Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2026ko martxoaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
1319

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko dirulaguntzen oinarriak argitaratu eta 2026-2027ko ekitaldiko deialdia egiten duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2026ko martxoaren 16ko bilkuran, Erabakia hartu zuen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazioko ekintzen eta zerbitzuen garapena finantzatzeko laguntzen oinarriak onartzeko eta 2026-2027 ekitaldirako deialdia egiteko, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j) artikuluari jarraikiz.

Estatutu horien 14.2.n) artikuluak xedatzen duena aintzat hartuta, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratu daitezen agintzea.

Horrenbestez, azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2026ko martxoaren 16ko Erabakia, zeinaren bidez onartzen baitira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazioko ekintzen eta zerbitzuen garapena finantzatzeko laguntzen oinarriak eta deialdia egiten baita 2026-2027 ekitaldirako. Ebazpen honen eranskinean dago jasota erabakia.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Jakitera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez daitekeela, aipatutako organoaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daitekeela zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 16a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREKIN LANKIDETZAN ENPLEGURAKO ORIENTAZIORAKO EKINTZEN ETA ZERBITZUEN GARAPENA FINANTZATZEKO 2026-2027 EKITALDIRAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak harremana du herritarrekin, eta harreman horren elementu nagusia da banakako arreta espezializatua. Arreta horren helbururik behinena da langabezian daudenen enplegagarritasuna hobetzen eta lana dutenek enpleguari eusten saiatzea. Gaur egun, gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen jarraitzen du, laguntza pertsonalizatuaren prestazioa berma dadin, baina, zerbitzu horrek, aldi berean, bat etorri behar du EAEko lan-merkatuaren beharrekin. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erantzun egiten dio gizartearen eskaera horri; horretarako, laneratzeko eta enplegua lortzeko zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei, eta, hartara, herritarren enplegagarritasuna hobetzen du.

Europako Gutun Sozialak «orientazio, prestakuntza eta berregokitze profesional egokiak» sustatzearekin lotzen du pertsonen lanerako eskubidea eraginkortasunez gauzatzea, lan duinari lotutako eskubideak aitortuz eta, aldi berean, enplegurako orientaziorako eta lanbide-heziketarako eskubideak arautzen ditu.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua guztiz bat dator Kontseiluaren eta estatu kideetako gobernuen ordezkarien ebazpen-proiektuaren ildoarekin (2008ko azaroaren 21eko Kontseiluak emandakoa), non orientazioa honela definitzen den: etengabeko prozesua, herritarrei aukera ematen diena, edozein adinetan eta bizitzan zehar, beren gaitasunak, konpetentziak eta interesak zehazteko, hezkuntzari eta prestakuntzari dagokienez, lanean eta gaitasun zein konpetentzia horiek eskuratu edo erabil daitezkeen beste esparru batzuetan. Definizio horretan bertan oinarrituta, orientazioak aintzat hartuko lituzke banako edo taldeko jarduerak, hala nola informazioa ematekoak, kontsultak egitekoak, konpetentziak ebaluatzekoak, laguntzekoak, eta ikasketak kudeatzeko zein erabakiak hartzeko beharrezkoak diren konpetentziak irakastekoak.

Deialdi honek kontuan hartzen du apirilaren 30eko 438/2024 Errege Dekretua, zeinaren bidez garatzen baitira Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzu Zorro Komuna eta Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legeak ezarritako zerbitzu bermatuak.

Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legeak ezarritako irizpideei jarraikiz, 2. artikuluan honela definitzen dira enplegu-politika aktiboak: hainbat erabaki, neurri, zerbitzu eta programa, xede dutenak enplegagarritasuna hobetu eta langabezia murriztea, enplegu duin, egonkor eta kalitatezkoa eskuratzeko eskubidea osorik garatzea, lan egokia sortu eta enplegu osoko helburua lortzea, Konstituzioaren 35. eta 40. artikuluetan eta Europar Batasunaren enplegurako estrategia koordinatuaren esparruan xedatutakoaren arabera.

Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 4.e) artikuluan ezartzen da ezen enplegu-politikaren helburu espezifikoetako bat dela enplegu-politikarako lehentasunezko kolektiboei arreta espezializatua ematea eta edozein diskriminazio-mota desagerraraztea, aipatutako kolektiboentzat prestatutako laneratze-politika egokiak bermatuz; era berean, eta ildo beretik, 31. artikuluak ezartzen duenez, enplegu-politikarako lehentasunezko kolektiboetako pertsonei bermatu egin beharko zaie zerbitzu espezializatuak ematen zaizkiela, beren laneratzea errazteko, edo, hala badagokio, enpleguari eutsi edo lanbidean aurrera egiteko.

Aipaturiko legearen 12. artikuluan ezarri eta zehaztutakoaren arabera, orientazioa da enplegua era aktiboan babesteko Espainiako estrategiaren barruko 1. ardatza. Horren barruan jasotzen dira honako jarduera hauek: informazioa, enplegurako orientazioa, motibazioa, aholkularitza, diagnostikoa, profil profesionalaren eta konpetentzien zehaztapena, banako ikaskuntza-ibilbidearen diseinua eta kudeaketa, enpleguaren bilakaera, lan-bitartekaritza, eta, laburbilduz, onuradunen laneratzea babesteko jarduerak.

Era berean, lege horren 30. artikuluak nabarmentzen du ezen enplegu-zerbitzu publikoetako eta erakunde laguntzaileetako langileek espezializazioa eta profesionaltasuna behar dituztela, hala erantzun bat emateko okupazioa eskatzen duten profil desberdinei eta errealitate berriei.

Bestalde, 32.3 artikuluaren arabera, enplegu-politika planifikatu eta koordinatzeko tresnetan jasotako zerbitzu eta programak zuzenean kudeatu ahalko dira aipatutako enplegu-zerbitzu publikoetatik edo lankidetza publiko-pribatuaren bidez, kontratu-programak sinatuz, dirulaguntza publikoak emanez, kontratazio-administrazioaren bidez, eta, bereziki, esparru-akordioak sinatuz, hitzarmenak adostuz edo zuzenbidearen arabera egokia den bestelako edozein forma juridiko baliatuz.

Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 47.3 artikuluak ezartzen du ezen, enplegagarritasuna eta lan-merkaturako sarbidea hobetzeko ibilbide edo plan pertsonalizatuan aipatutako ekintzak, programak edo jarduerak garatuz gero, bete egingo dela jarduera-akordioa. Hori betetzen dela egiaztatzeaz arduratuko dira enplegu-zerbitzu publikoak edo erakunde laguntzaileak.

Azkenik, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 56. artikuluak jasotzen ditu enplegu-zerbitzuen eskatzaileei bermatutako zerbitzuak, eta honako hauek dira:

Erabiltzailearen banako profila egitea, enplegu-zerbitzuen eskatzailea ebaluatu ahal izateko, bere enplegagarritasuna hobetzeko ebidentzia estatistikoen laguntzaz; hala, ondoren, errazagoa izango da prestakuntza-ibilbide pertsonalizatua, enpleguaren bilaketa aktiboa edo ekintzailetza egokia diseinatzea.

Banakako tutoretza, aholkularitza jarraitua eta arreta pertsonalizatua, aurrez aurre nahiz aurrez aurrekoa ez dena, lan-trantsizioetan: bai hezkuntzaren eta enpleguaren arteko trantsizioan, bai enpleguaren eta langabeziaren arteko trantsizioan.

Erabiltzailearen profilerako egokia den ibilbide edo plan pertsonalizatua. Horretarako, enplegu-zerbitzu publikoaren eta erabiltzailearen artean sinatutako jarduera-akordioa formalizatu beharko da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, deialdi honen bidez, ahalegina egin du, orobat, Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legea kontuan harturik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, erantzun bat emateko pertsonen ondoz ondoko birkualifikazio- eta birrorientazio profesionaleko prozesuak lantzeko eta eskaintzeko etengabeko beharrari heltzen dioten politika publikoei. Hain zuzen ere, ildo horri oraturik, legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu orientazio-programak: lan duina izateko eskubidea gauzatzeko, kalitatezko enplegua sortu eta sustatzeko, pertsonen laneratzea bultzatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko tresnak.

Halaber, kontuan hartu behar da Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen helburuetako bat dela enplegu-zerbitzuen lan-eremuko laguntza indartzea, eta, horrez gain, gizarte-zerbitzuek laguntza emateko aukera desberdinak estaltzea eta, horren haritik, desabantaila-egoeran dauden kolektiboei arreta ematea.

Halaber, deialdi honek bere gain hartzen ditu 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) 3. bektore estrategikoan proposatutako orientazioak. Estrategia horren helburua da, hain zuzen ere, laguntza eta orientazio pertsonalizatua ematea enplegu-politika aktiboen funtsezko elementu gisa, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sar daitezen errazteko. Pertsonalizazioa funtsezko zutabea da esku hartzeko ereduetan eta horien emaitzek arrakasta izan dezaten, eta beharrezkoa da irmotasunez aurrera egitea zerbitzu espezializatuak eratzen, kolektibo eta pertsona bakoitzaren behar eta errealitateetara egokituta. Hau da, esku hartzeko ereduek aukera eman behar dute gizarteratze pertsonalizatuko benetako ibilbideak diseinatzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ardura da langabeen edo landunen (enplegu-eskatzaile gisa edo enpleguaren aurreko zerbitzuen eskatzaile gisa inskribatuta dauden horien) enplegu-ibilbide pertsonala eta banakoa diseinatu, prestatu eta gauzatzea, hala badagokio. Ibilbide gisa, edo, bestela, pertsonen eskariaren ondorioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ardura izango dira enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio-zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta erakunde nahiz organismo publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak (interesduna laneratzea errazteko), prestakuntzaren bidez konpetentziak hobetuz eta bazter utzi gabe enplegurako motibazioari lotutako alderdiak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aukera eskaintzen du enplegagarritasunaren balorazioa egin eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko pertsonekin lankidetzan. Balorazio hori, ibilbide pertsonalizatuak, ekintza zehatzak eta horien ziozko zerbitzuak emango ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, zuzenean edo erakunde laguntzaileen bitartez.

Kontuan hartuta enplegurako orientazioaren zerbitzuaren jardueren hartzaile potentzialen kopurua, premiazkoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lan egiten duten erakundeen sarea aukeratzeko finkatu den prozedurari eustea. Sare horretako erakundeek lagunduko dute ezartzen diren ibilbide pertsonalizatuen ziozko orientazio-jarduketak eta -zerbitzuak ematen.

Deialdi honen 4. artikuluak erakunde onuradunen lankidetza definitzen du enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileen enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegua lortzeko ibilbideen diseinuaren arloan, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden zerbitzu-eskatzaileen kasuan ere.

Hori guztia dela eta, deialdiak aparteko kapitulu bat dauka, III. kapitulua, orientazio-zerbitzuak garatzeko lankidetza-prozesuak garatu daitezen desabantailan dauden kolektibo batzuei arreta ematen espezializatutako erakundeen bidez; hain zuzen ere, enplegua bilatzen ari diren kolektibo hauentzat: desgaitasunen bat duten pertsonak, ijitoak, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak eta espetxeratuta dauden edo egon diren pertsonak.

Laguntza-deialdi honen bitartez zehazten dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik kanpoko erakundeen laguntza behar duten orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta haiek finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egiten da.

Era berean, ezartzen da zer gutxieneko baliabide pertsonal eta material eduki behar dituzten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko erakunde laguntzaileek, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Ekimen hori jasota dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 3. helburu estrategikoaren barruan («Enplegu-politika aktiboetarako eskubide subjektiboa eta politika horiek kalitatezko enplegu-zerbitzu eraginkor bihurtzea»), eta 3.4 gako estrategikoari erantzuten dio: «Euskal Enplegu Sistema, interbentzio-ereduak neurrira egiten dituena eta enpresen eta pertsonen beharrei erantzun azkarra ematen diena, langabeziaren kronifikazioa ekiditeko». Programa hori bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Agindua dela bide onartu zen eta Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratu zen, honako esteka honetan: https://www.lanbide.euskadi.eus/programa-nabarmenak-enpresak/weblan00-ayudasysubvenciones/eu/ Hori eginda, bete egiten da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus. web-orrian argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legeak ezarritako ildoan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren helburua da tokiko enplegu- eta garapen-planak sortzea. Plan horiek tokiko eremuetan enplegu-politika publikoak planifikatzeko tresnak izango lirateke, jarduera ekonomikoa eta soziala sustatu edo eraldatzen dutenak hazkundea eta lan duina sortzeko xedez, kontuan hartuta lehendik dauden baliabideak eta lurralde-testuinguruaren aukerak.

Ildo horretan, jarduteko lehen urrats gisa, eta 15/2023 Legean bertan aurreikusitako etorkizuneko Enpleguaren Euskal Sarearen eta aipatutako enpleguko eta tokiko garapeneko planen agertokiaren aurretik, Lanbidek toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntza-lerro espezifiko batzuk ezarriko ditu 2026an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazio ekintzak gauzatzeko, norgehiagoka bidez garatzen den deialdi honetatik kanpo. Berariazko dirulaguntza horiek bateraezinak izango dira deialdi honen egikaritzearekin eta dirulaguntza horietatik jasotzen diren zenbatekoekin.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honen Administrazio Kontseiluak 2026ko martxoaren 16an egindako bilkuran, onartu egin ditu 2025-2026 ekitaldietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazioko ekintzen eta zerbitzuen garapena finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egiteko oinarriak.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak garatzeko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan. 2026-2027 epealdian gauzatuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan, bi dirulaguntza-lerro baliatuz:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileei oro har zuzendutako dirulaguntzak, enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko.

b) Oinarri hauen 12.1 artikuluan deskribatzen diren kalteberatasun- edo desabantaila-egoeran dauden kolektiboetakoak izanik, enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileei edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden eskatzaileei zuzendutako dirulaguntzak, enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 7.873.206,00 eurokoak dira guztira; horietatik, 3.936.603,00 euroko zenbatekoa dagokio 2026ko aurrekontuko ordainketa-kredituari, eta 3.936.603,00 euroko zenbatekoa, berriz, 2027ko konpromiso-kredituari.

2.– Aurreko apartatuan agertzen den baliabide ekonomikoen zenbateko osoa banatu egingo da arestian aipatutako dirulaguntza-lerroen artean, honela:

a) Zenbateko honekin finantzatuko dira Lanbide – Euskal Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileei oro har ematen zaizkien enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko dirulaguntzak, II. kapituluan ezarritakoak: 3.996.000 euro; horietatik, 1.998.000,00 euroko zenbatekoa dagokio 2026ko ordainketa-kredituari, eta 1.998.000,00 euroko zenbatekoa, berriz, 2027ko konpromiso-kredituari.

b) Zenbateko honekin finantzatuko dira, oinarri hauen 12.1 artikuluan deskribatzen diren kalteberatasun- edo desabantaila-egoeran dauden kolektiboetakoak izanik, enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileei edo Lanbide – Euskal Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden eskatzaileei ematen zaizkien enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko dirulaguntzak, III. kapituluan ezarritakoak: 3.877.206,00 euro; horietatik, 1.938.603,00 euro dagozkio 2026ko ordainketa-kredituari, eta 1.938.603,00 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.

II. KAPITULUA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAN IZENA EMANDA DAUDEN ENPLEGU- ETA ZERBITZU-ESKATZAILEEI ORO HAR EMATEN ZAIZKIEN ENPLEGURAKO ORIENTAZIOKO EKINTZAK ETA ZERBITZUAK GARATZEKO DIRULAGUNTZAK

3. artikulua.– Kapitulu honen xedea.

Kapitulu honen xede dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emango dituen dirulaguntza hauen oinarri espezifikoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileei oro har zuzendutako dirulaguntzak, enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko. 2026ko eta 2027ko ekitaldietan gauzatuko dira.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak: enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jaso ditzakete banako nahiz taldeko aurrez aurreko eta beste modalitate batzuetako orientazioko ekintza eta zerbitzuek; ekintza eta zerbitzuok garatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erakunde laguntzaileen laguntza izango du, I. eranskinean agertzen diren baldintzetan, bertan zehazten baitira jarduteko lurralde-eremuak edo, hala dagokionean, azpieremuak, bai eta zenbat orientazio-ordu eman beharko diren ere.

Aurrez aurreko zerbitzuak nahiz aurrez aurrekoak ez diren zerbitzuak egin izanaren ebidentzia justifikatzeko, gehienez ere bost egun balioduneko epean baliozkotu beharko da, zerbitzua eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, pertsonak erakundean bertan duen sinadura biometrikoaren bidez, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko NireLanbidenet espazio pertsonalaren bidez, justifikatutako arrazoia izan ezik.

2.– Jarraian agertzen diren jarduerak dira diruz lagundu daitezkeen enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuen barrukoak:

a) Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko informazioa ematea eta zorroaren zerbitzu erkide eta osagarrien eskaintzari buruzko informazioa ematea.

Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko datuak eta inguruabarrak komunikatzen dira, erabiltzaileen enplegu-aukerak areagotzeko baliagarriak izan daitezkeen neurrian. Orientazioa banaka edo taldeka egin ahal izango da.

b) Enplegu-eskariaren administrazio-egoera aldatzea, baja ematen denean, berrikusten denean edo eskaera eguneratzen denean.

Erabiltzailearentzako banako arreta espezifikoaz dihardu. Horren barruan sartzen da eskaeraren administrazio-egoera aldatzea, eskaera berrikustea eta, hala badagokio, enplegu-eskaria, eskatutako okupazioak, prestakuntza eta esperientziaren datuak eta bestelakoak eguneratzea.

c) Enplegagarritasuna baloratzea eta eskatzailearen profila eta baliabideak prestatzea.

Atal honetan sartzen da pertsonari eskainitako banako arreta. Horretarako, triajearen hasierako balorazio indibidualak egin, enplegagarritasunari buruzko galdetegiak prestatu, trebetasunak, konpetentziak, prestakuntza eta esperientzia identifikatu, balizko aukera-profesionalak, testuingurua eta interesak antzeman, eta jarduera hau garatzeko protokolo espezifikoan adierazgarriak jotzen diren aldagai guztiak jasotzen dira. Informazio hori erabiliko da erabiltzailearen profila osatu eta haren enplegagarritasuna baloratzeko. Lanbideren gai esklusiboa da Enplegu eta Inklusiorako Oinarrizko Eskala izeneko triaje-tresna erabiltzea, erabakitzeko ea aukerarik edo beharrik badagoen enplegu-sistemaz harago beste sistema batzuekin lan egiteko, pertsonak gizarteratzeari begira, zentzu zabalagoan.

d) Enplegurako ibilbide pertsonalizatuan parte hartzea.

Erabiltzaileari banako arreta teknikoa ematen zaio, haren profilari, beharrizanei eta aurreikuspenei erreparatu ondoren, elkarrekin sortzeko enplegua eskura dezan egokien irizten den prozesua eta hura modu sinesgarrian jakinarazteko. Prozesu hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horretaz gainera, zehaztuko dira proposatutako ekintza nagusi batzuk, haiek egiteko egutegia eta haiek egiaztatu eta jarraitzeko elementuak. Ibilbide hori egiteko, erabiltzaileak eta enplegu-zerbitzu publikoak jarduera-akordioa hitzartu eta sinatu beharko dute aldez aurretik. Akordio hori erakunde kolaboratzailean bertan formalizatu ahal izango da, Lanbidek eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez.

e) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua garatzeko laguntza ematea.

Banaka eta modu pertsonalizatuan egingo da erabiltzailearen ibilbidearen jarraipena, eta horren barruan kontuan hartuko da, era berean, zein ekintza garatu dituen egiztatzea, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Halaber, erabiltzaileak hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo da, baldin eta haiek prestazioen hartzaile baldin badira. Horrez gainera, erabiltzailea suspertzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazioa eta laguntza emango dira.

f) Orientazioa, aholkularitza eta banako laguntza ematea pertsonari babesa emateko orduan, helburuak eta estrategiak zehaztu eta martxan jartzeko, planifikatzeko, eta enplegua bilatu eta enplegagarritasuna hobetzeko orduan norbere burua ezagutzeko.

Erabiltzailearentzako arreta eta banako lana jorratzen dira, erabiltzaileak berak identifikatu ahal izan ditzan laneratzeko eta prestakuntza jasotzeko helburuei, oro har edota era espezifikoan, aurre egiteko estrategiak.

g) Aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria ematea norbere burua aurkeztu eta curriculuma definitzeko teknikak lantzeko, profil profesionala isla dadin konpetentzia pertsonal eta profesionalen arabera.

Erabiltzaileei banako edo taldeko informazio eta aholkularitza emango zaie, haien konpetentziak eta lanbide-profilak identifikatzeko. Horrez gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak, portfolio edo zorroak, aurkezpen-gutuna, marka pertsonala... egin ditzaten.

h) Enplegu-bilaketa aktiborako aholkularitza eta teknikak ezartzea, banaka zein taldean.

Atal honetan, informazioa emango da besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen inguruan, eta horiek erabiltzen erakutsiko dira (oinarrizko erabilera). Horren barruan emango da bitarteko telematikoak eta sare sozialak erabiltzeko aholkularitza. Egokia denean, autoenpleguaren eta ekintzailetzaren alorreko aholkularitza-zerbitzu espezializatuetara bideratuko dira.

i) Hasierako informazioa ematea eta ekintzailetza eta autoenplegurako aukerak antzematea.

Ekintza horren barruan sartzen dira banako edo taldeko laguntza eta oinarrizko interesak antzematea, autoenplegurako motibazioarekin, ekintzailetzarako prozedura eta laguntzekin, eta enpresa-helburu posibleak antzematearekin lotutako alderdietan.

3.– 18 hilabete egongo dira diruz lagunduko diren ekintzak eta zerbitzuak emateko, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi ostean, bertan adierazten den data zehatzetik aurrera zenbatuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikora sartzeko gakoak eskuratzeko eskabidea, identitate digital jakin bati loturik, onartutako kokapen guztietarako egin beharko da, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 18.4 artikuluak xedatutako betekizunen arabera.

Erakunde onuradunak baimen informatikoetarako sarbide-eskaera hori hilabeteko epean egiten ez badu, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta jarduera hasten ez badu dirulaguntza-aldia hasten denetik 15 egun naturaleko epean, orduan onuradun izateari utziko dio epe horiek bete ez dituen eremu edo azpieremuetan, berariaz uko egin ezean.

Era berean, bederatzi hilabeteko aldi bakoitzean, erakundeek diruz lagundutako jardueraren guztizkoaren gutxienez % 35 izan beharko dute gauzatuta eremu edota azpieremu bakoitzean. Bestela, deialdi honen 7.3 artikuluan araututako murrizketak aplikatuko dira.

Era berean, ez dira zenbatuko, ezta diruz lagunduko ere, jardueraren lehen bederatzi hilabeteetan erakunde bakoitzari eremu eta azpieremu bakoitzean esleitutako ordu guztien % 55 gainditzen duten zerbitzuak.

4.– www.lanbide.eus web-orriaren bitartez zabaldu ahal izango dira enplegua bilatzeko tresnei buruzko taldeko ekintzak, bai eta laneratzeari eta enplegagarritasuna hobetzeari lotutako beste gai espezifiko batzuei buruzkoak ere; esaterako, honako gai honekin zerikusia dutenak: emakumeen eta gizonen aukeren berdintasuna enpleguan.

5.– Enpresako edo erakunde onuraduneko langile propioek gauzatu behar dituzte diruz laguntzen diren enplegurako orientaziorako ekintzak eta zerbitzuak, eta ezin dira haiek hirugarrenen bitartez azpikontratatu.

6.– Erakunde onuradunek, betiere, artatutako pertsonak laneratzeko helburu zehatzak lortzeko gauzatuko dituzte enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak, deialdi honetako II. eranskinean ezarritako betetze-ehunekoei eta baldintzei jarraikiz.

Laneratzea badagoela ulertuko da lan-kontratu bat sinatzen denean edo norberaren kontura jarduera bat hasten denean. Hasiera-datatzat joko da Gizarte Segurantzaren dagokion erregimeneko alta-eguna.

7.– Erakunde onuradunek ezin izango dituzte erabiltzaileak lehen aldiz inskribatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan. Alabaina, diruz lagundutako ekintza egin ahal izateko, bajako administrazio-egoeran dauden pertsonei alta-egoera eman ahal izango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, horretarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako jarraibideak betez.

8.– Aurreikusitako zerbitzuak eta ekintzak erregistratzeari eta eskaeraren datuak berrikusteari eta eguneratzeari begira onuradunen espedienteetara sartzeko, erakundeek pertsonen berariazko baimena beharko dute, haien sinadura biometrikoaren bidez edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arreta informatikoki bideratuta.

5. artikulua.– Enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuen hartzaileak.

1.– Enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuen hartzaile izan ahalko dira Lanbiden enplegu-eskatzaile edo enplegu- zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda dauden lanik gabeko edo lana duten pertsonak.

2.– Ibilbide pertsonalizatu bat egin nahi duten pertsonek adierazi behar dute konpromisoa hartzen dutela ibilbide horretan gogotik parte hartzeko. Horretarako, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean jasotzen den jarduera-akordioa izenpetu beharko dute.

3.– Ez dira II. kapitulu honen arabera diruz lagundu daitezkeen enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuen hartzailetzat hartuko estatuko lan-merkaturako sarbiderik ez duten pertsonak.

4.– Erakunde onuradunek erabateko arreta-lehentasuna emango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko kasuan kasuko enplegu-bulegoek bideratutako pertsonei.

6. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.

1.– Pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuek egin eta eman ditzakete kapitulu honen xede diren enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak, eta horiek egin eta emateko arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan daitezke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaile gisa, baldin eta 17. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte. Inolaz ere ezingo dira erakunde onuradun izan tokiko erakundeak edo haien mendekoak, baldin eta Lanbideren finantzaketan parte hartzen badute enplegurako orientazioaren arloan, tokiko enplegu-planen barruan oraingoa ez den beste laguntza batzuen bidez, eta haien finantzabidea bateraezina bada.

2.– Erakundeek, gutxienez, 24 hilabeteko esperientzia egiaztatua izan beharko dute, 2018ko urtarrilaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean metatua, aldi berekoak gainjarri gabe, kapitulu honetan arautzen diren laguntzak eskuratu ahal izateko, langabeentzako enplegurako orientazioko ekintzak zuzenean gauzatuz. Horretarako, jarduera hauetakoren bat egin behar izan dute:

– Enplegurako orientazioa eta enplegurako edo autoenplegurako motibazioa.

– Laneratzean laguntzeko prozesuak.

Jarduera horiek programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:

– Dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2017ko uztailaren 31ko EHAAn argitaratu zen, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpenaren bitartez).

– Dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren 2017ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2017ko uztailaren 31ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez).

– 2019-2021eko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2018ko abenduaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2018ko abenduaren 31ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2018ko abenduaren 26ko ebazpenaren bidez); zehazki, deialdiko II. eta III. kapituluak.

– 2021-2023ko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2021eko maiatzaren 25eko erabakiaren bidez onartua (2021eko ekainaren 15eko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2021eko maiatzaren 26ko ebazpenaren bidez); zehazki, deialdiko II. eta III. kapituluak.

– 2023-2025eko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2023ko uztailaren 27ko erabakiaren bidez onartua (2023ko irailaren 1eko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez); zehazki, deialdiko II. eta III. kapituluak.

– Enplegurako orientaziorako edo laneratzen laguntzeko beste programa batzuk, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatuak.

– Enplegurako orientazioko jarduerak, baldin eta Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 12.4 artikuluko 1. ardatzean adierazitako moduan egin badituzte, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuta. Eskakizun hori betetzen dutela egiaztatu behar dute deialdi honen 8.2.1 artikuluak arautzen duen moduan.

– Toki-administrazioek edo haien mendeko sektore publikoko erakundeek beren bitarteko propioak baliatuz egindako enplegurako orientazioko jarduera, hala egiaztatzen badute deialdi honen 8.2.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

– Toki-administrazioek, autonomia-erkidegoko administrazioek edo haien mendeko sektore publikoko erakundeek finantzatutako enplegurako orientazioko programa espezifikoak, hala egiaztatzen badute deialdi honen 8.2.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

– Birkokatze-prozesuen programak eta kontratuak gauzatzea enplegu-erregulazioko espedienteen bidez enpresak berregituratzeko prozeduren barruan, hala egiaztatzen badute deialdi honen 8.2.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da, honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

3.1.– Eskabidea aurkezten den unean, lokal- eta ekipamendu-azpiegitura egokia izatea, beste orientazio-erakunde batekin partekatu gabe, dirulaguntzen xede diren eremu edo azpieremuetan, enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak eskaini ahal izateko banaka edo taldeka diruz lagun daitekeen jardueraren hasieratik eta 4.3 artikuluan ezarritako baldintzetan, helbide edo toki jakin batean. Honako baliabide hauek izan beharko dituzte gutxienez:

a) Bulego bat, gainerako geletatik bereizia, banakako arretarako, erakundeak soilik erabiltzeko, eta beste jarduera batzuekin partekatuta egon gabe. Bulegoak sei metro koadroko azalera izan beharko du gutxienez.

b) Talde-arretarako gela bat, gainerako ataletatik bereizia, orientazioko beste erakunderen batekin partekatzen ez dena eta lanerako mahaiak, beharrezko apalategiak eta altzari lagungarriak dituena. Gelak 18 metro koadroko azalera izan beharko du gutxienez.

3.2.– Eskabidea aurkezteko unean, lokala egokituta egon beharko da, irisgarritasuna sustatzeko arloko arauei jarraituz: 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak. Honako alderdi hauek hartuko dituzte barne, gutxienez:

a) Kanpotik lokalean sartu ahal izatea.

b) Barruko ibilbideen bidez, zerbitzuak emateko erabiltzen diren esparruetara iristea.

c) Bainugela moldagarriak eta egokituak izatea, zerbitzuaren hartzaile diren pertsonek erabil ditzaten.

3.3.– Aurreko 3.1. eta 3.2. apartatuetan jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela ulertuko da enplegurako orientazioko zerbitzuak gauzatzeko dirulaguntzen erakunde onuradunek aurkeztutako lokalen kasuan, baldin eta Lanbidek baliozkotzat jo bazituen eta baliozkotu zirenetik honako orientazio-deialdi hauetan aldaketarik izan ez badute:

– Dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2017ko uztailaren 31ko EHAAn argitaratu zen, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpenaren bitartez).

– Dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren 2017ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2017ko uztailaren 31ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez).

– Orientazio profesionalaren 2019-2021eko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, II. eta III. kapituluetan (2018ko abenduaren 31ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2018ko abenduaren 26ko ebazpenaren bidez).

– Laguntzen 2021-2023ko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren 2021eko maiatzaren 25eko erabakiaren bidez onartua (2021eko ekainaren 15eko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2021eko maiatzaren 26ko ebazpenaren bidez).

– Laguntzen 2023-2025eko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2023ko uztailaren 27ko erabakiaren bidez onartua (2023ko irailaren 1eko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez).

3.4.– Eskaera aurkeztean, 6. artikuluaren 3.1. eta 3.2. apartatuetako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten lokalak eta 3.3. apartatuak aipatzen dituen lokalak izango dira dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartuko direnak, ez besterik. Lokalez aldatzeko eskaera soilik aurkeztu ahalko da prozedura behin betiko ebatzi ondoren eta deialdi honetako 21. artikuluan adierazitako moduan.

3.5.– Jarduerei ekitean, honako hauek izango dituen azpiegitura eduki behar dute:

a) Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

b) Taula grafikoko periferiko bat, sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri moduan erabiltzeko, konexioa duena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarekin eta erantzuten diena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak jakinarazten dituen sistemaren espezifikazio teknikoei.

3.6.– Jarduerari ekitean, esleitzen zaizkion kokapenei erantzuteko giza baliabide propioak izatea: Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio-taldeetako kontratupeko teknikariak, unibertsitate-ikasketak amaituta dituztenak eta enplegurako orientazioan, dinamizazio soziolaboralean edo prestakuntza-arloko aholkularitzan espezializatuta daudenak, eta bulegotikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza ere badutenak.

Era berean, erakundeak ziurtatu egin beharko du zerbitzua EAEko bi hizkuntza ofizialetan ematen dela.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– II. kapitulu honetan araututako enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak garatzeko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa orduko 37 eurokoa izango da arreta zuzeneko ordu bakoitzeko; kopuru hori jarduerari lotutako gastu zuzenetarako eta zeharkakoetarako izango da, jarraian ezartzen diren mugak kontuan izanik:

Banako ekintzak:

Gehieneko zuzeneko arreta-denbora pertsona bakoitzari egunean: 1,5 ordu.

Taldeko ekintzak:

Gehieneko iraupena, egunean: 4 ordu.

Gehieneko arreta-denbora guztira, pertsonako eta deialdiko* : 25 ordu.

Gehieneko arreta-denbora, orientatzaile bakoitzeko eta eguneko** : 8 ordu.

* Diruz lagundu daitezkeen pertsona eta deialdiko orduen gehieneko denborak aintzat hartzen ditu II. kapitulu honi atxikitako diruz lagundutako jarduera garatzean pertsonak edozein erakundetatik jaso ditzakeen orduak.

** Orientatzaile bakoitzak eguneko gehienez eman dezakeen arreta-denbora eraginkorrak aintzat hartzen ditu II. eta III. kapituluei dagozkien orduak.

Taldeko ekintzak (37 euro orduko) lagundu ahal izango dira gutxienez, 4 pertsona bertaratzen badira soilik, edo, salbuespen gisa, aldez aurretik 4 pertsonak izena eman eta bakarra bertaratzen bada.

2.– Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa laneratzeari dagozkion ehunekoen betetze-mailaren araberakoa izango da (Gizarte Segurantzan alta ematea) eta deialdiaren II. eranskinean dago ezarrita:

a) Laneratzeko helburuen (Gizarte Segurantzako alta) betearazpen-maila berdina edo handiagoa bada artatutako pertsonen gainean deialdi honen VII. eranskinean adierazitakoa baino, azken dirulaguntza 37 eurokoa izango da diruz lagundutako eta emandako ordu bakoitzeko.

b) Artatutako pertsonak kontuan hartuta, laneratzeko (Gizarte Segurantzako alta) helburuen betetze-maila txikiagoa bada deialdiaren II. eranskinean adierazitakoa baino, dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, % 10eraino gutxiagotuko da, deialdiaren II. eranskinean adierazitako laneratze-emaitzari begira izan den desbideratzearen arabera. Murrizketaren ehuneko zehatza ateratzeko, 0,10 bider desbideratze horri dagokion ehunekoa egin behar da, formula honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

M1 = dirulaguntzaren murrizketaren %a = desbideratzearen %a X 0,10

c) Pertsona desberdinen enplegagarritasun-balorazioak egiteko helburuaren betetze-maila, artatutako pertsona guztien aldean, txikiagoa bada deialdiaren II-B eranskinean adierazitakoa baino, ordaindu beharreko azken zenbatekoaren kopurua % 10 murriztuko da gehienez, deialdiaren II-B eranskinean adierazitako helburuaren aldean egin den enplegagarritasun-balorazioen emaitzaren desbideratzearen arabera. Murrizketaren ehuneko zehatza ateratzeko, 0,10 bider desbideratze horri dagokion ehunekoa egin behar da, formula honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

M2 = dirulaguntzaren murrizketaren %a = desbideratzearen %a X 0,10

3.– Bederatzi hilabeteko aldi bakoitzean, diruz lagungarria den aldiaren hasieratik, erakundeek gauzatuta izan beharko dute diruz lagundutako jardueraren guztizkoaren % 35, gutxienez, eremu edo/eta azpieremu bakoitzean.

Bederatzi hilabeteko bi aldietako batean ehuneko hori lortzen ez bada, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa % 5 murriztuko da. Bi aldi horietakoren batean ere ez bada ehuneko hori lortzen, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa % 15 murriztuko da, ezinbesteko kasuak daudenean izan ezik.

Gainera, ez dira zenbatuko, ez diruz lagunduko, erakunde bakoitzari eremu eta azpieremu bakoitzean esleitutako ordu guztien % 55 gainditzen duten zerbitzuak, jardueraren lehen hamabi hilabeteetan.

4.– Era berean, zenbateko hori jaso ahal izateko, kokapen guztietan egin beharko da gutxienez erakunde bakoitzak eremu edo azpieremu bakoitzeko egin beharreko orduen ehuneko jakin bat, zehazki, 9.2.c) artikuluan ezarritakoa, baldin eta puntuazioa eskuratu badute artikulu horrek jasotako baldintzetan, eremu edo azpieremu berean kokapen puntuagarri bat baino gehiago edukitzeagatik, I. eranskinaren arabera.

Aipatutako ehuneko hori lortuko ez balitz, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aipatutako ehuneko horren eta gauzatutako ehunekoaren arteko ezberdintasunaren baliokide izango den ehunekoan, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Dirulaguntzaren azken justifikazioan, kokapen gehigarrietako batean ere jarduerarik egin ez bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

5.– Artikulu honetako 2., 3. eta 4. apartatuetan ageri diren murrizketak aplikatuta jasoko den zenbatekoa honako formula hau aplikatuz aterako da:

AZ = K x (1-M1) x (1-M2) x (1-M3) x (1-M4)

Hau da:

AZ: Jaso beharreko azken zenbatekoa.

K: Diruz lagun daitekeen ordu-kopurua (egindakoak eta sinatutakoak) x 37 euro.

M1: artikulu honetako 2.b) apartatuan deskribatutako murrizketa.

M2: artikulu honetako 2.c) apartatuan deskribatutako murrizketa.

M3: artikulu honetako 3. apartatuan deskribatutako murrizketa.

M4: artikulu honetako 4. apartatuan deskribatutako murrizketa.

8. artikulua.– Laguntza-eskabideak eta dokumentazioa.

1.– II. kapitulu honetan aipatzen diren dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoa erabiliz aurkeztu behar dira, ondoko helbidean: https://euskadi.eus; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1086508 helbidean, eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, datuak aldatu edo alta emateko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak

Orientazio-zerbitzuak lankidetzan eman nahi dituen erakunde bakoitzak eskabidean adierazi beharko ditu lurraldeko jardun-eremua edo -eremuak, eta zenbat 750 orduko bloke egingo dituen eremu edo, hala badagokio, azpieremu bakoitzean (hemendik aurrera «ordu-blokeak»), kontuan izanik ezen, gutxienez, eremu edo azpieremu bakoitzeko 750 orduko ordu-blokeko minimoa adierazi behar dela; gehiengoa, berriz, I. eranskinean eremuka eskainitako bloke-kopurua izango da.

2.– Eskabide horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– 6.2 artikuluan aipatzen den esperientzia egiaztatzeko, beharrezkoa izango da jarduerak finantzatu dituen Enplegu Zerbitzu Publiko egokiaren, tokiko edo erkidegoko administrazio egokiaren edo horien menpeko sektore publikoko erakundeen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan zehazki adierazi eta azaldu beharko da zein ekintza edo programa egin diren, noiz hasi eta amaitu diren, eta kolektibo onuradunak zein izan diren.

Enplegu-erregulazioko espedienteen bidez enpresa berregituratzeko prozeduren barruan birkokatzeko prozesuei gagozkiela, enplegu-erregulazioko espedienteei lotutako kanpoko birkokatze-plana emateko kontratua aurkeztuko da, bertan egiaztatuz enplegurako orientazioko ekintzak zein aldi zehatzetan egin diren (hasierako eta amaierako data), eta, gainera, berariaz jasota horren barruan jasotzen direla enplegurako edo/eta autoenplegurako orientazio-jarduerak edo laneratzen laguntzeko prozesuak. Agiri horretan jasota ez badago, enpresa kontratatzaileak emandako agiri osagarriak aurkeztu beharko ditu, horiek egiaztatzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako programek soilik ez dute egiaztagiririk aurkeztu beharko, baina nahitaezkoa izango da eskabidean hala jakinaraztea, behar bezala baloratzeko.

2.2.– Deialdiaren 6.3 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskatutako dirulaguntzari dagokionez, eta gutxienez honako hauek bilduta:

a) Erakunde eskatzailearen kokapen bakoitzaren ezaugarriak jasotzen dituen azalpen-txosten eguneratua. Derrigorrean atxiki behar dira 6. artikuluko 3.1. eta 3.2. zenbakietan jasotako instalazioetako espazio eta dimentsioak zehazten dituzten argazkiak eta planoak, baita instalazio horietarako barneko nahiz kanpoko bideen argazki eta planoak ere.

b) Txosten bat, teknikari eskudunak emana eta dagokion elkargo profesionalak ontzat hartua, adierazten duena lokal horiek egokiak direla eta irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dauden arauak betetzen direla: 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak. Txostenak bat aurkeztu behar da, eskaera egiteko unean, lokalaren egoera eguneratua jasotzen duena, 6.3.2 artikuluaren a), b) eta c) letretan deskribatutako baldintzetan.

6.3.3 artikuluak arautzen duen kasuan, ez da beharrezkoa izango a) eta b) letretan aipatzen den dokumentazioa aurkeztea. Kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, bermatzeko lokalak ez duela aldaketarik izan eta 6.3.3 artikuluak aipatzen dituen deialdietan eskatutako baldintzak oraindik ere betetzen dituela.

c) Jardueraren hasieran, kokapen bakoitzerako banda zabaleko Internet izatea. Jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori, eta adierazpen hori kokapen bakoitzerako aurkeztu beharko da.

2.3.– 9.2.e) artikuluan agertzen den esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatu dela egiaztatzeko, langileen kontratua aurkeztuko da, eta hor jasota egongo da aplikatu den hitzarmena edo, bestela, hitzarmenaren kodea jasotzen duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren Kotizaziorako Datuen Txostena.

Goian aipatutako hitzarmenaren soldata-baldintzak hobetzen edo berdintzen dituen beste hitzarmen bat aplikatzen bada, hitzarmena aurkeztu beharko da eskaeran.

2.4.– Kalitatezko kudeaketa-sistema bat dagoela egiaztatzeko, 9.2.f) artikuluan zehaztutako egiaztapenen aitorpen edo ziurtagiri ofizialen kopia aurkeztuko da.

2.5.– 9.2.g) artikuluan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, hots, genero-berdintasunarekiko konpromisoari dagokionak, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina). Bestela, erakundearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena edo, administrazio publikoen kasuan, idazkariaren ziurtagiria, 2025ean plantillan zeuden lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeko emakumeen eta gizonen ehunekoari buruzkoa.

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Bestela, sozietatearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, 2025ean plantillan zeuden lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeko emakumeen eta gizonen ehunekoari buruzkoa.

– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazita ere. Bestela, sozietatearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, 2025ean plantillan zeuden lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeko emakumeen eta gizonen ehunekoari buruzkoa.

3.– Balorazioa egiteko, bakarrik hartuko da kontuan eskabideak aurkezteko epean aurkeztutako dokumentazioa, edo, hala badagokio, zuzenketak egiteko errekerimenduari erantzuteko dokumentazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5.– Eskabideak aurkezteko epea igarota, aurkeztutakoak baldintza guztiak bete ezean, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, ulertuko da eskabidean atzera egin duela, horretarako ebazpena eman ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta dirulaguntza esleitzeko irizpideak.

Honela jokatuko da II. kapituluan araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta orientazioko ekintzei eta zerbitzuei dagozkien dirulaguntzak esleitzeko:

1.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -azpieremuan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua berdina edo txikiagoa bada diruz lagunduko den kopurua baino, eskatu dituen orientazioko ordu-blokeen araberako dirulaguntza emango zaio erakunde bakoitzari.

2.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -azpieremuan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua handiagoa bada diruz lagunduko den gehieneko kopurua baino, eskabideak baloratu egingo dira, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

a) 0,2 puntu emango da erakunde eskatzaileek, 2018ko urtarrilaren 1aren eta 2025eko ekainaren 30aren artean, enplegurako orientazioko ekintzak egiten froga dezaketen ibilbide-hilabete bakoitzeko, aldi berekoak gainjarri gabe (gehienez, 12 puntu emango dira), betiere pertsona langabeei enplegurako orientazioko ekintza zuzenak eman bazaizkie, jarduera hauetakoren bat eginez:

– Enplegurako orientazioa eta enplegurako edo autoenplegurako motibazioa.

– Laneratzean laguntzeko prozesuak.

Jarduera horiek deialdi honetako 6.2 artikuluan deskribatzen diren programa hauetakoren baten esparrukoak izan behar dute.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako programek soilik ez dute egiaztagiririk aurkeztu beharko, baina nahitaezkoa izango da eskabidean hala jakinaraztea, behar bezala baloratzeko.

b) I. eranskinak adierazitako moduan, jardun-eremuaren edo -azpieremuaren barruan, gehienez 10 puntu emango dira zerbitzua emateko instalazioak jartzeko aukeratutako udalerriagatik. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren edo -azpieremuaren barruan, puntuatzeko orduan, soilik hartuko da kontuan jardun-eremu edo -azpieremu horretan punturik gehien lortzen duena.

c) Diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatzen diren jardun-eremu edo -azpieremu berean kokapen puntuagarri bat baino gehiago izateagatik (I. eranskina) 4 puntu emango dira, betiere 6. artikuluaren 3.1 eta 3.2 apartatuetako baldintzak betetzen badira, edo, hala badagokio, 3.3 apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen badira:

– Erakunde horrek jardun-eremu edo -azpieremu horretan egin dituen eta diruz lagundu daitezkeen orduen guztizkoaren % 25 gutxienez, bi kokapen puntuagarri dituenean, I. eranskinaren arabera.

– Erakunde horrek jardun-eremu edo -azpieremu horretan egin dituen eta diruz lagundu daitezkeen orduen guztizkoaren % 15 gutxienez, bi kokapen puntuagarri baino gehiago dituenean, I. eranskinaren arabera.

Dirulaguntzaren azken justifikazioan, kokapen gehigarrietako batean ere jarduerarik egin ez bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

d) Toki-erakundeak.

25 puntu emango dira, baldin eta erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitatea, kuadrilla edo udalerria bada, edo horien mendeko erakundea, edo EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentzia bada.

e) Esku-hartze sozialeko erakundeak.

20 puntu emango dira, baldin eta erakunde eskatzaileak aplikatzen badu eskatutako lurralde-eremuari dagokion esku-hartze sozialeko hitzarmena edo, hala badagokio, haren soldata-baldintzak berdintzen edo hobetzen dituen hitzarmen bat (euro/ordu).

Baldintza hori bete behar da deialdi hau argitaratzen den egunean, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 8.2.3 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

f) Kalitatearen kudeaketa-sistemak egotea, gutxienez aurkezten den eremuko edo azpieremuko lurralde historikoan. Gehienez ere 10 puntu emango dira, apartatu hauetako irizpideen arabera:

Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak edukitzea, soilik baloratuta azken hamar urteetan hauen artean aitorpen altuena duena:

– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 5 puntu.

– Zilarrezko A edo EFQM +400: 4 puntu.

– Brontzezko A edo EFQM +300: 3 puntu.

– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: 2 puntu.

Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitatea, kuadrilla edo udalerria bada, edo horien mendeko erakundea, edo EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentzia bada, 4 puntu lortuko ditu kudeaketa aurreratuan, aitorpena egiaztatu beharrik gabe.

Indarreko ziurtagiriak.

– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.

– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: puntu 1 (gehienez, 2 puntu).

Kudeaketa aurreratuaren euskal saria, QIA-Fase nazionalaren akzesita edo irabazlea edo QIA-Quality Innovation Award-Nazioarteko fasearen Award edo Prize Winner, azken 10 urteetan: puntu 1. (puntu 1 gehienez).

Apartatu honetan irizpideak aplikatzeko, indarrean dagoela ulertuko da indarraldiaren barruan dagoen Kudeaketa Aurreratuko eta ISO Ziurtagiriko Diploma, bai eta aldi horretan egon ez arren, berritzeko prozesuan dagoena iraungi ondorengo urtean (agiri bidez egiaztatu beharko da).

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 8.2.4 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

g) Gehienez ere 5 puntu emango dira genero-berdintasunarekiko konpromisoagatik.

2025eko plantillan, aintzat hartuko da kontratu mugagabean eta lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa, baldintza berdinetan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta, honako proportzio honetan baloratuta:

– % 40 eta % 49 artean: 3 puntu.

– % 50 eta % 59 artean: 4 puntu.

– % 60tik gora: 5 puntu.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 8.2.5 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzailea, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

6 puntu emango zaizkio Lanbideren laguntzailea den erakundeari, hauen arabera:

– Ebazpena, 2015eko urtarrilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko; edo

– Ebazpena, 2022ko urriaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

Baldintza hori bete behar da deialdi hau argitaratzen den egunean, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

i) 3 puntu emango dira baldin eta esparru osagarri bat badago pertsona erabiltzaileen eskura, enplegua bilatzeko tresna eta materialak erabiltzeko aukera ematen duena; WIFI konexioa ere izan beharko du. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, soilik hartuko da kontuan b) apartatuan puntu gehien lortzen duena.

3.– Eskabideak aurreko zenbakiko irizpideen arabera baloratu ondoren, prozedura hau erabiliko da dirulaguntza banatzeko eta esleitzeko:

a) Kalkulatu egingo da erakunde eskatzaile bakoitzari eman zaion puntuazioari dagokion ehunekoa, jardun-eremu edo -azpieremu berean parte hartzen duten erakunde guztiek lortutako guztizko puntuazioaren arabera.

b) Jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzean banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopuruari aplikatuko zaio lortutako ehunekoa, zenbaki oso hurbilenaren arabera biribilduta. Erakunde eskatzaile bakoitzari egokitu zaion bloke-kopurua esleituko zaio, handienetik txikienerako hurrenkeran lortutako puntuazioaren arabera, eta inoiz ez eskatu duena baino gehiago.

c) Behin aurreko banaketa egin ondoren, esleitu gabeko blokerik geratzen bada eremuren edo azpieremuren batean, banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopurutzat hartuko dira bloke horiek, eta ordena honen arabera esleituko:

– Lehenik, b) atalaren arabera eremu edo azpieremu berean blokeren bat esleitu zaien erakundeen artean, baldin eta eskaturiko bloke-kopuru guztiak eskuratu ez badituzte. Banaketa hori egiteko, berriro erabiliko da aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera.

– Bigarrenik, orientazioko ordu-blokerik esleitu ez zaien erakundeen artean. Banaketa hori egiteko, berriro erabiliko da aurreko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako prozedura bera.

d) Ordu-blokeen esleipenean berdinketarik badago guztizko puntuazioetan, lehentasun-hurrenkera honetan egingo da esleipena:

– Lehentasuna izango dute ordu-bloke gutxien esleitu zaizkien erakundeek. Banaketa hori egiteko, aurreko banaketetan erabilitako prozedura bera erabiliko da.

– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen apartatu hauetan puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna, hurrenkera honetan: 2.a), 2.b), 2.c), 2.d), 2.e), 2.f), 2.g), 2.h) eta 2.j).

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau, lehentasuna izango dute, honako ordena honetan, udalaz gaindiko administrazio publikoek, udaleko toki-administrazio publikoek, araututako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek, esku-hartze sozialeko hitzarmena edo soldata-baldintzak berdintzen edo hobetzen dituen hitzarmena aplikatzen duten erakundeek eta, azkenik, gainerako erakundeek.

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau aurreko arau guztiak aplikatu ondoren, lehentasuna izango dute eskabidearen sarrera-erregistroa (data eta ordua) lehenago duten erakundeek.

f) Baldin eta eremuren batean ordu-blokerik sobera bada ordu-blokeak aurreko letretan adierazitakoaren arabera esleitu ondoren, bloke horiei dagozkien orduak zati berdinetan banatuko dira eremu edo azpieremu horretan gutxienez bloke bat esleituta daukaten erakundeen artean; baldin eta eskaturiko guztizko bloke-kopurua lortu ez badute, edo eskabidean orientazio-ordu gehiago egitea onartu badute apartatu honetan aurreikusitakoa gertatzen denean.

III. KAPITULUA
OINARRI HAUEN 12 1. ARTIKULUAN DESKRIBATZEN DIREN KALTEBERATASUN- EDO DESABANTAILA-EGOERAN DAUDEN KOLEKTIBOETAKOAK IZANIK, ENPLEGU- ETA ZERBITZU-ESKATZATZAILEEI EDO LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAN IZENA EMANDA DAUDEN ESKATZAILEEI EMATEN ZAIZKIEN DIRULAGUNTZAK ENPLEGURAKO ORIENTAZIOKO EKINTZAK ETA ZERBITZUAK GARATZEKO

10. artikulua.– Kapitulu honen xedea.

Kapitulu honen xedea dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dituen dirulaguntza hauen oinarri espezifikoak: oinarri hauen 12.1 artikuluan deskribatzen diren kalteberatasun- edo desabantaila-egoeran dauden kolektiboetakoak izanik, enplegu- eta zerbitzu-eskatzaileei edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden eskatzaileei zuzendutako dirulaguntzak, enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko. Dirulaguntza horiek 2026ko eta 2027ko ekitaldietan gauzatuko dira.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak: desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei ematen zaizkien enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak.

1.– Banako nahiz taldeko orientazio-ekintza eta -zerbitzuek (aurrez aurrekoak direnek eta ez direnek) jaso ditzakete kapitulu honetako laguntzak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erakunde laguntzaileen premia baldin badu haiek emateko. Zerbitzuak III., IV., V. eta VI. eranskinetan adierazitako eran emango dira, han zehazten baitira lurraldeko jardun-eremuak eta zenbat orientazio-ordu eman behar diren.

Aurrez aurreko zerbitzuak nahiz aurrez aurrekoak ez diren zerbitzuak egin izanaren ebidentzia justifikatzeko, gehienez ere bost egun balioduneko epean baliozkotu beharko da, zerbitzua eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, pertsonak erakundean bertan duen sinadura biometrikoaren bidez, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko NireLanbidenet espazio pertsonalaren bidez, justifikatutako arrazoia izan ezik.

2.– Kapitulu honi atxikirik diruz lagundu daitezkeen orientazioko ekintza eta zerbitzuek barne hartuko dituzte 4.2 artikuluan deskribatutako ekintzak.

3.– 18 hilabete egongo dira diruz lagunduko diren ekintzak eta zerbitzuak emateko, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi ostean, bertan adierazten den data zehatzetik aurrera zenbatuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikora sartzeko gakoak eskuratzeko eskabidea, identitate digital jakin bati loturik, onartutako kokapen guztietarako egin beharko da, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 18.4 artikuluak xedatutako betekizunen arabera.

Erakunde onuradunak baimen informatikoetarako sarbide-eskaera hori hilabeteko epean egiten ez badu, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta jarduera hasten ez badu dirulaguntza-aldia hasten denetik 15 egun naturaleko epean, orduan onuradun izateari utziko dio epe horiek bete ez dituen eremu edo azpieremuetan, berariaz uko egin ezean.

Era berean, bederatzi hilabeteko aldi bakoitzean, erakundeek diruz lagundutako jardueraren guztizkoaren gutxienez % 35 izan beharko dute gauzatuta eremu edota azpieremu bakoitzean. Bestela, deialdi honen 14.3 artikuluan aurreikusitako murrizketak aplikatuko dira.

Era berean, ez dira zenbatuko, ezta diruz lagunduko ere, jardueraren lehen bederatzi hilabeteetan erakunde bakoitzari eremu eta azpieremu bakoitzean esleitutako ordu guztien % 55 gainditzen duten zerbitzuak.

4.– www.lanbide.eus web-orriaren bitartez zabaldu ahal izango dira enplegua bilatzeko tresnei buruzko taldeko ekintzak, bai eta laneratzeari eta enplegagarritasuna hobetzeari lotutako beste gai espezifiko batzuei buruzkoak ere; esaterako, honako gai honekin zerikusia dutenak: emakumeen eta gizonen aukeren berdintasuna enpleguan.

5.– Enpresako edo erakunde onuraduneko langile propioek gauzatu behar dituzte diruz laguntzen diren enplegurako orientaziorako ekintzak eta zerbitzuak, eta ezin dira haiek hirugarrenen bitartez azpikontratatu.

6.– Erakunde onuradunek, betiere, artatutako pertsonak laneratzeko helburu zehatzak lortzeko gauzatuko dituzte orientazioko ekintza eta zerbitzuak, deialdi honetako II. eranskinean ezarritako betetze-ehunekoei eta baldintzei jarraikiz.

Laneratzea badagoela ulertuko da lan-kontratu bat sinatzen denean edo norberaren kontura jarduera bat hasten denean. Hasiera-datatzat joko da Gizarte Segurantzaren dagokion erregimeneko alta-eguna.

7.– Erakunde onuradunek ezin izango dituzte erabiltzaileak lehen aldiz inskribatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan. Alabaina, diruz lagundutako ekintza egin ahal izateko, bajako administrazio-egoeran dauden pertsonei alta-egoera eman ahal izango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, horretarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako jarraibideak betez.

8.– Aurreikusitako zerbitzuak eta ekintzak erregistratzeari eta eskaeraren datuak berrikusteari eta eguneratzeari begira onuradunen espedienteetara sartzeko, erakundeek pertsonen berariazko baimena beharko dute, haien sinadura biometrikoaren bidez edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arreta informatikoki bideratuta.

12. artikulua.– Enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuen hartzaileak.

1.– Honako pertsona hauek izan daitezke III. kapituluan ageri diren enplegurako orientazioko ekintzen eta zerbitzuen hartzaileak:

– Lanbiden enplegu-edo zerbitzu-eskatzaile gisa izena emanda dauden lanik gabeko edo lana duten pertsonak.

– Estatuko merkaturako irisgarritasunik ez duten baina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratuta daudenak.

Horiek guztiek jarraian datozen baldintzetako bat bete beharko dute, gutxienez:

a) Zigor-egoeran dagoen espetxeratu bat izatea, erakunde laguntzaile batera joateko aukera duena orientazio-zerbitzua jasotzera, edo espetxeratuta egon izana zerbitzua hasi aurreko 18 hilabeteetan.

b) Ijitoak izatea.

c) Gutxienez % 33ko desgaitasun-maila aitortua izatea.

d) Gizarte-bazterketako egoeran, gizartean baztertuta geratzeko arriskuan edo bestelako desabantaila-egoeretan dauden pertsonak izatea. Hau da:

– Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, baldin eta azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuak 5. artikuluko b) letratik h) letrara bitartean adierazitako kolektiboren bateko kide badira (182/2008 Dekretua, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen duena).

– Lanbideren iritziz zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak, honako arrazoi hauetako bat tarteko: egoera soziolaborala, langabezian emandako denbora, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun izatea edo enplegagarritasun txikia izatea.

– Lanbideren zerbitzuen eskatzaileak, laneko merkatu nazionalean sartzeko aukerarik ez dutenak eta laneratzeko eta lanaren aurreko laguntza jasotzeko egokiak izan daitezkeenak.

– Gizarte-bazterketaren edo bazterketa-arriskuaren inguruabarrak Lanbideren datu-basean (dagozkien informatika-eremuetan) jasota dituzten beste pertsona batzuk.

2.– Ibilbide pertsonalizatu bat egin nahi duten pertsonek adierazi behar dute konpromisoa hartzen dutela ibilbide horretan gogotik parte hartzeko. Horretarako, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean jasotzen den jarduera-akordioa izenpetu beharko dute.

3.– Erakunde onuradunek erabateko arreta-lehentasuna emango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren tokiko enplegu-bulegoek edo zerbitzu zentralek bideratzen dizkieten pertsonei.

13. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.

1.– Pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuek egin eta eman ditzakete III. kapitulu honen xede diren enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak, eta horiek egin eta emateko arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan daitezke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaile gisa, betiere 17. artikuluan ezarritako baldintza orokorrez gain, haien sozietate- edo fundazio-xedeen artean jarduera hauetako bat egitea jasotzen bada:

a) Espetxeratuak edo espetxeratu ohiak –12.1.a) artikuluan deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

b) Ijitoak –12.1.b) artikuluan deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

c) Desgaitasuna duten pertsonak –12.1.c) artikuluan deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

d) Gizarte-bazterketako egoeran edo egoera horretan izateko arriskuan edo gizarte- edo lan-arloko desabantaila-egoeran dauden pertsonak –12.1.d) artikuluan deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

Inolaz ere ezingo dira erakunde onuradun izan tokiko erakundeak edo haien mendekoak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketan parte hartzen badute enplegurako orientazioaren arloan, tokiko enplegu-planen barruan oraingoa ez den beste laguntza batzuen bidez, eta haien finantzabidea bateraezina bada.

2.– Halaber, enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak gauzatu eta III. kapitulu honek arautzen dituen dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. paragrafoan adierazten diren enpresen edo erakundeen elkarteek eta taldeek, nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatutakoa aplikagarri bazaie.

a) Elkarte eta talde horietako kideek beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduerak, eskabidean adierazi beharko dute hori egiteko asmoa dutela, eta onuradun-izaera izango dute.

b) Elkarte edo taldeei elkartutako kideek beren gain hartzen badute jarduera guztiak elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritakoari jarraituz behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak emateko. Horretaz gainera, bete egin behar dituzte deialdi honek onuradun-izaera edukitzeko agintzen dituen gainerako eskakizunak.

c) Aurreko apartatuetan arautzen dena betetzekoa izango da, eta, horretaz gainera, erakunde-taldeak nortasun juridikorik ez badu, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da taldearentzat. Pertsona horrek eskumen askietsiak izan behar ditu taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko.

d) Taldeko kideek diruz lagundutako orientazio-jarduerak betetzeko eginkizunarekiko duten konpromisoa adierazi behar da taldea eratzeko formalizatzen den agirian, baita dirulaguntza banatzeko modua ere. Banaketa hori 14. artikuluan arautzen den moduan egin behar da, kideetako bakoitzak diruz lagundutako jarduera egitean betetzen duen proportzioaren arabera. Halaber, agiri horretan, adierazi beharko da zehazki zein erakundek jasoko du taldeari dagokion dirulaguntza osoaren zenbatekoaren transferentzia ekonomikoa. Erakunde horrek banatuko du dirulaguntza taldeko kideen artean. Ildo horretan, dirulaguntzaren xede den taldearen jarduerak egiteko konpromisoa hartzen duen kide bakoitzak konpromisoa hartu beharko du gutxienez diruz lagundutako jarduera osoaren % 10 egiteko.

e) Taldea ezin izango da desegin, harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 44. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igarotzen den arte.

3.– Kapitulu honetako kolektiboak artatzeko, erakundeek, edo, hala badagokio, taldeetako kide guztiek aurretiazko esperientzia izan beharko dute, gutxienez 24 hilabetekoa, 2018ko urtarrilaren 1aren eta 2025eko ekainaren 30aren artean metatua, denboran gainjarri gabe, kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, berariaz kasuan kasuko kolektiboei zuzendutako enplegurako orientazioko ekintzak zuzenean emanez, enplegu-zerbitzu publikoekin edo estatuko, erkidegoko edo tokiko administrazio publikoren batekin edo horien partaide diren erakundeekin lankidetzan.

Esperientzia hori egiaztatu egin beharko zerbitzuek edo administrazioek horretarako igorritako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horretan, berariaz adieraziko da erakundea beraiekin lankidetzan aritu dela kasuan kasuko kolektiboari zehazki zuzendutako orientazio-ekintzetan, eta zehaztasunez adieraziko da ekintza horien hasiera eta amaierako data, edo, bestela, diruz laguntzeko moduko jarduera hori egiteko aukeratu izana argitaratzen duen ebazpena aurkeztuko da.

4.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da, honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

4.1.– Eskabidea aurkezten den unean, lokalen eta ekipamenduen egitura egokia izatea, banaka edo taldean egin eta emateko enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak, eskatu den dirulaguntzari dagokion eremu guztietan. Baldintza hau betetzeko, kolektibo eta eremu bakoitzerako III., IV., V. eta VI. eranskinetan adierazten diren lantokien kopurua izan behar du han adierazten diren kokapen konkretuetan.

Erakundeek lantoki bakoitzeko baliabide hauek izan behar dituzte gutxienez:

– Bulego bat, gainerako ataletatik bereizia, banako arreta eskaintzeko, erakundeak bakarrik erabiliko duena horretarako eta ez beste ezein jardueratarako. Bulegoak sei metro koadroko azalera izan beharko du gutxienez.

– Talde-arretarako gela bat, gainerako ataletatik bereizia, orientazioko beste erakunderen batekin partekatzen ez dena eta lanerako mahaiak, beharrezko apalategiak eta altzari lagungarriak dituena. Gelak 18 metro koadroko azalera izan beharko du gutxienez.

4.2.– Eskabidea aurkezteko unean, lokalak egokituta egon beharko du, irisgarritasuna sustatzeko arloko arauei jarraituz: 20/1997 Legea eta bere garapen-arau teknikoak, honako alderdi hauek jasotzen dituztenak:

a) Kanpotik lokalean sartu ahal izatea.

b) Barruko ibilbideen bidez, zerbitzuak emateko erabiltzen diren esparruetara iristea.

c) Bainugela moldagarriak eta egokituak izatea, zerbitzuaren hartzaile diren pertsonek erabil ditzaten.

4.3.– Aurretik aipatutako 4.1. eta 4.2. apartatuetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela ulertuko da Lanbidek enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuak emateko onartu zituen lokalek, baldin eta onartu zirenetik aldaketarik izan ez badute, eta ekintza eta zerbitzu horiek ematen dituzten erakundeek dirulaguntzaren bat eskatu badute deialdi hauen babesean:

– Dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2017ko uztailaren 31ko EHAAn argitaratu zen, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpenaren bitartez).

– Dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren 2017ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez onartua (2017ko uztailaren 31ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez).

– Orientazio profesionalaren 2019-2021eko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, II. eta III. kapituluetan (2018ko abenduaren 31ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2018ko abenduaren 26ko ebazpenaren bidez).

– Laguntzen 2021-2023ko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2021eko maiatzaren 25eko erabakiaren bidez onartua (2021eko ekainaren 15eko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2021eko maiatzaren 26ko ebazpenaren bidez).

– Laguntzen 2023-2025eko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2023ko uztailaren 27ko erabakiaren bidez onartua (2023ko irailaren 1eko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez).

4.4.– Eskaera aurkeztean 4.1. eta 4.2. apartatuetako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten lokalak eta 4.3. apartatuak aipatzen dituenak izango dira dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartuko direnak. Lokalez aldatzeko eskaera soilik aurkeztu ahalko da prozedura behin betiko ebatzi ondoren eta deialdi honetako 21. artikuluan adierazitako moduan.

4.5.– Jarduerei ekitean, honako hauek izan beharko dituzte:

a) Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko informazio-sistemara konektatzeko.

b) Taula grafikoko periferiko bat, sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri moduan erabiltzeko, konexioa duena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarekin eta erantzuten diena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak jakinarazten dituen sistemaren espezifikazio teknikoei.

4.6.– Jarduerari ekitean, esleitzen zaizkion kokapenei erantzuteko giza baliabide propioak izatea: Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio-taldeetako kontratupeko teknikariak, unibertsitate-ikasketak amaituta dituztenak eta enplegurako orientazioan, dinamizazio soziolaboralean edo prestakuntza-arloko aholkularitzan espezializatuta daudenak, eta bulegotikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza ere badutenak.

Era berean, erakundeak ziurtatu egin beharko du zerbitzua EAEko bi hizkuntza ofizialetan ematen dela.

Desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko dirulaguntza eskatzen duten erakundeek, berriz, orientazio-materialak ezintasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta, zehazki entzumen-urritasuna duten pertsonei arreta emateko, zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.

4.7.– Erakunde-elkarteen eta -taldeen kasuan, kide guztiek bete behar dituzte 4. apartatu honetako aurreko paragrafoetan arautzen diren baldintzak, haiei dagokien kokagunerako.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– III. kapitulu honetan jasotako enplegurako orientazioko ekintza eta zerbitzuak garatzeko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa zuzeneko arreta-orduko 41 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arrunt zuzenetarako eta zeharkakoetarako izango da, betiere, kontuan izanik jarraian ezartzen diren mugak kapitulu honen bidez diruz laguntzen diren erakunde guztietarako:

Banako ekintzak:

Gehieneko zuzeneko arreta-denbora pertsona bakoitzari egunean. 2 ordu.

Gehieneko iraupena, egunean: 4 ordu.

Gehieneko arreta-denbora, pertsonako eta deialdiko*: 30 ordu.

Gehieneko arreta-denbora, orientatzaile bakoitzeko eta eguneko**: 8 ordu.

* Diruz lagun daitezkeen pertsona eta deialdiko orduen gehieneko denborak barne hartzen ditu III. kapitulu honen babespean diruz lagundutako jarduera garatzean pertsonak edozein erakunderengandik jaso ditzakeen orduak. Edozein kasutan, 30 da pertsona eta deialdiko diruz lagun daitezkeen ordu-kopuru maximoa, II. eta III. kapituluetan ezarritakoari jarraikiz.

** Orientatzaile bakoitzak eguneko gehienez eman dezakeen arreta-denbora eraginkorrak II. eta III. kapituluei dagozkien orduak barne hartzen ditu.

Taldeko ekintzak (41 euro orduko) gutxienez 4 pertsona bertaratzen badira bakarrik lagundu ahal izango dira, edo, salbuespen gisa, aldez aurretik 4 pertsonak izena eman eta bakarra bertaratzen bada.

2.– Dirulaguntzaren azken zenbatekoa laneratzeari dagozkion ehunekoen betetze-mailaren araberakoa izango da (Gizarte Segurantzan alta ematea). Deialdiko II. eranskinean daude ezarrita:

a) Laneratzeko helburuen (Gizarte Segurantzako alta) betearazpen-maila berdina edo handiagoa bada artatutako pertsonen gainean deialdi honen VII. eranskinean adierazitakoa baino, azken dirulaguntza 41 eurokoa izango da diruz lagundutako eta emandako ordu bakoitzeko.

b) Artatutako pertsonak kontuan hartuta, laneratzeko helburuen (Gizarte Segurantzako alta) betearazpen-maila txikiagoa bada deialdiko VII. eranskinean adierazitakoa baino, dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez % 10eraino murriztuko da, deialdiaren VII. eranskinean adierazitako lanbideratze-emaitzari begira izan den desbideratzearen arabera. Murrizketaren ehuneko zehatza ateratzeko, 0,10 bider desbideratze horri dagokion ehunekoa egin behar da, formula honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Dirulaguntzaren murrizketaren ehunekoa = 0,10 x desbideratzearen ehunekoa

3.– Bederatzi hilabeteko aldi bakoitzean, diruz lagungarria den aldiaren hasieratik, erakundeek gauzatuta izan beharko dute diruz lagundutako jardueraren guztizkoaren % 35, gutxienez, eremu edo/eta azpieremu bakoitzean.

Bederatzi hilabeteko bi aldietako batean ehuneko hori lortzen ez bada, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa % 5 murriztuko da. Bi aldi horietakoren batean ere ez bada ehuneko hori lortzen, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa % 15 murriztuko da, ezinbesteko kasuak daudenean izan ezik.

Gainera, ez dira zenbatuko, ez diruz lagunduko, erakunde bakoitzari eremu eta azpieremu bakoitzean esleitutako ordu guztien % 55 gainditzen duten zerbitzuak, jardueraren lehen hamabi hilabeteetan.

4.– Era berean, eta soilik 12. artikuluko 1. zenbakiko c) eta d) letretan aurreikusitako kolektiboen arretarako erakundeentzat, zenbateko hori jaso ahal izateko, kokapen guztietan egin beharko da gutxienez erakunde bakoitzak eremu bakoitzeko egin behar dituen eta diruz lagun daitezkeen orduen ehuneko jakin bat, zehazki, 16.2.2.c) artikuluan ezarritakoa gutxienez, baldin eta ez badute puntuaziorik jaso artikulu horrek jasotako baldintzetan, eremu berean kokapen puntuagarri bat baino gehiago edukitzeagatik, V. eta VI. eranskinen arabera.

Aipatutako ehuneko hori lortuko ez balitz, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aipatutako ehuneko horren eta gauzatutako ehunekoaren arteko ezberdintasunaren baliokide izango den ehunekoan, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Dirulaguntzaren azken justifikazioan, kokapen gehigarrietako batean ere jarduerarik egin ez bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

5.– Behin artikulu honetako 2., 3. eta 4. zenbakietako murrizketak aplikatuta jasoko den azken zenbatekoa honako formula hau aplikatuz lortuko da:

AZ= K x (1-M1) x (1-M2) x (1-M3)

Hau da:

AZ: Jaso beharreko azken zenbatekoa.

K: Diruz lagun daitekeen ordu-kopurua (egindakoak eta sinatutakoak) x 41 euro.

M1: artikulu honetako 2. apartatuan deskribatutako murrizketa.

M2: artikulu honetako 3. apartatuan deskribatutako murrizketa.

M3: artikulu honetako 4. apartatuan deskribatutako murrizketa.

15. artikulua.– Laguntza-eskabideak eta dokumentazioa.

1.1.– III. kapitulu honetan aipatzen diren dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1086509 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, datuak aldatu edo alta emateko formularioa.

Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak

12.1 artikuluaren a) apartatuan (espetxeratuak eta espetxeratu ohiak) eta b) apartatuan (ijitoak) zehaztutako kolektiboak artatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeen kasuan, eskabidean adierazi beharko dute zer eremu edo azpieremutan lagundu nahi duten orientazio-zerbitzuak ematen eta zer kolektibo artatu nahi duten, kontuan hartuta eskabideak III. eta IV eranskinetan jardun-eremu bakoitzerako jasotzen diren ordu guztiak jaso behar dituela.

1.2.– 12.1 artikuluaren c) apartatuan (desgaitasunen bat duten pertsonak) eta d) atalean (gizarte-bazterketako egoeran, baztertuta geratzeko arriskuan edo bestelako desabantaila-egoeretan dauden pertsonak) zehaztutako kolektiboak artatzeko laguntza eskatzen duten erakundeen kasuan, eskabideak jaso behar ditu V. eta VI. eranskinetan jardun-eremu bakoitzerako jasotzen diren orientazio-orduen blokeak.

Era berean, azken erakunde horiek eskabidean adierazi beharko dute orientazioko zerbitzuak emanez lankidetzan aritzeko eskaera zein lurralde-eremutarako egin duten, eta 750 orduko zenbat bloke egingo dituzten eremu bakoitzean edo, hala badagokio, azpieremu bakoitzean (hemendik aurrera «ordu-blokeak»), kontuan izanik ezen, gutxienez, eremu edo azpieremu bakoitzeko 750 orduko bloke bat adierazi behar dela eskabidean; gehieneko muga, berriz, V. eta VI. eranskinetan eremuka eskainitako bloke-kopurua izango da.

2.– Eskabide horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Deialdi hau EHAAn argitaratzen den eguna baino lehenago erakundeak 13.1 artikuluan adierazitako sozietate- edo fundazio-xedea duela adierazten duen eraketako edo sorrerako eskrituren zatiaren kopia.

2.2.– Erakunde-elkarte eta -taldeen kasuan, haiek osatzen dituzten kide guztiek aurkeztu behar dute dokumentazio hori, elkartearen edo taldearen eratze-agiriaz gain, 13.2.d) letran ezarritakoaren arabera.

2.3.– Elkarte eskatzaileak nortasun juridikorik ez badu: elkartearen eratze-agiria, 13.2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.4.– 13. eta 16. artikuluetan aipatzen den esperientzia egiaztatzeko, beharrezkoa izango da jarduerak finantzatu dituen Enplegu Zerbitzu Publiko egokiaren, tokiko edo erkidegoko administrazio egokiaren edo horien menpeko sektore publikoko erakundeen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan zehazki adierazi eta azaldu beharko da zein ekintza edo programa egin diren, noiz hasi eta amaitu diren, eta kolektibo onuradunak zein izan diren.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako programek soilik ez dute egiaztagiririk aurkeztu beharko, baina nahitaezkoa izango da eskabidean hala jakinaraztea, behar bezala baloratzeko.

2.5.– Deialdiaren 13.4 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa, eskatutako dirulaguntzari dagokionez, eta gutxienez honako hauek bilduta:

a) Erakunde eskatzailearen lokal bakoitzaren ezaugarriak jasotzen dituen txosten deskribatzaile eguneratua. Derrigorrez atxiki behar dira 13. artikuluko 4.1. eta 4.2. apartatuetan zehaztutako instalazioetako espazio eta dimentsioak zehazten dituzten argazkiak eta planoak, baita instalazio horietarako barneko nahiz kanpoko bideen argazki eta planoak ere.

b) Txosten bat, teknikari eskudunak emana eta dagokion elkargo profesionalak ontzat hartua, adierazten duena lokal horiek egokiak direla eta irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dauden arauak betetzen direla: 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak. Txostenak bat egin behar du lokalaren egoera eguneratuarekin, eskaera egiteko unean, 13.4.2 artikuluko a), b) eta c) letretan deskribatutako baldintzetan:

13.4.3 artikuluan aurreikusitako kasuan ez da beharrezkoa izango 2.5. zenbakian aipatutako dokumentazioa aurkeztea. Kasu horretan, lokalak aldaketarik izan ez duela eta deialdian eskatu zitzaizkien baldintzak oraindik ere betetzen dituela bermatzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

c) Jardueraren hasieran, kokapen bakoitzerako banda zabaleko Internet izatea. Jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori, eta adierazpen hori kokapen bakoitzerako aurkeztu beharko da.

2.6.– Deialdi honen 16.2.2.d) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde eskatzaileak enplegu-zentro berezien titularrak direla edo haietan gehiengo partaidetza dutela egiaztatzeko, izaera hori adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.7.– Deialdi honen 16.2.2.e) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde eskatzaileak laneratzeko enpresak edo laneratzeko enpresen sustatzaileak direla egiaztatzeko, izaera hori adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.8.– Esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatu dela egiaztatzeko, langileen kontratua aurkeztuko da, eta hor jasota egongo da aplikatu den hitzarmena edo, bestela, hitzarmenaren kodea jasotzen duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren Kotizaziorako Datuen Txostena.

Goian aipatutako hitzarmenaren soldata-baldintzak hobetzen edo berdintzen dituen beste hitzarmen bat aplikatzen bada, hitzarmena aurkeztu beharko da eskaeran.

2.9.– Kalitatezko kudeaketa-sistema dagoela egiaztatzeko, 16.1.2.d) eta 16.2.2.g) artikuluan zehaztutako egiaztapenen aitorpen edo ziurtagiri ofizialen kopia.

2.10.– 16. artikuluko 1.2.e) apartatuan eta 16. artikuluko 2.2.h) apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, genero-berdintasunarekiko konpromisoa tartean, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina). Bestela, sozietatearen ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena edo, administrazio publikoen kasuan, idazkariaren ziurtagiria, 2025ean plantillan zeuden lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeko emakumeen eta gizonen ehunekoari buruzkoa.

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Bestela, sozietatearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, 2025ean plantillan zeuden lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeko emakumeen eta gizonen ehunekoari buruzkoa.

– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazita ere. Bestela, sozietatearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, 2025ean plantillan zeuden lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeko emakumeen eta gizonen ehunekoari buruzkoa.

3.– Merezimenduak baloratzeko, soilik hartuko da eskabideak aurkezteko epean edo, hala badagokio, zuzentzeko errekerimenduari erantzuteko epean aurkeztutako dokumentazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5.– Eskabideak aurkezteko epea igarota, aurkeztutakoak baldintza guztiak bete ezean, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, ulertuko da eskabidean atzera egin duela, horretarako ebazpena eman ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta dirulaguntza esleitzeko irizpideak.

1.– Honela jokatuko da 12.1 artikuluko a) letran (presoak eta preso ohiak) eta b) letran (ijitoak) aurreikusitako kolektiboei zuzendu diren eta araututako baldintzak betetzen dituzten eskaerak ebaluatzeko eta III. kapituluan jasotako orientazioko ekintzei eta zerbitzuei dagozkien dirulaguntzak esleitzeko:

1.1.– Lurralde historiko eta kolektiboren baterako erakunde eskatzaile bakar bat baldin badago, erakunde horri esleituko zaio dirulaguntza, deialdian jasotako ordu guztietarako.

1.2.– Eskaera bat baino gehiago egiten baldin bada lurralde historiko eta kolektibo bakoitzerako, honela jokatuko da eskaerak ebaluatu eta dirulaguntzak esleitzeko:

a) 0,2 puntu emango da erakunde eskatzaileek, 2018ko urtarrilaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean enplegurako orientazioko ekintzak egiten froga dezaketen ibilbide-hilabete bakoitzeko, denboran gainjarri gabe (gehienez 12 puntu emango dira), hau da, 12.1 artikuluaren a) eta b) ataletan aurreikusitako kolektiboei berariaz ematen zaizkien enplegurako orientazioko ekintza zuzenak ematen, jarduera hauetakoren bat eginez:

– Enplegurako orientazioa eta enplegurako edo autoenplegurako motibazioa.

– Laneratzean laguntzeko prozesuak.

Jarduera horiek deialdi honetako 6.2 artikuluan deskribatzen diren programa hauetakoren baten esparrukoak izan behar dute.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako programek soilik ez dute egiaztagiririk aurkeztu beharko, baina nahitaezkoa izango da eskaeran hala jakinaraztea, behar bezala baloratzeko.

b) 2 puntu emango zaizkio lurralde historiko bakoitzean III. eta IV. eranskinetan jasotako gutxienekoez gain beste herri batean arreta ematen duen lantoki bakoitzari, baldin eta 13.4 artikuluko 1. eta 2. apartatuetako baldintzak betetzen baditu. Gehienez 4 puntu emango dira.

c) Esku-hartze sozialeko erakundeak.

20 puntu emango dira, baldin eta erakunde eskatzaileak aplikatzen badu eskatutako lurralde-eremuari dagokion esku-hartze sozialeko hitzarmena edo, hala badagokio, haren soldata-baldintzak berdintzen edo hobetzen dituen hitzarmen bat (euro/ordu).

Baldintza hori bete behar da deialdi hau argitaratzen den egunean, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15. artikuluaren 2.8 apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

d) Kalitatearen kudeaketa-sistemak edukitzea. Gehienez ere 10 puntu emango dira, apartatu hauetako irizpideen arabera:

Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak edukitzea, soilik baloratuta azken hamar urteetan hauen artean aitorpen altuena duena:

– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 5 puntu.

– Zilarrezko A edo EFQM +400: 4 puntu.

– Brontzezko A edo EFQM +300: 3 puntu.

– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: 2 puntu.

Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitatea, kuadrilla edo udalerria bada, edo horien mendeko erakundea, edo EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentzia bada, 4 puntu lortuko ditu kudeaketa aurreratuan, aitorpena egiaztatu beharrik gabe.

Indarreko ziurtagiriak.

– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.

– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: puntu 1 (gehienez, 2 puntu).

Kudeaketa aurreratuaren euskal saria, QIA-Fase nazionalaren akzesita edo irabazlea edo QIA-Quality Innovation Award-Nazioarteko fasearen Award edo Prize Winner, azken 10 urteetan: puntu 1. (puntu 1 gehienez).

Apartatu honetan irizpideak aplikatzeko, indarrean dagoela ulertuko da indarraldiaren barruan dagoen Kudeaketa Aurreratuko eta ISO Ziurtagiriko Diploma, bai eta aldi horretan egon ez arren, berritzeko prozesuan dagoena iraungi ondorengo urtean (agiri bidez egiaztatu beharko da).

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15.2.9 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

e) Gehienez ere 5 puntu emango dira genero-berdintasunarekiko konpromisoagatik.

2025eko plantillan, aintzat hartuko da kontratu mugagabean eta lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa, baldintza berdinetan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta, honako proportzio honetan baloratuta:

– % 40 eta % 49 artean: 3 puntu.

– % 50 eta % 59 artean: 4 puntu.

– % 60tik gora: 5 puntu.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15.2.10 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailea, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

6 puntu emango zaizkio Lanbideren laguntzailea den erakundeari, hauen arabera:

– Ebazpena, 2015eko urtarrilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko; edo

– Ebazpena, 2022ko urriaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

Baldintza hori bete behar da deialdi hau argitaratzen den egunean, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

g) 3 puntu emango dira baldin eta esparru osagarri bat badago pertsona erabiltzaileen eskura, enplegua bilatzeko tresna eta materialak erabiltzeko aukera ematen duena; WIFI konexioa ere izan beharko du.

1.3.– Lurralde historiko eta kolektibo baterako dirulaguntzen esleipenean berdinketarik ematen baldin bada guztizko puntuazioetan, lehentasun-ordena honetan egingo da esleipena:

– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen apartatu hauetan puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna, hurrenkera honetan: 1.2.a), 1.2.b), 1.2.c), 1.2.d), 1.2.e), 1.2.f) eta 1.2.g).

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau, eskaerak zer egunetan eta ordutan erregistratu ziren kontuan hartuta, eskaera lehenago aurkeztu duen erakundeak izango du lehentasuna.

2.– Honela jokatuko da 12.1 artikuluko c) atalean (desgaitasuna duten pertsonak) eta d) atalean (gizarte-bazterketako egoeran, baztertuta geratzeko arriskuan edo bestelako desabantaila-egoeretan dauden pertsonak) aurreikusitako kolektiboak artatzeko eskaerak ebaluatzeko, baldin eta aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte, eta III. kapituluan jasotako orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei dagozkien dirulaguntzak esleitzeko:

2.1.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -azpieremuan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua diruz lagunduko den kopuruaren berdina edo hori baino txikiagoa bada, eskatu dituen orientazioko ordu-blokeen araberako dirulaguntza emango zaio erakunde bakoitzari.

2.2.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -azpieremuan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua handiagoa bada diruz lagunduko den gehieneko kopurua baino, eskabideak baloratu egingo dira, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

a) 0,2 puntu emango dira erakunde eskatzaileek, 2018ko urtarrilaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean, enplegurako orientazioko ekintzak egiten froga dezaketen ibilbide-hilabete bakoitzeko, denboran gainjarri gabe (gehienez 12 puntu emango dira), hau da, pertsona langabeei enplegurako orientazio-ekintza zuzenak ematen, jarduera hauetakoren bat eginez:

– Enplegurako orientazioa eta enplegurako edo autoenplegurako motibazioa.

– Laneratzean laguntzeko prozesuak.

Jarduera horiek deialdi honetako 6.2 artikuluan deskribatzen diren programa hauetakoren baten esparrukoak izan behar dute.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako programek soilik ez dute egiaztagiririk aurkeztu beharko, baina nahitaezkoa izango da eskaeran hala jakinaraztea, behar bezala baloratzeko.

b) V. eta VI. eranskinek adierazitako moduan, jardun-eremuaren edo -azpieremuaren barruan, gehienez 10 puntu emango dira zerbitzua emateko instalazioak jartzeko aukeratutako udalerriagatik. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren edo -azpieremuaren barruan, puntuatzeko orduan, soilik hartuko da kontuan jardun-eremu edo -azpieremu horretan punturik gehien lortzen duena.

c) Diruz lagun daitezkeen jarduketak gauzatuko diren jardun-eremu edo -azpieremu berean kokapen puntuagarri desberdin bat baino gehiago izateagatik (V. eta VI. eranskinak) 4 puntu emango dira, betiere 13. artikuluko 4.1. eta 4.2. apartatuetako baldintzak betetzen badira, edo, hala badagokio, 4.3. apartatuetan zehaztutako baldintzak betetzen badira:

– gutxienez erakunde horrek jardun-eremu edo -azpieremu horretan egin dituen orduen guztizkoaren % 25, bi kokapen puntuagarri dituenean, V. eta VI. eranskinen arabera.– gutxienez erakunde horrek jardun-eremu edo -azpieremu horretan egin dituen orduen guztizkoaren % 15, bi kokapen puntuagarri baino gehiago dituenean, V. eta VI. eranskinen arabera.

Dirulaguntzaren azken justifikazioan, kokapen gehigarrietako batean ere jarduerarik egin ez bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

d) Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakunde-taldeei, baldin eta enplegu-zentro bereziak baldin badira, enplegu-zentro berezien jabeak baldin badira edo enplegu-zentro berezien sozietate-kapitalaren gehiengoa baldin badute harpidetua, eta, gainera, dirulaguntza eskatzen duten eremuan bertan badituzte lantokiak. Eskaera erakunde-elkarte edo -talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen badute haren barruko erakundeen erdiek gutxienez. Horretaz gainera, dirulaguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15.2.6 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

e) Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie bazterketa-egoeran dauden edo bazterketa-egoeran izateko arriskuan dauden pertsonei (deialdiko 12.1.d) artikuluan adierazten den kolektiboari) arreta emateko dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakunde-elkarteei, baldin eta, dirulaguntza zein lurralde historikotarako eskatzen duten, lantokiak eremua hartantxe dituzten laneratze-enpresak badira edo laneratze-enpresen sustatzaileak badira. Eskaera erakunde-elkarte edo -talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskabidean adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen badute haren barruko erakundeen erdiek gutxienez. Horretaz gainera, dirulaguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15.2.7 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

f) Esku-hartze sozialeko erakundeak.

20 puntu emango dira, baldin eta erakunde eskatzaileak aplikatzen badu eskatutako lurralde-eremuari dagokion esku-hartze sozialeko hitzarmena edo, hala badagokio, haren soldata-baldintzak berdintzen edo hobetzen dituen hitzarmen bat (euro/ordu).

Baldintza hori bete behar da deialdi hau argitaratzen den egunean, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15.2.10 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

g) Gehienez ere 10 puntu emango dira, apartatu hauetako irizpideen arabera:

Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak edukitzea, soilik baloratuta azken hamar urteetan hauen artean aitorpen altuena duena:

– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 5 puntu.

– Zilarrezko A edo EFQM +400: 4 puntu.

– Brontzezko A edo EFQM +300: 3 puntu.

– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: 2 puntu.

Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitatea, kuadrilla edo udalerria bada, edo horien mendeko erakundea, edo EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentzia bada, 4 puntu lortuko ditu kudeaketa aurreratuan, aitorpena egiaztatu beharrik gabe.

Indarreko ziurtagiriak.

– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.

– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: puntu 1 (gehienez, 2 puntu).

Kudeaketa aurreratuaren euskal saria, QIA-Fase nazionalaren akzesita edo irabazlea edo QIA-Quality Innovation Award-Nazioarteko fasearen Award edo Prize Winner, azken 10 urteetan: puntu 1 (puntu 1 gehienez).

Apartatu honetan irizpideak aplikatzeko, indarrean dagoela ulertuko da indarraldiaren barruan dagoen Kudeaketa Aurreratuko eta ISO Ziurtagiriko Diploma, bai eta aldi horretan egon ez arren, berritzeko prozesuan dagoena iraungi ondorengo urtean (agiri bidez egiaztatu beharko da).

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15. artikuluaren 2.8 apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

h) Gehienez ere 5 puntu emango dira genero-berdintasunarekiko konpromisoagatik.

2025eko plantillan, aintzat hartuko da kontratu mugagabea eta lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa, baldintza berdinetan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta, honako proportzio honetan baloratuta:

– % 40 eta % 49 artean: 3 puntu.

– % 50 eta % 59 artean: 4 puntu.

– % 60tik gora: 5 puntu.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, 15. artikuluko 2.9 apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailea, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

6 puntu emango zaizkio Lanbideko laguntzailea den erakundeari, hauen arabera:

– Ebazpena, 2015eko urtarrilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko; edo

– Ebazpena, 2022ko urriaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

Baldintza hori bete behar da deialdi hau argitaratzen den egunean, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

j) 3 puntu emango dira baldin eta esparru osagarri bat badago pertsona erabiltzaileen eskura, enplegua bilatzeko tresna eta materialak erabiltzeko aukera ematen duena; WIFI konexioa ere izan beharko du. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, soilik hartuko da kontuan b) apartatuan puntu gehien lortzen duena.

Balorazioa egiteko, eskabideak aurkezteko epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan, edo, hala badagokio, zuzenketak egiteko errekerimenduari erantzuteko dokumentazioa.

2.3.– Eskabideak aurreko zenbakiko irizpideen arabera baloratu ondoren, prozedura hau erabiliko da dirulaguntza banatzeko eta esleitzeko:

a) Kalkulatu egingo da erakunde eskatzaile bakoitzari eman zaion puntuazioari dagokion ehunekoa, jardun-eremu edo -azpieremu berean parte hartzen duten erakunde guztiek lortutako guztizko puntuazioaren arabera.

b) Jardun-eremu bakoitzean banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopuruari aplikatuko zaio lortutako ehunekoa, zenbaki oso hurbilenaren arabera biribilduta. Erakunde eskatzaile bakoitzari egokitu zaion bloke-kopurua esleituko zaio, handienetik txikienerako hurrenkeran lortutako puntuazioaren arabera.

c) Behin aurreko banaketa egin ondoren, esleitu gabeko blokerik geratzen bada eremuren edo azpieremuren batean, banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopurutzat hartuko dira bloke horiek, eta ordena honen arabera esleituko:

– Lehenik, b) letraren arabera eremu berean blokeren bat esleitu zaien erakundeen artean, baldin eta eskaturiko bloke-kopuru guztiak eskuratu ez badituzte. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) letretan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da berriro.

– Bigarrenik, orientazioko ordu-blokerik esleitu ez zaien erakundeen artean. Banaketa hori egiteko, berriro erabiliko da aurreko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako prozedura bera.

d) Ordu-blokeen esleipenean berdinketarik badago guztizko puntuazioetan, lehentasun-hurrenkera honetan egingo da esleipena:

– Lehentasuna izango dute ordu-bloke gutxien esleitu zaizkien erakundeek. Banaketa hori egiteko, aurreko banaketetan erabilitako prozedura bera erabiliko da.

– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen apartatu hauetan puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna, hurrenkera honetan: 2.2.a), 2.2.b), 2.2.c), 2.2.d), 2.2.e), 2.2.f), 2.2.g), 2.2.h), 2.2.i) eta 2.2.j).

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau aurreko arau guztiak aplikatu ondoren, lehentasuna izango dute eskabidearen sarrera-erregistroa (data eta ordua) lehenago duten erakundeek.

e) Baldin eta eremuren batean ordu-blokerik sobera bada ordu-blokeak aurreko letretan adierazitakoaren arabera esleitu ondoren, bloke horiei dagozkien orduak zati berdinetan banatuko dira eremu edo azpieremu horretan gutxienez bloke bat esleituta daukaten erakundeen artean; baldin eta ez badute lortu eskaturiko guztizko bloke-kopurua, edo eskabidean onartu badute orientazio-ordu gehiago egitea aurreko letran aurreikusitakoa gertatzen den kasurako.

IV. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

17. artikulua.– Laguntzen onuradun diren erakundeen baldintza komunak.

1.– Laguntzen erakunde onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak araututako debekuak aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.

b) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz indargabetu izana, dena delako kausagatik errudun deklaratzeagatik.

d) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkariak izatea, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.

f) Egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa sailkatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

h) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

i) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik ez izatea, hauek barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dauzkan legeek ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

j) Zehapena ezarrita izatea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

l) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

m) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluko 3. eta 5. apartatuetan xedatzen diren egoeraren batean egotea.

ñ) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

p) Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak, baldin eta horietako edozeinetan aurreko debekuren bat gertatzen bada.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 1. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

o) apartatuko eskakizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

18. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria izango da dirulaguntzen esleipen-prozedura kudeatzeko eta bideratzeko arduraduna, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Deialdi hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitako lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da; hala, 9. eta 16. artikuluetan aurreikusitako ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak II.eta III. kapituluetan araututako dirulaguntzei dagokienez, hurrenez hurren. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:

– Batzordeburua: María Aránzazu Niño Núñez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria.

– Idazkaria: Monserrat López de Arechabaleta Angulo, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Orientazio Zerbitzuko arduraduna.

– Batzordekideak: María Yolanda Fernández Paunero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Orientazio Zerbitzuko koordinatzailea, eta Zuriñe López de Arana Prado, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Orientazio Zerbitzuko teknikaria.

3.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan araututako dirulaguntzak emateko prozedurak ebazteko, honako hau egingo da:

3.1.– Aurreko 2. apartatuan aurreikusitako kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan jasoko ditu eman nahi diren dirulaguntzak. Hala, proposatutako erakunde onuradunak identifikatuko ditu, bai eta artatu beharreko kolektiboa eta esleitutako orientazio-orduak edo -blokeak ere, jardun-eremuaren edo -azpieremuaren arabera.

Era berean, adieraziko da proposatutako diruz lagun daitekeen zenbatekoa ere, baita zein eskaera ezeztatzea proposatzen den eta zergatik ere. Behin-behineko ebazpen-proposamena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die eskubiderik emango onuradun gisa proposatutako erakundeei.

3.2.– Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

3.3.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, pertsona interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

3.4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendariaren ebazpena Lanbideko web-orrian argitaratuz jakinaraziko da: www.lanbide.euskadi.eus.

3.4.1.– Dagokion prozedurari amaiera jartzen dion ebazpenean jasoko dira erakunde onuradunak, artatu beharreko kolektiboa, eta jardueraren eremu edo azpieremu bakoitzeko orduen kopurua edo orientazioko orduen blokea (bereizita). Ebazpenean honako hauek ere jasoko dira: zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, eta dirulaguntza-aldiaren hasiera, bai eta ezeztatutako eskaeren zerrenda, ezeztatzeko arrazoiekin.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, adierazitako epea igaro eta prozeduraren ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi del, artikulu honen 5. apartatuan adierazitako errekurtsoak jartzeko ondorioetarako.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenek amaitu egiten dute administrazio-bidea, eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, eta Lanbideren web-orrian prozedura bakoitzaren ebazpena argitaratzeari kalterik egin gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaz emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zer enpresak jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta, orobat, zenbateko laguntza jaso duten.

19. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Esleitutako dirulaguntzak bi epetan ordainduko dira:

– Esleitutako guztikoaren % 50eko aurreordainketa bat, 2026ko ordainketa-kreditutik ordainduko dena, laguntza-mota bakoitzari dagokion behin betiko ebazpena argitaratu eta gero. Hori bai, erakundeek aurkeztu beharko dute jarduera ekitearen inguruko erantzukizunpeko adierazpena 4.3. eta 11.3 artikuluetan aurreikusitako baldintzetan, eta identifikatu eta egiaztatu beharko dituzte Lanbidek kontratatutako pertsonen Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta ematearen inguruko baldintzak.

Nolanahi ere, erakunde onuradunak jarduera hasteko eta kokapen bakoitzerako baliabideak izateko erantzukizunpeko adierazpena gauzatu arte, ez da lehen ordainketa izapidetuko, berariaz uko egin ezean.

– Azken ordainketa, 2027ko konpromiso-kreditutik ordainduko dena, eta ordaintzeke egongo den dirulaguntza edo zenbatekoaren balioa izango duena. Horretarako, egindako jarduerak justifikatu eta egiaztatu beharko dira, eta baita, hala balegokio, jarraian datorren dokumentazioa aurkeztu aurretik lortutako laneratze-xedeak ere, diruz lagundutako jarduerak burutu eta bi hilabeteko epean:

a) Orientazio-zerbitzuak emandako zerbitzua azaldu eta ebaluatzen duen memoria (gehienez 20 orri), gutxienez honako hauek jaso beharko dituena:

– Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak.

– Erabiltzaileen datuak eta zerbitzuaren asebetetze-mailari buruzko informazio esanguratsua.

– Dirulaguntza-proiektuen esparruan emandako zerbitzuaren erabiltzaileen, erakunde onuradunetako titularren eta haien plantillaren informazioa, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.

b) Justifikazio-memoria ekonomikoa; agiri horrek, gutxienez, ondoko alderdiak jasoko ditu:

– Modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruaren egiaztapena edo, halakorik ezean, onuradunaren aitorpena.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, oinarritzat hartu dira oinarri arautzaileetan edo, hala badagokio, deialdiaren aginduetan jasotzen diren moduluetan eta jarduketa-memorian kuantifikatutako jarduerak.

Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzen duena benetakoa dela Lanbideren informazio-sisteman mekanizatutako informazioa, egindako ekintzei eta pertsonei emandako arretari dagokienez.

2.– Aurreratutako ordainketa 180.000 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, egiaztatzen duena EAEko Diruzaintza Nagusian aurkeztu dela aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea, abala edo finantza. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskura jarriko du abal-eredua.

Eskabidea egiteko unean, erakunde eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du dagokion bermea eratzeko, kasu horretan egonez gero.

Edonola ere, ez da bermerik eratzeko eskatuko, baldin eta dirulaguntzen onuraduna tokiko erakundea edo haren mendeko erakunde edo organismoa bada.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 3.3 artikuluak araututakoaren arabera, bermeak honako hauek estali beharko ditu: emandako aurrerakinaren nominala gehi aurrerakinaren interesak, gehienez ere urtebeterako, eta nominalaren ehuneko hamabosteraino, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.

3.– Emandako dirulaguntza erakunde onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Erakundeak Lanbideren ordainketarik jaso ez badu edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du; fitxa hori Lanbideren web-orrian egongo baita eskuragarri.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14.f) artikuluan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5. artikuluan ezarritakoa betez (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

20. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Jarduketak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea; gauza bera egin beharko dute erabiltzaileen ebaluazioari eta gogobetetzeari buruz bildutako informazioarekin. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskura jarritako protokoloak, jarraibideak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliko dituzte.

b) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

III. kapituluan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunei dagokienez, betebehar horrek aintzat hartzen du dagokion desabantaila-egoeran dagoen kolektiboaren parte diren eta artatu dituzten pertsonen kidetzaren egiaztagiriak ere gordetzea.

d) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

e) Laguntza horiek jakinarazteko material eta ekintza guztietan aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa jaso dela.

f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak egitean.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan, sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna sustatzen dutenak.

g) III. kapituluan araututako desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei arreta emateko laguntzen erakunde onuradunek diruz lagundu daitezkeen kolektiboetako kideak bakarrik artatuko dituzte.

h) Izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoari dagokionez, erakunde onuradunaren ordezkari edo ahalduna izendatuko da. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, gai hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

2.– Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira erakunde onuradunak:

– Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.

– Gordetzea ekintza egikaritu dela, horrek ekarri duen gastua eta dagozkion ordainketak benetan egin izana egiaztatzeko balio dezakeen jatorrizko dokumentazio kualitatibo eta kuantitatibo guztia, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik bost urteko epean.

3.– Laguntza eman zaiola jakinarazi ondoren, laguntzen erakunde onuradunen lehen betebeharra da emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, erakunde onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten den egunetik hasita hamar (10) egun balioduneko epean, onartu egin duela joko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du aztertzeko ea betetzen diren deialdian ezarritako baldintzak egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren.

21. artikulua.– Lokalaren lekualdaketa.

Prozeduren behin betiko ebazpena eman ondoren, diruz lagundutako ekintzak egiteko lokala aldatzeko baimena eskatu ahal izango diote erakunde onuradunek Lanbideren Orientazio Zerbitzuari. Horretarako, egiaztatu beharko dute beste lokal bat dutela, eta lokal horrek eskabidean aurkeztu zutenaren baldintza berak dituela gutxienez, horregatik izendatu zituztelako laguntzaren onuradun.

Gainera, lokal berriak ebazpenean onartutako lokalaren eremu/azpieremu berean eta kokapen puntuagarri berean egon behar du.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldeko jakinarazpena eskatuko da.

22. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura abiatuko da.

23. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin bateratuzkoak izango dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza lortzearekin. Kontzeptu bera dela ulertuko da, baldin eta diruz lagundutako orientazio-ekintza pertsona berarentzat bada, dirulaguntza edozein deialditakoa dela ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza hauek bateraezinak izango dira tokiko erakundeek edo haien mendekoek enplegurako orientazioaren arloan jaso ditzaketenekin, tokiko enplegu-planen barruan oraingoa ez den beste dirulaguntza batzuk gauzatuz.

24. artikulua.– Aplikagarriak diren arauak ez betetzea.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarri zaizkien betebeharrak betetzen ez badituzte, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean suertatzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, galdutzat emango du ordaintzeke dauden diru-kopuruak jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta dagozkion berandutze-interesak, dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egokiak diren bestelako ekintzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 46. artikuluan zehaztutako araubideari jarraituko zaio.

25. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan xedatutako ez-betetzeen kasuan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedurak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzeko araubidean jasotakoa bete beharko du, eta honako hau izango da:

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela ondorioztatzen bada, bertan adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, bidezkoak diren kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar zaizkiola. Itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean.

26. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

27. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan ezarritako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala