
26. zk., 2026ko otsailaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (248 KB - 20 orri.)
- EPUB (617 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
563
AGINDUA, 2026ko urtarrilaren 30ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko langile lan-kontratudunen hitzarmeneko langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuak betetzeko lehiaketarako deia egin eta oinarriak onartzen dituena.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen VIII. tituluko II. kapituluan lanpostuak lehiaketa bidez hornitzeari buruz ezarritakoarekin bat etorriz, eta lege horren 18.2.t) artikuluaren bidez emandako eskudantziak baliatuz –Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 17/2024 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan xedatuari dagokionez–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko langile lan-kontratudunen hitzarmeneko langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuak betetzeko lehiaketarako deialdia egitea.
Bigarren artikulua.– Agindu honen I., II. eta III. eranskinetan agertzen diren lehiaketaren oinarriak, lanpostuen multzoak eta merezimenduen baremoa onartzea.
Hirugarren artikulua.– Epe hau ezartzea eskabideak aurkezteko: 2026ko otsailaren 10etik 2026ko martxoaren 2ko 14:00etara.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen kontra demanda jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, Vitoria-Gasteizko Lan arloko Epaitegian, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 10.4.a) artikuluan –6.2.a) artikuluari dagokienez– eta arau horren 69. artikuluari ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 30a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARIA UBARRECHENA CID.
I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ZERBITZUPEKO LANGILE LAN-KONTRATUDUNEN HITZARMENEKO LANGILE LAN-KONTRATUDUNENTZAT GORDETAKO LANPOSTUAK BETETZEKO LEHIAKETAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko langile lan-kontratudunen hitzarmeneko langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuak betetzeko lehiaketaren arauak ezartzea.
Bigarrena.– Deialdiaren xede izango diren lanpostuak.
1.– Honako hauek egintza bakar batean esleituko dira:
– Eskaintzen diren lanpostu hutsak, eta
– Lehiaketan lanpostuak esleitzeko prozesuan sortzen diren lanpostu hutsak, hau da, esleipen-prozesuan esleipendun gertatzen diren pertsonak titular diren lanpostuak.
Lanpostu horiek guztiak lehiaketan sartu ahal izateko, sailen eta organismo autonomoen plangintzak aurreikusi beharko du lanpostuek indarrean jarraituko dutela.
2.– Lehiaketa honen bidez deituko diren lanpostuak ez dira argitaratuko behin-behineko esleipena argitaratu aurreko unera arte; Enplegu Publikoko Zuzendaritzaren titularrak eman beharko du horri buruzko ebazpena. Ebazpen horretan, datu hauek jasoko dira:
– hutsik dauden eta lehiaketan sartuko diren lanpostuak, eta
– lehiaketa esleitzeagatik hutsik gera daitezkeen eta amortizazio-espediente batean edo funtsezko aldaketa batean sartuta egoteagatik esleituko ez diren lanpostuen zerrenda.
Bosgarren oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko da ebazpen hori.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak betetzeko epea.
Deialdi honetan eskatutako betekizun guztiak eta merezimenduak deialdia argitaratzen den egunean bete beharko dira, eta kontratuaren aldaketa sinatu arte eutsi beharko zaie, salbu eta dagokion elkargo profesionaleko kide izatearen betekizuna, zeina sinatzeko unean egiaztatu beharko baita.
Laugarrena.– Parte-hartzaileak.
1.– Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta haren erakunde autonomoekin indarrean dagoen lan-kontratu finkoa dutenek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunen hitzarmenaren aplikazio-eremuaren barruan badaude eta, betiere, oinarri hauetan eta lehiaketaren xede diren lanpostuen berariazko betekizunak jasotzen dituen lanpostu-zerrendan ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte.
2.– Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu:
a) Aurreko bi urteetan lanpostu baten titulartasuna lortu dutenek.
b) Egoera horrek irauten duen bitartean enplegua eta soldata etenda dituztenek.
c) Norberaren interesagatik borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzultzeko eskatzen den gutxieneko denbora eman ez dutenek.
Bosgarrena.– Argitalpenak eta komunikazioak.
Lehiaketen deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta helbide elektroniko hauetan argitaratuko dira:
Intranet: Langilearen ataria.
Internet: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/-/lanpostuak-betetzeko-lehiaketa/
Prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Argitalpen bakoitzarekin, abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektroniko bidez, mugikorraren zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten parte-hartzaileei. Hala ere, abisu hori bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.
Seigarrena.– Eskabidea betetzeko modua.
1.– Lehiaketan parte hartzeko, bosgarren oinarrian adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da.
2.– Eskatzaileek jaso izanaren agiria eskuratu beharko dute, eta, hor, interesdunek egoera egiaztatu beharko dute. Bakarrik onartuko dira «itxita» egoeran dauden eskabideak.
3.– Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, hamargarren oinarrian adierazitako lekuetan horretarako adieraziko den telefono zenbakia edo helbide elektronikoa erabili ahal izango da.
4.– Langileen erregistroan agertzen diren merezimendu guztiak alegatutzat joko dira, baldin eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte baloratzeko, eta eskabidean parte hartzen dutenei aurkeztuko zaizkie.
Espresuki alegatu beharko dira Langileen erregistroan jaso gabe dauden merezimenduak. Horretarako, frogagiriaren kopia bidali beharko dute Enplegu Publikoko Zuzendaritzara, «lehiaketa» hitza adieraziz.
Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira egiaztagiri horiek. Agiriren bat beste hizkuntza batean idatzita badago, haren zinpeko itzulpena erantsi beharko da.
5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, ez da onartuko eskaeretan eta alegatutako merezimenduetan aldaketarik egitea.
Zazpigarrena.– Mugikortasun-eremua: lanpostu-eskaerak.
1.– Parte-hartzaileek titular diren lanpostuaren titulazio-mailaren araberako talde berean dauden lanpostuetako edozein eskatu ahal izango dute.
Talde horiek eta barne hartzen dituzten lanpostuak agindu honen II. eranskinean daude.
2.– Aipatutako taldeetan sartzen ez diren lanpostuen titularrak, hau da,
– lanpostuen zerrendan «amortizatu beharrekoa» edo «funtzionarizatu beharrekoa» oharpena duten lanpostuak, eta
– karrerako funtzionarioen lanpostuak.
Titular diren lanpostuan sartzeko titulazioen maila akademiko altuenaren arabera eskatu ahal izango dituzte lanpostuak.
3.– Kontuan hartuta egintza bakar batean esleituko direla lanpostu hutsak eta lanpostu horiek esleitzean sortzen diren lanpostu hutsak, eskatzaileek, euren lehentasunen arabera, kasuan kasuko taldeko lanpostu-zerrendan jasotako edozein lanpostu zerrendatu ahal izango dute eskabidean.
Ezin izango dira hautatu lehiaketan parte hartu ezin duten titularren lanpostuak.
Zortzigarrena.– Eskabide baldintzatuak.
Baliteke, familiako elkarbizitza-arrazoiak direla eta, bi pertsonak lanpostuak lortu nahi izatea lehiaketa berean, herri berean edo hurbileko herrietan; halakoetan, eskabideetan, baldintza gisa adieraz dezakete lanpostua biek hala biek lortu beharra, eta, hala ez bada, dena delako herriko lanpostuetarako eskabide biak indarrik gabe geratuko dira.
Bederatzigarrena.– Merezimenduak baloratzeko irizpide orokorrak. Ikastaroak eta tituluak.
Merezimenduak baloratzeko, bi irizpide hartuko dira kontuan: merezimenduak duen baliozkotasun formala eta lanpostuarekiko lotura-maila.
1.– Lanpostuarekiko lotura: baloratu beharreko merezimenduaren edukiaren eta lortu nahi den lanpostuak dituen eginkizunen artean loturaren bat dagoenean baloratuko dira merezimenduak. Lotura egongo da baldin eta egiaztatu den merezimenduaren eta lortu nahi den lanpostuaren jakintza-arlo eta -esparruen artean harremana badago. Ez dira baloratuko lortu nahi den lanpostuarekin loturarik ez duten merezimenduak.
2.– Merezimenduaren balio formala.
Hauek dira merezimendu baten balio formala edo garrantzia neurtzeko faktoreak:
a) Titulua bada: graduondokoen kreditu kopurua edo ordu kopurua.
b) Ikastaroa bada: ikastetxea eta ebaluazioa.
3.– Bi irizpide horiek –lotura eta balio formala– ezartzen bazaizkie aurreko apartatuko merezimenduei, honako koefiziente hau aplikatuko da merezimendu jakin bat baloratzean, dagokion baremoaren arabera: Handia (1), Tartekoa (0,75), Txikia (0,25) edo ezin da baloratu (0). Lehiaketa bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko diren baremoetan kategoria bakoitzari esleitutako gehieneko balioarekin biderkatuko da koefizientea.
4.– Baloratzeko irizpideak merezimendu bakoitzari aplikatzeko modua bosgarren oinarrian zehaztutako lekuetan argitaratuko da.
5.– Soilik baloratuko dira ziurtagirietan egiaztapen-lanak egiteko funtsezkotzat jotzen diren alderdi guztiak jasotzen dituzten merezimenduak.
5.1.– Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak alegatu egin beharko dira, eta Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsulta eginez egiaztatuko dira.
Titulu ofizialak eta atzerriko tituluak homologatzeko ziurtagiriak Hezkuntza Ministerioak edo unibertsitateetako errektoreek egin behar dituzte.
Unibertsitateetako graduondoko berezko tituluak egiaztatzeko, unibertsitateko errektoreak egindako diplomak aurkeztu beharko dira. Horietan, gainera, berariaz jaso behar da zenbat ordu edo kreditu egin diren.
Goi-mailako gainerako irakaskuntza-programak egiaztatzeko, dagokion erakundeak egindako diplomak aurkeztu beharko dira; eta denetan jaso behar da ikasketa-planak zenbat ordu edo kreditu dituen.
Araututako lanbide baten lanbide-prestakuntza aitortzen duen egiaztagutuna aurkeztu ahal izango da, Europar Batasunaren xedapenen babesean, dagokion titulu akademikoaren egiaztagiriaren ordez.
5.2.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak. Langileen Erregistroan jasota ez dauden ikastaroak alegatu beharko dira, eta horiek egiaztatzeko, IVAPi kontsulta egingo zaio, edo ikastaro horiek antolatu edo deitu dituen organo edo erakundearen kopia konpultsatuaren edo ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira; eta funtsezko eduki hau izan beharko dute:
a) Izenburua.
b) Hasiera- eta amaiera-datak, eta iraupena (orduak).
c) Ziurtagiria egin duen erakundea.
Hamargarrena.– Lehiaketa kudeatzea.
1.– Enplegu Publikoko Zuzendaritzari dagokio lehiaketak kudeatzea.
2.– Enplegu Publikoko Zuzendaritzari dagokio, lehiaketen kudeatzailea den aldetik, zeregin hauek egitea:
a) Parte hartzeko betekizunak eta esleitu beharreko lanpostuetarako baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzea, eta haien egiaztapena baliozkoa dela frogatzea.
b) Merezimenduen baremoak aplikatzeko zeregin materialak eta zeregin arautu hutsak egitea.
– Antzinatasuna, esperientzia, hizkuntzak eta hizkuntza-eskakizuna baloratzea.
– Merezimenduen balio formala ezartzea.
c) Balorazio-batzordeak egindako merezimenduen balorazioa gehitzea.
d) Deitutako lanpostuen esleipena proposatzea.
Hamaikagarrena.– Balorazio-batzordea. Izendapena eta osaera.
1.– Balorazio-batzordeari dagokio balorazio-iritzia agertzea eskatzen duten merezimenduak baloratzea, diskrezionalitate teknikoan oinarrituta eta bat etorriz oinarri hauetan ezarritakoarekin.
2.– Lehiaketaren balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute, guztiak hitza eta botoarekin:
Batzordeburua: M.ª José Bombín López.
Idazkaria: Eider Basañez Llanos.
1. bokala: Sergio Torres Ibarrola.
2. bokala: Alberto Aguinaco Aguirre.
3. bokala: Ricardo Torre Ortega.
3.– Balorazio-batzordeetako kideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte haien zerbitzuagatik, bertaratzeak barnean hartuta, bat etorriz arlo horretako indarreko araudiarekin.
Halaber, dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte aholkularitza ematen dieten pertsonek.
Hamabigarrena.– Balorazio-batzordearen jarduketa-arauak.
1.– Balorazio-batzordeak independentzia osoz, diskrezionalitate teknikoz eta objektibotasunez jardungo du.
2.– Jarduteko duen diskrezionalitate teknikoa gorabehera, ebazpenak arrazoitu egin beharko ditu, eta deialdien arauak eta oinarriak bete.
3.– Balorazio-batzordearen erabakiak lotesleak izango dira Administrazioaren organo guztientzat, hargatik eragotzi gabe erabaki horiek berrikustea, administrazio-prozeduraren arloan indarrean den legerian aurreikusitakoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Onartuen eta baztertuen zerrendak.
1.– Parte-hartzaileen analisia egin ondoren, Enplegu Publikoko Zuzendaritzaren titularrak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, ebazpen baten bidez, hamargarren oinarrian adierazitako lekuan; baztertuen kasuan, orobat adieraziko du zergatik izan diren baztertuak.
2.– Aipatutako ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egiteko edo parte hartzeko baldintzak egiaztatzean egin diren akatsak zuzentzeko.
Era berean, eta epe berean, parte hartzeko eskaera hasi eta 6. oinarrian aurreikusitako moduan bideratu ez zutenek izapide-akatsa zuzendu ahal izango dute.
Ez da inola ere onartuko merezimendu berriak edo lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzea. Eskatutako lanpostuetan ere ez da aldaketarik onartuko; hau da, ezin izango dira lanpostuak gehitu edo ezabatu, ezta haien ordena aldatu ere.
3.– Alegazioak eta zuzenketak egiteko epea amaituta eta horiek ebatzita, Enplegu Publikoaren zuzendariak onartutako eta baztertutakoen behin betiko zerrenda egingo du. Bosgarren oinarrian aurreikusitako lekuetan argitaratuko da ebazpen hori.
Hamalaugarrena.– Merezimenduen balorazioaren behin-behineko zerrendak.
1.– Balorazio-batzordeak merezimenduak baloratu ondoren, Enplegu Publikoko Zuzendaritzaren titularrak honako hauek argitaratuko ditu, ebazpen baten bidez, bosgarren oinarrian adierazitako lekuan:
a) Merezimenduen behin-behineko balorazioa, baremoaren apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioarekin, eskatutako lanpostu bakoitzari dagokionez, baldin eta lanpostu-zerrendan esleituta dituzten baldintzak betetzen badituzte.
b) Merezimenduak eta betekizunak zuzentzeko errekerimendua, behar den kasuetan.
2.– Aipatutako ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egiteko edo merezimenduak eta betekizunak egiaztatzean egin diren akatsak zuzentzeko.
3.– Alegazioak eta zuzenketak egiteko epea amaituta eta horiek ebatzita, Enplegu Publikoaren zuzendariak behin betiko aurkeztuko du merezimenduen balorazioa eta bosgarren oinarrian adierazitako tokian argitaratuko da.
Hamabosgarrena.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamena.
1.– Enplegu Publikoko zuzendariaren ebazpen baten bidez, lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamena onartuko da, eta, harekin batera, merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko da.
2.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamenak parte-hartzaileei esleitutako lanpostuak jasoko ditu, hamaseigarren oinarrian jasotako irizpideen arabera.
3.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamena onartzen duen ebazpenak hamar egun balioduneko epea ezarriko du alegazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Epe berean, lehiaketan borondatez parte hartzen dutenek aukera izango dute lehiaketa osoan atzera egiteko eta ez hartzeko parte. Epe hori amaituta, ez da atzera-egiterik onartuko. Atzera-egiteak eskatutako lanpostu guztiei eragingo die.
Hamaseigarrena.– Parte-hartzaileei lanpostuak esleitzeko irizpideak.
1.– Lehiaketetako parte-hartzaileei irizpide hauen arabera esleituko zaizkie lanpostuak: batetik, lortutako puntuazio osoa –betiere, oinarrietan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu beharra daukate–, eta, bestetik, parte-hartzaileek eskaerak egiteko erabili duten lehentasun-hurrenkera.
2.– Lehiaketaren amaierako puntuazioan berdinketarik egonez gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, berdinketa argitzeko:
– Emakumeei emango zaie lehentasuna, ordainsari-mailetan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak baditu, sexuagatiko diskriminaziorik eragiten ez dutenak; kasurako, laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
– Baremoaren apartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, han ageri diren hurrenkeraren arabera.
– Azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, han ageri diren hurrenkeraren arabera.
Bi kasuetan, apartatu bakoitzean kontuan hartuko den puntuazioak ezin izango du gainditu baremoan horietako bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko puntuazioa, ez eta, azpiapartatuen kasuan, haiei dagokien apartatuari gehienez dagokion puntuazioa ere.
– Antzinatasun handiena langile lan-kontratudun finko gisa.
– Antzinatasun handiena lehiaketaz edo izendapen askez lortutako azken lanpostuan.
– Antzinatasun handiena Administrazioan.
Hamazazpigarrena.– Lanpostuak esleitzeko behin betiko proposamena.
Erreklamazioak aztertu eta egindako atzera egiteak onartu ondoren, hala badagokio, Enplegu Publikoaren zuzendariak ebazpena emango du Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari helarazteko lanpostuen behin betiko esleipen-proposamena.
Hemezortzigarrena.– Lanpostuak esleitzea.
1.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio deialdiko lanpostuak esleitzea. Deialdia argitaratzeko erabiltzen den modu bera erabiliko da esleipena argitaratzeko.
2.– Lehiaketa honen bidez postua lortzen dutenek ezingo dute hurrengo bi urteetan deitutako deialdietan parte hartu.
3.– Esleitutako lanpostuak borondatezkotzat hartuko dira, eta beraz, edozer dela ere, ez dute kalte-ordaina eskatzeko eskubiderik izango.
4.– Destinoak sailburuaren agindu baten bidez esleituko dira, eta ezin izango zaie uko egin. Esleipendunak lanpostuan benetan hasi beharko dira esleipen-aginduan zehazten den egunean, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
5.– Lehiaketa honen bidez lanpostua lortzen duten langileek esleitutako lanpostua betetzeko ezarritakora egokituko dute beren lanaldia, eta prestazio-araubidearen ondoriozko ordainsariak jasoko dituzte.
6.– Destinoa lortzen duen langileak aurreko lanpostua utziko du deitutako lanpostuen behin betiko esleipena argitaratzen duen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren aginduan zehazten den egunean.
Hemeretzigarrena.– Lehiaketetako datuak babestea eta kudeatzea.
Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, honako hauek behar bezala betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.
Tratamenduaren arduraduna: Enplegu Publikoko Zuzendaritza. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila.
Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak:
Enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan.
Lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa): Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzetarako lan-poltsak zein bitarteko funtzionarioak izendatzeko eta aldi baterako langile lan-kontratudunak kontratatzeko lan-poltsak.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean (11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).
Informazio-hartzaileak:
Sindikatuak eta langileen batzordeak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lan-poltsetan dauden langileen datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei eta sektore publikoko entitateei eman ahal izango zaizkie.
Eskubideak: datuetarako irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, eta informazio gehigarrian azaldutako beste zenbait eskubide.
Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml
RSS