
64. zk., 2026ko apirilaren 8a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (141 KB - 4 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
1488
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 24koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegiko Medikuen Kidegoaren aldi baterako beharrak betetzeko lan-poltsa irekitzen duena.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aldi baterako dauden langileen beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeko araudia onartu zen. Agindu horrek, 8. artikuluan, lan-poltsak bi kasutan irekitzea aurreikusten du: dagokion urteko oposizioak amaitu ondoren edo, bigarren kasuan, lanpostuak betetzeko beharrak zerrendetan dauden langileekin bete ezin direla aurreikusten denean.
Hautaprobetan parte hartu duten langileak sartzeko lan-poltsak erregulartasunez ireki diren arren, Auzitegiko Medikuen Kidegorako lan-poltsaren kasuan, ez da nahikoa pertsona sartu lanpostuak betetzeko beharrei erantzuteko. Horren ondorioz, une jakin batzuetan bete ezin izan diren lanpostuak egon dira, eta horrek ondorioak izan ditu zerbitzu publikoa ematean.
Hori dela eta, erkidego honetan Auzitegiko Medikuen Kidegoko lanpostu jakin batzuk bete behar direnez eta, era berean, etorkizuneko beharrei erantzun ahal izateko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduan oinarrituta, Justizia Administrazioko Zuzendaritza honek auzitegiko medikuen kidegoko lanpostuak betetzeko lan-poltsa irekitzea ebatzi du, honako oinarri hauen arabera:
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen helburua da Auzitegiko Medikuen Kidegoko lan-poltsa handitzea eta lan-poltsa horretara sartzen diren hautagai berrien birbaremazioa egitea.
Bigarrena.– Auzitegi-medikuen kidegoko lan-poltsan sartzeko hautagaiek bete beharreko baldintzak.
Auzitegiko Medikuen Kidegoko lan-poltsan sartzea eskatzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lan-poltsetan dauden bitartean mantendu beharko dituzte:
1.– Betekizun orokorrak:
1.1.– Nazionalitatea: Espainiako nazionalitatea izatea.
1.2.– Adina: hamasei urte izatea eta nahitaezko erretirorako adina ez izatea.
1.3.– Gaitasuna: lortu nahi den Auzitegiko Medikuen kidegoko zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izatea.
1.4.– Habilitazioa:
a) Dolozko delituagatik askatasunaz gabetzeko zigorrik jaso ez izana, salbu eta aurrekari penalak ezereztea edo birgaitzea lortu bada.
b) Administrazio publikoren baten zerbitzutik bananduta edo bereizita ez egotea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutu edo berezirik ez izatea.
c) Ez izatea Auzitegiko medikuen kidegokoa.
2.– Betekizun espezifikoak:
Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen Medikuntzako lizentziatura edo gradua izatea edo eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria edo, hala badagokio, baliokidetasun-ziurtagiria izan beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko araututako lanbideen eremuan, Europar Batasuneko Zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide-kualifikazioaren aitorpena lortu duten izangaiei.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dituzte izapide hauek:
a) Eskabidea aurkeztea.
b) Hala badagokio, erantsitako dokumentazioa aurkeztea.
2.– Parte hartzeko eskabidea aurkezteko eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, horretarako prestatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da. Inprimaki hori hemen eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/2026/lan-poltsa-handitzea-am/web01-tramite/eu
3.– Eskabidea eta deialdiarekin zerikusia duen beste edozein dokumentu bitarteko ez-elektronikoen bidez aurkeztuz gero, ez aurkeztutzat joko da.
4.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Epe hori igaro ondoren, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak irizten badio auzitegi-medikuen kidegoko lan-poltsan sartzeko eskatu duten pertsonen kopurua ez dela nahikoa auzitegi-medikuen beharrei erantzuteko, zerrenda irekita utzi ahal izango du. Hala ere, epe hori amaitu ondoren sartzen diren pertsonei eskaera aurkeztu duten hurrenkeraren arabera bidaliko zaizkie lan-eskaintzak, eta, betiere, eskaera ezarritako epean aurkeztu zuten pertsonei bidali eta gero.
Laugarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
– Alegatutako euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen tituluaren ziurtagiri ofiziala edo homologazioa, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko. Erregistro horretan agertzen ez bada, egiaztatu egin beharko da.
– Salbuetsita egotea, euskaraz egindako ikasketa ofizialak direla-eta, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik.
– Kidegoan sartzeko eskatzen den Medikuntzako lizentziaren edo graduaren titulazioaren ziurtagiri ofiziala, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Hezkuntza Ministerioko Tituluen Erregistroan egiazta ditzan, unibertsitatekoak izan zein ez.
Alegatutako tituluak 1992a baino lehen lortu badira (unibertsitate-titulu ofizialak), edo 1991ren aurretik eman badira (unibertsitatekoak ez diren titulu ofizialak), eta erregistro horietako batean inskribatzeko eskatu ez bada, aurkeztu egin beharko dira.
– EAEtik kanpo Auzitegiko Medikuen Kidegoan egindako zerbitzuak.
– Nortasun Agiri Nazionalaren edo Espainiako pasaportearen kopia.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko modua.
Izapide horiek egiteko, hautagaiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio- eta sinadura-bitarteko elektronikoetako bat eduki beharko dute. Bitarteko horiek (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/) webgunean daude jasota, besteak beste:
a) Izenpek emandako pertsona fisikoen ziurtagiriak, B@kQ barne.
b) Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoarenak), software formatuan.
c) NAN elektronikoa.
Seigarrena.– Merezimenduen balorazioa.
Merezimenduak irizpide hauen arabera baloratuko dira:
a) Emandako zerbitzuak.
Auzitegiko Medikuen Kidegoan bitarteko funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora: 1 puntu, zerbitzu-urte oso bakoitzeko, eta proportzionalki zenbatuko dira aldi laburragoak (0,0027777 eguneko, urteak 360 egun dituela ezarrita).
b) Sarbide-probak.
Auzitegiko medikuen kidegoan sartzeko hautaprobetako oposizio-fasean gainditutako ariketa bakoitza 2 punturekin baloratuko da, eta enplegu publikoko eskaintzetan lortutako puntuazioa metatuko da.
c) Tituluak.
a) Auzitegi-medikuntzako espezialitatea: 3 puntu.
b) Psikiatriako, Traumatologiako edo Anatomia Patologikoko espezialitatea: 2 puntu horietako bakoitzeko.
d) Euskararen ezagutza.
a) 1. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea:1 puntu.
b) 2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea: 2 puntu.
c) 3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea: 3 puntu.
d) 4. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea: 4 puntu.
Berdinketarik izanez gero, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduaren 13.1 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Zazpigarrena.– Behin-behineko ebazpena.
Behin-behineko ebazpena eta baztertutako pertsonen zerrenda Nire karpeta egoitza elektronikoan, Enplegatuaren Atarian eta (www.justizia.eus) webgunean argitaratuko dira.
Behin-behineko ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahal izango dira bost egun balioduneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Baztertutako langileen zerrendaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
Zortzigarrena.– Behin betiko ebazpena.
Alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko ebazpena argitaratuko da Nire karpeta egoitza elektronikoan, Enplegatuaren Atarian eta (www.justizia.eus) webgunean.
Bederatzigarrena.– Indarrean dagoen lan-poltsa agortzen denean baino ez zaizkie bidaliko lanpostu-eskaintzak poltsa-irekiera honen bitartez sartzen diren langileei, eta lan-poltsa guztien baremazio orokorra egiten denean sartuko dira lan-poltsa horretan, dagokien hurrenkeran.
Hamargarrena.– Ebazpen honetan jasotzen ez diren gai guztiak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduan ezarritakoaren arabera ebatziko dira.
Hamaikagarrena.– Errekurtsoak.
Deialdi honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 24a.
Justizia Administrazioko zuzendaria,
MARÍA DOLORES MOVILLA RIVAS.
RSS