
16. zk., 2026ko urtarrilaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (396 KB - 46 orri.)
- EPUB (2066 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
349
2081/2025 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez arautzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2025eko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak, bai eta 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldiei dagozkienak ere, deialdiak arautu zituzten ebazpenetan eskatutako sarbide-betekizunak ez zituzten profesionalentzat.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari dagokio langileak mailetan kokatzeko ebaluazio-prozesuaren deialdia egitea.
Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8ko bileran lortutako Akordioa onartzen duen maiatzaren 10eko 60/2022 Dekretuak ezartzen du aipatutako akordioa onartzen dela hurrengo ekitaldietan deialdiak egin daitezen, harik eta lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berri bat ezarri arte.
1184/2023 Ebazpenak, ekainaren 19koak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2022ko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak arautzen ditu. Aldiz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 2425/2023 Ebazpenak eta abenduaren 10eko 1723/2024 Ebazpenak arautzen dituzte, hurrenez hurren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2023ko eta 2024ko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak.
Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 4. Epaitegiak ekainaren 26an emandako 77/2024 Epaiaren bidez –Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren urtarrilaren 26ko 32/2025 Epaiak eta epaitegi beraren urriaren 27ko 101/2025 Epaiak berretsia–, baliogabetu egiten dira ekainaren 19ko 1184/2023 Ebazpenaren 3.1.a), 3.1.b) eta 3.2) artikuluak, 8. artikuluko bigarren paragrafoa, eta ekainaren 19ko 1184/2023 Ebazpen beraren eta abenduaren 10eko 1723/2024 Ebazpenaren azken xedapenetako lehenengoa, hurrenez hurren.
Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak azaroaren 24an emandako 346/2025 Epaiaren bidez, 3.1.c) artikulua baliogabetu zen, deitutako Enplegu Publikoaren Eskaintzaren azken prozesuan parte hartzeari dagokionez.
Hala, epai horiek betez, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanbide-garapenaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, beharrezkoa da ebazpen honen edukia aldatzea. Ebazpen horren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2025eko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak arautzen dira.
Era berean, epai horiek betearaztearekin jarraituz, ebazpen honek 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietako lanbide-garapenaren maila aitortzeko ohiko deialdietan parte hartzeko aukera ematen die, deialdi horiei dagozkien kokatze-ondorioak zainduz, ordura arte deialdien aplikazio-eremuan sartuta zeuden baina orain baliogabetutako artikuluetan ezarritako sarbide-betekizunak ez zituzten profesionalei.
Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta azaroaren 22ko 395/2005 Dekretua, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretua, abenduaren 26ko 248/2007 Dekretua eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskineko 5. apartatuan jasotako aldaketak, zeinak aplikagarriak baitira, eta maiatzaren 10eko 60/2022 Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da eskaerak aurkezteko baldintzak, eskatzeko moduak eta epea eta ebaluatzeko eta maila esleitzeko prozedura arautzea, 2025eko ekitaldiko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalen ebaluazioaren eta lanbide-garapenaren ohiko deialdian.
Era berean, Ebazpen honen xedea da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalen ebaluazio eta lanbide-garapenerako 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietako profesionalentzako ohiko deialdiaren baldintzak, eskatzeko moduak eta epea, eta ebaluatzeko eta maila esleitzeko prozedura arautzea, momentu hartan deialdi horien aplikazio-eremuan sartuta zeudelarik, baina ez zituzten orain baliogabetutako artikuluetan ezarritako sarbide-betekizunak.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoaren arabera, prozesu honetan parte hartzea eskatu ahal izango dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan lanbide-talde guztietako langile finkoek eta ez-finkoek, baldin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan egoera aktiboan badaude edo eszedentzian senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan badaude 2025eko ekitaldiko deialdirako ezarritako eskaera-epean, zehazki, bai eta baldintza hori betetzen zutenek 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietako deialdietarako dagozkien ezarritako eskaera-epeetan; hau da, 2023ko ekainaren 29tik abuztuaren 2ra, 2022ko ekitaldirako, ekainaren 19ko 1184/2023 Ebazpenarekin bat etorriz; 2024ko otsailaren 27tik martxoaren 27ra, 2023ko ekitaldirako, abenduaren 29ko 2425/2023 Ebazpenarekin bat etorriz, eta 2025eko urtarrilaren 3tik otsailaren 3ra bitartean, abenduaren 10eko 17237/2024ko Ebazpenarekin bat etorriz.
Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluekin bat, profesionalak unean aitortuta daukaten mailaren justu goragoko maila eskatu ahalko dute eta hura aitortu ahalko zaie. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan edo Osasun Sistema Nazionalean mailarik aitortuta ez dutelako sarbide-mailan dauden profesionalek I. mailako aitorpena bakarrik eskatu ahalko dute.
Aldi baterako barne-sustapenean dauden langileek izendapen finkoa duten kategorian bakarrik eskatu ahalko dute lanbide-garapena, eta kategoria horri dagokion lanbide-garapenaren osagarria jasotzeko eskubidea izango dute.
Lanbide-garapenaren mailaren eskaera aurkeztea borondatezkoa da, eta, eskaeran, interesdunek egiaztatu beharko dute deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela edo baldintza horiek eskaerak aurkezteko epearen barruan betetzeko moduan daudela.
3. artikulua.– Sistemarako sarbidea eta emandako zerbitzuak lanbide-garapenaren ondorioetarako.
Sistemarako sarbidea azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskinaren 5. atalean ezarritakoaren araberakoa izango da.
Mailara sartzeko emandako zerbitzuak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, Osasun Sistema Nazionaleko (OSN) beste osasun-zerbitzu batzuetan edo Europar Batasuneko kide diren estatuei dagozkien osasun-sistema publikoetan antolamendu eta funtzio aldetik integratutako erakunde sanitarioetan zerbitzu aktiboan edo plaza-erreserba duen antzeko zerbitzuan emandako aldiak.
Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren eta otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren bidez araututako profesionalen kasuan, hauek hartuko dira kontuan:
– Lortu nahi den mailaren lanbide-taldeko lanpostu funtzionalak betetzea edo lanbide-talde bereko beste kategoria batzuk betetzea Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatu kideetako Osasun Sistemetan, betiere lan hori egiteko lizentziadun edo diplomadun mailako titulu sanitarioa (edo baliokidea) eskatzen bada. Ez dira kontuan hartuko Osasun Zientzietako espezialisten titulu ofizialak lortzeko prestakuntza-urteak, salbu eta zerbitzu berezietan lortu badira.
– Osasun Sistema Nazionalari atxikitako erakundeetan edota ikerketa-zentro ofizialetan ikerlari gisa emandako zerbitzuak, baldin eta lizentziadun edo diplomadun mailako eta dagokion espezialitateko titulu sanitarioa (edo baliokidea) eskatzen duen lan-kontratuarekin eman badira.
– Etengabeko arretako zerbitzurako langile kontratatu gisa emandako zerbitzuak.
Eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren arabera araututako profesionalentzat, hauek hartuko dira kontuan:
– Lortu nahi den mailari dagokion kategoriako edo beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea, betiere lanbide-talde berekoak edo goragokoak badira, arlo sanitarioan edo ez-sanitarioan, Osasun Sistema Nazionalean (SNS) edo, dagokionaren arabera, Europar Batasuneko estatu kideetako Osasun Sistemetan.
– Osasun Ministerioaren 1984ko ekainaren 14ko Aginduan ezarritakoaren arabera «teknikari funtzioetako erizaintzako laguntzaile» gisa emandako zerbitzuak kontuan hartuko dira lanbide-garapenerako.
Era berean, sarbideko lanbide-taldean emandako zerbitzuei hauek gehituko zaizkie:
a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, Osasun Sistema Nazionalean eta/edo Europar Batasuneko estatu kideetako osasun-sistema publikoetan beste lanbide-talde batzuetan emandako zerbitzuak, balio hauen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
b) Lanbide-talde berean beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak % 50ean baloratuko dira, baldin eta ez badira aldi berean emandakoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, Osasun Sistema Nazionaleko (OSN) beste osasun-zerbitzu batzuetan edo Europar Batasuneko kide diren estatuei dagozkien osasun-sistema publikoetan.
4. artikulua.– Eskabideak eta eskabideak aurkezteko epean aurkeztu beharreko agiriak.
Parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin beharko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Lanbide Garapeneko aplikazio informatikoaren bidez (https://lanbidegarapena.osakidetza.eus helbidean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean dago erabilgarri). Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarriko ditu, bere zerbitzu-erakundeen bitartez, paragrafo honetan adierazitako moduan eskabidea aurkezteko behar diren baliabide informatikoak.
Deialdiaren aplikazio-eremuan sartuta dagoela, lanbide-garapenaren mailan sartzeko lanbide-taldean eskatzen diren zerbitzu-urteak izan beharko ditu profesionalak 2025eko abenduaren 31n, 2025eko ekitaldiko deialdian parte hartu nahi badu; 2024ko abenduaren 31n, 2024ko ekitaldiko deialdian parte hartu nahi badu; 2023ko abenduaren 31n, 2023ko ekitaldiko deialdian parte hartu nahi badu; eta 2022ko abenduaren 31n, 2022ko ekitaldiko deialdian parte hartu nahi badu. Eskatzaileek hilabeteko epea izango dute, ebazpen honek ondorioak dituen egunetik aurrera, eskabidea eta dagokion dokumentazioa bete eta aurkezteko, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.
Profesionalek Lanbide Garapeneko aplikazioan egingo dute eskabidea, eta, hala badagokio, Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batzuetan edo beste administrazio batzuetan emandako zerbitzuak erregistratu eta egiaztatuko dituzte Curriculum Vitae aplikazioan. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo emandako zerbitzuak baliozkotuta dituzten pertsonek alegatutako zerbitzu berriak baino ez dituzte erregistratu beharko, eta zerbitzu berri horiek baliozkotzeko behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Kanpoan emandako zerbitzuak baliozkotzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, konpultsa horretan, data, izen-abizenak eta konpultsaren arduradunaren sinadura irakurgarria jasoko dira. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak EAEn ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkeztutako dokumentuen zinpeko itzulpena eskatu ahalko die interesdunei. Ez dira zenbatuko erabiltzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren Curriculum Vitae aplikazioan sartu edo aldatu dituen zerbitzuak.
Aurkeztutako eskaeran, dokumentazioan edota informazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztu egingo da eskabidea; horrez gainera, ez zaio uko egingo bestelako lege-neurriak hartzeari.
Lanbide Garapeneko aplikazioan eskaera bete ondoren, profesionalek egindako eskabidearen frogagiria lortu eta artxibatu ahalko dute.
Zerbitzu aktibokoa ez den beste egoeraren batean daudenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan aurkeztu beharko dute aipatutako dokumentazioa, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako bideen bitartez. Osakidetzakoa aplikazioko (https://osakidetzakoa.osakidetza.eus) «Datu pertsonalak» atalean adierazitako helbideak bakarrik balioko du jakinarazpenetarako, eta eskatzaileen erantzukizuna izango da helbide hori beteta edukitzea, bai eta edozein aldaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea ere.
Prozesuan onartua izateko, beharrezkoa da fase honetan eskatutako eskabidea eta egindako zerbitzuak egiaztatzeko dokumentazioa garaiz eta behar bezala aurkeztu izana, ezarritako epearen barruan.
5. artikulua.– Deialdian onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak.
1.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bidez, onartuen behin-behineko zerrenda onartuko du, honako hauek adierazita: lortu nahi duten garapen-maila, sartzeko lanbide-taldea, zein aitorpen deialdiaren ariketan izan diren onartuak eta, baztertuen kasuan, hala badagokio, baztertzeko arrazoia. Hamar egun balioduneko epea emango du erreklamazioak aurkezteko eta eskabidea zuzentzeko. Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.
2.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitutakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bidez, onartuen behin-behineko zerrenda onartuko du, honako hauek adierazita: lortu nahi duten garapen-maila, sartzeko lanbide-taldea, zein aitorpen deialdiaren ariketan izan diren onartuak eta, baztertuen kasuan, hala badagokio, baztertzeko arrazoia. Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.
6. artikulua.– Curriculumeko merezimenduen eta autoebaluazioaren fasea.
Behin betiko zerrendan onartutakoek hilabeteko epea izango dute, deialdian onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda jasotzen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, B blokeko curriculumaren merezimenduak (Prestakuntza, Irakaskuntza / Ezagutzaren hedapena eta Ikerkuntza/Berrikuntza) eta C blokeko curriculumaren merezimenduak (Parte-hartzea eta Konpromisoa) Curriculum Vitae aplikazio informatikoan alegatzeko.
Aldi horretan bertan, profesionalek faktore edo item desberdinetako ebaluaziorako garrantzitsutzat jotzen dituzten datuak eman ahal izango dituzte, ebaluaziorako ekarpen-fitxak betez eta, horrela, autoebaluazioa eginez.
B blokeko curriculumeko merezimenduen eta C blokeko curriculumeko merezimenduen ebaluazioari dagokionez, aurreko sei edo zazpi urteei dagozkien merezimenduak hartuko dira kontuan, aurretik aitortu zaien mailari dagokion iraupen-aldiaren arabera, eta horiek 2025eko ekitaldiko deialdirako 2025eko abenduaren 31ra arte zenbatuko dira; 2024ko ekitaldiko deialdirako, 2024ko abenduaren 31ra arte; 2023ko ekitaldiko deialdirako, 2023ko abenduaren 31ra arte; eta 2022ko ekitaldiko deialdirako, 2022ko abenduaren 31ra arte. I. maila hautatuz gero, onartuta dagoen deialdiaren ekitaldiko abenduaren 31ra arteko profesionalaren curriculum osoa hartuko da kontuan.
Aurreko prozesuetan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak baliozkotutako curriculumaren merezimenduak dituzten profesionalek alegatutako merezimendu berriak soilik erregistratu beharko dituzte, eta dagozkien egiaztagiriak aurkeztu, baliozkotzeko. Era berean, erregistratutako merezimenduei buruzko dokumentazioa aurkeztu ahal izango da, baldin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak atzera bota baditu egiaztatzeko agiririk ez izateagatik edo dokumentazio hori nahikoa ez izateagatik. Curriculumaren merezimenduak baliozkotzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, konpultsa horretan, informazio hau jasoko da: data, izen-abizenak, NANa eta konpultsaren arduradunaren sinadura irakurgarria. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak EAEn ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkeztutako dokumentuen zinpeko itzulpena eskatu ahalko die interesdunei. Ez dira zenbatuko erabiltzaileek eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren Curriculum Vitae aplikazioan sartu edo aldatu dituzten merezimenduak.
Era berean, ez dira zenbatuko 2025eko abenduaren 31n (2025eko ekitaldiko deialdirako), 2024ko abenduaren 31n (2024ko ekitaldiko deialdirako), 2023ko abenduaren 31n (2023ko ekitaldiko deialdirako) eta 2022ko abenduaren 31n (2022ko ekitaldiko deialdirako) emandako dokumentuen bidez amaitu gabe dauden merezimenduak.
Ofizioz baztertuko dira profesionalek aurkeztutako curriculumaren merezimenduen eskabideak, baldin eta eskatutako lanbide-garapenaren mailarako B blokean eskatzen diren gutxieneko puntuetara heltzen ez badira.
7. artikulua.– Datuen zehaztasuna.
Aurkeztutako eskaeran, dokumentazioan edota informazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztatu egingo da eskabidea; horrez gainera, ez zaio uko egingo bestelako lege-neurriak hartzeari.
Osakidetzakoa aplikazioko (https://osakidetzakoa.osakidetza.eus) «Datu pertsonalak» atalean adierazitako helbideak bakarrik balioko du jakinarazpenetarako, eta eskatzaileen erantzukizuna izango da helbide hori beteta edukitzea, bai eta edozein aldaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea ere.
8. artikulua.– Egoera bereziak.
Lizentzia- edo baimen-egoeran dauden eta lanpostua gordetzeko eskubidea duten profesionalei, egoera horiek urtebete baino gehiago irauten badute, honako puntuazio hau emango zaie erdi-mailako arduradunek ebaluatutako A blokeko eta C blokeko faktore eta item puntuazio gisa: bere lanbide-taldeko/kategoriako profesionalek bere erakundean lortutako batez besteko puntuazioa, bere antzinatasun-taldearen barruan, egoera horretan dirauten bitartean. Aurreko hori ezinezkoa balitz ez dagoelako batezbesteko hori kalkulatzeko 25 profesional edo gehiago, Osakidetzako profesionalek euren lanbide-taldean/kategorian eta antzinatasun-taldean lortutako batezbestekoa hartuko da erreferentziatzat.
Zerbitzu berezietan bi urte baino gehiago daramaten profesionalak eta ordezkaritza sindikaleko eginkizunak betetzen ari diren profesionalak, lanaldiaren % 100eko liberazioarekin, Zuzendaritza Nagusiko Ebaluazio Batzordeari atxikiko zaizkio, eta lortu nahi duten maila lortzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa esleituko zaie, A eta C blokeei dagozkien faktore eta item ebaluatuen puntuazio gisa.
9. artikulua.– Ebaluatzeko prozedura eta irizpideak.
Ebaluazioa artikulu hauen arabera egingo da: Osakidetzan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 6. artikulua (Profesionalen tipologiak, ebaluatzeko ondoreetarako), 7. artikulua (Ebaluatzeko faktoreak) eta 8. artikulua (Ebaluatzeko irizpideak).
Ebaluazio-prozesuan parte hartuko dute profesionalak berak, arlo, zerbitzu edo unitateko arduradunak (ebaluatuak lan egiten duenenekoak) eta zerbitzu-erakundeko Ebaluazio Batzordeak. Oro har, gainbegiraleak edo zerbitzuburuak/atalburuak/unitateburuak izendatuko dira ebaluatzaile, edo, bestela, goragoko mailako karguak dituzten pertsonak.
a) Ebazpen honen 6. artikuluan araututako curriculumaren merezimenduen eta autoebaluazioaren fasea amaitu ondoren, ataleko, zerbitzuko edo unitateko arduradunaren eginkizuna da A blokeko jardueraren, gaitasunaren eta lanbide-jakintzaren eremuekin lotutako faktore eta itemak eta C blokeko erakundearekiko inplikazioari eta konpromisoari buruzkoak ebaluatzea, mailaren iraupen-aldian izandakoak, kontuan izanik onartuta dagoen deialdiko abenduaren 31ko data. Hala ere, horrek ez du eragotziko arduradunari ebaluatu beharreko beste alderdi batzuei buruzko informazioa eskatu ahal izatea; horretarako, hark ebaluazioaren emaitzak erregistratu beharko ditu dagokion aplikazioan, eta zerbitzu-erakundeko Ebaluazio Batzordeari aurkeztuko dizkio, berrikus eta trata ditzan.
Lanbide-garapenaren sistemaren helburuak lortzeak, nahitaez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan zerbitzuak benetan ematea dakarrenez, A eta C blokeak ebaluatzeko prozedura ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 5. atalean ezarritakoaren arabera egingo da, dagokion lanbide-kategorian zerbitzuak emateari dagokionez.
Ataleko, zerbitzuko edo unitateko arduraduna ez bada ebaluatuaren lanbide-talde berekoa, arduradun hierarkikoak edo funtzionalak egingo du Lanbide-jakintzari dagokion ebaluazioa.
Zerbitzu-erakundean ez badago ebaluatutako profesionalaren lanbide-talde bereko arduradunik, arduradun hierarkikoak egingo du ebaluazioa, betiere ebaluatutako profesionalaren titulazio bera edo handiagoa badu. Horrez gain, Ebaluazio Batzordeak aholkulari bat izendatu ahal izango du, ebaluatutako pertsonaren titulazio eta/edo espezialitate bera izango duena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erizaintzako Eskolako profesionalak, beren ezaugarri bereziak kontuan hartuta, Eskolako zuzendariak ebaluatuko ditu, eta Zuzendaritza Nagusiko Batzordeari atxikita egongo dira.
Finkoak ez diren langileentzako ebaluazio-prozedura egokitu ahalko da langile mota horren berezitasunen arabera, batez ere ebaluatzaileak izendatzeari eta ebaluazio-batzordeei dagokienez.
b) Zerbitzu-erakundeko Ebaluazio Batzordeak prozesu osoan sortutako informazio guztia, ataleko, zerbitzuko edo unitateko arduradunek egindako ebaluazioak, ebaluatutako profesionalek betetako ekarpen-fitxak eta curriculumaren merezimenduen baremazioaren emaitzak jaso eta aztertuko ditu, eta, hala badagokio, ebaluazioaren emaitzak onartuko ditu.
Atal ezberdinetan lortutako emaitzak ikusita, Ebaluazio Batzordeak uste badu profesionalari buruzko informazio gehiago behar dela, ebaluatuaren ebaluazio osagarri bat egitea eska diezaieke arloko, zerbitzuko edo unitateko profesionalei, edo, hala badagokio, beste zerbitzu-erakunde bateko espezialitate bereko profesionalei.
Ebaluazio Batzordeak, egitekoak amaitutakoan, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda prestatu eta onartuko du, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusira bidaliko du.
Kasu guztietan, dagokion ebaluazioa gainditu beharko da, bloke eta maila bakoitzean ezarritako gutxieneko puntuazioa lortuz, azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion maila esleitzeari dagokionez.
Profesionalak ebaluatzeko ardura duten organoei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluak aplikatuko zaizkie.
10. artikulua.– Mailak esleitzeko prozedura.
a) Mailak esleitzeko behin-behineko ebazpena.
Ebaluazio Batzordeak egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda onartu eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusira bidaliko du.
Batzorde Korporatiboak txostena eman ondoren, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean ebazpen bidez argitaratzeko aginduko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak.
Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko Giza Baliabideen zuzendariaren behin-behineko ebazpen horren aurka, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira. Horretarako, 10 egun balioduneko epea egongo da, ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Epearen barruan eta behar bezala aurkeztutako erreklamazioak lanbide-garapeneko mailak esleitzeko behin betiko ebazpenaren bidez onartuko edo baztertuko dira.
b) Mailak esleitzeko behin betiko ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak aginduko du EHAAn argitaratzeko esleitutako mailen behin betiko zerrenda.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
11. artikulua.– Mailaketaren ondorioak eta ebaluazioaren ordainsari-ondorioak.
Dagokion mailan kokatzearen ondorioak parte hartzen den deialdiaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango dira, eta ondorio horiek data horretatik aurrera aitortuko dira ekonomikoki, maila eta lanbide-talde bakoitzerako urtero ezarritako zenbatekoen arabera, aurrekontu-legeen arabera.
Horrela, mailaketaren ondorioak egun hauetatik aurrerakoak izango dira:
– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, mailaren aitorpena 2022ko ekitaldiari badagokio, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 1184/2023 Ebazpenaren bidez (hasiera batean) arautua.
– 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, mailaren aitorpena 2023ko ekitaldiari badagokio, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 2425/2023 Ebazpenaren bidez (hasiera batean) arautua.
– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, mailaren aitorpena 2024ko ekitaldiari badagokio, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren abenduaren 10eko 1723/2024 Ebazpenaren bidez (hasiera batean) arautua.
– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, mailaren aitorpena 2025eko ekitaldiari badagokio, Ebazpen honen bidez arautua.
Ebaluazioa negatiboa bada, profesionalak beste ebaluazio bat eskatu ahal izango du ebaluaziotik bi urte igaro ondoren, mailen behin betiko esleipenaren ebazpenetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Lehenengoa.– Ebazpen honetan berariaz xedatu ez den guztirako aplikagarriak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuan, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuan eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuan jasotako arauak, hala nola 60/2022 Dekretua, maiatzaren 10ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8ko bileran hartutako Akordioa, eta 2008ko ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 5. apartatuan jasotako egokitzapenak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango da errekurtsoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 19a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
RSS