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.

Euskara ikastaroetara joateko baimena zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen erabakia denez, beraien ardura da baimendutako epean etenik gabeko eskolaratzea bermatzea, baita ikastaroetan parte hartzen duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela ziurtatzea ere, ikastaroaren aprobetxamenduan kalterik egon ez dadin.

Eskolarik ez dagoen egunetan, euskara ikastaroa lanorduetan egiten ari diren langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.

Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzak horren berri emango dio aldez aurretik Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzari.

7.3.– Autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamenduari buruzko irizpidea.

Osakidetzak honako irizpide hau ezartzen du 2026-2027 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko bigarren hiruhilekoaren bukaeran asistentzia % 75etik gorakoa izatea eta ikasturte bukaeran % 80koa.

Ondorioz, 2026-2027 ikasturterako deialdian Osakidetzak ez die autoikaskuntza ikastarorako eskaera onartuko asistentziaren ehuneko horiek betetzen ez dituzten pertsonei, ezta joateari uzten diotenei ere.

7.4.– Ikastaroen asistentziari buruzko datuak.

Hilez hil IVAPek Osakidetzaren Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzaren esku utziko du aurrez aurreko ikastaroen gaineko asistentziari buruzko informazioa. Halaber, langileen ebaluazioari buruzko datuak emango ditu ebaluazioen ondoren.

Autoikaskuntza ikastaroetako asistentziari eta ebaluazioari buruzko datuak hiru hilerik behin bidaliko ditu IVAPek eta Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetara bidaliko ditu.

Zortzigarrena.– Ikastaroari uko egitea.

Lanorduetako langileak ikastaroari uko egitea erabakitzen badu, bere zerbitzu-erakundeko langileen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio; horrez gain, Osakidetzaren intranet korporatiboan eskura dagoen «uko egiteko» galdetegia bete eta bidali beharko du.

Lanorduz kanpokoek, berriz, «uko egiteko» galdetegia bete eta bidali beharko dute soilik, Zuzendaritzari jakinarazi gabe. Galdetegia hurrengo loturan egongo da:

www.osakidetza.eus (Profesionalak/Euskara/Euskara ikasi/(Ikastaro mota aukeratu)/Ikastaroari uko egiteko inprimakia/galdetegia).

Lanorduetako ikastaroen kasuan, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du; bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.

Lanorduz kanpoko ikastaroetako ikasleek, aldiz, beranduen ere, 2026ko urriaren 23rako jakinarazi beharko dute uko egitea. Inon matrikulatu ez eta uko egiteko jakinarazpenik bidaltzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian. Pertsona eta Talentuaren Zuzendaritzak ez ditu onartuko data horretatik aurrera aurkeztutako uko egiteak.

Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak 2026ko azaroaren 20rako IVAPen Solaskidegune aplikazioan erregistratuko ditu jasotako uko egiteak.

Bederatzigarrena.– Eskolara joateari uztea.

Eskolan hasi ondoren ikastaroa behin betiko utziz gero, lanorduetako langileak horren berri eman beharko dio lehenbailehen bere zerbitzu-erakundeko langileen Zuzendaritzari; horrez gain, Osakidetzaren Intranet korporatiboan eskura dagoen «joateari uzteko galdetegia» bete eta bidali beharko du.

Lanorduz kanpokoek, berriz, «joateari uzteko» galdetegia bete eta bidali beharko dute soilik, Zuzendaritzari jakinarazi gabe. Galdetegia hurrengo loturan egongo da:

www.osakidetza.eus (Profesionalak/Euskara/Euskara ikasi/(Ikastaro mota aukeratu)/Eskolara joateari uzteko galdetegia).

Eskola-joateari uztearen data, Intraneten inprimakia bete den egunekoa izango da, eta IVAPek egun hori hartuko du ordu-kredituaren kontaketa eteteko. Beraz, eskola-joateari uztea jakinarazten ez bada, ikasleak jarraitu egingo du ordu-kredituaren orduak gastatzen. Hortaz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua da inprimakia lehenbailehen betetzea, Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak IVAPeko Solaskidegune aplikazioan erregistra dezan.

Arrazoizko azalpenik eman ezean, bi ikasturtez jarraian eskolara joateari uzten bazaio, langileen eskaerak ezetsi egingo dira hurrengo deialdian.

Autoikaskuntza ikastaroa uzteak bi ondorio izango ditu: batetik, ordu-kredituari ikastaroaren ordu kopuru osoa kenduko zaio (190 ordu) ikasturteko lehenengo hiruhilekoa bukatutakoan; eta, bestetik, hurrengo deialdian, autoikaskuntza ikastarorako eskaera ezetsi egingo da.

Hamargarrena.– Ordu-kreditua.

Deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita, IVAP eta Osakidetzaren arteko lankidetza hitzarmena arautzen duen 2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraituta. Agindu horren seigarren artikuluaren arabera, euskara hasi ahal izateko beharrezkoa da ikasturte hasieran ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea.

Urrian ikasle berriei hasiera-maila ezarriko zaie. Urrian ikastarorik egin ez badute, otsailean ezarriko zaie hasiera-maila.

Ordu-kredituaren kontrolari dagokionez, 2026-2027 ikasturtearen hasiera urrian izango da, eta hiru deialdiak bilduko ditu: urrian eskolatzeko deialdia, otsailean eskolatzekoa eta udakoa.

Gauzak horrela, IVAPek eta Osakidetzak ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko dute:

a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola berriro aplikatuko. Hortaz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

b) 2026-2027 ikasturtea otsailean edo udan hasten diren ikasleei eskaeraren unean aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenek ezin izango dute ikastaroa egin.

Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie. Ikastaroa lehenago uzten bada, dagozkien 190 orduak kenduko zaizkie ikasturte bakoitzean.

Hamaikagarrena.– Ordu-kreditua agortuta duten langileak.

Ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantza dezake, bai matrikula zuzenean ordainduz (liberatuen kasuan), bai lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzen direnentzako dirulaguntza-deialdia eginez.

Kasu batean nahiz bestean, Osakidetzak ordu-krediturik gabeko langileen ikastaroak ordainduko ditu, baldin eta interesdunek Langileen eta Talentuaren zuzendariaren martxoaren 10eko 4/2026 Jarraibideetako baldintzak betetzen badituzte. Dirulaguntzen aurrekontua nahikoa ez balitz, aipatuko jarraibideetako lehentasun irizpideak ezarriko dira, jarraibide horietan arautzen baitira ordu-kreditua agortu eta euskara ikasten jarraitzeko ohiz kanpoko laguntzak.

Hamabigarrena.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan euskara-ikastaroak kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua, alde batetik, Osakidetzaren ardurapean egingo dela, eta, beste alde batetik, IVAPen ardurapean.

Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Langileen eta Talentuaren Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa

Halaber, interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak IVAPek tratatuko dituela eta EAEko Administrazio Publikoetako Langileen Euskalduntzea izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere. Hori guztia, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun baten arabera.Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK: BARNETEGIKO ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK

1.– Lanorduetako barnetegiko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola-orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu behar zaielako.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroen iraupena lau astekoa edo lauhilekoa izango da, eta euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie. Hilabeteko barnetegia ez da bateragarria beste edozein ikastarorekin, alegia, ikasturte osoan hilabeteko bi barnetegi soilik egin daitezke.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Lanorduetako bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola-orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu behar zaielako.

Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: 2026ko urriaren 1etik 2027ko otsailaren 12ra arte. Dena den, egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta gerta daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Gabonetako oporraldia 2026ko abenduaren 24tik 2027ko urtarrilaren 6ra izango da, bi egunak barne, eta epe horretan ez da eskolarik izango.

Guztira, hiru ebaluazio egingo dira.

Modulu honek lauhileko iraupena duenez, otsailetik aurrera aritzeko, langileek azaroko deialdian, hau da, deialdi osagarrian, eman behar dute izena, baita maiatzean, hots, deialdi nagusian, izena eman dutenek ere.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

3.– Lanorduetako bi orduko ikastaroak.

Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.

IVAPeko taldeen egutegia: 2026ko urriaren 1etik 2027ko ekainaren 18ra arte. Dena den, egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta gerta daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Gabonetako oporraldian ez da eskolarik izango 2026ko abenduaren 24tik 2027ko urtarrilaren 6ra, biak barne. Era berean, ez da eskolarik izango Aste Santuko oporraldian, 2027ko martxoaren 22tik apirilaren 2ra, biak barne.

Administrazioko taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen. Modulu honetan ebaluazio bi egingo dira.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala